Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 2003
[aurkibidea]

 

3. ekitaldia

 

Ilunean ahotsak.

 

BAT: Ez, ez, hortik ez.

BOST: Nondik orduan?

BI: Hemendik.

LAU: Hor ez da pianoa sartzen.

HIRU: Ba nonbaiten sartu behar dugu.

BAT: Bultza hemendik pixka bat.

BOST: Hola?

LAU: Ez, ez... Ai!

 

Pianoaren kolpe-hots bat. Gero, isiltasuna.

 

BAT: Tira, nik uste ondo gelditu dela, ezta?

LAU: Izorratu ez badugu behintzat...

BOST: Ez esan halakorik!

HIRU: Beno. Hau muntatuta dago, ezta?.

BAT: Nik uste.

BI: Beti egin zitekeen hobeto...

HIRU: Baina nahiko moņoņoa geratuko da.

BI: (Isekaz) Bai noski: moņoņoa.

BAT: Tira, utzi txorakeriak, lanean hasi behar dugu eta.

LAU: Orain artekoa ez al zen ba lana?

BAT: Bai baina, orain hasiko da benetako antzerkia. Ea, piztu argiak!

 

Argiak pizten dira. Gutxi gorabehera, Rick-en kafe-etxea itxuratzen du jokalekuak, filmaren antzera, dena askoz apalago baina.

 

HIRU: Eta orain zer?

BAT: Orain, has gaitezen Casablanca interpretatzen.

BI: Aktore gutxitxo gara...

BAT: Zertarako behar ditugu gehiago?

BI: Pertsonaia asko dira filmean...

BAT: Guk ez daukagu filmeko irudiak errepikatzen ibili beharrik.

BOST: Hortaz?

BAT: Hortaz, geure Casablanca interpretatuko dugu.

BI: Bai noski: Casablanca euskalduna...

LAU: Dantzari eta txistulariekin...

HIRU: Afariak antolatuz...

BOST: Eta denak boga-boga kantari.

 

Trufak eta barreak.

 

BAT: Nahikoa barre egin duzue? Ba, orain saia zaitezte imajinatzen Alsinako euskaldun haien epopeia, haien drama, Amerikako bidean Casablancan geldituta zeudenean, ez atzera ez aurrera.

HIRU: Baina... ez dugu ia ensaiatu...

BAT: Berdin dio. Hau proba bat besterik ez da, gure obra pixkanaka eraikitzeko.

BI: Eta nola hasiko gara? Filmean bezalako azalpen historiko batekin?

LAU: A ze txapa.

BAT: Tira, nahi baduzue, beste baterako utziko ditugu azalpen historikoak.

HIRU: Hobe. Orain Rick-en kafe-etxean gaude.

BI: Nire kafe-etxean.

BAT: Eta musika entzuten da.

BOST: Ze musika?

BAT: Nik al dakit! Ez al zinen zu Sam, pianista beltza?

BOST: Beno, hortaz, pelikulako musika joko dizuet.

 

Pianoan eseri eta “As time goes by”jotzen hasten da.

 

LAU: Baina euskal bertsio batean beste zerbait beharko genuke, ezta? Zerbait euskaldunagoa.

HIRU: Baina erromantikoa...

BOST: Ea zer iruditzen zaizuen hau.

 

Itoizen “Lau teilatu" jotzen hasi, eta denek abesten dute, batzuek ozenki eta besteek ahopeka.

 

BI: Baina ez du balio.

LAU: Zergatik ez? Polita da, girotzeko eta.

BI: Anakronikoa delako. 1941 ean gaude. Itoizekoak jaio gabe zeuden artean.

BOST: Orduan zer jo behar dut?

HIRU: Ez dakit ba, garai hartako zeozer..

BOST: Hola?

 

Txarleston bat, ragtime bat edo antzeko zerbait.

 

BI: Hori ez da oso euskalduna behintzat.

BOST: Ez dakit ba... Hau ez bada...

LAU: Zer?

BOST: Ixo.

 

“Eusko Gudariak” hasten da jotzen. Batzuek kantari ekiten diote, erdi trufaz erdi serio, ukabila ere altxatuko du baten batek.

 

BI: Ez zait iruditzen.

HIRU: Zuri ez zaizu ezer iruditzen.

LAU: Dena zapuzten besterik ez dakizu.

BOST: Kantu polita da, eta garai hartakoa.

BI: Hori bai, baina errespetu bat merezi du. Noiz eta nola jotzen den. Ez da txantxetako musika, nire ustez behintzat.

LAU: Hori ere egia da.

HIRU: Hortaz...?

BOST: (poz-pozik) Badakit, badakit!

HIRU: Zer?

 

“Maritxu nora zoaz” hasten da jotzen, eta aldi berean kantari.

 

BOST: Maritxu nora zoaz eder galant hori?

HIRU: Iturrira Bartolo nahi baduzu etorri.

BOST: Iturrian zer dago?

HIRU: Ardotxo txuria.

DENEK: Biok edango dugu nahi duzun guzia.

 

Txalo jotzen dute denek.

 

BOST: Doinu polita, oso gurea, eta alaia.

BI: Eta aspaldikoa.

HIRU: Eta orain zer? (Isilik egon den Zuzendariari begira)

BAT: Zuek asmatu behar duzue obra. Oso ondo ari zarete.

BI: Orain Ingrid Bergmanek sartu behar luke tabernan, nik uste.

HIRU: Baina hola... prestatu gabe...

BOST: Oso ondo zaude.

BAT: Jantzi kapelu hau.

HIRU: Horrela?

LAU: Ilsa oso-osoa ematen duzu.

BAT: Bai, bai, primeran.

BOST: Zoragarri.

HIRU: Baina... (Bat-batean geldituz)

BI: Zer?

HIRU: Laszlo falta da.

BAT: Telesforo.

HIRU: Horixe.

BAT: Nork egingo du Telesfororena? (Isiltasuna) Zuk, Koldo?

BI: Ni Bogart naiz, ezinezkoa da aldi berean Monzonena egitea.

BAT: Zuk, Mikel?

LAU: Ni Renault kapitaina naiz, monsieur.

BOST: Eta ni Strasser koronela.

BAT: Ondo da. Beste hautagairik ez badago, neroni izango naiz Monzon.

 

Bere burua atontzen du istant batean. ilea atzerantz orraztu, jaka bat jantzi, alkandoraren goiko botoia lotu.

 

BAT: Zer iruditzen zaizue?

HIRU: Ez dago gaizki. (Ez oso sinetsia)

BAT: Zerbait falta da, ezta? Badakit! (Ingurutik makila arrunt bat eskuratzen du). Orain bai, e?

BI: Baina makila...?

BAT: Monzonek beti erabiltzen zuena. Telesforo non, makila han.

BI: Ez dut uste garai hartan makilarekin ibiltzen zenik. Geroko kontuak dira horiek. Anakronismo bat

BAT: Tira, hala balitz ere, anakronismo txikia da, eta ongi ematen du pertsonaia karakterizatzeko. Zuei zer iruditzen zaizue?

HIRU: Ongi.

BOST: Ongi, bai.

BAT: Hortaz, hasiko gara?

LAU: Zertan?

BAT: Jokatzen. Telesforo eta Josefa Casablancara iritsi dira.

BI: Eta han Ricken tabernan sartu dira.

LAU: Eta Humphrey Bogartekin egiten dute topo.

BAT: Ez dakit... Hola, bat-batean Rickekin topo egitea...

BI: Filmean ere ez dira berehala elkartzen.

BOST: Samek bere kantua jotzen duenean.

BAT: Hori da!

HIRU: Orduan gu sartu eta norekin mintzatuko gara?

BOST: Nirekin: aspaldiko ezagunak gara.

BAT: Aldaketa txiki bat egingo dugu, ondo iruditzen bazaizue. Filmean taberna bat dauka Rickek, baina hemen kafetegi hori hotel bihurtuko dugu; senar-emazteak sartzen direnean gela bat eskatuko dute bertan.

BI: Eta horrela jakingo dugu haien egoeraren berri.

BAT: Hori da. Nork egingo du hoteleko harreragilearena?

LAU: Neronek. Baina non?

BAT: Tabernako barran bertan.

LAU: Baina barran... Hotel batean...

BAT: Hau antzerkia da. Irudimenak lan egin behar du. Denak prest? denek. Prest.

 

zuzendariak eta leirek jira egin eta tabernan sartuko balira bezala egingo dute. Batera eta bestera begira. "Antzeztera" ari dira jokatzen orain, ahotsak eta jarrerak artifizialagoak.

 

HIRU: Ondo egongo al gara hemen, Telesforo?

BAT: Elkarrekin egonda, nonahi egongo gara ondo.

HIRU: Baina hemen... hainbeste moro eta nazi artean...

BAT: Lasai, Josefa, laster izango gara Ameriketako bidean.

HIRU: Ai, egia balitz...

BAT: (Mahai gaina joz) Garįon, garįon!

LAU: Oui monsieur.

BAT: Gela bat behar dugu, nire emazteak eta biok.

LAU: Ez dago batere.

HIRU: (Leirerena eginez, ez Josefa-Ilsarena) Baina, nola ez dagoela? Ze antzerki egin behar dugu horrela?

BI: Ez, ez, segi antzezten, segi.

LAU: Sentitzen dut, jauna, baina beteta dago dena.

BAT: Hala ere, dama batentzat, bidaia luze batetik gatoz eta...

LAU: Nik nahiko nuke baina...

BAT: (jaka barrenetik billete batzuk atera eta ezkutupe-itxuran eskaintzen dizkio) Izango da hor nonbait txokoren bat, begira ezazu hobeto...

LAU: (Billeteak hartuz) A, ba, kontxo, hemen bada gelatxo bat, bai, baina lagun bakarrarentzako da.

BAT: (Beste billete bat luzatuz) Eta bi lagunentzat ez...? Nire emazteak ondoan behar nau...

LAU: (Billetea hartuz) Ea, ea... Utz iezadazu begiratzen... Bai, bai... Bi lagunentzako gela bat ere badugu, monsieur; ez dakit nola ez naizen lehenago konturatu.

BAT: Denok gabiltza apur bat aztoratuta; garaia da halakoa.

LAU: Izan ere! Eta zenbat denbora geratu behar duzue gure artean, jaun-andreok?

BAT: Plazer handia da guretzat zuen abegiaz gozatzea baina, damurik, baditugu egiteko larri batzuk hemendik kanpo...

LAU: Tamala da gero...

BAT: Egun batzuk besterik ez dira izango beraz.

LAU: Laburra baina atsegina izan dadila zuen egonaldia.

BAT: Mila esker Saiatuko gara.

 

Jira erdi egiten dute telesforok eta josefak. harreragilea desagertu.

 

HIRU: Ikusten? Moroa eta lapurra besterik ez dago hemen. Edozertarako eskupekoa, zurikeria eta gezurra.

BAT: Gerra guztietako kontua da; ahal duenak ahal duena atera nahi. Jakingo bazenu ze jende-motarekin ibili behar izan nuen gure gudarientzako armak erosi nahian Europan barrena... Beste batean kontatuko dizut, orain baditut zeregin premiatsu batzuk.

HIRU: Nora zoaz, maitea?

BAT: Hobe duzu ahalik eta gutxiena jakin. Hemen badira gure aldeko kontaktu batzuk, eta horiengana daukat joan beharra.

HIRU: Bakarrik utzi behar al nauzu, hemengo jendilaje honen erdian?

BAT: Zaude lasai, berehala itzuliko naiz eta. Zoaz gelara, eta nik igoaraziko ditut gure fardelak.

HIRU: Bai, horixe egingo dut. Txukuna egongo da gela hori ere. Auskalo ze ukuilutan sartu gaituzten.

BAT: Zu sartu orduko, palaziorik ederrena izango da.

 

Muin egiten dio bekokian. Badoa.

 

HIRU: Kontuz ibili. Telesforo...

 

iker txaloka hasten da, koldo ere bai ondotik, eta mikel gero.

 

BOST: Bravo! Oso ondo!

HIRU: (Ikusleak agurtzeko keinuekin) Milesker Eskerrik asko.

BAT: Nahiko ondo gelditu da, bai. Baina hau ez da hasiera baizik. Obrak aurrera jarraitu behar du.

BI: Bai, Ilsak nirekin hitz egin behar du.

BOST: Baina aurrena nirekin egingo du topo.

BAT: Egia. Eta zer egiten duzu hor; pianoan eseri gabe?

BOST: Oraintxe noa! Aurpegia beltzez tindatzea falta zait.

BAT: Ez da beharrezkoa.

BOST: Baina, Sam izateko...

BAT: Zu ez zara Sam izango: Txomin izango zara. Non ikusi da bluesman beltz bat Maritxu jotzen?

BOST: Ilusioa egiten zidan, aurpegia belzteak...

BAT: Tira, nahi duzun bezala, baina jo pianoa.

 

Arin-arin tindatuko du aurpegia ikerrek, zuzendariak hizketan segitzen duen bitartean.

 

BAT: Ilsa, Josefa, bakarrik geratu da tabernan. Logelara igotzekotan da, baina bat-batean pianojolea ezagutuko du, eta harengana doa.

LAU: Eta beste guztiok?

BAT: Beste guztiok, atrezzoa bagina bezala, giroa emateko. Prest?

HIRU: Bakarrizketa bat egin dezaket?

BAT: Nahi duzun bezala.

BI: Hori ez da batere zinematografikoa.

HIRU: Baina gu antzerkia ari gara egiten.

BI: Baina film batean oinarrituz.

HIRU: Baina antzerkia.

BAT: Beno, beno, amaitu eztabaidak. Gero erabakiko dugu. Oraingoz probetan ari gara, dena da libre. Ea.

HIRU: (Bakarrizketan, Ilsa-Josefaren baitatik) Gizonek beti gerra buruan. Asmo handiak izaten dituzte, hau aldatzeko, bestea egiteko, eta horretarako berdin zaie mundua goitik behera txikitu behar badute ere. Eta hortik datoz gero politikak eta borrokak, gudak eta hondamendiak. Eta horien biktima nagusiak gu izaten gara gehienetan, emakumezkoak; borrokalarien maitale, gudarien sukaldari, zaurituen erizain. Amodioz ateratzen zara etxetik, gizon baten atzetik, eta ezin jakin noiz itzuliko zaren, edo zure etxea izandako hartara inoiz itzuliko ote zaren ere. Ai, amatxo maitea! Ondo desberdina izango litzateke dena, emakumeon eskuetan balego mundua.

LAU: (Txaloka) Oso ondo!

BOST: (Aldi berean, jarrera bera) Bai horixe!

BI: Guztiz anakronikoa, diskurtso feminista hori.

BOST: Zu bai anakronikoa. Dena kritikatzen besterik ez dakizu.

BI: Ez da kritikatzeagatik. Esan nahi dut 1940an emakume horrek ez zuela diskurtso hori egingo; are gutxiago pnVko emakume batek.

HIRU: Zer dakizu zuk, zer egingo zuen edo ez zuen orduko emakume batek?

BI: Ba, historia pixka bat ikasiz gero...

HIRU: Hara, gure jakintsua...

BAT: Beno, beno. Bakea behar dugu hemen, bake pixka bat.

HIRU: Mokordo honek denei agindu nahi digu eta.

BI: Zu bai mokordoa, luzitu-nahi barregarri horrekin.

BAT: Nahikoa dugu! Kitto. Lasaitasun pixka bat, mesedez. Ea, segi dezagun aurrera. Zertan ginen?

BOST: Ilsak nirekin egin behar zuen topo.

BAT: Prest zaude, Leire?

HIRU: Bai, bai.

BAT: Ea ba. Nahi duzuenean.

 

iker —aurpegia dagoeneko belzturik— pianoa jotzen hasten da, edozer gauza. Pixka batean jarrai dezala. anton eta mikel, bitartean, dantzan. Pieza amaitzean hurbiltzen zaio leire pianojoleari.

 

HIRU: Zu...Txomin!

BOST: Ilsa!

BAT: Ez: Josefa!

BOST: Barkatu. Josefa!

HIRU: Nolatan zu hemen?

BOST: Hau poza zu ikustea.

HIRU: Ze ustekabea!

BOST: (Ahopeka bezala) Zer egiten duzu zuk hemen?

HIRU: Hori bera galdetu dizut nik.

BOST: Bizitzaren gorabeherak, badakizu. Iparragirrek esan zuen bezala (kantari): “Piano zartxo bat det / neretzat laguna. / Horrela ibiltzen da / artista euskalduna. / Egun batean pobre...”

HIRU: Zu beti txantxetan.

BOST: Hobe bizitzari irribarrez begiratzea.

HIRU: Garai makur hauetan izan arren...

BOST: Horixe. Eta zu, nola iritsi zara Casablancako bazter galdu honetara?

HIRU: (Ahopetik) Ameriketara joan behar genuen itsasontziz, baina...

BOST: Bai, askoren zoritxar bera...

HIRU: Utz ditzagun kontu tristeak. Jo ezazu berriz pianoa, Txomin.

BOST: Zer nahi duzu jotzea?

HIRU: Jo ezazu... jo ezazu zuk dakizun kanta.

BOST: Kanta hura, Josefa?

HIRU: Bai, jo ezazu berriro, Txomin.

 

“Maritxu nora zoaz” jotzen hasten da; sarrera instrumental gisa Aita Donostiak egindako pianorako preludioa erabil liteke, eta ondotik kantari ekingo dio.

 

BOST: Maritxu nora zoaz eder galant hori?

 

Kantuak aurrera egin baino lehen, koldo sartzen da, zalapartaka eta haserre. Smoking eta atorra txuriak eta ttattar beltza jantzi ditu, Rick-en itxura hartzeko.

 

BI: Txomin! Ez al nizun garbi asko esan ez jotzeko inola ere... (Bat-batean gelditzen da Josefa ikusita. Isiltasun-une bat) Ilsa!

BAT: (Ahopetik errieta) Josefa!

BI: Josefa...

HIRU: (Lehenengo ustekabea gaindituta) Kaixo, Rick.

BI: Hara, hara. Ze txikia den mundua, ezta?

HIRU: Bai, nork esango zuen...

BI: ... Denok elkarturik izango ginela berriro ere.

HIRU: Etxetik urruti samar ordea.

BI: Taberna-zulo bat aski dut nik, etxean sentitzeko.

HIRU: Eta maitasun-pixka bat, ahal dela.

BI: Zertarako behar dut nik maitasuna, tabakoa eta whiskia edukita?

HIRU: Lehen ez zinen horrelakoa, Rick.

BI: Zu berriz berdin-berdina zaude, Josefa.

BAT: (Mandatu-mutilarena eginez, hoteletako zerbitzarien txano bat buruan eta fardelak eskuetan; Ilsa-Josefari) Maleta hauek zure gelara igoko dizkizut, madame?

HIRU: Bai, eskerrik asko.

 

zuzendaria aurretik eta leire atzetik, ateratzen dira.

 

LAU: Bravo!

BOST: Beste bat!

 

Ikusleon txaloen artean, berehala agertzen dira berriro zuzendaria eta aktorea, baina orain pertsonaia itxurarik gabe: anton eta leire.

 

BOST: Nik uste kristoren obra aterako zaigula.

BI: Komikoegia aukeran.

LAU: Jendeak hori nahi du, ezta? Barre pixka bat egin.

BI: Eta horrela gabiltza, antzerkian txatxukeriak besterik egiten ez ditugula, jendeak hori eskatzen duela-eta.

BAT: Beno, nik uste biak lotzen saiatu behar dugula: zerbait atsegina egin, baina ikusleari zer edo zer esango diona.

BI: Serioa.

BOST: Baina ez aspergarria.

HIRU: Casablanca honek aukera ematen du, ez zaizue iruditzen?

LAU: Niri bai.

BOST: Bai, bai.

BAT: Hala ere, zulo batzuk geratzen zaizkigu oraindik istorioan.

BI: Adibidez?

BAT: Adibidez orain. Filmaren arabera, Rick bakarrik geratuko da, taberna itxi eta gero bera bakarrik mozkortzen eta Ilsarekiko maitasuna gogoratzen.

HIRU: Flashback batean.

BI: Flashback! Hori da kultura, hori.

HIRU: Ez zurea adinakoa, noski.

BAT: Ez hasi berriz sesioan. Flashback bat egiten dute, eta Parisen ageri dira Rick eta Ilsa.

BI: Hor ez dago arazorik. Eiffel dorrea jarri atzean eta kitto.

BOST: Musika ere jarriko diogu, Parisen gaudela adierazteko.

 

Paris iradokitzen duen doinu ezagun horietako bat hasten da kantatzen iker.

 

BAT: Egia da egin litekeela, teknika aldetik ez dago zailtasun berezirik. Baina komeni al zaigu?

HIRU: Polita da.

BAT: Polita da, dudarik gabe. Baina gauza bat ahaztu zaigu. Zer ari gara egiten?

LAU: Casablanca.

BAT: Zehazki, ez.

BOST: Casablanca filmaren antzerkiratze librea.

BAT: Bai, baina ez guztiz.

HIRU: Filmaren antzerki-bertsio euskaldundu bat.

BAT: Hori bai. Eta zein da aldaketarik funtsezkoena.

BI: Telesforo.

BAT: Hori da. Laszlo, filmean, heroi hotz bat da; jatorra, baina gizajo samarra sakonean; eta ez zaigu gehiegi axola bere andreak beste bat maite badu ere.

LAU: Eta adarrak jartzen badizkio.

BAT: Hori duk eta! Baina Telesforo...

BI: Euskaldunari ezin dizkiote adarrak jarri ala?

BAT: Bai baina... Hain nabarmen ere...

HIRU: Aizu, ba nik uste dut Josefak ere bazuela eskubidea bere abenturak izateko. Ala ez?

BAT: Baina Josefak noiz ezagutu zuen Rick? Telesforo ez zen kontzentrazio-esparru batean preso egon, Laszlo bezala.

BI: Preso ez baina Parisen bai, eta Telesforok euskal gobernuarentzako bidaiak eta misioak egiten zituen bitartean bakarrik geratuko zen Josefa.

LAU: Eta nork daki: Parisko kafe-etxe horietako batean...

 

ikerrek Parisko kantu erromantiko hura errepikatzen du.

Barreak.

 

BAT: Hau da hau! Nik errekuperazio historiko bat egin nahi nuen Telesforo gaixoarekin, eta itsuskeria historiko bat egingo diogu azkenean.

HIRU: Ez da itsuskeria ere: oso normalak dira halako gauzak.

BAT: Normalak bai, baina heroia behar zuena barregarri geratzen da.

BI: Barregarria baino gehiago sinesgarria.

BOST: Eske, Telesforo ez da Bogart...

LAU: Gainera, zertarako behar ditugu heroiak xxi. mendean?

BAT: (Etsita) Tira, zuek arrazoia. Josefa eta Rick elkarrekin ibili ziren Parisen.

 

Besteek txaloka eta oihuka ospatzen dute.

 

BAT: Baina ez dugu egingo Parisko flashbackik.

 

Txistu eta protestaka ekingo diote orain.

 

BAT: Edo agian bai. Berdin dio. Dena dela, bada elementu garrantzizko bat, munta handiagoa duena gainera, eta alde batera utzi duguna. Zein da?

LAU: Polizia frantsesa.

BOST: Naziak.

HIRU: Ugarte.

BI: Ugartek lapurtutako pasa-baimenak.

BAT: Hori dena. Drama historiko bat da hau, intriga politiko eta poliziala daukana, eta ezin dugu istorio sentimental batera mugatu.

LAU: Baina, gutxiegi gara hori guztia kontatzeko.

BAT: Moldatuko gara. Baina ondo prestatu behar dugu. Ea, has gaitezen paperak banatzen. Nork egingo du Strasser koronelarena...?

 

Argia amatatuz doa...