Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
[aurkibidea]

 

4. ekitaldia

 

Poliziaren bulegoa Pareton eskegita, Vichyko gobernuaren bandera frantsesa dago eta, ondoan, nazien bandera alemaniarra paratzen ari da Penault kapitaina (mikel), idazkari batek lagunduta (leire). Ondoan bi erretratu: Petain eta Hitler

 

HIRU: (Eskailera batera igota) Horrela ondo?

LAU: Goraxeago.

HIRU: Horrela?

LAU: Ez horrenbeste, apur bat beherago.

HIRU: Hemen?

LAU: Bai: hortxe. Gure banderaren parean ia, baina doi bat apalago.

HIRU: Zentimetro bat ere ez dago batetik bestera...

LAU: Milimetroa izanik ere, Frantzia beti gorago. Edo gure bandera behintzat.

 

Telefonoak jotzen du. Berehala hartzen du renault kapitainak.

 

LAU: Allo! Iritsi da? (Tente jartzen da beste aldekoa entzutean) Pasa dadila berehala. (Telefonoa uzten du; Leire bulegariari) Zoaz, zoaz, kotxea dator eta.

 

leire badoa. Segituan, beste ate batetik hobe, iker sartzen da, Strasser koronelaren rolean.

 

LAU: Mein koronel, hau poza!

 

strasser-ek agur militarra egiten dio, oso era martzialean.

 

LAU: Mesedez, mein koronel, zure graduazioa goragokoa da...

BOST: Baina zure lurraldean gaude, mon capitain.

LAU: Nazio adiskideak dira gureak, mein koronel. Ikustazu...

BOST: (Bandera eta erretratuei begira) Bai, bai, ikusten dut. Oso egoki jarria dena.

LAU: Gure herrien anaitasunaren sinbolo txiki bat besterik ez.

BOST: Estimatzen dizut, bihotzez gainera, baina ez naiz etorri konplimenduzko bisitan.

LAU: Tamala da, zinez. Oraintxe eskatu behar nuen kafea ekartzeko...

BOST: Beste batean izan beharko du. Lan-kontuengatik natorkizu. Izan ere, zertan da pasa-baimen lapurtuen auzia?

LAU: Tira, badakizu Ugarte zirtzil horrek harrapatu zituela, eta atxilotzera gindoazenean hil egin behar izan genuela.

BOST: Bai, ikusi nuen hori dena; baina non daude orain pasa-baimenak?

LAU: Ezin jakin justu non dauden. Guk akabatu aurretik emango zizkion norbaiti gordetzeko, baina azalduko dira, zaude ziur.

BOST: Hobe bai, lehenbailehen azaltzea. Denontzat gainera. Ez litzaiguke batere gustatuko baimen horiek galtzea, eta are gutxiago zenbait jenderen eskuetara iristea... Ulertzen didazu, ezta?

LAU: Zuk uste baino hobeki ulertu dizut. Eta, ikus dezazun Frantzia Libreko agintariek nolako eraginkortasunez lan egiten dugun, hona ekarri dut zuk “zenbait jende” deitu duzun jaun hori.

BOST: Jaun... hori?

LAU: Horixe bera. (Telefonoa hartu eta aparatuari mintzatuz) Sar dezatela hona Monzon jauna.

 

Berehala atea ireki eta leire bulegariak telesforo sarrarazten du.

 

LAU: Hemen dugu gure gonbidatua.

BAT: Gonbidatua naiz beraz... Pentsatzen ari nintzen, atxilotua ote nengoen.

LAU: Inola ere ez, Monzon jauna; libre ibil zaitezke Casablancan barrena, delituren bat egiten ez duzun bitartean.

BAT: Euskaldunaren hitza duzu, ez naizela inolako deliturik egitera etorri.

LAU: Nahikoa zait zure hitza, ez duzu herri oso bat konprometitu beharrik.

BAT: Herri oso baten ordezkaria naiz ni ordea.

LAU: Herrien ordezkariez ari garela, nire lagun bat aurkeztuko dizut. Hona hemen Herr koronel Straser iii. Reich-eko Wehrmacht-ekoa.

 

strasser-ek gurtze txiki bat egiten du buruaz, takoiak joaz.

 

LAU: Eta hau berriz Telesforo de Monzon jauna, Espainiako Errepublikako agintaria.

BAT: Barka ezazu zuzentzea, Renault kapitaina: euskal gobernuko gobernazioko ministroa, axola ez bazaizu.

LAU: Niri ez zait batere axola. Errepublikano eta euskaldunak, denak zaudete erbestean.

BAT: Diktadore usurpatzaile baten erruz.

LAU: Diktadore ala ez, Franco jenerala da orain Espainiako agintaria.

BAT: Gobernu ilegal eta kriminal bat da hori.

LAU: Nahi duzun guztia, baina agintean dagoen gobernu bakarra.

BAT: Oraingoz. Gerra nola amaitzen den ikusi behar

BOST: Duda egiten duzu Reich-aren indarrak zanpatu egingo duela Ingalaterra ustela?

BAT: Aurreko gerran ere pasara ederra eman zizueten, oker ez banago.

BOST: Orduan ez genuelako Führer argi bat buruzagitzan.

BAT: Churchill horrek ere ez dirudi makala.

BOST: Ba, ikusiko duzue nola amaituko duen, zuen Agirre txotxongilo horren antzera...

BAT: (Haserre) Aizu, ez dizut onartzen gure lehendakariari...

BOST: (Haserreago, besteari etenez) Zu ez zara nor ezer onartzeko edo gaitzesteko.

LAU: (Bakezkoak eginez) Otoi, jaunok, politesse pixka bat eskatzen dizuet, nire gonbidatuak zaretenez gero. (Isilunea) Tira, lasaitu zaretenez gero, hartuko duzue Pernaud bat edo...

 

strasser-ek eta telesforok ezezkoak marmarka nahiz buruarekin.

 

LAU: Ene adiskideok arren: izan gaitezen zibilizatuak gerran izanik ere.

 

Hitz egiten duen bitartean, botilak eta edalontziak atera eta beteko ditu renault kapitainak.

 

LAU: Ez da Montparnasseko kafe batean bageunde bezala, baina tira...

BAT: Paristarra zaitugu beraz...

LAU: Egia esanda, ez: Proventzakoa naiz ni izatez, baina egunen batean Parisera destinatuko nautela espero dut.

BAT: Alemanak hor dauzkazuen bitartean...

BOST: Monzon, itxi zure aho zikin hori...

LAU: Lasaitu gaitezen, arren. Auzotar onak ditugu alemanak, eta gure etxera oporrak igarotzera etorritako senideen moduan hartu ditugu, besoak zabalik. Ez da hala, Strasser koronela?

BOST: (Bera ere zuri) Hala da, Renault kapitaina.

LAU: Zu ere gonbidatua zaitugunez, Monzon jauna, gure artean ahalik eta ongien sentitzea nahiko genuke. Bai zu, bai zure andre xarmanta.

BAT: Saiatuko gara, bai hiriaren edertasunaz bai zuen abegiaz gozatzen.

LAU: Eta, zenbat denboraz ohoratuko gaituzue zuen bisitaz?

BAT: Ez dugu plan zehatzegirik: bi egun izan litezke, bi aste, bi hilabete...

BOST: Plazerezko bakantzetan zabiltza hortaz...?

BAT: Halabeharrezko bakantzetan, esan dezagun.

LAU: Beraz, zure hitza emango diguzu, Monzon jauna, Casablancan zauden bitartean ez zarela beste inongo aferatan sartuko?

BAT: Zein afera, mon capitain?

LAU: Badakizu, endredatzaile ugari dabil bazterrotan, herriaren bakea eraman ezinik istiluetan sartzea maite dutenak

BAT: Nire herria berriz ere bakean egotea besterik ez dut bilatzen nik.

BOST: (Haserre) Nahikoa dugu, hainbeste komeria eta zurikeria! Ongi aski dakit nor eta zer zaren zu, Monzon jauna, eta Alemaniaren interesak kaltetzen saiatzen bazara, fusilarazi egingo zaitut. Eta zaude ziur ez zarela nik fusilaturiko lehen euskalduna izango...

BAT: Ziur nago horretaz, Strasser koronela, ondo gogoan baitaukat zure herrikideek Gernikan egindako txikizioa. Baina Renault kapitainaren baimena beharko duzu noski...

LAU: (Urduri) Jaunak, arren! Izan gaitezen zibilizatuak... Hemen zaudenez gero, mesedetxo bat eskatu behar dizut, Monzon jauna.

BAT: Zure esanetara naukazu, Renault kapitaina.

LAU: Zure segurtasuna dela-eta, biziki eskertuko nizuke, Casablancan zauden bitartean, arratsaldero prefekturatik igaroko bazina.

BAT: Arratsaldero?

LAU: Zu ikusteko plazera izatearren.

BAT: Ulertzen dut noski. Eta, zer da hori, zehatz esanda: eskaria ala agindua?

LAU: Esan dezagun biziki poztuko nindukeela azalduko bazina.

BAT: Eta azaldu ezean...?

LAU: Handia litzatekeela nire atsekabea.

BOST: (Haserre biziz) Deportatuta bidaliko zaitugu Francoren Espainiara.

BAT: Ezin duzue hori egin, immunitate diplomatikoa daukat.

BOST: Immunitatea zuk? Nondik nora?

BAT: Euskal gobernu legitimoko ministroa naiz. Nire pasaporteak dioenez...

BOST: (Etenaz) Zure pasaporteak? Komunera noan hurrengoan erabiliko dut nik zure pasaportea.

LAU: Jaunak, otoi! Gerlak gerla, ez dezagula gal gizalegea. Monzon jauna, atsegin handia litzateke niretzat bihar bertan zure bisita izango banu.

BAT: Petankan jokatzeko edo...

LAU: Bai, esan dezagun baietz: petankan jokatzeko.

BAT: Plazer handiz, Renault kapitaina. Zuk ere jokatuko duzu, Strasser koronela?

LAU: E, beldur naiz, Strasser koronelak beste joko batzuk maite dituela, bortitzagoak.

BAT: Berriz ikusi arte beraz, Herr koronel. Auf wiedersehen.

BOST: Ez pentsa bistatik galduko nauzunik, Monzon...

 

monzon ateratzen da. Iluna egiten da une batez: dekoratua egokitzeko behar den beste.