V
ZAHARRA: Bateria bukatu aurretiko egoerara bueltatuko gara. Prest?
(julenek sorbaldak altxatuz axolagabekeria adierazi nahi duen keinua egiten du, ez du jada ezer galtzeko.)
ZAHARRA: Primeran, ba. (Une batez pentsatuz.) Badakizu? Etorkizun hurbil batean oso zientifiko ona izan ahal zarela uste dut, eta estatu globalarentzat lan egin, benetan esaten dizut.
(zaharrak zerbait aldatzen du gaztearen bizkarrean eta bere lekura bueltatuko da, Markel buruan berriz laztandu ondoren. gaztea hasieran mugimendu mekanikoak egin arren, azkenean lehengo egoerara bueltatuko da.)
GAZTEA: Zoragarria duk!
JULEN: (Zurbil eta serio.) Bai, ezta?
GAZTEA: Primeran. Baina nola funtzionatzen du honek?
JULEN: Oso erraza duk, bertan sartu eta nire beste bi txaloei esker, etxeko beste puntan agertuko zarete derrepentean. Behar duzuen guztia hartu eta trankil-trankil atera ahalko zarete ate nagusitik, inork eragozpenik jarri gabe.
GAZTEA: (julen besarkatzera doala.) Eskerrik asko!
JULEN: (Serio.) Ez mesedez, besarkadarik ez.
GAZTEA: Nahi duana, orain disimulatu, Joek engainatu haudala uste behar dik. Itxurak egingo ditiagu, ados?
JULEN: Nola ez.
GAZTEA: (zaharrari ahots ozenez.) Joe, lortu diat. Informazio guztia atera zioat.
JULEN: (Haserre ahotsa jarri nahian.) Txerri halakoak!
ZAHARRA: (Pozaren pozez bere lekutik.) Oso ongi txikito!
GAZTEA: (juleni) Ez esan kontatu diadana, bai?
JULEN: Zin degiat.
(zaharra beraiengana hurbildu da.)
ZAHARRA: Zer ari zarete sekretupean?
GAZTEA: Ezertan ez, Joe. Poliziari ezer ez kontatzeko esan zioat, eskarmentua ematera etorriko gaituk bestela.
ZAHARRA: Primeran, txikito. (juleni begira.) Ziur nauk beteko duela promesa. (gazteari.) Eta orain zer egin behar dugu?
GAZTEA: Kapsula horretan sartuko gaituk hemendik ateratzeko eta bertan kontatuko diat beste guztia.
ZAHARRA: Ongi duk.
(zaharra kapsulan sartuko da eta gaztea sartzera doanean julenek deituko du.)
JULEN: Michael!
GAZTEA: (Bueltatuz.) Bai?
(julenek besarkada emango dio.)
JULEN: Zaindu, zortea izan hire bidaian.
GAZTEA: Bai, mundua aldatuko diagu.
ZAHARRA: Michael!
GAZTEA: Bai... agur, Julen.
JULEN: Agur, Markel.
(gaztea zaharrarekin kapsulan sartuko da.)
JULEN: Prest?
ZAHARRA: Bai, noski. Aurrera!
GAZTEA: (Ukabila altxatuz.) Mundua aldatuko diagu!
JULEN: Bai.
(julenek bi txalo joko ditu eta dena kez betetzen hasiko da, ezer ez ikusi arte. Bakarrik ahotsak entzungo dira eta bat-batean sirena soinuak.)
ZAHARRA: Hau normala al da? Ez gaituk mugitzen ari.
POLIZIAREN AHOTSA: Estatu globaleko polizia! Geldi hor!
GAZTEA: Zer da hau? Engainatu egin nauk? Hiregan konfiantza osoa jarri eta gero...
ZAHARRA: Mukizu madarikatua! Ez duk ezer lortuko honekin eta badakik! Dena kontrolpean diagu.
JULEN: (Bere buruari triste.) Egia duk, seguru asko ez diat ezer lortuko. Orain konturatu nauk.
GAZTEA: Noiz deitu duk polizia?
JULEN: (Zurbil eta egin duenaz damututa.) Burbuila erabiltzearekin batera, berehala beste alarma bat pizten duk.
POLIZIAREN AHOTSA: Ixo! Ongi al zaude mutiko? Zerbait egin dizute?
JULEN: Ez, ongi nago.
POLIZIA: Zure ama berehala etortzekoa da. Guk hauek eraman behar ditugu. Ongi egongo zara?
JULEN: Bai, zoazte, ongi egongo naiz.