Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Lourdes Iriondo
Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
[aurkibidea]

 

BIGARREN ZATIA

 

(Agerlekua pizten da. Basoa eta, atzekaldean, burdintegia. Bertatik martin irtetzen da. Aldamenean mutil kozkor bat darama: bere semea. Honek egurra biltzeko saskia darama; aitak, berriz, haizkora.)

 

SEMEA: Egur asko bildu behar abal dugu, aita?

MARTIN: Bai, seme. Negua gainean diagu eta burdintegira gero eta lan gehiago zetorrek. Eskatu dizkidaten tresna guztiak amaitzen baditiagu, negu hontan diru asko irabaziko diagu.

SEMEA: Zenbat da asko?

MARTIN: Asko. Lasai bizitzeko haina. (Egur bila basten da.)

SEMEA: Zaldi bat erosiko ahal didazu?

MARTIN: Arraioa! Hire eskarietan ez haiz makala! Tira, bota egurra saskira... (Zerbait bilatzen du.) Zatoa non dago?... Hik ez ahal daukak? Emonie!... Etxean ahaztu ote diat? Ea, mutiko, korri etxera azkar eta ekar zak zatoa; lanean jarraitu baino lehen beharrezkoa diat eta barrua preskatzea. Hoa azkar!

 

(motikoa badoa. martin bakarrik geratu denean,

zuhaitz baten atzetik...)

 

DEABRUA: Kaixo, Martin...

MARTIN: (Dardarrez.) Nor... nor da hor?

DEABRUA: Ez ote zara oroitzen?

MARTIN: Nor, nor zara zu?

DEABRUA: Ea abestitxo honek zerbait oroitarazten dizun:

            “Martin Martin

            Deabruaren sorgin.

            Tipula eta gatz

            Ipurdian hatz...”

MARTIN: Ez dakit ba... Zerbaiten susmoa badut, baina...

DEABRUA: Arraioa, Martin, ez nuen uste zure lagunak hain azkar ahazten zenituenik. Ez ahal dakizu gaur zer egun den?

MARTIN: Gaur? Bai... ostirala.

DEABRUA: Ostirala, bai. Eta zer gehiago.

MARTIN: Ez dakit ba...

DEABRUA: “Ez dakit ba, ez dakit ba.” Lehen pobrea eta zozoa zinen; orain aberatsa, baina lehen bezain zozo! Ez dakit oroitzen ote zaren ala eroarena egiteko gogoarekin zabiltzan; nola nahi dela ere gauzatxo bat gogorarazi behar dizut. Gaur betetzen dira, hain zuzen, hogei urte, lehenengo aldiz elkar ikusi genduen egunetik. Beraz, zure arimaren bila nator.

 

 

MARTIN: Mesedez, Deabru jauna, horrelakorik ez! Eman zaidazu beste urtetxo baten bizia!

DEABRUA: Ez bat, ez erdi. (Oso serioski.) Behin agindutakoa, zor da. Eta nik zorrak kobratzeko ahalmen haundia dadukat... Nik dirua, lana, burdintegia, osasuna, emaztea eta semeak eman nizkizun. Hogei urte hauetan guztiz zoriontsu bizitu zara. Legezko da, beraz, agindu zenidan ordaina gaur pagatzea. Bai, ala ez?

MARTIN: Bai, hala da... Baina...

DEABRUA: Zer baina eta zer biolifia! Ahaztu ahal dituzu, gainera, infernuan bota behar genituen parrandak? Lanik gabe, nekerik gabe... Ardo ona, emakume ederrak... Tira, Martin!

MARTIN: Deabru jauna... nik ez dut hori ukatzen, ez. Baina... emaztea eta seme-alabak bakarrik uzteak pena ematen dit. Haiek gure harreman hauetaz ezertxo ere ez dakite.

DEABRUA: Esaiezu ba! Edo nik esatea nahiago ahal duzu?...

MARTIN: Ez, mesedez! Horrelakorik ez! Zer esango luke nere emazteak? Berak asko maite nau, eta gizon jatorra naizela uste du!

DEABRUA: Jatorra zarela uste du!... Negozioak ongi dihoaztenean emazte gehienek hori bera uste izaten dute. Ez zaudete zuek alproja makalak... Tira ba, jendeak hor esaten duen bezain gaiztoa ez naizela ikus dezazun, azkeneko ihesbide bat utziko dizut.

MARTIN: Mila esker, Deabru jauna, mila esker! (Eskuetan muin eman nahi dio.)

DEABRUA: Alde hortik! Zer uste duzu, zure herriko jaun erretora naizela? Arraioa! Hori bakarra behar genian... Gainera, ikusiko dugu azkeneko froga horiek nola igarotzen dituzun. Entzun ondo. Bi froga jarriko dizkizut: bietatik ongi irtetzen bazara, ni infernura itzuliko naiz eta zure arima betirako aske utziko dut. Baina, entzun ondo, bietatik bat galtzen baduzu, nerekin etorri beharko duzu atxekiarik gabe. Konforme ahal zaude, bai ala ez?

MARTIN: Bai, jauna, konforme nago! (Hontan daudela, lehengo mutikoa, Martintxoren semea agertzen da.)

DEABRUA: Arraioa, mukizu hori hor dator! Zuhaitz baten atzean ezkutatuko naiz, baina atxekiaren batekin azkar bidal zazu hemendik. Entzun?

MARTIN: (Urduri.) Bai, Deabru jauna; zaude lasai. (Mutikoa heltzen da.)

SEMEA: Hona hemen zatoa, aita. Amak oraintxe bete du ardoz.

MARTIN: Bai, bai; ederki dago. Zatoa diok? Bai, bai...

SEMEA: Ttantta bat emango abal didazu?

MARTIN: Bai; ekar ezak hunat... Barruan zulo izugarria nabaitzen diat!

SEMEA: Barruan? Zer tokitan?

MARTIN: (Gisatxarturik.) Ipurtzuloan! (Izugarrizko kolpea edaten du zatotik.) Eta orain hoa... Alde azkar! Ez ahal duk entzun?

SEMEA: Bai... baina egurra biltzekoak ez ginen, ba? Egurrik gabe ezingo duzu surik egin.

MARTIN: Sua? Nik dakidan toki batetan gehiegi izango diat... Tira, zozokilo, alde hemendik eta ez hadi etxetik irten. Bestela kokotzeko bat emango diat eta... (Umea ikaratua dihoa. Deabrua berriro irtetzen da.)

DEABRUA: Ez diozu zatoari nolanahiko kolpea eman! Lagunentzat zerbait lagako zenduen, noski... (Edaten du.) Eta orain goazen gure gorabeherak konpontzera. Bi froga jarriko dizkizudala esan dizut. Lehenengoa...

MARTIN: Zer!...

DEABRUA: (Maltzurki begiratuz.) Utz amaitzen, arraioa... Lehenengoa: ordu erdi bat baino lehen burdinezko tresna berri bat asmatu behar duzu.

MARTIN: Zer asmatu?... Tresna berri bat?

DEABRUA: Batzuetan atzekaldean ostikoz joko zintuzket! Asmatu esan dut, bai; burdinezko tresna berri bat asmatu. Zuk burdintegian tresna asko duzu: mailoa, ingudea, etabar. Bai eta haitzur, arraztalo eta bestelakorik ere. Horrela ba, orain, ordu erdia baino lehen, inork sekulan ikusi eta ezagutu gabeko tresna berri bat asmatu eta prestatu behar didazu... Ulertu duzu, noski. Hori da lehenengo froga.

MARTIN: Baina...

DEABRUA: Zer baina eta zer kaka zaharra! Berehala hasiko naiz ordu erdiaren minutuak kontatzen. Zoaz ba burdintegira eta lanean has. Bat...

MARTIN: Baina...

DEABRUA: Bi...

MARTIN: Nikordea...

DEABRUA: Eta hiru! (Tximistak eraginda bezala, Martin burdintegira doa. Deabrua, algara bizian, belarretan esertzen da. Zigarro bat patrikatik atera eta lasaiki erretzen du. Burdintegian mailukadak enzuten dira, bots eta arnasa larriak... Deabrua bakarrizketan, eskuak igurtziz.) Deabru azkarra naiz, orratio... Martintxo zozo horrek ez du inondik ere ezer asmatuko; asmatzen badu, berriz, egiteko astirik ez du izango. Horrela ba, bere arima neretzat izango da; hortan zalantzarik ez dago. Infernuko zuloan kristau bat gehiago... Ja, ja, ja! (Burdintegian garraisia alai bat entzuten da; mailu hotsak gero eta azkarragoak. Deabruak harrituta entzuten du. Handik laster Martin korrika dator. Eskuetan zerra bat dakar.)

MARTIN: Begira! Hona hemen! Asmatu egin dut!! Nerea da!

DEABRUA: (Berekila.) Alua! Ez da nik uste bezain zozoa... (Zutitzen da.) Zer egin duzu?

MARTIN: (Zerra erakutsiz.) Honako hau...

DEABRUA: Eta horrek zertarako balio du?

MARTIN: Zertarako balio duen? Deabruak guztia zekiela uste nuen... Begira. (Erakustaldi saio bat egiten du.)

DEABRUA: (Harritua.) Nola bururatu zaizu hori egitea?

MARTIN: (Pozaren pozez.) Etsitua nengoen, zer asmatu ezinik, eta leihotik kanpora begiratu dut. Bidearen beste aldean gaztain-zuhaitz bat ikusi dut. Sekulan gaztainaren hostorik ikusi ahal duzu? Begira hemen bat. (Ateratzen du.) Hostoaren ertza, inguru guztian, hautsia eta ebakia dago. Eta nik honen itxurazko tresna bat egin dut...

DEABRUA: Tira ba; ongi dago. Eta zer izen eman behar diozu?

MARTIN: (Zerra frogatzen du.) Zerrr, zerrr, zerrr... Tresna honek “zerrr” egiten du... Hori duk! Bai, jauna! “Zerra” deituko diot!! (Pozaren pozez zatoari kolpe bat kentzen dio.)

DEABRUA: Tira, gizontxo, ez hainbeste alaitu. Oraino ez duzu irabazi. Bigarren froga falta zaizu.

MARTIN: (Kezkatsu.) Egia da!... Ea, ba, zer da bigarrena? Ez didazu oso zaila jarriko, noski...

DEABRUA: Ikusiko dugu... (Pentsatuz.)

MARTIN: (Negarti.) Mesedez, Deabru jauna, ezazu nitaz erruki... Nere emazte eta semeetaz oroi zaitez!

DEABRUA: Ixo! Aski dugu! Ea, ea... (Haruntz-honuntza, pentsaketan dabil. Martin gero eta beldurtzenago... Erabakiz, Deabruak bere baitan.) Hori! Hori bera! (Martinek zeharo kezkatua begiratzen dio.) Zuk, Martin, ez duzu infernua maite. Bai ala ez?

MARTIN: Ez, Deabru jauna! Ez dut maite!

DEABRUA: Zuk nahiago dituzu, noski, erlijio sainduak erakusten dituen zerua eta gauza horiek... Ez da?

MARTIN: Bai, hala da!

DEABRUA: Gauza horiek maite badituzu, beren berri ongi jakinen duzu. “Beste horiek” ongi ezagutuko dituzu, noski...

MARTIN: Nor dira “beste horiek”?

DEABRUA: Sainduak, apostoluak eta gainerako horiek, arraioa!

MARTIN: A! Bai, bai... Zerbait ezagutzen ditut. Baina, zer ikusteko dute horiek gure arazo hontan?

DEABRUA: Badute, badute... Begira, bigarren froga honako hau duzu: nik numeroak izendatuko dizkizut. Eta zuk, numero bakoitzaren arabera, erlijio sainduari doakion zerbaitekin erantzun beharko duzu. Gaude?

MARTIN: Ez dakit, ba... Nola diozu?

DEABRUA: Traketsa zara, totela! Eta zuretaz kokotzeraino nago oraintxe! Begira: nik “Martintxo, esaik bat” oihu egitean, zuk zerbait erantzun beharko duzu. Jar dezagun... “Nere lagun Deabrua da bat”, edo nahi duzuna... Ahal duzuna, hobeto esateko. (Irrifarre gaiztoz.)

MARTIN: Bai... Orain ulertu dut.

DEABRUA: “Orain ulertu dut”... Zozoa! Gauza bat ulertzeko bi edo hiru bider entzutea beharrezko ahal duzu? Aspertzen hasia naiz, adiskide, eta bizkor ibil zaitez. Galdera guztiak ondo erantzuten badituzu, zure arima koxkor horrekin behin eta betirako geldi zintezke. Baina okerren bat egiten baduzu, jakin ezazu berehala nerekin infernura joanen zarela. Errukirik gabe, gainera; oraingoan galtzen baduzu, ez etor atxekia txoroekin, ez dizkizut eta onartuko. Eta hastera goaz...

MARTIN: Bai, bai; hori ez da hain zaila izango...

DEABRUA: Ez, e? Hori geroago ikusiko da... (Deabrua berriro eseri egiten da. M.artintxo zutik dago. Deabrua kantuz hasten da.) Martintxo, esaik bat!

MARTIN: (Azkar.) Gure Jauna bera duk bat, berak salbatuko gaitik. Baina ez hi.

DEABRUA: Ja, ja! Ez eta beharrik ere, astoa. Hi salbatzen nahikoa eta gehiegi lan izango dik. Tira, goazen aurrera... Martintxo, esaik bi!

MARTIN: (Lehenengoan baino geldiago.) Erromako aldareak bi; gure Jauna bera duk bat, berak salbako gaitik, baina ez hi.

DEABRUA: (Martintxo nahastu nahirik.) Berriro ere lelo berdina? Esan diat ni salbatu beharrik ez daukala... Ja, ja, ja! Beste lanik izango dik! Tira... Martintxo, esaik hiru!

MARTIN: Hiru Trinitateak hiru; Erromako aldareak bi... (Martintxok, ipuiari jarraituz, esanaldi bakoitzean aurreko guztiak ere izendatu eginen ditu.)

DEABRUA: (Iseka.) Ez duzu hain gaizki egiten!

MARTIN: (Itxaropenez betea.) Ez, e?...

DEABRUA: Ikusiko dugu noiz arte... Goazen, goazen aurrera. Martintxo, esaik lau!

MARTIN: Lau? Lau... Lau Ebanjelariak lau; hiru Trinitateak hiru... (Etabar.)

DEABRUA: Martintxo, esaik bost!

MARTIN: (Zalantzan. Gero eta zailago egiten zaio erantzuna aurkitzea.) Bost... Jesukristoren bost zauriak bost; lau Ebanjelariak lau... (Etabar.)

DEABRUA: Martintxo, esaik sei!

MARTIN: Sei... sei... sei...

DEABRUA: Esaik sei! Azkar!

MARTIN: (Izerdia hasten zaio.) Sei... sei argi-egileak sei; Jesukristoren bost zauriak bost; lau Ebanjelariak lau... (Etabar. Izerdia gero eta ugariago erortzen zaio. Lehortzen du.)

DEABRUA: (Serio eta gogorki.) Zer uste zenduen ba? Dirua, zoriontasuna, osasuna eta nahi zenituen guztiak eskuratu ondoren, gainetik arima ere salbatuko zenduela? Ez, semetxo, ez. Guztia izan liteke... Eta goazen aurrera. Martintxo, esaik zazpi!

MARTIN: Zazpi sakramenduak zazpi; sei argi-egileak sei... (Etabar.)

DEABRUA: (Gero eta abots gaiztoagoaz.) Martintxo, esaik zortzi!

MARTIN: Zortzi... zortzi... zortzi dira zeruak; zazpi sakramenduak zazpi... (Etabar.)

 

(Galdera eta erantzun hauek gero eta bizkorragoak izango dira, gero eta zalantza eta kezka haundiagoaz.)

 

DEABRUA: Martintxo, esaik bederatzi.

MARTIN: (Pentsatzen du.) Bederatzi ordenamenduak bederatzi; zortzi zeruak zortzi... (Etabar.)

DEABRUA: Martintxo, esaik hamar!

MARTIN: Hamar mandamenduak hamar; bederatzi ordenamenduak bederatzi... (Etabar. Martintxok, jo ta ke, izerdia lehortzen du.)

DEABRUA: Ederki, ederki! Tira, goazen aurrera. Baina ez zaite horrenbeste hestutu, gizona. Deabrua bera ikusi duzula dirudi. Ja, ja, ja! Infernu aldera abiatu baino lehen, emaiozu zatoari azken kolpe bat. (Martintxok, bere burua lasaitu nahirik, astiro edaten du. Deabrua bakarrizketan ari da.) Zer uste ote zuen zozo honek? Irabaziko nintuela?... Hamabiraino ongi joaten bada ere, hamairugarrenean izango du nahikoa neke. Jende ezjakin honi hamairugarren numeroak izugarrizko beldurra sortu ohi dio... Suerte txarra dakarren numeroa dela uste izan ohi du. “Martintxo, esaik hamairu” entzutean ikaraz biribilduko zait gizontxo hau, eta infernura eramango dut. Bada garaia! Aspertuxea nago oraintxe...

MARTIN: (Asaldatzen da.) Zer diozu, Deabru jauna?

DEABRUA: Ezer ez, gizontxo, ezer ez; errosarioa errezatzen ari nintzen... Ja, ja, ja! Zer, bagoaz?

MARTIN: (Erabakia.) Nahi duzunean!

DEABRUA: Martintxo, esaik hamaika!

MARTIN: Hamaika mila aingeruak hamaika; hamar mandamenduak hamar... (Etabar.)

DEABRUA: Martintxo, esaik hamabi!

MARTIN: Hamabi... hamabi apostoluak hamabi; hamaika mila aingeruak hamaika... (Etabar.)

DEABRUA: (Irabazle, zutik jarriz.) Martintxo, esaik hamairu!

MARTIN: (Espantuak hartua, atzeraka abiatuz.) Ez, hori ez! Aski! Aski!

DEABRUA: Azkenengo aldiz. (Martintxoren bidera doa.) Martintxo, esaik hamairu!!

MARTIN: (Zirt edo zart egitera erabakia, garraisia bizian.) Hamairu? Ez dok hamairu! Badok hamairu!!...

 

(Trumoi hots izugarri bezalako bat entzuten da. deabruak ikaragarrizko garraisiak botatzen ditu, eta ihesi doa. “Galdu dut!! Azkenean galdu egin dut! Kaka zaharra!”.)

(martintxok, pozez zoratu beharrean, zer egin ez daki. “Ez dok hamairu”, “Badok hamairu” oihu egiten du... “Irabazi diat!” Gero, bat-batean, belaunikatzen da eta honako hau abesten du:)

 

            “Oilarrak yoten dau munduan

            Aingeru ederrak zeruan

            Nere arimea uzten deutsat

            Andra Mariari altzuan.”