LEHEN ZATIA
(Ager-tokia argitzen denean, basoa ikusiko da, edo zelai-bazter menditsua; Euskal Herrikoa izan litekeen paraje bat.
martintxoren jazkera berezia izango da. Aintzinakoa izan litekeena, berdin gaurkoa. Haizkora, saskia eta zatoa daramatzi.)
MARTIN: (Hasarre doa.) Nere suertearen txarra. Emonie! Beti morroi bezala bizitzeaz nazkatua nago; beti besteren menpean... Egunsentitik arratsera, lan eta lan. Hor hasiko da nagusi oker hori oilarrak lehen kukurrukua jo orduko: “Martin, presta ezak astoa!!” Bera asto galanta, alu hori! Atso zaharra berriz gisa txarreko esamesetan, agindua hemendik, hasarrea handik... Astoa ez deneari, behorra; esnea ez denean, belarra; belarra ez denean, egurra. Beti zerbaiten beharra edo norbait izorratu beharra! Eta ni hemen, tonto galanta, atzo, gaur eta beti, beti berdin. Kaka! (Bere hasarrean, harri kozkorrak aidera botatzen ditu.) Behartsu jaiotzearen ondorenak, horra! Beti jazkera zaharra, sakeletan zuloa besterik ez. Udan bero eta neguan hotz... Gaurko hotza ere ez duk orratio makala! (Eskuak elkar joaz berotu nahi ditu.) Belarriak eta sudurra piperra baino gorriago edukiko ditut... Agerreren alaba Patxikak orain ikusiko banintu farre egingo luke... Ai, Agerreren alaba Patxika! Hori emakumearen edertasuna. Zeinen aurpegi polita, nolako zangoak eta... umm! (Haizkora antolatzen hasten da.) Nolanahi ere, lan pixka bat egin beharko dugu, bestela nere nagusiari muturrezurra beltzatuko zaio. Lehenago ere nahikoa beltza daduka eta... Gizonaren gisatxarra! (Haizkoraketan hasten da, han jo, hemendik ebaki.) Lana egin, beti lana egin behar... Nik diru apur bat banu... Bai, diru apur bat; betiko leloa. Zerri gosetuak ezkurra amets. Hobe izango da, gehiegi hasarretu baino lehen, zatoari astinaldi bat ematea... (Edaten du.) Ñooo! Hau duk mama gozoa! Ni aberatsa banintz eguntalako mozkorrak harrapatuko nituke! (Jaten eta edaten du. Amaitzean, ezpainak igurtzi eta berriro lanean hastera doa.) Eman dizaiogun berriro... laaiiii!! (Haizkoraz, uste gabean, kolpe txar bat jo du, eta behatzean min hartu.) Kaka zaharra!! Mila bider kaka denontzat!! Hauxe falta zitzaidan orain, behatza izorratzea!... Haizkora alu, nazkagarria... Deabruak eraman zaitzala, bai, infernura eraman zaitzala, eta zurekin nil! (Zeharo hasarretua eta amorro bizian dago. Hontan, zuhaitz baten atzetik abots bat entzuten da. Itzal bat lehenbizi; geroago, beltzez jantzitako jaun dotore bat agertzen da.)
DEABRUA: Xissst! Martin! Martintxo!!
MARTIN: (Ikaratzen da.) Zein da? Nor da hor?
DEABRUA: Martin!...
MARTIN: Zein da hor? Nor deabru zara zu?
DEABRUA: Neroni bera. Deabrua (Osorik agertzen da.)
MARTIN: (Beldurrak ahalmen guztia kentzen dio, eta haizkora lurrera erortzen zaio; berdin zatoa ere.)
DEABRUA: Zergatik horrela ikaratzen zara? Zerorren hitzak entzutea besterik ez dut egin, “deabruak eraman zaitzala, eta zurekin ni.” Hemen naukazu, bada. Zer behar zenduen?
MARTIN: (Beldurra pasa ala zeharo harritua.) Nik... ba... Izan ere, horra bada... Badakizu eta... Bai, jakina... Behartsua izatea nazkagarria dela, alegia, benetan nazkagarria, bai!
DEABRUA: Zer dela eta? Zergatik da nazkagarria behartsu izatea?
MARTIN: Egun guztia asto baten gisara lanean pasatu behar delako. Eta beti txiro, beti pobre. (Behatz minberatuaz oroitzen da.) Eta azkenean behatza izorratzen zaizu! Zuk esan, Deabru jauna, amorratzeko den ala ez.
DEABRUA: Martin gaixoa, pena ematen didazu, benetan.
MARTIN: (Nonbaitetik probetxu ateratzeko asmoz.) Penagarria naiz, ez da?
DEABRUA: Jakina ba! (Astiro mintzatzen da.) Baina ez nau zure pobretasunak penatzen, zure tontakeriak baizik.
MARTIN: (Haizkora hartzen du, hasarre.) Zer diozu? Tontoa deitzen nauzu?
DEABRUA: Tontoa, bai; garbi dago. Eta ez nolanahikoa, gainera.
MARTIN: Eta jakin ahal liteke hori zergatik?
DEABRUA: Bi hitzetan adieraziko dizut. Entzun. (Batetik bestera pasiatzen da.) Zure pobreziaz kexatzen zara. Zure lanaz ere kexatzen zara; eta, azkenik, kexatzen zara Agerreren alaba Patxika eder horrek ezertarako nahi ez zaituelako.
MARTIN: Zer?... Nola dakizu hori, guzti hori?
DEABRUA: (Farre geldia.) Ni Deabrua naiz, adiskide, eta naizelako, dena dakit eta dena ikusten dut... Horrela, bada, esaten ari nintzaizun bezala... (Esatera doana oso garrantzitsua balitz bezala.) Pobrea eta zoritxarreko bazara, zure errua eta nahia besterik ez da.
MARTIN: Nere errua eta nahia besterik ez dela? Tira, Deabru jauna, ez zazu bazterrik izorratu...
DEABRUA: Entzun, Martin... (Belarrira.) Benetan aberatsa izan nahi ahal duzu?
MARTIN: Bai, jauna... Jakina baietz!
DEABRUA: Eta... aberastasuna eta dirua zertarako nahi dituzu, zertan enplegatzeko? Ea, konta zaidazu...
MARTIN: (Ausarkiago.) Begira, Deabru jauna. Dirudun banintz, burdintegi bat jasoko nuke. Burdintegi eder, zabal bat, burdina goritzeko su bikainaz... Txinparta artean burdina goritu eta biundu ondoren, mailukearekin “tiriki-tauki-tauki” landuko nuke. Burdintegia hementxe jasoko nuke, basoaren inguruan, bertatik nahikoa egur ateratzearren. Abereentzat kobrezko joaleak ere egingo nituzke... Igandeetan, berriz, herriko dantzara helduko nintzake. Jantzi berriak soinean eta sakelean behar haina eta gehiago diru eramanaz... Jakina dagoen bezala, orduan emakume guztiak nereganatu egingo lirake, eta nik nahi nukeena aukeratuko. Jar dezagun... Agerreren alaba Patxika. Nahikoa jostatu eta dibertitu ondoren, egun batetan berarekin ezkonduko nintzake. Etxe propio bat edukiko nuke, beti garbi eta prestatua... Emazteak eguerdian burdintegira janari goxoa ekarriko lidake. Oiloak zaituko lituke. Kiloa gerrian hartu eta neguko arratsalde hotzetan artile biuna irungo luke... Hori guztia, bai jauna!
DEABRUA: Martin... esan dituzun gauza horiek oso ederrak dira! Zeharo hunkitua utzi nauzu... (Malkoak txukatuko balitu bezala.) “Oiloak zaitu... artile biuna irun”... Zein programa polita!
MARTIN: Adizu, Deabru jauna, egiozu farre zure amonari!... Adarra jotzera, zoaz infernura!
DEABRUA: Nik zuri farre? Zaude isilik, gizona; ez horrelakorik esan! Santimendu biunez bete nauzu, hori da egia. Ala zer uste duzu, deabruari bihotza falta zaiola? Entzun zazu, ahal baduzu. Zuk esandako hori guztia, benetan nahi eta desio ahal duzu?
MARTIN: Benetan nahi ote dudan?
DEABRUA: Bai, hori da. Bene-benetan nahi ahal duzu?...
MARTIN: Zin dagizut!
DEABRUA: Zin dagidazu? Zer emango zenduke gauza eder guzti horien truke?
MARTIN: Nik zer eman nezake?... Ezer ez dadukanak ezin ezer eman. Nola nahi dela ere, edozer gauza emango nuke; dudan guztia. Horra!
DEABRUA: Entzun, Martin: nik dirua, burdintegia, sua, emazteki ederra eta seme ugariak emango dizkizut. Ahal dut zuri hori guztia ematea... (Martinek zoratuta entzuten du.) Aberats eta zoriontsu egingo zaitut. Baina mesede guzti horien truke zuk zerbait ordaindu beharko didazu.
MARTIN: Nahi duzuna! Eskatzen duzun guztia, zuretzat.
DEABRUA: Guzti horren truke...
MARTIN: Zer! Bota azkar!!
DEABRUA: Zure arima eskaini beharko didazu.
MARTIN: Nere arima? (Izutua; ez zuen horrelakorik uste.)
DEABRUA: Bai, zure arima.
MARTIN: Ez, hori ez. Hori sekula ere ez!
DEABRUA: (Hozki.) Beraz, zure ametsetatik ezertxo ere ez duzu lortuko. (Gero eta beroago.) Ostera, egunetik egunera pobreago egingo zaitut, zarpatsuago. Gainera bihotzetik gaixotuko zara, eta negu gorriko goizalde batetan zakur bat bezala bide-ertzean hila aurkituko zaitue. Eta, azkenik, Patxika zu baino gazte ausartago batekin ezkonduko da. Agur! Banoa eta ez nauzu berriz ikusiko...
MARTIN: Itxoin, Deabru jauna; ez zaitez horrela hasarretu, arraioa! Gera zaite, arren, eta mintzatuko gara, konponduko gara...
DEABRUA: (Emekiago.) Ai, Martin, Martintxo; mutil ona zara, bai. Tonto xamarra, baina azken finean ona... Izan ere, hainbeste mesederen ordainez arima eskatzen dizudalako zeharo ikaratu zara... Baina, zertarako duzu zure arima koxkor hori? Ea, jakin dezagun.
MARTIN: Nere arima zertarako? Arima... ba... Zertarako izango da, ba! Beharrezkoa delako.
DEABRUA: Beharrezkoa, e? Ea, non dago zure arima?...
MARTIN: (Gorputz guztia ukituz.) Arima non dagoen?... Egia esan, ez dakit.
DEABRUA: Ikusten? Haizkora zerbaitetarako duzu, jantziak ere bai, berdin saskia ere, eta zatoa zer esanik ez... Baina arima, zertarako?
MARTIN: Nahiz eta orain arimaz ez baliatu, hiltzen naizen egunerako prestuki gorderik eduki behar dut... Bestela, infernura nihoake!
DEABRUA: (Farre maltzurra.) Ja, ja, ja! Ez zaitez horrela ikara, gizona, infernuan ez dugu inor jaten eta.
MARTIN: Bai baina... nik hiltzean, zerura joan nahi nuke.
DEABRUA: (Nazkatua.) Zerura? Aspergarria benetan! Ez dakizu ondo, gaizoa... Infernua berriz! Hura da gauza zoragarria! Haiek mozkorrak, haiek emakumeak! Beti parrandan. Hantxe dago munduak eman duen jenderik alai eta jatorrena. Ardorik goxoena... etabar!
MARTIN: Bai, baina...
DEABRUA: (Hasarre.) Aski dugu hontatik! Zuk arima eman behar didazu. Nik, ordainez, burdintegia eta zoriontasuna. Bestela, egunetik egunera zorigaiztokoago egingo zaitut. Zer aukeratzen duzu?
MARTIN: (Zalantza bizian. Noizpait erabakitzen du.) Tira ba! Ongi dago. Zuretzat nere arima...
DEABRUA: (Zoriontsu besarkatzen du.) Ederki, Martin; banekien ez zinela ematen duzun bezain zozoa. Ekar ezazu zato hori... Ttantta bat edan dezagun une zoriontsu hau ospatzeko. (Edaten dute.) Ikusiko duzu infernuan zer-nolako ardo ederra daukagun... (Gehiago edaten dute.) Orain hemendik joan beharrean naiz.
MARTIN: Eta hurrena noiz ikusiko dugu elkar?
DEABRUA: Zure arimaren bila natorkenean.
MARTIN: (Kezkati.) Azkar izango ahal da hori?
DEABRUA: Lasaitu zaitez, gizona. Nik adiskideak ongi tratatzen ditut. Hogei urteko bizia eskaintzen dizut. Zoriontsu biziko zara zure burdintegian, emaztearen ondoan; nahi zenduen bezala, edo hobekiago. Eta gero, horren ondoren, infernu atsegingarriak espero zaitu... Pentsa ezazu, benetan, eta txorakeriak baztertu, deabruak gauza atsegingarriak besterik ez dituela eskaintzen. Baina gizonak, gezurra badirudi ere, atsegina ez du maite... Nahiago du bere egunerokotasun koldarti eta epela. Zer egingo dugu, ba! (Martin harritua dago hau guztia entzuten. Deabruak, haren aurpegia ikusiz, farre egiten du.) Ja, ja, ja! Tira ba... Hogei urteren buruan hemen izango nauzu. Besarkada bat, eta uzten zaitut...
MARTIN: Tira ba!...
DEABRUA: (Martin bizkarretik hartuz honela kantatzen du:)
“Martin Martin
Deabruaren sorgin.
Tipula eta gatz ipurdian hatz.
Ja, ja, ja!”
(Algaraz doa. Bazter batetik ezkutatzen da.)