1. ekitaldia
Antzerki-talde baten lokala. Dekoratua aski hutsik han-hemen sakabanaturik traste zaharrak aktoreak eta zuzendaria ere lurrean eserita, edo tresnen gainean, edo erdi zutika... Hizketan ari dira oihala zabaltzen denerako, hasieran hitz nahasien soinua besterik aditzen ez badugu ere.
BAT: ... Antzerkia egin behar dugu, noski, baina barkatuko didazue zinemaz hitz egiten hasten banaiz. Zuei denoi gustatzen zaizue zinea, ezta?
Baiezko motelak.
BAT: Are gehiago esango nuke. Orain obra hau egiteko elkartu bagara eta oso pozik bagaude ere, zuetako gehienak txoratzen egongo zinatekete film bat egiteko.
Protesta hotsak.
BAT: Ez, ez, ez. Ez dizuet ezer aurpegiratzen. Normala da. Azken batean, aktoreak zarete, eta jan beharra daukazue. Eta ez hori bakarrik. Jendeak ikusi, zinea ikusten du batez ere, eta askoz gehiago telebista, noski. (Txistu eta oihuak) Normala da jendeak ikusiko duen zerbaitetan lan egin nahi izatea, jendearekin kontaktua bilatzea, komunikazioa. Ez da hala? Beno, enrollatzen ari naiz. Nik bakarrik galdera bat egin nahi nizuen, zineaz.
BI: Gure kultura zinematografikoa aztertzeko?
BAT: Ez: zuen gustuak ezagutzeko.
HIRU: (ironiaz) Gure sentsibilitatea...?
BAT: Hori ere bai. Ea, esaidazue, zein da gehien gustatzen zaizuen pelikula?
Hainbat izen entzuten dira, nahasian.
BAT: Ez, ez. Horrek ez du balio. Zerbait gehiago nahi dut Jarri zeuen barrura begira, eta bakoitzak ikus dezala zein den barru-barruan geratu zaion pelikula bat, arrastoa utzi dizuena, sekula ahaztuko ez duzuena.
Titulu batzuk entzuten dira berriz ere. Besteak beste: "Lo que el viento se llevó”, “Blade Runner”, “Con faldas y a lo loco", "et”, “Tasio”... Batzuek izenburuak esan ahala beste batzuek txistu joko dute, txantxetan.
BAT: Beno, hori hobeto dago. Hor dauzkagu titulu batzuk. Zerbait gehixeago eskatuko dizuet orain. Zuek aktoreak zarete, ezta? Aktore izatearekin amets egin duzue, horretarako ikasi duzue, nobela bat irakurtzen duzuen bakoitzean antzerkirako moldapen bat egin ote litekeen pentsatzen duzue. Ez da hala?
Baiezko motelak.
BAT: Pelikula bat ikusten duzuenean ere, are gehiago ona baldin bada, aktoreen lana miretsiko duzue: aztertu, imitatu, kritikatu, hobetu, parodiatu... Bai ala ez?
Barreak, komentarioak.
BAT: Hala bada, gauzatxo bat eskatuko dizuet orain: lehen aukeratu duzuen pelikula horretako zatitxo bat antzezteko. E? Zer iruditzen zaizue?
BI: Zenbat denbora ematen diguzu prestatzeko: astebete?
BAT: Bai zera, astebete! Oraintxe bertan.
Protestaka hasten dira denak batera: Hori ezin da! Gehiegi dal Niri ez zait ezer bururatzen, eta abar.
BAT: A ze aktoreak!
HIRU: Baina ezin ditugu testuak buruz gogoratu!
BAT: Ez al duzue inprobisazioa ere landu?
LAU: Bai baina...
BAT: Ea, ez izan beldurtiak. Gu bakarrik gaude, ez dago inongo kritikorik. Guk ikusi eta guk egingo dugu barre. Eta guk egingo dugu txalo. Nork hasi nahi du? Ea, zu, Koldo...
BI: Ez, nik ez.
BAT: Benga. Ez al zara zu izaten beti edozertarako lehena?
BI: Bai baina... Biharko prestatuko dut.
HIRU: Kakati halakoa.
BI: Egin ezazu ba zuk, horren ausarta baldin bazara.
BAT: Aupa, Leire, egin zuk.
HIRU: Eske...
BAT: Eskaleak ibiltzen dira eskean. Ea, ze pelikula esan duzu zuk?
HIRU: “Lo que el viento se llevó”.
BAT: “Lo que el viento se llevó”. “Haizeak eramana”. “Gone with the wind”. Zoragarria, ezta?
HIRU: Niretzat bai behintzat.
BAT: Zenbat aldiz ikusi duzu?
HIRU: Ba, osorik gutxitan. Bi-hiru aldiz, telebistaz beti. Eta gero zatitxoak, han eta hemen.
BAT: Ba zatitxo horietako bat antzeztu behar duzu orain.
HIRU: jo, ez...
BAT: (imitatuz) Jo, bai...
Gainerakoak oihuka hasten dira: Leire, Leire, Leire...
BAT: Ikusten duzu. Ez daukazu ihesbiderik.
HIRU: Jo, baina, denbora pixka bat behar dut kontzentratzeko.
BAT: Hartzazu ba denbora pixka bat. Gu bitartean isilik egongo gara, zuri begira.
HIRU: Niri begira ez.
BAT: Nola ezetz? Aktorea zara, protagonista gainera. Zein da zure pertsonaia?
HIRU: Scarlette.
BAT: Scarlette O’Hara. Gizon guztiak zoratzen zituena. Nola ez gara ba egongo zuri begira? Begira... eta adurra dariola bat baino gehiago.
Barreak.
HIRU: Ez esan txorradarik, e.
BAT: Beno, isilduko naiz. Denok isilduko gara... Orain zure txanda da.
Argiak alda litezke, leire argitzeko bereziki. Musika apur bat beharbada, giroa aldatu dela adierazteko. Isiltasun une bat.
HIRU: (ukabila gora altxatuta, ileak harrotuta) Jainkoa hartzen dut lekuko, inoiz ez nautela Tarako lur honetatik botako. Lapurtu egingo dut, gezurrak esan, hil... edozer egingo dut baina, Jainkoa hartzen dut lekuko, ez nik, ez nire seme-alabek ez dugula inoiz lur hau utzi beharko, ez dugula inoiz goserik pasako. Jainkoa hartzen dut lekuko, madarikazio guztien gainetik pasa behar badut ere, Tarako lur hau izango dela nire lurra, betiko...
Txaloak eta oihuak denek. leirek erreberentziak eta makurtzeak.
BAT: Oso ondo, oso ondo. Badu halako Aresti kutsu bat, ezta? Nire aitaren etxea defendituko dut...
BI: ... Otsoen kontra, sikatearen kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea.
BAT: Oso ondo, Koldo. Ikusten dut galdu dituzula lehengo lotsak. Egingo al duzu orain, esan duzun pelikularena?
BI: Egin dezala beste batek.
LAU: Leirek egin du.
BI: Bai, baina hori oso erraza zen.
HIRU: Erraza? Aizu...
BAT: Egin ezazu zuk ere erraz bat. Zein aukeratu duzu?
BI: et
BOST: Gezurra. Hori nik esan dut.
HIRU: (gutxietsiz) A ze pelikula.
BOST: Polit askoa da ba.
BAT: Ea, Iker; egizu etko zati bat hortaz.
BOST: No problem.
BAT: Ikusten? Ez da horren konplikatua ere.
BOST: (trantzean jarriz bezala) Ixo, kontzentratu egin behar dut eta.
Barreak.
BAT: Ixxx.
BOST: (bera bakarrik argituta; hatza altxatuz) “Etxea”, "etxea”.
Txistuak eta barreak.
HIRU: Horrek ez du balio!
LAU: Tranpa, tranpa!
BOST: Ba hori da nik gehien gogoratzen dudana.
BAT: Eta besterik ez?
BOST: Eta denak bizikletan hegan abiatzen direnean, zeruan pedalkadaka, eta aldi berean musika aditzen dela.
Oholtzan zehar dabil iker, ziklistarena eginez eta doinu hura ozenki kantari.
BAT: Beno, beno. Nahikoa da. Nahikoa da. Beste inork eskaini nahi digu bere pelikularen pasarte bat? Zuk, Mikel?
LAU: Ezin dut.
BAT: Nola ezin duzula? Zuk ere ez al duzu pelikula bat esan?
LAU: Bai, “Con faldas y a lo loco”.
BAT: Oso ondo. “Con faldas y a lo loco”. “Some like it hot”, oker ez banago. Oso polita. Eta? Ezin duzu zati bat gogoratu?
LAU: Gogoratu bai baina...
HIRU: Baina zer?
LAU: Elkarrizketa dela, eta beste norbait behar dela antzezteko.
BAT: Beno, ba, aukeratu lagun bat, eta egizue bien artean. Neska edo mutila izan behar du?
LAU: Mutila.
BAT: Zu, Koldo?
BI: Ez, nik nire pelikularena egin behar dut.
BAT: Esan ez duzu ba, ez zenuela egin nahi?
BI: Orain bai.
BAT: Ados. Ba, zuk antzeztu orain antzeztu nahi duzuna, eta Mikelek presta dezala berea Ikerrekin, lehen ez du lan askorik egin eta. BOST: Bazeukan bere meritua, e!
Txistu eta oihuak berriz.
BAT: Bai, bai, baina orain prestatu bion arteko hori. Eta zuk, Koldo, nahi duzunean.
BI: Ez dakit pelikula ezagutuko duzuen...
BAT: Oso arraroa ez bada...
BI: "Blade Runner”.
BOST: Oso ezaguna da hori: Harrison Ford erreplikanteak akabatzen ta-ta-ta-ta-ta.
HIRU: Ba nik ez dut ezagutzen.
BAT: Azal iezaguzu labur-labur zertaz den.
BI: Ba, bi hitzetan: etorkizuneko gizarte batean, gizakien imitazio perfektuak diren robotak egin dira, esklabo gisa lan egiteko. Robot hauetako batzuk matxinatu egiten dira eta gizakien artean ezkutatu, eta Blade Runner-en lana da haiek identifikatu eta hiltzea.
HIRU: Ze tipikoa.
BI: Ba ez. Filmaren berezitasuna da, robot horiek sentimenduak dituztela. Batzuek ez dakite robotak direnik ere, eta dakitenek beste zerbait ezagutu nahi dute, programatu zaien bizimodu labur eta gogorretik kanpo.
HIRU: Bale, bale.
BI: Hain zuzen ere, aukeratu dudan zatian, Rutger Hauer aktoreak hitz egiten du. (Aktuatzen hasten da, argiaren girotzea ere bai) Erreplikante perfektu bat da, aingeruak bezain ederra, eta badaki laster hilko dela. Odoletan dauka bere bularralde biluzia, euripean blai, eta uso bat pausatu zaio sorbalda gainean, irudi haluzinagarri batean, eta hala esaten du: Ni ikusia naiz zuek sekula ikusiko ez dituzuen gauzak. Ikusia naiz espaziontziak sutan Orionez haraindi, eta ikusia naiz arrastiria Tanhauser-eko atean... Baina horretatik guztitik ez da deus geldituko, malkoak euri tantekin nahastean desegiten diren bezala desegingo dira horiek ere.
Denak txalo-zartaka eta oihuka.
Gero ere, denak bateratsu hizketan.
HIRU: Jo! Eta ez omen zenekien.
BI: Ba! Ez da ezer asko izan. Hobeto ere egin nezake, denbora pixka batekin.
LAU: Aurretik zeneukan dena prestatuta.
BI: Ez, hori ez.
BOST: Buruz jakingo du horrek pelikula osoa.
BAT: Litekeena. Eta zuek? Prestatu al duzue zuena?
LAU: Eske, Koldorena ikusi eta gero...
BAT: Hau ez da lehiaketa bat.
BOST: Bai baina...
BAT: Lotsatiarena egiten hasi behar al duzu orain, Iker? Zuk?
HIRU: Benga, animo, nik ere egin dut eta.
ikerrek eta mikelek elkarri begiratu eta, isilune baten ondoren, baiezkoa egiten dute.
LAU: Ez dakit gogoratzen duzuen pelikularen amaiera. Jack Lemmon emakumez mozorrotuta ibili da film osoan, eta itxura barregarria izan arren, agure zahar bat maitemindu egin da berarekin, eta ezkontzeko eskatu dio. Lantxa batean doazela gertatzen da azken irudi hau; elkarrizketa ez dut ondo gogoratzen, baina horrelako zerbait da.
mikelek emakume-itxura hartzen du, zapi batzuekin antzaldatuta; ahotsa ere bai. Argia bi aktoreen gainean.
LAU: Gure artekoa ezinezkoa da. Nik, nik zurrunga egiten dut gauetan.
BOST: Belarriak tapatuta lo egingo dut.
LAU: Ezin dut haurrik izan.
BOST: Adoptatu egingo ditugu.
LAU: lle luzeak dauzkat hanketan.
BOST: Galtzerdi lodiak erabili.
LAU: Bizarra ere ateratzen zait.
BOST: Erraz konpontzen da hori.
LAU: (gizon itxura eta ahotsa berreskuratuta, haserre) Gizasemea naiz!
BOST: (beti bezain alai) Tira, inor ez da perfektua.
Txaloak eta oihuak.
BAT: Oso ondo, oso ondo.
BI: Eta zuk?
BAT: Nik zer?
BI: Zein duzun pelikularik gustukoena.
HIRU: Bai, bai, eta antzeztu zati bat.
BOST: Besteok bezala.
BAT: Zati bat ez: obra osoa antzeztu nahi dut nik.
LAU: Hori, hori.
BAT: Baina, horretarako, denon laguntza beharko dut.
HIRU: Jo! Eta zuk, zer egin behar duzu zuk?
BAT: Zuzendu. Hori da nire lana, ezta?
BI: Baina ze pelikula antzeztu behar dugu? Oraindik ez diguzu esan.
BAT: Ba, nik pentsatuta neukan, gaizki iruditzen ez bazaizue, “Casablanca” egitea.
HIRU: Jo zak berriro, Sam!
iker "As time goes by" kantu ospetsua kantari hasten da.
BAT: Ikusten dut ederki ezagutzen duzuela.
BI: Nork ez? Hogei aldiz botako zuten telebistan.
LAU: Gutxienez.
BAT: Ba orain berriro ikusiko duzue. Hementxe daukat bideo-zinta. Orain hau ikusi, eta bihar segituko dugu, gure bertsioa nola egin ikusteko.
Bideoa eta telebista hurbiltzen dituzte filma ikusteko; tresnak piztera doazela, iluna.