II
GAZTEA: Lurrikara izan daiteke?
ZAHARRA: Etzak alukeriarik esan, estatuek aspaldi debekatu zitiztean lurrikarak. (Ezustean lurrean egindako zuloa itxiko da, bien harridurarako.)
ZAHARRA: Zer da hau? (Zuloa erabat desagertu dela eskuekin eta hankekin egiaztatu ondoren, lurrari kolpeka hasiko zaio amorruz. gazteari.) Jakin daiteke zer gertatu den? Dena kalkulatua huela uste nian.
GAZTEA: Ez dut ideiarik.
(gazteak arropen artean zuen beste tramankulu txikia bezain bitxia aterako du eta zuloa zegoen lekura bideratuko du. Proba batzuk egin ostean tramankulua gordeko du, eta etsi aurpegia jarriz hasperen egingo du.)
GAZTEA: Ez dago ezer egiterik.
ZAHARRA: Zer? Nola? Zer esan nahi duk?
GAZTEA: Entzun duzuna. Matxuraren bat dutenean, etxe inteligente askok haien burua berreraikitzeko gaitasuna dute. Ez nekien zer puntutaraino zuten gaitasun hori, sukaldeko etxetresna txikientzat bideratua zegoelakoan nengoen. Uste baino boteretsuagoa da, seinale eragozleen gainetik dago.
ZAHARRA: Antzinako sugandilen antzera, buztana galtzean beste bat ateratzen zitzaiela?
GAZTEA: Bai, etxe hauek animalia bizidunak dira.
ZAHARRA: Dedion! (Urduri, gazteari aginduz.) Eginzak beste zulo bat berehala! Eginzak, ez al duk entzun?
GAZTEA: Ezinezkoa, material guztia pasabidean geratu zaigu.
ZAHARRA: Asmazak beste bat! Uneoro ari haiz gauza berriak asmatzen! Ez diat uste horren zaila izango denik.
GAZTEA: Hemen ez dago apenas tresnarik ezer fabrikatzeko... Gainera, ez genuke astirik izango.
ZAHARRA: Mozolo halakoa!
(zaharra pareta kolpatzen hasiko da amorratuta.)
GAZTEA: Alferrik, hautsiezina da.
(zaharra diseinuzko aulkia hartuz, paretaren kontra botako du hau apurtu nahian, baina pareta apurtu beharrean, aulkiak errebotatu egingo du berriz lurrera eroriz.)
ZAHARRA: (Haserre bizian.) Aaaa! Eginzak zerbait! Hemendik irten behar diagu berehala! (gaztea astinduz.) Esan zerbait, esan zerbait, madarikatua! Ez al hintzen hi garun pribilegiatua? Edo harropuzkeriatan ibili haiz beti? Mozolo harroputza! Mozolo harroputza besterik ez haiz!
GAZTEA: (Apenas urduri jarri gabe.) Ez dakit. Ez dakit zer egin.
(zaharra erabat aztoratuta dagoela, zaplaztekoa emango dio gazteari. Horren aurrean gazteak ez du espresiorik aldatuko, ez zaio sentimendu aldaketarik nabari.)
(Isiltasuna.)
ZAHARRA: (Egin duenaz damututa, ohera joango da urduri.) Bar... barkatu... ez nian nahi... barrenak kiskaltzen hasi zaizkidak eta... badakik...
GAZTEA: (Zegoen lekutik mugitu gabe aurpegiko espresioa ez du aldatuko, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Erabat neutroa.) Zerbait pentsatu behar dugu.
(Isiltasuna.)
ZAHARRA: (Arnasketa batzuk egin ondoren, lasaiago dagoela ematen du.) Akaso... mutikoa esna zezakeagu... berak jakingo dik seguru asko nola irten hemendik... hori izango duk hoberena...
GAZTEA: Bai, posible da. (juleni hurbilduz.) Lo seko dago. (Irribarre puntuaz.) Aingerua ematen du.
ZAHARRA: (Atsegina izan nahian.) Ba al dakik nolakoak diren aingeruak, ala?
GAZTEA: Ez, baina oso ederrak zirela irakurri nuen behin.
ZAHARRA: Irakurri? Bai denbora galtzea! Hi beti zentzurik gabeko gauzak irakurtzen, erlijioak aspaldi desagertu zituan eta! Orain bakarrik freskagarriak gurtzen dizkik jendeak. (Iragarki baten ahotsa imitatuz.) “Ziber-kola dastatu eta zoriona gozatu” “Izan hadi berezia, probatu freskagarri mundiala: banilla eta gerezia” (juleni begira. Isilune baten ondoren.) Ederra duk, bai. Hi ere horrelakoa hintzen gurekin etorri hintzenean. Orain, ordea... (Damu da esaldiaz, baina badirudi gazteak ez duela entzun. biak isiltasunean julenek nola lo egiten duen begira geratuko dira. Segundo batzuk geroago, zaharrak magia unea hautsiz.) Beno... berehala esnatu behar diagu ume mokoa.
GAZTEA: (Oraindik juleni begira dagoela.) Ez eman minik, mesedez.
ZAHARRA: Lasai, txikito.
(gaztea aldentzean, bestea julenen ondoan makurtuko da. Poltsikotik esentziaren bat daraman botilatxoa aterako du; julenen sudur ondotik pasatuz, honek pixkanaka begiak berriz ireki arte mantenduko du.)
ZAHARRA: Ez zagok metodo zaharrak bezalakorik! (juleni.) Egunon, loti eder.
(julenek hasiera batean ez du gogoratuko zer gertatzen den, baina berehala ohartuko da, eta lurretik arrastaka mahai azpian ezkutatuko da bere burua babestu nahian. gaztea gerturatuko zaio, julen oso urduri jarriz.)
GAZTEA: (julen lasaitu nahian.) Lasai, lasai. Ez diagu ezer egingo eta. (julenen ondoan dagoenean, ahoa estaltzen dion estatu globaleko bandera poliki askatuko dio.) Trapu zahar hauek, ez ditek ezertarako balio... (Alde batera botako du trapua indarrez. ) Zer moduz hago?
JULEN: (Harridura eta negarraren artean.) Nortzuk zarete? Zer nahi duzue? Ez egin ezer, mesedez.
GAZTEA: Min handia al daukak aurpegian?
JULEN: (Bat-batean mina gogoratu izan balu bezala, oraindik negarrez dagoela.) Ez... beno... pixka bat masailezurrean.
GAZTEA: Berehala pasako duk. (Txantxetan zaharrari buruz.) Tipoak ez dik indar handirik.
ZAHARRA: (Bere gorputzaren defentsa eginez, atsegina izan nahian, txantxetan hasiko da.) Porru eginda nagok, baina kristoren giharrak ditiat. Begira, begira, mutil katxarroa nauk. (Bere besoak seinalatuko dit, giharrak erakutsiz. Western bateko gaiztoaren ahotsa jarriko du.) Nahi izan banu, lurrean akabatuta egongo hintzateke, mutiko. (Irribarre ironikoaz, berriz gaiztoaren zereginak egin behar dituela konturatuz.) Argi hitz egingo diagu gaztetxo. Eskatutakoa egiten baduk, ez zaik ezer gertatuko. Baina, bestela, akabo... (Mehatxu keinua egingo dio.)
GAZTEA: (zaharraren jarrera gaitzetsiz.) Lasai, e! (Bere kidea baino adeitsuagoa izan nahian, juleni hitz egingo dio.) Berak esan nahi duena zera duk: ez garela hiri min ematera etorri, etekinak lortzera baizik.
JULEN: Etekinak? (Negarra lasaituz, helduen baretasuna transmititu nahi du, baina faltsua ateratzen zaio.) Etekinak... ados. Zer nahi duzue?
ZAHARRA: Badirudi elkar ulertzen dugula behingoz. Ongi zagok hori. Oso erraza duk, etxebizitza honetan punta-puntako teknologia zagok hamaika aparatutan. Horiek eraman nahi ditiagu gurekin.
JULEN: (Bere buruari.) Lapurrak, noski, nolatan ez dut lehenago imajinatu.
ZAHARRA: (julenek esandakoa entzun duela.) Ez, nik ez nikek hori esango, “lapurrak” hitz itsusia duk, erabiliegia. Erresistentziakoak gaituk, inoiz entzungo huen guri buruzko zer edo zer.
JULEN: (Zalantzati hasieran, azkenean zerbait gogoratuko du eta buruarekin baietz esango du. Totelka hitz eginez.) Ba... Baietz, uste dut. Telebistan. Gaizkileak zarete eta polizia beti zuen bila dabil. Estatu globalak dirua eskaintzen du, (askotan entzundako zerbait errepikatuz.) “erresistentziaren informazioa ezagutarazten duen ororentzat”. Hala ere, egoera kontrolatuta dutela esaten dute aldioro, gero eta ahulagoak zaretela eta laster legearen esku egongo zaretela.
GAZTEA: Betiko gezurrak. Estatu globalak telebista erabiltzen dik bere mezu globalak bidaltzeko, eta mezu globalarekin ados ez egotekotan, gaizkilea haiz.
JULEN: (Lasaiago hitz eginez.) Baina gauzak lapurtzen dituzue eta biolentzia erabiltzen duzue horretarako.
GAZTEA: (Mespretxu aurpegiaz begiratuko dio zaharrari eta hau kikildu egingo da.) Ez duk horrela izaten normalean, ez diagu biolentzia erabiltzen, ekintza baketsuen aldekoak gaituk, baina... (Joeri errieta egingo balio bezala hitz eginez.) Joe batzuetan urduri jartzen duk.
JULEN: Joe?
ZAHARRA: (Keinu komikoak eginez, ingeles azentua jarriz.) Joe nauk, hire zerbitzurako. (gazteari seinalatuz.) Eta bera... Michael.
JULEN: Michael? (Harrituta.) Urte askotarako... uste dut. (Jatorra izan nahian, bere eskumuturrak begiratuz.) Barkatu, baina ezin dizuet eskua luzatu.
ZAHARRA: Bai, egia. Oraingoz hobe duk horrela.
JULEN: Ni Julen naiz. Joe eta Michael, izen bitxiak, ezta?
ZAHARRA: Ez dituk gure benetako izenak, noski. Hobe diagu geure benetako izenak ezkutuan gordetzea. Ez zakiat ingelesa gogoratuko duan...
JULEN: Ingelesa? Ez gehiegi, zerbait entzun dut entziklopedia birtualean. Hizkuntza bat zen, ezta?
GAZTEA: Aspaldi desagertutakoa, oso zabaldua zegoan mundu osoan zehar, horrek ezartzen zian neurria.
ZAHARRA: Eta beste hizkuntzak zeharo kutsatu zitian, hau amorrua...
GAZTEA: Gaur erabiltzen ditugun hitz asko ingelesetik zatozak, tamalgarria benetan hizkuntza baten desagertzea, baina horrela gertatu duk mendeetan zehar. Orain batez ere estatu globalaren hizkuntza hedatzen ari duk ikono itsusiz betea, eskolan ikasten duk hori, ezta? (julenek baietz egiten du buruaz.) Imajinatzen nian, bai.
ZAHARRA: Zorionez ez dituk hizkuntza guztiak galdu.
GAZTEA: Horren dibertigarriak iruditzen zaizkiguk ingeleseko hainbat izen, ezen geure akzio guztietan erabiltzen ditugun.
ZAHARRA: Batzuetan John, besteetan Billy, sarritan George eta noiz edo noiz Stanley. (Tontoarena egiten.) Kaixo, ni Stanley naiz. Egunon, Stanley nauzue. Urte askotarako Stanley jauna. Ez esan ezer, zu Stanley baten aurpegia daukazu. (Barrezka hasiko da.) Ez al zaik dibertigarria iruditzen?
JULEN: (Azkeneko galderari kasurik egin gabe, gazteari.) Beraz, askotan lapurtzen al dituzue gauzak etxeetan?
GAZTEA: Akzio oso ezberdinak egiten ditiagu gure helburuak lortzeko, estatuaren bidegabekeriak agerian uzteko. (Tonua aldatuz, serioago.) Ezberdina duk etxeetan sartzearena, erresistentziaren mantenurako beharrezkoak dituk akzio hauek, ez duk ulertzen? Ez gaituk lapur hutsak, ez diagu geure burua lapurtzat jotzen... helburu gorenagoa diagu, estatu globala suntsitu, makurrarazi.
JULEN: Suntsitu, makurrarazi... eta biolentzia ez duzuela erabiltzen diozu? (Bere buruari.) Alprojak!
GAZTEA: Hitz egiteko modu bat duk. Ekintza mordoa egiten ditiagu, baketsuak denak, baina dirua behar diagu hainbat gauza ordaintzeko, propaganda egiteko, kasu.
JULEN: Eta hori guztia zertarako?
GAZTEA: Mundu berria sortu nahi diagu. Guztiok aukera berdinekin bizitzeko.
JULEN: (Bere buruari marmarrean.) Zakurraren putza. (Lehor.) Ez, uste dut ez dudala ulertzen.
ZAHARRA: (Bere buruari.) Banengoen ba ni, arazoak emango zituela mukizu honek. (Sortu den eztabaida txikia baretu nahian, inora eramango ez dituela ikusita.) Mutiko, ez zizkioagu edonori gauzak kentzen, soberan dutenei bakarrik. So-be-ran. Bai? Ulertu duk? Gaur etxe honetatik eramaten dugun guztiaren bi pare erosiko duzue bihar. Ez da hala, esan, ez da hala?
JULEN: Ez dakit. (Pentsakor.) Bai... uste dut, ez zaizuela arrazoi pittin bat falta. Amak inolako baliorik ez duten milaka gauza erosten ditu egunero... baina, jo, ez dago ongi besteei gauzak kentzea...
GAZTEA: Ongiari eta gaizkiari balio handiegia ematen zaiek. Nork erabaki du hori guztia? Estatu globalaren ongia eta gaizkia existitzen dituk eta kito, existitzen diren arauak onartzen ditiagu hor daudelako. Baina benetan beti egon al dira hor? Eta horrela ez bada, nork asmatu zituen? Zergatik dituzue zuek horrenbeste gauza eta askok ez dute jateko ogi apur bat bera ere? Erabaki berriak nahi ditiagu, mundu berria.
JULEN: Gehiegi hitz egiten duzu. Telebistan esaten dutena ez da hori, jo, munduan gosea aspaldi desagertu zen, zuek bezalako jendearengatik existitzen dira arazo bakarrak. (Purrustaka.) Alferrak eta odolgaiztoak.
(Isiltasuna.)
ZAHARRA: (Biolentziarekin ezer lortuko ez duela ikusita, tentsio uneak apurtzeko, umoretsua izaten saiatuko da.) Gainera, aberatsei osten zieagu pobreei emateko.
JULEN: (Interesaz.) Pobreei emateko?
ZAHARRA: Noski. (Irribarrez.) Gu geu gaituk pobreak. (Txorakeriak eta magia jolasak eginez.) Zer duk hementxe? (Adibidez gaztetxoaren belarritik txanpona atereaz.) Tatxan, tatxan!
(zaharra barrezka hasi da ozen, beste biek elkarri begiratuko diote, azkenean barreaz kutsatuz. Gogoz egingo dute barre, bizi duten tentsioa apurtzea lortuz.)
GAZTEA: Etxeetan lortzen duguna salduz, erresistentzia aurrera zoak. Eta erresistentziak herriaren alde lan egiten dik. Ez zieagu zuzenean dirua pobreei ematen, ez diagu limosnarik eman nahi, gauzak errotik alda nahi ditiagu. Haien alde lan egiten ari gaituk, haien eskubideen alde, ahotsik ez duten horien guztien alde.
JULEN: Jo, esaten duzun hainbat kontuk zentzua badu, baina... baina ez dut gustuko besteei gauzak kentzea, ez dago ongi. (Sortu den egoerarekin bukatu nahi duela.) Hala ere, hori guztia niri bost. Nahiago nuke etxetik lehenbailehen alde egingo bazenute... horregatik... eraman behar duzuen guztia... eta zoazte...
ZAHARRA: Egia duk. Erretolikak guk ere ez ditiagu gustuko, denbora galtzea duk. Baina... arazotxo bat zagok.
JULEN: Arazoa? Zein arazo?
GAZTEA: Etxe inteligente honek zuloa itxi egin dik. Eta ezin gaituk irten.
ZAHARRA: Preso gaudek etxe ultramoderno zikin honetan.
JULEN: (Hemendik aurrera ume ezjakinaren ahotsa jarriz.) Hau da hau kalamidadea! Eta zer egin dezakegu?
ZAHARRA: Hori duk jakin nahi duguna. Esaguk oraintxe bertan, zer egin gelako atea irekitzeko.
JULEN: Baina... nik ez dakit eta... ez duzue lehen ikusi ba, ezin izan dudala ireki? Ez dakit nola irten hemendik, zeuek blokeatu dituzue segurtasun sistema guztiak. Jakin beharko zenukete nola desblokeatu, ez da ala?
ZAHARRA: (gazteari.) Ez duk tontoa gero.
JULEN: Zerbait erabiliko zenuten, seinale eragozlea edo.
ZAHARRA: (Bere buruari.) Harrapa zak, ume mokoa! Ongi kontrolatzen dik dena azeri honek.
GAZTEA: (juleni.) Hala duk. Baina denbora jakin baterako programatua zagok eta hemendik ezin duk aldatu, ezin desprogramatu.
JULEN: Nahi baduzue lagun zaitzaketet, nahiko abila naiz. Eskolan ikasi dugu seinale eragozleen aplikazioak eta neure kabuz ikerketak egin ditut. Eskuak askatzen badizkidazue, noski.
(Elkarri begiratzen diote.)
ZAHARRA: Ez. Azkarra haiz gero.
GAZTEA: Programak ez dik aldaketarik onartzen, hik ere ezingo huke lortu. Gainera, babesik gabe geratuko gintuzkek, berehala zaindari guztiekin gainean.
ZAHARRA: (juleni.) Kasu egiok, garun pribilegiatua duk, badaki zertaz ari den.
JULEN: (Serio.) Orduan ez dakit nola.
(Isiltasuna.)
GAZTEA: Bai, baina moduren bat egon beharko dik. Ea pentsatu, zer egiten duk normalean hau gertatzen denean?
JULEN: Ba... ez dakit... hau ez da inoiz gertatu. (Ironiaz gazteari.) Ez al zinen zu ba garun pribilegiatua?
ZAHARRA: (Berriz haserre.) Ez, e? Kagoen, kokoteraino naukak. (Eskua altxatuz.) Ikusiko duk zer den hitz egitea, mukizu halakoa!
(julen izutu egingo da; dena den, biolentzia ekiditeko, gazteak zaharra geldiaraziko du eskumuturretik helduz.)
GAZTEA: (Haien artean.) Zertan zabiltza? Egon zaitez geldi.
ZAHARRA: Dedion! Gezurretan ari duk, argi zagok!
GAZTEA: Igual bai, baina horrela ez duzu ezer lortuko.
ZAHARRA: Baietz ba, neuk aterako zioat egia... ederki egurtuz.
GAZTEA: Ezetz ba, Joe, utzi nire kontu.
(Entzuten ez ditugun hitz batzuk izan ondoren, zaharra konbentzituta alde batean geratuko da eta gaztea julenengana joango da, bere ondoan eseriz.)
GAZTEA: Lasai, lagunak gaituk, ezta? (julenek erantzuten ez diola ikusita, eskumuturrak askatzeari ekingo dio poliki-poliki.) Marka gorriak izango dituk eskumuturretan, baina bi egunen buruan desagertuko zaizkik, aztarnarik utzi gabe. (Behin askatuta.) Hobe horrela? Bai, ezta? (julenek baietz esango du buruaz, mindutako eskumuturrak laztantzen dituen bitartean.) Esan bezala ez diagu minik eman nahi, horregatik laguntzea nahiko genikek. Ezin gaituk hemen egun osoan egon, azkenean norbait etorriko duk eta ordurako guk alde egin behar diagu.
JULEN: Jo, ez dizut esan ba...
GAZTEA: Lagunak gaituk, ez hitz egin zuka, mesedez.
JULEN: (Zalantzati hasieran, azkenean lagun bezala hitz egiten saiatuz.) Ez dizut... ez diat esan ba, ez dakidala nola...
GAZTEA: (Polizia onaren papera hartzen duela.) ...pentsatu, behintzat, pentsatu. Informatiko bikaina haizela zakiagu, bideojokoak sortzen dituala eta domotika eguneroko gauza duk hiretzat. (julenek miresmen harriduraz begiratzen du.) Agian seinaleena erabiltzen badakik, baina beste modu bat egongo duk, seguru. Neuk igual asmatuko nikek, baina denbora gehiago erabilita. Gainera etxea guk baino hobe ezagutzen duk, ia beti bakarrik hago, ataka askotatik inoren laguntzarik gabe ateratzen jakingo duk.
JULEN: (Pentsakor.) Jo, helduak bezala hitz egiten duk. (Bere onera bueltatuz.) Nola dakizue hori guztia?
GAZTEA: Hilabete egon gaituk etxea zelatatzen.
JULEN: Hara, leihorik gabeko etxea duk baina.
GAZTEA: Mila modu zaudek horretarako eta hik ere badakik; ez haiz batere tontoa, horrelakorik entzungo huen inoiz? (julenek aurpegiaz ezjakintasuna adierazten duela.) Gauza asko zakizkiagu, bai, baina horrek ez dik axola orain. Hemendik atera behar diagu lehenbailehen. Esan, zer egingo huke hik bakarrik egonda, etxeko sistema guztiak hondatuko balira?
JULEN: Ez zakiat... negar egin?
ZAHARRA: (Bere buruari.) Harrapa zak!
GAZTEA: Bai, ados, eta gero?
JULEN: Ohean sartu eta norbait etorri arte itxaron?
ZAHARRA: To eta no! Honek ez dik funtzionatzen!
GAZTEA: (zaharrari.) Ixo!
ZAHARRA: Ongi, hire kontu. Baina larri ibili. Bitartean musika entzungo diat, Maria Callas, jainkosa. (Entzungailu batzuk aterako zaizkio automatikoki belarrietatik eta mutikoak dauden beste muturrera joango da musika entzutera, besteen elkarrizketei kasurik egin gabe.) Ez zagok opera abeslari hoberik!
(bi mutikoen artean isiltasuna egingo da.)
JULEN: Hire aita nahiko berezia duk: kristoren astakiloa, baina gero opera entzutea gustuko dik! Gaur egun ikusi beharrekoak ere... (Irribarrea aurpegian duela.) Benetan tipo xelebrea! Ez duk, uste bezain...
GAZTEA: (Eteten duela.) Nire aita?
JULEN: (Bere burua zuritu nahian, esan duena gazteak gaizki hartuko duen beldur da eta.) Astakiloarena... hitz egiteko modu bat besterik ez duk... asmo txarrik gabekoa... ze, ez diat ukabilkadarengatik bakarrik esaten, zera... beno... ez gaizki hartu gero... baina, Joe... Joeren jarrera gehienak oso oldarkorrak dituk... e... gauzak beti indarrez lortzen ditik... uste diat... ez?... hala ere... ez haserretu... nik...
GAZTEA: Joe? (Barrezka hasiko da.)
JULEN: Tipoa txistosua ere bada... baina orain... zergatik egiten duk barre? Ez diat ezer ulertzen. Ez dik grazia izpirik, inondik inora.
GAZTEA: Ba, badu, bai. Joe? Nire aita? (Barreari ezin eutsiz hizketan hasiko da.) Nola izango nauk astakirten horren semea, ba? Ez diat gauza barregarriagorik sekula entzun. Animalipuska horrena?
JULEN: Ez da hire aita? (gazteak ezetz esango dio buruaz.) Barkatu, baina hain gaztea izanik, uste nian familiaren kontua zela.
GAZTEA: Belearen kumea, belakumea. Bai, noski. (Irribarretsu.) Benetan pentsatzen huen etxeak hustera familia osoa elkarrekin joaten ginela? Behinolako mafiak bezala edo kriminal sagen moduan? Amona, zigarroa ahoan, armaz josirik kalean gure zain zegoela uste al huen?
JULEN: (Zalantzati.) Bai?
GAZTEA: Ba, ez. Zibertelebista gehiegi ikusi duk, mutiko. (Barre egiteari utziko dio batbatean.) Gainera, aspaldi bete nitian hemezortzi urte, neure kabuz egin zitzakeat gauzak familiarekin kontatu gabe.
JULEN: Bai, zera! Hemezortzi, hik?
GAZTEA: Jakina!
JULEN: (Zalantzarik gabe.) Ez, askoz gazteagoa haiz.
GAZTEA: Ezetz ba, gazteagoa ematen diat baina hemezortzi urte ditiat.
JULEN: (Irribarretsu.) Heuk esaten baduk.
GAZTEA: Nola? Ez duk sinesten? (julenek ezetz esango du buruaz.) Ados, hamazazpi urte ditiat. Pozik? Hamazazpi.
(julenek ez du ezer esango baina begietara begiratuko dio irribarrez.)
GAZTEA: Hamabost eta utz dezagun gaia.
JULEN: Ia nire adinekoa, esaten nian ba nik. Ados. Nola bukatzen du hamabost urteko batek, alproja horrekin alde batetik bestera?
GAZTEA: Joe? Ez duk tipo gaiztoa, pentsatu gabe egiten ditik gauzak... gauza gehienak, bai... baina ez duk tipo gaiztoa.
JULEN: Izan daitekek. Hire gurasoek zer diote? Nola onar dezakete, horren gaztea izanik, erresistentziaren izenean lan egitea?
GAZTEA: Ez diat gurasorik. Aspaldi galdu nitian.
(Isilunea.)
JULEN: Barkatu, ez nekian.
GAZTEA: Ez dik inporta.
(Berak istorioa kontatzearekin batera, gaztearen oroitzapena ikusiko dugu itzaleko txotxongiloez adierazia.)
GAZTEA: Txikia ninduan hil zirenean, estatu globalak eskaintzen zian gala festarako bidean auto-istripua izan genian. Ez diat gehiegi gogoratzen. Modako azkeneko kotxea zeramatean abiadura bizian; herrialdeko ziberautopista garrantzitsuenetik zihoazela, bihurgune arriskutsu batean autoa labaindu egin zuan eta estatu globalak landatutako zuhaitz metaliko berrien kontra egin genian talka. Eskultore famatu batek sortutako zuhaitz hidrauliko zatar horiek.
Zeharo birrinduta aurkitu zitean autoa eta neu bakarrik atera ninduan bizirik istriputik. (Kopeta seinalatuz.) Hemen dudan orbaina horren seinale duk. Estatu globalak barnetegira bidali nindian ospitaletik atera bezain laster, gurasoen diruaren jabe izateko seguru asko. Aste batzuk geroago ihes egin nian irakasle globalen kolpeez nazkatuta eta, erresistentziarengatik izan ez balitz, hotzaz hilda egongo ninduan hiriko edozein bazterretan. (Itzaleko txotxongiloak desagertuko dira.) Joe zaintzaile izan diat urte hauetan, guztia irakatsi zidak, berari esker nauk horrelakoa.
JULEN: Gaizkilea.
GAZTEA: Joan hadi pikutara!
JULEN: Tristea izan behar dik.
GAZTEA: (Minduta.) Ez duk nire benetako aita, ez. Baina, tristeagoa duk gurasoak izatea eta inoiz ez ikustea.
JULEN: Zer esan nahi duk, e, zer esan nahi duk?
GAZTEA: Hilabete egon gaituk hire pauso guztiak zelatatzen.
JULEN: Eta zer?
GAZTEA: Hire gurasoak gehiago arduratzen direla lanaz beren semea zaintzeaz baino. Edota aita hil zitzaian hiri ere? Ez, ezta?
JULEN: (Defentsiban jarriz.) Zer ba?
GAZTEA: Ez diagu denbora honetan guztian ikusi.
JULEN: (Haserrea eta negarraren artean.) Beti bidaiatzen zabilek. Biek lanordu luzeak egiten ditiztek. Dirua ekartzen ditek, ez ditek lapurtu behar horretarako. Ze, diru horri esker, egunero jatekoa eta zuek desiratzen duzuen etxe moderno hau diagu. Ulertzen?
GAZTEA: Eta zoriontsua haiz?
JULEN: Bai... baietz uste diat... jo, hi baino gehiago bai...
GAZTEA: Ziur?
JULEN: Ez diat hire bizitza inbidiatzen.
GAZTEA: Ezta nik hirea ere.
JULEN: Ados.
GAZTEA: Ados.
(Isiltasuna haien artean.)
JULEN: Zergatik deitzen hau garun pribilegiatua?
GAZTEA: Ezergatik ez.
JULEN: Ez? Arrazoia duk, azkarregia haiz haren semea izateko.
(zaharrari entzungailuak desagertuko zaizkio.)
ZAHARRA: (Oraindik musikaren erritmoa buruaz jarraitzen segituko du irribarrea aurpegian duela.) Maria Callas, paregabea! Hau zentzuen gozamena! Ez duk hau bezalako ahotsik beste inon existitu! Ezta automata abeslari sortzaile onenek ere, ez ditek sekula parekorik lortu. (mutiko biak isilik ikusiko ditu, bakoitza alde batera begira muturtuta.) Eta zuek zer duzue? (gazteari.) Michael, ez diagu ezer lortu, ezta? (gazteak ez du erantzungo.) Txikito, erantzun, kontxo!
GAZTEA: Ez, ez daki ezer. Nahiko tontolapikoa da.
JULEN: Tontolapikoa ni? Ba, agian bazakiat hemendik ateratzeko modua.
GAZTEA: A, bai?
JULEN: Ba, bai.
GAZTEA: Ez diat sinesten, ez dakik ezer.
JULEN: (Erresuminduta.) Ba, oso erraza duk. Jakin beharko huke nola irten hemendik garun pribilegiatua izanik. Etxe inteligente guztiek milaka akats ditiztek, gizakiok perfektuak direla uste dugun arren. Eta neuk primeran ezagutzen ditiat etxe honek dituen akats guztiak. Lehenengoa... (beste biei begira.) Harrapatu nauzue, ezta? Hau zuan lortu nahi zenutena, ni amorraraztea egia esan arte. (besteek ezer esan gabe irribarre egiten dutela ikusita, jarrera aldatuko du serio eta kopetilun jarriz.) Ados, erakutsiko dizuet etxeak askotan sortzen dituen arazoak eta non dituen matxura edo zauri guztiak. Metalezko animalien zauriak. Zirrikitu horiek aztertuz lortuko diagu gela honetatik ateratzea zaindariak etorri baino lehen. Baina, lehenengo hankak askatu beharko dizkidazue. Zer diozue? (biek elkarri begiratuz, baietz esango dute buruaz.)
ZAHARRA: Ados, baina ez saiatu guri ziria sartzen gero!