III
JULEN: Ados, erakutsiko dizuet etxeak askotan sortzen dituen arazoak eta non dituen matxura edo zauri guztiak. Metalezko animalien zauriak. Zirrikitu horiek aztertuz lortuko diagu gela honetatik ateratzea zaindariak etorri baino lehen. Baina, lehenengo hankak askatu beharko dizkidazue. Zer diozue?
(biek elkarri begiratuz, baietz esango dute buruaz.)
ZAHARRA: Ados, baina ez saiatu guri ziria sartzen gero!
(gazteak hankak askatuko dizkio juleni eta honek hankak luzatuko ditu esfortzu handia eginez, minduta ditu eta.)
ZAHARRA: Eta?
JULEN: Lasai, hainbat froga egin behar ditiagu.
ZAHARRA: Lasai, e?
JULEN: Atea bere kabuz ez duk irekiko, arriskuak sumatzeko programatuta zagok, seinale eragozle guztien gainetik zaukak bere sena.
ZAHARRA: Sena? Zer diok? Erotu al haiz? Etxe batek?
GAZTEA: Isilik, kontxo! Jarraizak, mesedez.
ZAHARRA: Ongi duk.
JULEN: Etxea lasaitzen saiatu behar diagu, tentsioaren bibrazioak sentitzen ditik eta tentsio horren eraginez gotorleku saihestezina bihurtzen duk. Arriskurik ez dagoenean gure aginduak obedituko ditik.
ZAHARRA: Adarra jotzen ari haiz.
GAZTEA: (zaharrari.) Ez. Egia esaten ari dela uste dut. (Hitz egiten duen bitartean zerbait oroituko balu bezala jokatuko du, garuneko beste nonbaitetik informazioa etorri izan balitzaio bezala.) Duela urte batzuk zientifikoak ordenagailuen aurrerapenetan ikertzen zebiltzaan, eta orduan konturatu zituan, ia nahigabe, zertan huts egiten zitean. Makinak oso azkarrak zituan, askotan gizakiok baino gehiago... baina oraindik ez zitiztean gizakiok adina abilidade. Makinok ez zitean ez sentimendurik ez instinturik; ezaugarri horiek egoera askotan menderaezinak egiten zitiztean arren, beste askotan gizakiaren aurrean ahulak bilakatzen zituan. Horregatik pentsatu zitean, zer gertatuko zatekeen makinak amodioa edo tristura sentitzeko gai balira?
ZAHARRA: Hori alukeria galanta! Geuk egiten ditugun akats eta kontraesan mordo batean sartuko liratekeela, elkarren artean suntsituz.
GAZTEA: Hori bera pentsatu zitean zientifikoek, orduan hurrengo galdera egin ziotean euren buruei.
ZAHARRA: Botazak behingoz!
JULEN: (Irrikaz.) Bai, esan.
GAZTEA: Honako ideia bururatu zitzaiean: eta sentimenduak izatearen onurak aprobetxatuz, hauek egoera guztietan kontrolatzeko gai balira? Adibidez, maitasuna zer den sentitzea, baina ekarri ohi dituen eraginak kontrolatu ahal izatea. Azken finean, makinak lituzkek.
ZAHARRA: Hara, ez duk berria hori, betidanik soldaduei exijitu zaien ezaugarria. (Ahots sendoa jarriz kapitain moduko bat imitatuz.) Burua hotz mantendu behar duzue egoera guztietan! (Berriro bere ahotsaz.) Dedion!
JULEN: (Pixkanaka gauzak ulertuz joango balitz bezala.) Baina soldaduak ez dituk sekula makinak bezain perfektuak izango.
GAZTEA: Egia duk, Julen. Baina ez hori bakarrik. Zer gertatuko litzateke makinak dena aurreikusteko gai izango balira? Instintua, bihozkadak edota inspirazioa menderatzeko errekurtsoak izango balituzte?
ZAHARRA: Esaten ari zaretenaren erdia ere ez diat ulertzen.
JULEN: Jo, gizakiok baino boteretsuagoak izango liratekeela.
(Isilunea.)
ZAHARRA: Baina hori ez duk gertatu. Eta ez duk sekula gertatuko, ezinezkoa duk. Kontu txoroekin beste bati.
JULEN: (gazteari.) Benetan tipo azkarra haiz.
ZAHARRA: Gainera, kontraesanez betea zagok hire diskurtsoa, txikito. Bata bestearen atzetik. Nola nahas daitezke sentimenduak eta matematika bezalako zientzia zehatz eta hotza. (Eskuarekin bere kopetan hiruzpalau kolpetxo emanez.) Ez duk ikusten sekulako ergelkeria dela?
GAZTEA: Uste duana baino gehiago ulertu duk, Joe, hori izan duk zientifiko eta ikerlari hauek gainditu beharreko atakarik sendoena.
JULEN: Eta lortu dute?
GAZTEA: (Orain arte kontatutako istorioa bukatu izan balitz bezala.) Bada, ez zakiat. Ikerkuntza gehienak ez dituk publiko egin, pixkanaka sartuz joan dituk ezaugarri horiek asmakuntza berrietan. Jendeak normaltzat hartuko ditik urte batzuen buruan. Kontrola nagusi izango duk, baina jendea zoriontsua izango duk bere etxeetan arazorik ez duen bitartean.
JULEN: Ez nian sekula horrelako gauzetan pentsatu. Orain ulertzen diat garun pribilegiatuarena, benetan tipo argia haiz.
ZAHARRA: Makina guztiak suntsitu behar ditiagu, beraz.
GAZTEA: Ez izan astakiloa!
JULEN: Teknikaren aurka joateak ez dik inolako zentzurik. Hori ez duk bidea, gure esku diagu aukera anitzeko mundua.
GAZTEA: Arrazoia duk, teknologia berri guztiak baliagarriak dituk, baina ongi erabiltzen baditugu, noski.
ZAHARRA: (Nazkatzen hasia dela marmarrean.) Utz ditzagun erretolikak eta goazen harira, berandutzen ari zaiguk eta.
GAZTEA: (Gelan denbora gehiegi ematen ari direla konturatuz.) Egia da.
(Bai gazteak bai zaharrak juleni begiratuko diote, eta ondoren elkarri.)
ZAHARRA: (Gogaituta.) Ados, hire kontu. Bitartean musika apurtxo bat entzungo diat... berriz ere...
(gazteak julen, besotik helduta, gelaren albo batera eramango du, eta oraingoan hau ere bortitzagoa izango da mutikoarekin.)
GAZTEA: Lelokeriak alde batera utziko ditiagu. Joe nazkatzen hasia duk... eta baita ni ere... lehenbailehen esan behar diguk nola atera hemendik.
JULEN: Gezurra zuan dena, ezta?
GAZTEA: Gezurra?
JULEN: Gurasoena eta hori guztia.
GAZTEA: Beno... ez guztiz... Joe ez duk nire aita eta ez diat gurasorik, hori egia duk. Bestea... literatura apur bat, hire konfiantza lortu behar nian.
JULEN: Orduan aurrerantzean ezin fidatuko nauk hitaz.
GAZTEA: Hi ere jokatzen ari hintzen... denok gezurretan ari gintuan... bakoitza bere eremu estrategikoa defendatuz. (julen muturtuta ikusirik.) Ongi duk, berriz hasiko gaituk. (Eskua luzatuz.) Markel.
JULEN: Markel? Ze, Markel eta ze puñeta?
GAZTEA: Bai, kontxo, nire benetako izena.
JULEN: A! (Eskua hartu gabe jokoa onartuz.) Bale, ni Julen nauk.
GAZTEA: (Eskua gordez.) Umezurtza nauk jaiotzez, baina ez zakiat zer gertatu zitzaien gurasoei, ez zakiat gurasoak zeintzuk ziren ere. Hamar urterekin ihes egin nian barnetegitik eta beste guztia badakik. Ez zagok besterik. Eta orain hire txanda, zeren beldur haiz?
JULEN: (Ezustean, espero ez zuen galdera bat egin diotelako.) Beldur?
GAZTEA: Argi zagok, etxe izugarri honetan bizi haiz, mundutik zeharo aldenduta, ia bakar-bakarrik, inoren bisitarik jaso gabe. Zerbaiten beldur izango haizela uste diat. Ez duk lagunik, edo? Bestela...
JULEN: (Minduta.) Bakarrik ez, milaka lagun ditiat ordenagailuaren beste aldean, egunero bidaltzen zizkioagu mezuak elkarri. Ulertu duk? Ez nagok bakarrik.
GAZTEA: Ados eta zenbatetan geratzen zarete bueltatxo bat emateko?
JULEN: Erotuta al hago? Inor ez duk “bueltatxo” bat ematera irteten, ze garaitan bizi haiz? Kaleak arriskutsuak dituk.
GAZTEA: Benetan?
JULEN: Zuek bezalako gaizkileak zaudek leku guztietatik.
GAZTEA: Baina, telebistan ez ditek hori esaten, egoera kontrolatuta...
JULEN: Telebistan ez ditiztek gauza asko esaten...
GAZTEA: Argi zagok.
JULEN: Sarean ordea...
GAZTEA: Sarean? Ados. Orduan sarean esaten dutena sinesgarriagoa duk, ongi, orduan sarean kalera ez irteteko agindu diate.
JULEN: (Sututa.) Agindu? Inork ez zidak ezer agindu. Dena nahasten duk.
GAZTEA: Ez, ez duk hori. Jatorra haiz, horregatik amorratzen naik manipulazioaren erabilpena, kaleak arriskutsuak badira, hire ustea izan behar dik eta ez beste inorena. Hik heuk konprobatu behar duk.
(Isiltasuna.)
GAZTEA: (Berriz eskua luzatuz.) Benga, lagunak?
(julenek, hasieran zalantzati, azkenean eskua hartuko dio, baina gazteak besarkada emango dio. julen aztoratuta.)
GAZTEA: (julenen aurpegi serioa ikusita.) Zer duk?
JULEN: Ez, ezer ez. Besarkada...
GAZTEA: A, barkatu, erresistentzian guztiok ematen zioagu elkarri. Batzuetan musu ere. Bazakiat jende guztiari ez zaiola gustatzen, baina ahaztu egiten zaidak hori.
JULEN: Aspaldi ez nindian inork besarkatu.
GAZTEA: (Ezin duela sinetsi julenek dioena.) Txantxetan ari haiz, ala? Gurasoek besarkadak emateko ohitura ditek, ezta? Ez... ta? (Bat-batean esan duenaz oharturik, seguruenik hanka sartu duela konturatu da, eta gaiaz aldatzen saiatuko da.) Beno, beno, sekretu bat kontatuko diat, ados?
JULEN: Sekretua? Bai... noski... ados.
GAZTEA: Kontatuko diat baina ezin diok ezer esan Joeri. Zin egiten didak?
JULEN: Baina, zergatik? Zer kontatu behar didak, ba?
GAZTEA: Zin egiten didak, bai ala ez?
JULEN: Ados, zin egiten diat.
GAZTEA: Ni... ez diok ezer esango, ezta?
JULEN: Jo, ezetz ba, esan behingoz.
GAZTEA: Beno, hitaz fida naitekeela uste diat... hau nire azkeneko lapurreta izango duk, utziko zioat etxeetan indarrez sartzeari. (julenen sinesgogor aurpegia ikusita.) Bai, benetan esaten diat. Nekatu nauk hau guztiaz, erresistentziaren ideiekin bat natorrek, hori ezin diat ukatu; baina ez zaidak gustatzen gauzak egiteko duten modua. Bide berriak jorratu beharko genituzkeela uste diat.
JULEN: Eta zer egingo duk? Heure lapur enpresa sortu? Oso gaztea haiz. (Erdi barrezka.) Hemezortzi urte besterik ez.
GAZTEA: (Irribarrea aurpegian duela.) Bidaiatu nahi diat, mundua ezagutu eta beste lekuetan gauzak nola egiten dituzten ikusi nahi diat. Mundua aldatu nahi badut, ongi ezagutu beharko diat, ez duk uste?
JULEN: Hara, ez duk ideia txarra.
GAZTEA: Bai, baina horretarako hemendik atera beharko diagu lehenbailehen.
JULEN: (Zalantza batzuk gainditu eta gero.) Konbentzitu nauk. Hemendik irteten lagunduko dizuet...
GAZTEA: (Barrezka eta oihuka.) Oso ongi! Benetan eskertzen diat.
JULEN: Eta nola egingo duk ondoren? Dirua beharko duk eta erresistentziatik alde egitea ez duk horren erraza izango.
GAZTEA: (Berriz berera hitz egiten.) Hik esan bezala, ez badaukat dirurik ezingo diat alde egin eta beti geratu beharko diat hemen... eta...
JULEN: Eta?
GAZTEA: Hire gurasoek... beren logelan edo...
JULEN: Zer? Zer esan nahi duk?
GAZTEA: Aberatsak zarete eta pentsatu diat...
JULEN: Ezta okurritu ere. Zer uste duk hik? Ez nauk tontoa.
GAZTEA: Mesedez... lagunak ginela uste nian.
JULEN: (Muturtuta.) Ez diagu apenas elkar ezagutzen.
GAZTEA: Baina nire sekretua kontatu diat.
JULEN: Eta zer? Nola dakit ez haizela engainatzen ari? Berriz ere. Zenbatetan erabiliko huen laguntasunaren trikimailua hire helburuak lortzeko.
GAZTEA: Hori ez duk egia.
JULEN: Edo ama bat behar duen haurraren papera edota gaztetxo galduarena. Lehen gezurretan ibili haiz, zergatik izan beharko luke orain egia?
GAZTEA: Mundua aldatu nahi dudalako eta horretarako hire laguntza behar dudalako.
JULEN: Gezurtia halakoa.
GAZTEA: (Aurpegia malkotan duela.) Min ematen ari haiz, munstroa naizela zirudik. Gaiztoa haiz benetan!
JULEN: Hi haiz nire etxera bortxaz sartu dena, zer pentsatu behar diat ba.
GAZTEA: (Negarrez jarraitzen du.) Eta hi hire bizitzan nahi duen guztia lortuko duen haurtxoa haiz. Hire gurasoen arreta izan ezik.
JULEN: Hoa pikutara! Eskale zarpailtsu alaena!
(Isiltasuna.)
JULEN: (Mukizapi bat emanez.) Hartzak. (Damututa oraingoan.) Barkazak, ez nian hori esan nahi.
GAZTEA: Ez duk ezer, ni ere urduri jarri nauk.
(Isiltasuna.)
JULEN: Besteen gustukoa ez izatea.
GAZTEA: Barkatu?
JULEN: Horren beldur nauk, besteen gustukoa ez izatearen beldur. Kaleak arriskutsuak izatea ez duk etxean geratzeko arrazoia, aitzakia baizik; ez nauk kalera irteten, jendearen gustukoa ez izatearen beldur naizelako. Neure buruaz barre egingo duten beldur edota baztertuko nauten beldur. Sarean gauzak errazagoak dituk, ez zagok lotsarik eta jendea jatorra duk, ezer eskatu gabe trukean.
GAZTEA: Baina, benetako ezer eman gabe.
(Isilunea.)
JULEN: Oso bakarrik sentitzen nauk, bai. Orain hik ere badakik nire sekretua.
(Isilunea.)
JULEN: (Erabakia hartuta.) E... dirua nola lortu kontatuko diat.
GAZTEA: Ez, ez duk beharrezkoa, ez dik inporta. Hemendik ateratzearekin nahikoa izango dugula uste diat.
JULEN: Ez zaukaat ezer galtzekorik... espero diat ez damutzea.
GAZTEA: (Pozik berriz ere.) Eskerrik asko. Ez haiz damutuko, zin degiat Julen.
JULEN: Etxeko tramankulu teknologikoak eramatea ez dik merezi, balioa galtzen ditek estreinatu eta berehala. Begira Markel, gurasoek etxean dauzkaten baliozko gauza gehienak diru-kutxa zahar batean gordetzen ditiztek. (Burlati.) Nahiko antigoalekoak dituk aiton-amonak. Ez zakiat zehatz-mehatz zer egongo den bertan, ez diat aspaldi barrukoa ikusi, baina diru-birtuala egongo dela imajinatzen diat. Normalean, aitaren begiaren irisarekin edo amaren hatz markarekin irekitzen duk kutxa...
GAZTEA: Jai diagu, orduan! Hire aitaren begia edo amaren hatza beharko genikek irekitzeko! Eta nik dakidala...
JULEN: Lasai, normalean bai. Baina esan diadan bezala kutxa nahiko zaharra duk eta bazagok beste modu bat irekitzeko.
GAZTEA: Esan, esan...
JULEN: Hitaz fida naiteke?
GAZTEA: Zin degiat.
JULEN: Bai, ados. Kode sekretua dik... hauxe duk: D-I-R-U-A6565. Ongi ulertu duk? Nonbaiten idatziko diat.
GAZTEA: Ez duk beharrezkoa, memoria ona zaukaat. Eskerrik asko, baina oraindik ez zakiagu nola atera gela honetatik.
JULEN: Oso erraza. Gela batetik bestera joateko “burbuila” existitzen duk.
GAZTEA: Zer? Burbuila?
JULEN: Ez zakiat programa ezagutuko duan, baina etxe hauek diseinatu zituztenean gelaz gela komunikatzeko kapsula moduko batzuk sortu zitiztean. Bakarrik ez-ohiko egoeratan erabiltzekoak. Ez nizuen ezer esan behar, azkenean zaindariak etorriko zirelakoan, baina tratua egin dugunez...
GAZTEA: Burbuila? Txantxetan ari haiz, ala?
JULEN: Ezetz ba.
GAZTEA: Eta non zagok kapsula edo burbuila hori?
JULEN: Paretatik ateratzen duk, nik bi txalo jotakoan.
GAZTEA: Bai, zera! (Sinesgogor, bi txalo jotzen ditu.) Ez duk ezer gertatzen. (Beste bi eta beste bi eta beste bi txalo joko ditu.) Ikusten? Ez badidak esaten hemendik nola atera, neure kabuz topatuko diat modua, besterik ez nian falta. (Pareta gardena aztertzen eta ukitzen hasiko da. Bere golkorako.) Material berezia duk, polikarbonato baten antza dik, baina garatuagoa...
JULEN: Hire txaloekin ez duk ezer lortuko, ez diate nire txaloen frekuentzia bera eta.
GAZTEA: (juleni harridura aurpegiz begiratuz.) Hara! Zer esan nahi duk?
JULEN: Begira ezak. (julenek bi txalo joko ditu eta pareta ireki egingo da igogailu forma borobileko gelaxka bat sortuz.) Hemen duk.
GAZTEA: (Kanpotik burbuila begiratuz, begiak zabal-zabalik dituela.) Zoragarria. Ez nian sekula horrelakorik imajinatu.
JULEN: Ez, ezta? Orain lehenbailehen alde egin behar duzue.
GAZTEA: Zoragarria duk!
JULEN: Bai, egia, asmakuntza bikaina larrialdietarako... baina berandu baino lehen hemendik atera behar duzue, frekuentzia eragozleak ez dik betiko funtzionamendua ziurtatzen. Denbora mugatua duzue.
GAZTEA: Zoragarria duk!
JULEN: Ene, zein astuna haizen!
GAZTEA: (Mekanikoki.) Zoragarria duk! Zoragarria duk! Zoragarria duk!
JULEN: Gogaikarria haiz gero.
GAZTEA: Zo... ra... zo... ra... gga....rria.
JULEN: Markel zer duk? Ongi al hago? (gaztearen aurpegi arraroa ikusita.) Izutzen hasi nauk... Utz itzak txantxak!
(gaztea isil-isilik eta geldirik geratuko da.)