Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
[aurkibidea]

 

5. ekitaldia

 

Renault kapitainaren bulegotik Ricken tabernara aldatu bitartean (beharbada aktoreak berak lan horretan erdi ilunpean ikusten ditugula) off-eko ahots bat mintzatuko da. antonena izan liteke, edo ikerrena bestela.

 

AHOTSA: Renault kapitainaren bulegoan, hainbat herrialdetako polizia, militar eta politikoek elkarrekin bilduta munduaren gorabeherak aztertzen eta arazo orokorrak konpontzen zituzten bitartean, Ricken taberna hutsean gizon-emazte bi elkartu ziren, beren kontu txikiez hitz egiteko eta beren afera partikularrez eztabaidatzeko.

HIRU: Nik ez nekien ezer; sinistu egin behar didazu, Rick.

BI: (Ziniko) Jakina, nola ez dizut ba sinetsiko?

HIRU: Etzazu aurpegi hori jarri, benetan ari natzaizu.

BI: Zer aurpegi jarri dut ba?

HIRU: Aurpegi hori.

BI: Ez daukat besterik.

HIRU: Mesedez, Rick, dena azalduko dizut.

BI: Ez dago zer azaldurik. Zure bidea hartu zenuen eta kitto.

HIRU: Ez da horren erraza, Rick. Nik ez nekien Telesforo non zenik ere, eta gau hartan...

BAT: (Bat-batean sartzen da, Telesfororen jantzitan baina ez haren rolean) Ez, ez, ez, ez. Honek ez du balio.

BI: Nola ezetz?

HIRU: Zerba?

 

iker eta mikel ere sartu egiten dira, uniformez jantzita baina ez militarren rolean.

 

BAT: Hau ez da nik nahi nuen Josefa. Denbora guztian negarrez, arrenka, mesede eske...

HIRU: Ba filmean ere halatsu dabil Ingrid Bergman.

BOST: Bai, egia da.

BAT: Baina Josefak maiteminduta egon behar du Telesfororekin, eta Rickek saiatu beharko luke emakumea bereganatzen, ez alderantziz.

BI: Hori ezinezkoa da!

BAT: Nola ezinezkoa?

BI: Bogart Bogart da.

LAU: Eta beti Bogart izango da.

BI: Humphrey sakonean erromantikoa izan liteke, baina azalean gogorra. Sentimentala, baina zinikoa. Edozein erokeria egin lezake emakume batengatik, baina ez litzateke sekula haren atzetik erreguka ibiliko.

BAT: Eta guk zinemaren estereotipoak jarraitu behar al ditugu itsu-itsuan?

BI: Film ezagun batekin jokatu nahi badugu, lege batzuk errespetatu beharra daukagu, horiexek direlako joko-arauak.

BAT: (beste hirurei) Eta zuek nola ikusten duzue?

HIRU: Uff.

LAU: Ba...

BOST: Ez da erraza.

BAT: Zalantza baldin badago, neuk erabakiko dut.

BI: Horrek ez du balio.

BAT: Nola ezetz? Nor da zuzendaria: zu edo ni?

BI: Kontua ez da hori; kontua da koherenteak izan beharko genukeela filmaren mezuarekin.

BAT: Hau ez da filma, esan dizut, antzerki bat da.

BI: Berdin dio, istorioaren funtsarekin koherenteak izan beharko genuke.

BAT: Eta zein da ba, zure ustez, istorio honen mamia?

BI: Ba, nire ustez...

BAT: Itxoin, itxoin... Gai interesgarria da hau, denontzat ere: zein da, gure ustez, edo zuen ustez, kontatzen ari garen istorioaren funtsa?

HIRU: Ba, maitasun istorio bat, ezta?

LAU: Eta gerra-istorio bat ere bai.

BOST: Maitasun-istorio bat, gerra garaian.

BAT: Ni ados, eta zu? (koldori)

BI: Bai, baina zein daude gerra horretan elkarren kontra?

BAT: Ba, naziak eta aliatuak.

LAU: (Aldi berean) Alemanak eta amerikarrak.

BI: Bai, baina sakonagoan? Zein da mami-mamian dagoen balioen gatazka?

BAT: (Isilune baten ondotik) Ez dakit, irakasle jauna.

BI: Ba, nik uste dut demokrazia eta faxismoa agertzen zaizkigula elkarren aurka, eta ikusle guztiei planteatzen zaiela bataren eta bestearen artean aukera egin beharra.

BAT: (Beste isilune baten ostean) Eta?

BI: Ba, guk demokraziaren alde egiten badugu, koherenteak izan beharko genukeela, eta gure eguneroko lanean ere funtzionamendu demokratikoa izan.

BAT: Hara. Beraz, ni Hitler naiz zuentzat, ezta?

BI: Zure esku dago: botere guztia gorde nahi baduzu, Hitler txiki bat izango zara. Halakorik nahi ez baduzu, erabakiak denon artean hartzea onartu beharko duzu.

BAT: Kontxo! Ni omen naiz diktadorea, baina hau benetako estatu-kolpe bat da.

BI: Ez duzu erantzun. Nork hartzen ditu erabakiak: zuk ala denok?

BAT: Orain arte nik.

BI: Eta hemendik aurrera?

BAT: Hemendik aurrera... zer gertatuko litzateke zu taldetik kanpora botaz gero?

BI: Bogartik gabe geratuko zinateke.

BAT: Beste bat hartuko nuke.

BI: Baina taldekideak nirekin etorriko lirateke.

BAT: Ziur?

 

zuzendariak taldekideei begiratzen die banan-banan.

denek urruntzen dute begirada.

 

BAT: Hobe ez galdetzea, badaezpada.

BI: Galtzeko guztiak dauzkazu eta.

BAT: Galtzeko guztiak nik? Zergatik diozu hori?

BI: Aktoreak moldatuko ginateke zuzendaririk gabe ere; baina zer egingo zenuke zuk aktorerik gabe?

HIRU: Hori, hori.

BOST: Zer egingo zenuke, e?

HIRU: (Ordura arte bazterrean isilik egona) Hitz egin dezaket?

BI: Bai noski.

BAT: Isil-isilik egon zara.

HIRU: Hor ari zarete-eta biok, oilarren antzera mokoka.

BAT: Ez da hori ere...

HIRU: Nik norekin joan behar dudan ere badirudi zuek erabaki behar duzuela, besteok ez daukagula hitz egiterik ere.

BI: Esajeratzen ari zara.

HIRU: Nahiago nuke esajerazioa balitz! Lehentxeago, monologo bat egin nahi izan dudanean, galarazi egin nahi zenidan.

BI: Nik ez dut ezer galarazi, nik bakarrik esan dut...

HIRU: Bai, badakit, anakronikoa zela.

BAT: Baina ez dugu baztertu, zabalik egon behar dugu aportazio guztietara.

HIRU: Proposamen bat egin dezaket hortaz?

BI: Aurrera, aurrera.

BAT: Zain gaude.

HIRU: Bataren ustez zuzendaria da egiazko egile, berak erabakitzen du zer sartu eta zer kendu. Ezta?

BAT: Ez da guztiz hala baina...

HIRU: Hala ez bada halatsu. Bestearentzat, zuzendaria ez da egiazko egilea.

BI: Ez da egile bakarra.

HIRU: Hori da: ez da egile bakarra, jokalariak behar ditu; ez egilea ez zuzendaria ez baitira ezer aktorerik gabe. Zuzen ari naiz?

BI: Autopista bat bezain zuzen.

HIRU: Egin dezagun beste pauso bat aurrera. Egileak nahiz zuzendariak aktorea behar duten bezala, aktoreak ikuslea behar du, publikoa. Zer da aktorea publikorik gabe?

LAU: Ezer ez.

BOST: Ezertxo ere ez.

BI: Eta zer?

HIRU: Bistan da, ondorioak atera nahi dituenarentzat: egileak nahiz zuzendariak beren pribilegioei uko egin behar omen diete eta aktoreekin banatu, demokraziaren izenean. Hortaz, aktoreak ere beste horrenbeste egin beharko luke, eta ikusleekin banatu obraren protagonismoa.

BI: Hori ezin da. Geu gara protagonistak!

BAT: Heit Hitler! (Agur faxista eginez)

BOST: Hori nik esan behar nuen.

BI: Beno, txiste gutxiago.

HIRU: Zeuk aipatu duzu lehenago fuhrer-a.

BI: Orduan zer proposatzen duzu: publikoari galdetzea?

HIRU: Aukera bat da.

BAT: Guztietan demokratikoena gainera.

LAU: Baina hau ensaio bat da, hemen ez dago publikorik.

HIRU: Imajinatu egingo dugu.

 

leire bera foko batera igo, eta ikusleak argitzeko mugituko du batetik bestera; zailtasun teknikoak baldin badaude, beste norbaitek mugi dezala.

 

HIRU: Imajinatu antzoki batean gaudela, xxx-n ari garela obra hau antzezten (emanaldiko herriaren izena), eta jendez beterik dagoela dena.

BOST: Gehiegi imajinatzea izango da hori.

HIRU: Beno, beteta igual ez, baina etorri diren guztiak adi eta zut dauzkagula, guri begira-begira, gure hitzen zain.

BI: Eta zer esango diezu?

HIRU: Obraren partaide egingo ditugu. Gure zalantzak azaldu, dauzkagun aukerak adierazi, beren konplizitatea bilatu...

BI: Eta gero zer? Denen artean bozketa bat antolatu?

BAT: Zergatik ez?

BI: Bai zera! Boto-kutxa bat jarriko dugu hemen erdian, eta ikusleak pasa daitezela botoa ematera.

BAT: Beste modu askotara egin liteke.

BI: Adibidez?

BAT: Ikusle artean ibili, haietako batzuei galdetuz zein amaiera nahi duten.

BOST: Neu joango naiz!

LAU: Ni ere bai.

 

iker eta mikel oholtzatik jaitsi eta jende artean ibiliko dira, ikusle batzuei galdetuz ze amaiera emango lioketen istorioari; bitartean, taula gainean aurrera darrai eztabaidak.

 

BI: Eta zer galdetuko dute bi horiek?

HIRU: Norekin joango den Ingrid Bergman.

BI: Ilsa.

BAT: Josefa.

HIRU: Norekin joango naizen n/.

BI: Eta zein dira aukerak?

BAT: Nik uste egiazko aukera bakarra dagoela: Telesfororekin joatea.

HIRU: Zergatik bakarra?

BAT: Filmean halaxe gertatu zelako.

BI: Zuk zeuk esan duzu hau ez dela filmaren errepika.

BAT: Errealitatean ere elkarrekin egon ziren beti Monzon eta Josefa.

HIRU: Eta errealitatera mugatu behar al dugu? Non daude orduan artea eta askatasuna?

BAT: Zer aukera dago bestela? Zer proposatzen duzue zuek?

BI: Nire aukera, historiari buelta ematea.

BAT: Nola?

BI: Ilsa Bogartekin joanda.

BAT: Baina hori ezin da.

HIRU: Betiko balio matxisten errepikapena da.

BI: Zergatik balio matxistak?

HIRU: Gizon gogorra, bere buruaz seguru dagoena, emakumeak atzetik ditu beti baina berak axolagabe begiratzen die... Nazkagarria.

BI: Baina gustatu egiten zaizue.

HIRU: Gezurra!

BI: Egia! Beno, zuri ez dakit, baina emakume askori gustatu egiten zaio gizon mota hori. Fantasian bederen.

HIRU: Hor dago koxka: fantasian.

BI: Horregatik diot historiari buelta ematearena. Galtzaile bat izan da beti Bogart, eta horri esker gorde du erromantizismo-kutsu hori. Behingoz irabaziko balu, emakumearekin joan eta bikote-bizitza baten erronka guztiei serio helduko balie, akabo mitoa.

BAT: Ez al zenuen zuk esaten generoak bere legeak dituela, eta horiek bete beharra dagoela?

BI: Legeak hausteko daude, batzuetan.

BAT: Zuri komeni zaizunean.

HIRU: Geldi, geldi! Ez dut ezer ulertzen!

BAT: Eta zuk zer diozu?

HIRU: Nik?

BI: Bai, zuk zer egingo du Ilsak?

BAT: Josefak.

HIRU: Emakumeak beti egiten duena.

BI: Horra erantzun diplomatikoa.

BAT: Zer esan nahi duzu horrekin?

HIRU: Gehien komeni zaionarekin joango dela.

BI: Erantzun filosofikoa.

BAT: Eta zein da hori?

HIRU: Ikusi egin beharko, nork balakatzen duen gehiena, nork goxatzen duen, nork xaramelatzen duen ongiena...

BI: Hortaz guk, txorimaloen gisan ibili behar dugu zu nola eskuratuko?

HIRU: Ez al da beti horrela izan?

BAT: Ederra sartu digu...

 

mikel eta iker itzuli dira oholtzara, ikusleen artean galdezka ibili eta gero.

 

BI: Hara! Falta zirenak!

LAU: Hemen gara!

HIRU: Ta? Zer diote ikusleek?

BI: Ez dago ikuslerik eta.

BAT: Ze irudimen gutxi!

HIRU: Zer lioke publikoak, halakorik balego?

BOST: (Agur militarra egin ostean) Ikusleen % 12’5ek dio ez duela galdera ulertu; %1’17k dio berdin-berdin zaiola; %10’85ek dio eltzea sutan utzi duela eta afaltzeko presa duela; %9'65ek dio autoa gaizki aparkatuta daukala eta haren bila joan behar duela lehenbailehen, beraz, nolanahi amaituta ere amai dadila antzerkia; %8’7k dio beraiek ez dutela sarrera ordaindu egileak ez dakizkien galderak erantzuteko, eta beraz, itzul diezaietela sarrerako dirua; %7’2k dio hobe zuela etxean gelditzea telebista ikusten; %6’1ek dio ea antzerkiaren ondoren bertsolariak aterako diren; %5’5ek dio aktoresak striptease bat egiten ahal duela lana amaitzeko; %4’6k dio...

BAT: Asko falta al dira?

BOST: Ez: falta diren guztiek, edo ez dakite, edo ez dute erantzun nahi.

BAT: Ezer garbirik atera duzue zenbaki-saltsa horretatik?

BI: Nik striptease-arena, baina hortik aurrera...

HIRU: (Minduta, kontrako itxura eman nahi duen arren) Ha-ha. Ze barregarria, ezta?

LAU: Messieurs, mesdames. Nire adiskide Strasser koronelak, bere herritarrek ohi duten zehaztasun eta doitasunez adierazi dizkigu inkesta labur baina aldi berean mamitsu honen emaitzak. Ni Proventzakoa naizen aldetik, utziko didazue datu hotzen gainean poesia pixka bat isurtzen, zenbaki sentimendugabeen gainetik hitzen gozotasun sentikorra zabaltzen...?

BI: Bai, bai. Hitz egin behingoz, horrenbeste itzuli-mitzulirik gabe.

LAU: Hara: jendeak, garbi esanda, ez daki zer nahi duen. Ondo pasatzera dator antzerkira, bere barruko kezkak ahaztera, ez kezka berriekin zamatzera. Horregatik iruditzen zaie gehiegi ari garela korapilatzen, Josefa norekin joango den edo joango ez den. Erabaki dezala nahi duena, haiei berdin baitzaie, baina erabaki dezala ja! (Ordulariari beha; antzezkizuneko egiazko ordua esan beza) Gaueko hamaikak laurden gutxi dira. Ea hamaiketarako amaitzen dugun, guk ere gauzak jaso eta etxera joateko.

 

mikel esertzearekin batera, isilaldi bat.

 

BAT: Hortaz zer? Bukatuko dugu?

BI: Ensaio bat da, hurrengoan hobetuko dugu.

BOST: Baina amaieraren bat eman beharko diogu.

HIRU: Hori, hori: amaiera bat.

BAT: (leireri) Zuk erabaki beharko duzu hortaz, norekin joan nahi duzun.

HIRU: Baina joateko...

BAT: Zer?

HIRU: Pasa-baimenak beharko ditugu, ezta?

BAT: Egia...

BOST: Non daude pasa-baimenak...?

LAU: Ugartek zeuzkan.

BOST: Baina Ugarte hilda dago...

BAT: Ugartek Ricki eman zizkion, gordetzeko.

BI: Eta nik Txominen pianoan gorde nituen.

BOST: A, bai, hemen daude.

 

Pianora joatearekin batera, nota batzuk joko ditu ikerrek.

 

HIRU: Jo ezazu berriro, Txomin.

 

“Maritxu nora zoaz" doinuaren lehen notak jotzen hasten da.

 

BI: Esan nizun berriz ez jotzeko.

BOST: Zuekin batek ez daki zer egin.

 

Pasa-baimenak luzatzen ditu ikerrek, norbaitek hartu zain.

 

HIRU: Ekarri. Ea. (begiratuz) Dena ondo. Izenak jartzea bakarrik falta da; bata nirea: josefa Ganuza Lardizabal. Eta bestea...

BAT: Bestea nirea: Telesforo Monzon-Olaso.

BI: Nirea: Richard Blaine, “Rick".

LAU: Nirea: Fabrice Renault kapitaina.

BOST: Nik ere nahi dut!

HIRU: Zuk, Strasser koronelak?

BOST: Ez: Txomin Agirregomezkorta, pianojolea.

HIRU: A! Eta zer eskaintzen dit zuetako bakoitzak?

BAT: (Hitzaldi moldean) Nik ezin dizut eskaini bizitza miragarri bat. Euskal Herria etsaien ezpataren pean zapaldurik dagoen bitartean, malko eta izerdiz beterik egongo da gure bidea, baina ezinbestekoa da, maitea, Euskadi egunen batean bere buruaren jabe izango bada. Eta egun horretan, Josefa, askatasun-eguzkiak argiturik, zoriontsu izango gara gure herrian.

 

iker eta mikelek txalo eta bibaka ekiten diote.

 

BI: (Zigarroarekin jarrera itxurati bat eginez) Zer dira herriak eta aberriak? Espiritu libreen kartzelak, besterik ez. Nik alde egin nuen nire sorterritik, libre eta aske sentitu nahi nuelako; harrezkero, noranahi joanda ere etxean nago. Eta zu nirekin etorriz gero, Ilsa, ahaztu egingo ditugu gerrak eta borrokak; dantza eta festa izango da gure bizitza, porturik portu, munduko edozein hiritan sentitzen baita bertako, munduko hiritarra.

 

iker eta mikelek txalo eta biba berriz ere.

 

LAU: (Paseatuz) Apatridak, abertzaleak... Mutur guztiak dira nekagarriak. Ez al da hobe, ma cherie, emakume ederren eta munduko poeta guztien hirira etortzea? Parisen zoriontsu izango gara biok, beste inon ez bezala. Eta neguan, hotza egiten duenean eta loreak ximeltzen direnean, Proventzako nire txokora joango gara, rivierako epelean maitasunaren txingarrak berpizteko.

 

anton eta koldok txistu eta oihu, “Gezurti" eta “Tranpati" deitzen diotela.

 

LAU: Ez zuek baino gehiago!

BOST: (Pianoan eserita, nota batzuk joaz) Gizon aspergarriak dira horiek denak, Josefa: politikoak, poliziak, tratulari ilunak... Zuk artista bat behar duzu, zure egunak alaitzeko eta bizipozez janzteko. Zatoz nirekin eta goizero esnatuko zaitut doinu eder batekin. Ez duzu inora joan beharko dantza eta festa bila, ni nagoen tokian izaten baitira dantza eta festa.

LAU: (Txaloka) Aupa hi, ederki!

 

Isilaldi bat.

 

BAT: (Leireri) Eta orain zer?

HIRU: Zer zer?

BI: Norekin joango zaren.

HIRU: Oraintxe erabaki behar dut?

LAU: Beharko. Jendea zain dago.

BOST: Etxera joateko.

HIRU: Hara, ba, badakizue zer egin behar dudan...?

 

Pasa-baimenak hautsi egiten ditu.

 

BI: Baina...

BAT: Pasa-baimenak...

LAU: Orain ezingo da inor joan...

HIRU: Horrexegatik Oso ondo nago horrela, denak inguruan ditudala, eta erabaki bat hartu bitartean ez zait axola berdin segitzea. Zer diozue?

BI: Baina...

BAT: Baina...

HIRU: Jo ezazu berriro, Txomin.

BOST: Zein?

HIRU: Betikoa, gure kanta.

 

iker “As time goes by" hasten da jotzen.

 

HIRU: Hori ez, bestea.

BOST: A, bai.

 

maritxu hasten da jotzen, pianoan soilik hasieran, kantatuz gero.

 

BOST: Maritxu, nora zoaz, eder galant hori?

HIRU: Iturrira, Bartolo, nahi baduzu etorri. (Besteei dei) Denok!

DENEK: Iturrian zer dago? Ardotxo txuria.

            Biok edango dugu nahi dugun guztia.

 

Kantu bera errepikatu egingo dute doinu azkarrean, eta horrekin argiak itzali eta oihala jaitsi.