Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
[aurkibidea]

 

IV

 

GAZTEA: (Mekanikoki.) Zoragarria duk! Zoragarria duk! Zoragarria duk!

JULEN: Gogaikarria haiz gero.

GAZTEA: Zo... ra... zo... ra... gga....rria.

JULEN: Markel zer duk? Ongi al hago? (gaztearen aurpegi arraroa ikusita.) Izutzen hasi nauk... Utz itzak txantxak!

 

(gaztea isil-isilik eta geldirik geratuko da. Une berean zaharraren belarrietatik aurikularrak desagertuko dira eta irribarretsu bi mutikoak begiratuko ditu. Orain arte astakiloa zirudien tipoaren keinua aldatu da: beste gizon bat dirudi, astakiloaren jarrera aldatu da eta gizon ikasia eta azkarra ematen du.)

 

ZAHARRA: (bi mutikoak dauden lekura doa eta gazteari ilea laztantzen dio.) Primeran bete duzu lana, txikito.

JULEN: Beste engainu bat, tonto hutsa nauk.

ZAHARRA: Tonto samarra... bai.

JULEN: (gaztea seinalatuz.) Tipo ziztrin honek engainatu naik, neure konfiantza osoa eskaini eta... (julen gaztea kolpatzera doa, baina zaharrak heltzen dio.) Utz nazak bakean, muturrekoa eman behar zioat.

ZAHARRA: Lasai, lasai (juleni alde batera bultzatuz. ) Egon zaitez lasai behingoz! Txikitok ez zaitu engainatu.

JULEN: Gezur pila esan zidak eta!

ZAHARRA: Hori ez da egia. Eta hitz egidazu errespetuz, mesedez.

JULEN: (Aztoratuta.) Bai, barkatu Joe.

ZAHARRA: Zuretzat, jauna.

JULEN: (Ezer ulertu ezinik.) Bai, barkatu... jauna.

ZAHARRA: Oso ongi, gaztetxo hauei ez dakit zer irakasten dieten eskoletan, helduei hitz egiten ere ez dakite. Garai batean hezkuntza egokia jasotzen genuen, bai, oraingoa ez bezalakoa. (Geldi-geldirik dagoen gaztearen aurpegia altxatuz.) Mukizu, lagun bat aurkeztu nahi dizut. MARKELXXXP31.

JULEN: (Harridura ezin disimulatuz.) Robota!

ZAHARRA: Hitz itsusia nire ustez, androide edota automata izena nahiago dugu.

JULEN: Benetako pertsona bat dirudi.

ZAHARRA: Bai, ezta? (Irribarretsu.) Pozten naiz zuk ere gauza bera uste izatea, hori da helburuetako bat, eta argi dago lortu dugula. Baina, zoritxarrez oraindik prototipoa besterik ez da. Bateria kargatu gabe denbora luzean esna irautea kosta egiten zaio; hala ere, kasu honetan geure helburuak lortzeko nahikoa izan dela uste dut. (Ahotsa jaitsiz, juleni sekretu bat kontatzera joango balitz bezala.) Gure artean, bateriarik behar ez duen MARKELXXXP32 sortzen ari gara momentu honetan.

JULEN: (Ezin sinetsita dagoela oraindik.) Robota!

ZAHARRA: Gezurrak esan ditzakeen makina, sentimenduak izan ditzakeena.

JULEN: Mundua konkistatuko duen arraza berria. Dena gezurra eta nik robot baten hitz gezurtiak sinetsita, bere lagun bihurtu naizela sinetsita.

ZAHARRA: Bai eta ez. MARKELXXXP31 edozein egoeratara moldatzeko programatuta dago, zure lagun izan zitekeen haur baten itxura eta pentsamenduak instalatu dizkiogu, besterik ez. Baina berak ez daki, berak ez daki makina bat denik, berak 15 urteko gaztetxoa dela uste du. Txikito ezizenaz ezaguna gure zientifiko taldearen artean. Istorio osoa sortzen dugu dena sinesgarriagoa izan dadin, Markelek berak sinesten badu, nola ez dute ba besteek sinistuko, bada. Hala ere, nik zuen elkarrizketa guztiak jarraitu ditut aurikularren bidez, bere gorputzera konektatuta dauden mekanismo batzuei esker. Badaezpada, badakizu.

JULEN: Orduan, makinak esandakoa...

ZAHARRA: Bai, benetan taldetik alde egin nahi duela uste du. Emozioak ditu eta aske izateko gogoa, baina hori guztia esateko programatuta dago. Berak esandako guztia gidoi hutsa da, talde oso batek lan egiten du horretan.

JULEN: Eta nolatan mundu berri bat nahi duzuela aldarrikatzen duzuenok erabil ditzakezue horren estrategia zikinak, erresistentzia babesten duen jendea engainatzen ari zarete.

ZAHARRA: Erresistentzia? Ze erresistentzia? Estatu globalarentzat lan egiten dugu, zientifiko talde handia gara.

JULEN: Zientifikoak? Ezin dut ezer sinetsi. Hau amesgaiztoa da! Esnatu, Julen, esnatu zaitez behingoz.

 

(Ume bat bezala purrustaka hasiko da, aurpegian zaplazteko batzuk emango dizkio bere buruari, baina ezer aldatu ez dela ikusita galderak egiten jarraituko du nekaezin.)

 

JULEN: Zertarako sartuko lirateke zientifiko batzuk jendearen etxeetan lapurtzera? Are gehiago estatu globalarentzat lan egiten baduzue, ezerk ez du zentzurik.

ZAHARRA: Geure helburua ez da lapurreta, jendea beldurtzeko kontratatzen gaituzte; zenbat eta delitu gehiago egon, orduan eta babes polizial handiagoa eskatuko du jendeak. Jendartea kontrolatuagoa izango dugu modu honetan. Zure kasuan hainbat ezusteko jaso ditugu, espero ez genituen zenbait eragozpen, baina arazoa nahiko ongi kudeatu dugula uste dut. Markelen benetako identitatea ezagutu aurretik hemendik nola atera eta zure gurasoen dirua nola lortu aitortu diguzu.

JULEN: Eta zientifikoak lan hauetan... Zergatik ez du beste edonork egiten?

ZAHARRA: Markelen prototipoa oraindik oso delikatua da, ezin du edonork maneiatu.

JULEN: Eta zertarako kendu nahi dio estatu globalak dirua jendeari? Dena sinesgaitza da, oso arraroa. Ez dut ulertzen.

ZAHARRA: Esan bezala lapurreta ez da helburua; baina, bide batez, estatua aberasteko beste modu bat da. Gero eta aberatsagoa eta herria gero eta kontrolatuagoa. Berez, negozio handia egiten du poliziak atxilotuei konfiskatutako ordenagailuekin; gurea, etekinak lortzeko beste modu bat besterik ez da.

JULEN: (Eskuak buruan dituela, begiak ireki-irekiak.) Eta erresistentziak zer egiten du? Ez du ezer egiten?

ZAHARRA: Ez duk benetako erresistentziarik existitzen.

JULEN: (Ezin sinetsita.) Baina egunero haien berri ematen dute telebistan eta ziberegunkarietan. (zaharraren irribarre maltzurra ikusita.) Dena gezurra... Eta hemen gertatu dena kontatuko banu? Komunikabideetara joango banintz?

ZAHARRA: Eta nork sinistuko luke?

 

(Isiltasuna.)

 

JULEN: (Zurbil.) Mesedez, zoazte hemendik lehenbailehen, badakizue irteteko eta dirua lortzeko zer egin behar den.

ZAHARRA: Bai, bai, baina aurretik txikitori bateria aldatu behar diot, ezinbestekoa da. (Apenas ikus daitekeen zer edo zer aterako du poltsikotik.) Eta nire lekura bueltatuko naiz, oraindik ez dakigu zer gerta daitekeen Markeltxok makina bat dela deskubritzen badu. Horiek jorratu beharreko hurrengo erronkak izango dira. Bateria bukatu aurretiko egoerara bueltatuko gara. Prest?

 

(julenek sorbaldak altxatuz axolagabekeria adierazi nahi duen keinua egingo du, ez du jada ezer galtzeko.)

 

ZAHARRA: Primeran, ba. (Une batez pentsatuz.) Badakizu? Etorkizun hurbil batean oso zientifiko ona izan ahal zarela uste dut, eta estatu globalarentzat lan egin, benetan esaten dizut.

 

(zaharrak zerbait aldatuko du gaztearen bizkarrean eta bere lekura bueltatuko da, Markel buruan berriz laztandu ondoren. gaztea hasieran mugimendu mekanikoak egin arren, azkenean lehengo egoerara bueltatuko da.)

 

GAZTEA: Zoragarria duk!