Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
[aurkibidea]

 

2. ekitaldia

 

Lehengo jokalari berberak, lehengo toki eta jarrera berean. Aukera bat: komentatzen diren eszenak proiektore batekin ikustea, nahiz argazki moduan nahiz irudi mugikor moduan. Irudi horiek atzeko hormaren gainean ikus litezke, edo jokalarien gorputzen gainean bestela. Lehenagotik ari dira hizketan.

 

BAT: ... Eta zer da pelikulatik gehien gustatu zaizuena?

HIRU: Ingrid Begman-en begirada. Aldi berean inozentzia eta noraeza adierazten dituen begirada garbi hori, gerrako gorabeherak astindutako jendearen sinbolo bezala.

BI: Gerrako gorabeherak ez: bi gizonen artean zein aukeratu ez dakiela, eta hortik noraeza. A ze perla, Ilsa hori.

HIRU: Baina horregatik da pertsonaia interesantea, zalantzak dituelako.

BI: Bai, baina zalantzak besteek konpondu behar dizkiote. Gogoratu Rickek nola esaten dion aireportuan, bera Casablancan geratuko dela adieraztean: “Bart gauza asko esan genituen. Baina batzuetan batek pentsatu beharra dauka besteengatik ere, eta nik pentsatu dut zuk Victorrekin joan behar duzula. Berak ondoan behar zaitu zu, eta munduak bera behar du askatasunaren alde egiteko. Gainera, mundu osoaren etorkizuna jokoan dagoen une honetan, zer axola du hiru pertsonaren destinu koxkorrak?”

LAU: Eta bukatzeko esaten dio:

DENEK: Beti geratuko zaigu Paris.

BAT: Ikusten dut, Koldo, oso gustuko duzula Rick-en pertsonaia.

BI: Eta nork ez? Bogart izatea da aktore guztion ametsa.

BAT: Beharbada zure lagunetako batzuek ere nahi dute rol hori egin...

LAU: Ez, ez, berarentzat.

BOST: Gozoa jarriko da bestela.

BAT: Eta hortaz zuek, ze paper hartzen duzue?

BOST: Nik pianista beltza. (Kantari hasten da)

BI: Esan nian, Sam, ez jotzeko hori berriz...

LAU: Niri Renault kapitaina gustatu zait, bere ironia guztiarekin, bere zinismoarekin...

BAT: Eta nola, hala ere, Vichy botila zakarrontzira botatzen duen azkenean...

LAU: Konturatu delako zein izango diren irabazleak.

BI: Susmatzen dut, Louis, adiskidetasun eder baten hasiera izango dela hau.

BAT: Tira, baditugu zenbait pertsonaia interesgarri, eszena gogoangarri batzuk... Besterik?

BI: Strasser koronela, nazi guztiak bezain topiko eta gaiztoa.

HIRU: Ivonne, neska kaxkarina izan arren, une jakin batean duintasuna erakusten duena.

BOST: Kantari hasten direnean: Allons enfants de la Patrie...

BAT: Zurekin komedia musikal bat egin beharko dugu.

BOST: Nire esku balego bai...

BAT: Hemen zaudetenon artean banatu dituzue pertsonaia gehienak; hala ere, besteren bat egitekotan, zein aukeratuko zenukete?

BI: Ugarte, Peter Lorrek egiten duena.

BAT: Eta abizen euskalduna duena.

HIRU: Euskaldun bakarra sartu, eta lapurra aukeratzen dute.

LAU: Baina sinpatikoa.

BOST: Eta naziek hiltzen dutena.

BI: Naziek ez: polizia frantsesak.

BOST: Berdin dio.

BAT: Eta Ugartez gain, besterik?

LAU: Ferrari, taberna erosten duen potoloa.

HIRU: Casablancatik alde egin nahi duten ezkonberriak

BOST: Kamareroa.

BAT: Casting osoa pasa dugu, eta hala ere inork ez du aipatu pertsonaia inportante bat, oraindik falta dena. Zein da?

BI: Laszlo plasta hori.

BAT: Zergatik plasta?

BI: Zergatik izango da ba? Guztiagatik.

LAU: Bere andreak adarrak jartzen dizkio.

BAT: Baina Ilsa harekin joaten da azkenean.

HIRU: Oso hotza da.

BAT: Baina berak berotzen ditu guztien bihotzak. Gogoratu Marseillesa kantatzen hasten denean.

BOST: Argi-poste bat baino tenteago dabil denbora guztian, ez du umore zipitzik ere.

BAT: Bera da nazien kontrako erresistentziako buruetako bat, eta erantzukizun hori dauka bizkar gainean.

BI: Nahi duzun guztia esan, baina hala ere plasta bat da.

BAT: Ados: plasta bat da. Baina nik aldatu egin nahi dut hori gure bertsioan, injustizia bat delako.

LAU: Zergatik injustizia? Pelikula bat besterik ez da!

BAT: Ba ez, ez da pelikula bat bakarrik, egiazko historia bat ere bada. Edo, hobeto esanda, bazegoen egiazko historia bat oinarrian, filma egitean manipulatu eta itxuraldatu dutena.

HIRU: Beno, hori normala da. Fikzioak beti du atzean faltsifikazio bat.

BAT: Baina kasu honetan euskaldunoi egin digute faltsifikazio hori.

BI: Ugartegatik?

BAT: Ugartegatik ere bai. Marka da gero, euskaldun bakarra txiki-itsusi bat izatea, eta hiltzaile diruzaletzat agertzea, erresistentziako kide izan zitekeenean.

LAU: Ez da horren larria ere...

BAT: Egunero guri buruz entzuten ditugunen ondoan ez da larria, ez. Beste bat da manipulazio larriena, eta inork ezagutzen ez duena. Galdera bat denontzat: zer dakizue filmaren sorreraz, noiz eta nola egin zen? (Isilune laburra) Ea, Koldo, seguru zuk badakizula zerbait.

BI: Ba, ez asko. Bigarren Mundu Gerraren hasieran egin zela, eta kredituetan agertzen dena: Warner Brothers-ena zela, Michael Curtizek zuzendu zuela...

BAT: Oso ondo. Besterik?

BOST: Ehun bat minutu irauten duela. Kontatu egin ditut erlojuan.

BAT: Inork ba al daki ezer gidoiaz? Ezer ez? Ez da harritzekoa. Mito bat egon da betidanik istorio honen sorreraz. Mito ilun bat. Horren arabera, gidoia zehaztu gabe hasi ziren pelikula filmatzen, eta filma egin ahala idatzi omen zen gidoia ere. Oso gauza arraroa, halako istorio perfektua eta elkarrizketa bikainak dituen film batean.

HIRU: Eta gidoilariek ez al dute esaten, beraiek nola egin zuten?

BAT: Gidoilariak bi anaia izan ziren, Epstein anaia bixkiak, Warnerrentzat lan egiten zutenak, konpainiaren soldatapean. Beraiek eman zioten itxura gidoiari, baina oinarrizko istorioa beste bat omen da. Oinarrian antzerki-lan bat dagoela esan da beti, “Denak datoz Rick-en tabernara”, Murray Burnett eta Joan Allison delako batzuek idatzia. Omen.

LAU: Zergatik “omen” horiek denak?

BAT: Nik ez dudalako sinesten horiek idatzi zutenik.

HIRU: Zertarako kontatu behar zuten gezur bat?

BAT: Ondorengo manipulazioa ezkutatzeko. Begira: antzerki-lana aipatzen da beti, baina obra hori ez zen inon antzeztu, ez argitaratu, filma egin eta hamar urte pasa arte. Ez al da harrigarria?

BI: Ba ez horrenbeste: gaur ere obra asko geratzen dira inoiz antzeztu gabe.

BAT: Baina hain onak eta ospetsuak izanda... Nik uste filmaren aurretik ez baizik ondotik idatzi zutela, Warnerreko morroiren batzuek, gidoiarekin asmatu zuten gezur hori estaltzeko. Gainera, antzerkiaren ustezko egile horiek, Allison eta Burnett-ek, ez zuten beren bizitza osoan itxurazko beste ezer idatzi, eta idatzi zuten apurrak ez zuen inongo antzik Casablancaren oinarri izan omen zen harekin.

HIRU: Nork idatzi zuen orduan?

BAT: Hori ez dakit, baina euskaldunen bat izan zela esango nuke. Edo, gutxienez, euskaldunak zirela jatorrizko historiaren protagonistak.

BI: Bogart euskalduna? (Barrez)

BAT: Bogart ez. Ezta bere pertsonaia ere. Baina bai Ilsa, eta baita Laszlo ere.

BI: Noski, horregatik da horrelako plasta.

 

Barre egiten dute.

 

BAT: Zuek barre egin, baina egiazko Laszlo ez zen batere plasta. Gizon alai bat zen, idazle jantzia, politiko ausarta. Naziengandik ihesi zihoan Ameriketara, bere emaztearekin batera. Eta ez hori bakarrik gizon honek, beranduago, antzerki asko idatzi zuen, eta bere izena zen...Telesforo Monzon.

BI: Ale! “Lepoan hartu” idatzi zuena? (Barrez oraindik)

BOST: (kantari hasten da) Tralara, tralara-la-la, tralara...

DENEK: Lepoan hartu ta segi aurrera, lepoan hartu ta segi aurrera...

BAT: Barregura ematen dizue, bai, baina halaxe izan zen.

HIRU: Baina, nondik atera duzu hori?

BAT: Zuek entzun duzue inoiz Alsina izena?

LAU: Zer?

BOST: Nola?

BAT: Al-si-na. Ez, ezta? Alsina itsasontzi bat izan zen, abentura izugarri bat izan zuena, eta nahi baduzue oraintxe kontatuko dizuet.

BI: Bai noski.

 

Argia aldatu. Bakarrizketa luze bat hasiko du zuzendariak, horretarako ahoskera egokiz; tarteka eten egingo diote jarduna aktoreek.

 

BAT: 36ko Gerran hasten da dena. Espainiako faxistak matxinatu egin ziren Errepublikaren aurka, eta euskal abertzaletasunaren arrasto guztiak txikitu egin nahi izan zituzten. Euskal Gobernuak ez zuen lurraldearen zati txiki bat baizik kontrolatzen, eta militar espainiarren eraso bortitzari eutsi behar izan zioten, nekez eta oinazez, alemaniarrak eta italiarrak ere elkar hartuta baitzeuden espainiarrekin, gure erresistentzia ahul hura birrintzeko.

BI: Hori guztia badakigu.

HIRU: Hogei aldiz kontatu digute.

LAU: Zer ikusteko dauka Casablancarekin?

BAT: Jarraitzen uzten ez badidazue, batere zerikusirik ez.

BOST: Segi ba.

BAT: Historia bat kontatzeko ez da nahikoa datuak azaltzea, girotu ere egin behar da

BI: Bale, bale, baina arinago.

BAT: Ados. Ze maitasun gutxi gure epikari...

 

Argi aldaketa berriz ere.

 

BAT: Borroka berdingabe hartan, laster ikusi zen ideal garbiek ezer gutxi zezaketela abioien bonben kontra, Davidek ez zuela Goliath garaituko. Euskal Gobernuak erbesteko bidea hartu zuen; gudari asko, preso eroriak; beste zenbaitek gure herritik kanpo jarraitu zuen borrokan, etsai berberaren aurka. Jose Antonio Agirreren gobernukoak Parisen kokatu ziren, ez exilio goxoan bizitzeko baizik eta beste era bateko borrokan segitzeko, Franco agintetik bota ahal izateko. 39an bukatu zen Espainiako gerra, frankisten garaipen osoarekin, eta 39an bertan hasi zen gerra Europan, Hitlerrek Polonia inbaditu zuenean. Gerra honek itxaropen izpi bat piztu zuen abertzaleen artean, indar aliatuek Hitler botatzen bazuten, Hitlerren adiskide Franco ere botako zutelakoan. Baina Hitler indartsu zebilen, eta bere armadak geldiezina zirudien. Polonia zirt-zart bereganatu zuen; gero, pausaldi baten ondoren, Danimarka eta Norvegia; berehala, arnasa hartzeko betarik ere eman gabe, Holanda, Luxenburgo eta Belgika hartu zituen, eta Belgika igarota baita Frantzian sartu ere, frantziarrek harro-harro eraikitako Maginot defentsa-lerroa alde batera utzita. “Blietzkrieg” deitu zitzaion mugimendu honi, “tximista-gerra”, eta tximistaren abiadan hartu zuten Paris naziek. Frantsesak orduan, Petain mariskala buru, errenditu egin ziren eta beren herriaren erdia utzi zuten alemanen esku, beste erdian ere zipaio kolaboratzaile bihurturik.

LAU: Eta Casablanca zer?

HIRU: Eta Alsina?

BI: Eta euskaldunak?

BAT: Zuekin ezin da. Hitzaurre historiko bat da hau, girotzeko eta kokatzeko, Casablanca filmaren hasieran dagoen bezalaxe.

BOST: Bai, baina hura labur-laburra da, eta zuk berriz...

BAT: Bale. Saiatuko naiz laburrago izaten. Gainera, gutxi falta da.

BI: Hobe.

 

Bakarrizketa-giroa berriro.

 

BAT: Euskaldun errefuxiatuak arrisku bizian zeuden, nazien kontzentrazio-eremuetan bukatzeko edo frankisten eskuetan uzteko, eta denen ametsa ihes egitea zen, ihes, gerratik aparte, Europatik urruti, Ameriketara. Itsasoan gerra zegoen ordea, eta ezin Frantziatik atera. Orduan, itsasontzi baten berri jakin zen: Alsina zuen izena, eta Marseillako portutik ateratzekoa zen Hego Amerika aldera. Marseillarantz abiatu ziren Europako paria eta baztertuak: Europa Erdialdeko juduak, Espainiako errepublikanoak, euskaldun abertzaleak. Mila traba pasa behar izan zituzten: kontrolak, aduanak, poliziak... Txartelak ere ez ziren merkeak, baina bizia bera zeukaten jokoan. Azkenik, hamaika eragozpen eta atzerapen pasa ondoren irten ziren, 1941eko urtarrilaren 15ean. Aurki izango omen ziren Amerikan, askatasunean...

BOST: (Amerikako Estatu Batuetako ereserkia kantatzen hasten da) Lalara-lalara, lalara-lalara...

HIRU: Ixo!

BAT: Baina gauzak uste baino korapilatuagoak ziren. Urtarrilaren 20an iritsi ziren Casablancara.

LAU: Hemen dator Bogart!

BAT: Ez, oraindik ez. Eskala bat besterik ez zen izan, hiru egunekoa, eta bitartean ez zieten itsasontzitik jaisten utzi.

HIRU: Hiru egunetan?

BAT: Afrikako kostan behera segitu zuten gero, Dakkar-eraino. Senegalgo portu nagusia zen hau, frantziarren menpe zegoena. Bertan janariz eta erregaiz hornitu eta Amerikarantz abiatu behar zuten; baina, ametsa behatz-puntetan zeukatela zirudienean, hor hasi zen amesgaiztoa.

BOST: Naziak!

LAU: Bogart!

HIRU: Itsasontzia hondoratu zen!

BI: Isilduko al zarete?

BAT: Ontziak ingelesen baimena behar zuen Atlantikoa zeharkatzeko, bestela hondoratu egingo zuten eta; Frantzia naziekin bat eginda zegoen, ordea, eta ingelesek ez zieten baimenik eman nahi, nahiz eta ontzi barrukoak nazismotik ihesi joan.

LAU: Ta?

BOST: A ze rolloa!

BAT: Dakkar-eko portuan egon ziren lau hilabete baino gehiago: janaria eskas, egundoko beroa, ontzia gainezka eta bertatik atera ezinik.

HIRU: Zelako oporrak.

BI: Eta Casablanca?

BAT: Oraintxe noa Casablancara. Lau hilabetetik gora pasa zituzten Senegalen, burokraziarekin borrokan, eguneroko bizimodua moldatzeko lanean, eta nazien eskuetan utziko zituzten beldurrez. Azkenean, Ameriketara abiatu ezinik, Casablancara itzuliko zirela esan zieten.

BI: Halere!

LAU: Eta hor sartzen da Bogart!

BAT: 1941eko ekainaren 10ean iritsi ziren bigarren aldiz Casablancara. Alsinatik jaitsi denak eta Marokon utzi zituzten, bakoitza bere kasa moldatu zedin.

HIRU: Casablancan bezala...

BAT: Horixe: filmean bezalaxe!

 

Amaitutzat eman du bakarrizketa. Isilune bat.

 

BI: Ta?

BAT: Nola ta?

BI: Non dago hor gidoiaren historia?

BOST: Zertan zebilen Telesforo?

LAU: Noiz agertzen da Bogart?

BAT: (Nekatzen hasita) Ze irudimen gutxi daukazuen! Bertan dago dena!

HIRU: Eta Ingrid Bergman?

BAT: Hortik hasiko naiz. Alsina ontzian, lehen esan dizuedan bezalak juduak zihoazen, errepublikano ugari ere bai, eta gero euskaldunak Hauen artean ezagunena Telesforo Monzon, euskal gobernuan barne-ministro zena, Francoren kontrako erresistentzian zerikusi zuzena zeukana, Laszlok bezala. Eta Monzonen andrea, Maria Josefa, zuek ez zenuten ezagutuko baina, egundoko dama dotorea: tentea, argala, berealdiko planta zeukana: hortxe daukazue Ilsa Laszlo, pelikulako protagonista.

LAU: Eta Telesforo da Bogart orduan?

BAT: Ez! Telesforo ez da Bogart! Telesforo da hain zuzen Victor Laszlo. Baina, nola euskaldunak ez gaituzten aintzat hartzen, eta nola gainera Warner-eko nagusiak juduak ziren, ba orduan, jatorrizko istorioa manipulatu egin zuten, eta euskal abertzaleen ordez Txekoslovakiako erresistentzia jarri zuten, ez gatzik ez berakatzik ez daukan Victor Laszlo hori. Baina guk bere onera ekarriko dugu historia, bere ohorea itzuliko diogu Telesforori.

HIRU: Hortaz, zer egin behar dugu? Casablancaren bertsio euskaldun bat?

BAT: Gutxi gorabehera.

BI: Etxetxuri.

 

iker filmeko abestia kantatzen hasten da berriz.

 

LAU: Baina hori guztia... egia da? Historikoa da?

BAT: Egia al da Casablancako historia?

 

Bi erantzun batera:

 

HIRU: Bai.

BI: Ez.

BAT: Ba gurea ere...

 

Iluna, eta ilunean elkarrizketa-zatiak entzungo dira, apalkiro.