Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
[aurkibidea]

 

VI

 

POLIZIAREN AHOTSA: Ongi al zaude mutiko? Zerbait egin dizute?

JULEN: Ez, ongi nago.

POLIZIA: Zure ama berehala etortzekoa da. Guk hauek eraman behar ditugu. Ongi egongo zara?

JULEN: Bai, zoazte, ongi egongo naiz.

 

(Hasierako fluoreszenteen argiak bueltatu dira eta kea pixkanaka-pixkanaka desagertuz joango da. Gela hasierako egoerara bueltatu da, ezer ez dela gertatu pentsatuko genuke lurrean hainbeste kable eta bandera zati egongo ez balira.)

 

JULEN: (Ahopeka.) Nigan konfiantza osoa zuen.

 

(julen ohean eserita dago, une horretan pantaila dir-dir egiten hasiko da. )

 

JULEN: (Pantailari begira, gogorik gabe.) piztu.

 

(Pantailan maddiren aurpegia agertuko da.)

 

MADDI: Julen, Julen, ongi al hago?

JULEN: Baietz uste dinat.

MADDI: Ziur?

JULEN: Bai, bai.

MADDI: Hau sustoa, txo! E, zeuen amak deitu zidak gertatzen dena kontatzeko, hire telefonoak ez omen dik seinalerik ematen. Berehala egongo duk han, trafiko ederra omen zagok bidean eta ez zaukak ailegatzerik.

JULEN: (Ahopeka.) Beti bezala.

MADDI: Zer? Barkatu, baina ez duk oso ongi entzuten.

JULEN: Maddi, pentsatu dinat bideojokoa hirekin egingo dudala.

MADDI: Lasai, txo, orain ez duk momentua horri buruz hitz egiteko.

JULEN: Ez, benetan esaten dinat. Baina androideak onak izan behar ditun, ez gaiztoak hasieran marraztu bezala.

MADDI: Ongi, hitz egingo diagu baina orain deskantsa ezak, bai?

JULEN: Bai, arrazoia dun, ez naun konturatu orain arte, baina oso nekatua nagon.

MADDI: Bai, deskantsatu eta bihar kontatuko didak dena. Ze abenturak, e? Beno, agur.

JULEN: Maddi, itxoin.

MADDI: Bai?

JULEN: Maddi, traidore bat naizela uste al dun?

MADDI: (Harrituta.) Zer? Bai gauza arraroak esaten dituala! Zer duk buru gogor horretan! Seguru ongi hagoela?

JULEN: Zerbait egin behar dudala agindu dinat inoiz, eta gero ez dut egin?

MADDI: (Txantxetan.) Etengabe. (Bere lagunaren aurpegi serioa ikusita.) Txantxetan ari nauk txotxolo! Sar hadi ohean oraintxe bertan, bihar hitz egingo diagu lasaiago. Bale?

JULEN: Bale.

MADDI: Bihar arte, bonbon!

JULEN: (Irribarre behartuaz.) Bai, bihar arte.

MADDI: itzali.

 

(maddiren irudia desagertuko da. julen ohean sartuko da triste.)

 

JULEN: Mundua aldatuko diagu. itzali argiak.

 

(Argiak itzaliko dira.)