SARRERA
(Ager-lekua ia ilunpean dago. Laster agertuko diren bi sorgin ikusteko hainbat argi dago, doidoian. Ertz batetik, burua beldurrez atereaz, sorgin bat agertzen da. Lodikotea bera, sugur eta masaila gorriz; nylonezko erratz edo eskoba bat darama. Zalantza handiz irtetzen da, bazter guztietara begiratuz.)
SORGIN GORRIA: Ez dirudi inor dagoenik... (Beldurti.) Nor dago hemen?... Inor ez?... Ea, Sorgin Beltza, hator honuntza, bakarrik gauden noski eta... (Bestea ere beldurrez agertzen da. Guztia beltzez jantzirik doa, triste eta ilun. Ez batak ez besteak ez dute ikararik sorrerazten.)
SORGIN BELTZA: Ziur ahal hago inor ez dagoela? Ez ahal ditun hor, zoko hortan, itzal batzuk nabaitzen?...
GORRIA: (Ikusleengana begira.) Tira, emakumea, haurrak ditun! Ez ezan hainbat beldur eduki, haurrek ez dinate eta sorginik jaten.
BELTZA: Haurrek ez, baina handiren batek ikusten bagintu...
GORRIA: Bai zera! Ea, hator, galdeginen zienagu: Sxxx! Sxxx! Entzun! Bakarrik ahal zaudete?
BELTZA: Handirik ez ahal dago zuen tartean? Apaizik edo ez ote dago hor?
GORRIA: Apaizak? Ixo, ixo! Zer axola zaizkin hiri apaizak?
BELTZA: Ezer askorik ez, baina... Badakin zer gerta litekeen, konjuro txarren bat edo...
GORRIA: Konjuroak? Ji, ji, ji! (Farrez lehertzen da.) Konjuroak neri? Atzekaldean ostikoz jotzen ez nauten bitartean, bost axola zeizkidan neri latinez esandako konjuro eta beste txorakeriak.
BELTZA: Izan ere, amorragarria dun. Hemen gauden hi eta ni, sekulan inori kalterik egin gabekoak, eta beti iheska, beti ezkutuan, zakur zorritsuen gisara ibili behar. Hauxe dun suerte txarra, arraioa!
GORRIA: Bai, horrela dun. Zertarako jaio ote gintunan sorgin?
BELTZA: Ikus dezaken; ezkutuan, beldurrez, haur eder horiekin ezin jostatuz bizitzeko!...
GORRIA: Neri haurrak izugarri gustatzen zeizkidan! Xuri-gorriak, pottolo-pottoloak, hain goxoak... Ņam! (Jango balitu bezala.) Aumm!
BELTZA: (Oso hasarre.) Ez ezan horrelako jostaketa zozorik erabil, ikara litezken eta!
GORRIA: Ikaratu? Horiek ikaratu? Bai, zera! Begira ezan. Ikusten ahal dun? Gaiztotzen direnean amek horrela esan ohi zienate: “Sorginak jango zaitu”, ikaragarriak bagina bezala. Beste batzuek oraindik okerrago: “Mamuak eramango zaitu!”. Mamua, kaka zaharra! Nor ote da gizon zozo hori? Lehen, garai batetan, erre egiten gintiaten, oso gaiztoak ginelakoan. Gaiztoa hi, Sorgin Beltza? Hobe huen gaizo horrek. Arratoi zaharraren aurpegi luze ilun horrekin nola izango haiz inor ikaratzeko gauza? Ea, ea, saia hadi! (Sorgin Beltza saiatzen da, haurrak ikaratzeko ahaleginak egiten ditu, baina alferrik. Farregura besterik ez du ematen.)
BELTZA: (Ahaleginetan.) Muuu! Muuu! Braaan! Braaan! Fuuuuum!... (Inor ikaratzen ez duela ohartzean, asperenka hasten da...)
GORRIA: Hago isilik, zozoa, entzun egingo haute eta!
BELTZA: Ai, zein zoritxarreko naizen! Sorgina izan, eta inor ikaratzeko ahalmenik eduki ez!
GORRIA: Tira, Sorgin Beltza. Ixo, ixo! Gaurko haurrak ikaratzea erraza dela uste ahal dun? Kontura hadi zer aurpegi lerdoz begiratzen gaituzten.
BELTZA: Gezurrezkoak garelakoan egongo ditun. Gaurko haurrek ez dinate, noski, sorginetan sinesten.
GORRIA: Ez dutela sinesten? Gu zer gaitun ba, komentuko monjak ala?...
BELTZA: Entzun ezan, Gorria, eta kontuan har. Gaurko haurrek telebistak esaten diena besterik ez dinate sinesten.
GORRIA: Telebistak? Eta telebistak zer zioen?
BELTZA: Tontakeria ugari, alajainkoa! Zoriontsu izateko honako edo halako tresna eduki behar dela; pattarra edatea oso gauza onuragarria dela, eta beste horrelako mila txorakeria...
GORRIA: Eta gaurko umeei horrelako tentelkeriak entzutea gustatzen ahal zeien? Eta sorginen ipuiak ez ahal ditinate maite?
BELTZA: Sorginen ipuiak? Ez dakin, gaizoa, nolako ipuiak kontatzen dizkieten... Superman, Bonanza, eta beste horrelako mila... Guk dakigun hainbat ipui zahar politekin!
GORRIA: Bai, Beltxa, hori esan ezan. Hainbat ipui polit!
BELTZA: Nola ote zionate gaur egun sorginik ez dela? Bagaitun ala ez, Gorria? Behatza ahora sar dizagutela, eta ikusiko dinate!... Krax! A zer nolako kozka! Orduan jakingo dinate benetakoak garen ala ez, ji, ji, ji!
GORRIA: Adi ezan, Sorgin Beltza; biok hemen ume hauekin bakardadean geudenalarik, zergatik ez zienagun aintzinako ipui horietako bat kontatzen?
BELTZA: Bai, bai. Hori, hori! Ondo esan dun! Orain jakingo dinate mukizu hauek telebistak kontatzen dizkien historia horiek kaka zaharra direla. (Haurrei zuzenkiago eta hurbilagotik mintzatuz.) Kaixo, lagunak!
GORRIA: Kaixo, neska eta muttiko!
BELTZA: Hona gu hemen. Ni, Sorgin Beltza.
GORRIA: Eta ni, Sorgin Gorria.
BELTZA: Sorgin Beltza deitzen naute, orain zazpirehun urte aurretik nere katu Bizarmotza hil zenez gero beti beltzez jantzita bainabil.
GORRIA: Neri, berriz, Sorgin Gorria deitzen naute... bai... gorria, Nafarroako ardoa gustatzen zaidalako eta ardoaren berotasunak sugur-muturra gorritzen didalako, ji, ji, ji. (Mozkor algara bat botatzen du.)
BELTZA: Ni Bizkaia aldean bizi naiz, Santimamiņeko harkaitz-zuloan. Neure erratzean hegaka etorri naiz. Baina ez dakit honako tresna hau erratz deitu genezakeen. Lehen, garai batetako erratzak bai, haiek ziren ederrak! Zankalatraba jarri eta, fiiiiiu!, sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik, akelarrera berehala. Orain berriz, nylonezko nazkagarrikeria hauekin ezin liteke bat seguru ibili. Hego haize izpi bat nahikoa da balantzaka zorabiatzeko. Laster, asto gainean ibili beharko dugu... Ai, haiek denborak denbora haiek!
GORRIA: Ni, berriz, Oiartzungo Aiako Harrian bizi naiz. Ezkerreko begia zabaltzean Zuberoa ikusten dut, eta eskubikoaz Nafarroa. Bi begiak zabaltzean, berriz, gure zazpi probintziak ikusten ditut.
BELTZA: Orain ipui bat kontatuko dizuegu...
GORRIA: Bene-benetako ipui eder bat, aintzinako denboretan gertatutakoa.
BELTZA: Hementxe bertan, Euskal Herrian gertatutakoa.
GORRIA: Hainbeste dakitzigu, ordea! Zein aukeratuko dugu, Beltxa?...
BELTZA: Anbotoko damearen historioa ba ahal dakizue?
GORRIA: O, zein historio zoragarria! Orain seirehun bat urte Elorrio aldean gertatutakoaz oraino ongi oroitzen naiz...
BELTZA: Murumendiko damearena ere ez da itsusiagoa. Murumendiko damea! Hura zen andere eder, gazte eta bihozbera!...
GORRIA: Bai, gazte eta bihozbera!... Ai, hau tristura sakona nerea gauza haietaz oroitzean...
BELTZA: Zuek, umeok, ergel batzuk zarete. Ez dakizue ona zer den. Futbola eta telebista bestetaz mintzatzen ez dakizue. Non duzue lotsa? Ez ote dakizue Basajauna nor den ere?...
GORRIA: Basajaun begigorria, bizkor eta sendoa... Ile luzeak haizetara dituela... (Besoak zabaldu, eta Basajaunak bezala oihu egiten du.)
BELTZA: Eta Mateo Txistu?...
GORRIA: Mateo Txistu, apaiz ehiztaria. Bere zaldi gainean korri eta korri, zakur zaunkalaria atzetik daramala...
BELTZA: Hoberena Martintxoren ipuia kontatzea izango dinagu.
GORRIA: Zein Martintxo? Martin Zikin?
BELTZA: Ez, andrea! Martintxo arotzarena. Martintxo eta deabruaren historio jostagarri eta ikaragarria.
GORRIA: Hori, hori! Nola ez ote zaigu lehenago bururatu?
BELTZA: Tira ba; ez dezagun gehiago luza eta goazen gertatutakoa kontatzera... (Bi sorginak aurreratu eta txoko batean jartzen dira, ia ikusi ezin litezkeen eran. Ager-lekua ilunpean dago, eta honela kontatzen dute.)
GORRIA: Martintxoren gertaera, orain urte asko, herri koxkor batean pasatakoa da.
BELTZA: Martintxo hau mutil sendoa zen; behartsua, langilea, bihotz onekoa, baina... astakilo xamarra.
GORRIA: Behin batez Martin egur bila irten zen...
BELTZA: Egunoro bezala...
(Ilunpea sakonago egiten da, eta bi sorginen abotsa isiltzen...)