BIGARREN SARRERA
(deabrua ezkutatu egin da. Hasieran bezala, agerlekuko argia itzali egiten da, sorginak bakarrik agirian utzirik. Hauek mintzatzen diren bitartean, hurrengo agerlekua prestatzen da; lehengoa bezalakoa da, basoa edo euskal herriko parajea. Baina, atzekaldean, burdintegiaren horma eta sarrera nagusia ikusiko dira.)
SORGIN BELTZA: Eta horrela, Martintxok bere arima deabruari saldu zion.
SORGIN GORRIA: Deabruak, agindu bezala, gure gizona aberastu egin zuen. Basora zihoan goiz batetan, Martintxok zuhaitz baten azpian urrez betetako poltsa bat aurkitu zuen.
BELTZA: Diru horrekin, Martinek burdintegia jaso zuen. Bera zen bertako jaun eta jabe; lan asko egiten zuen eta bere aroztegiko burdina inguruetako hoberena zen.
GORRIA: Eta, azkenik, ezkondu egin zen; Agerreren alaba Patxikarekin, jakina!
BELTZA: Bost seme-alaba izan zituzten.
GORRIA: Hiru mutiko eta bi neska.
BELTZA: Oiloak, zerriak eta ahateak hazi zituzten. Bai eta artoa eta garia erein ere.
GORRIA: Guztia ongi zihoakien, eta zoriontsu bizi ziren.
BELTZA: Baina...
GORRIA: Zer?
BELTZA: Baina...
GORRIA: Baina zer?...
BELTZA: Hogei urteak igaro zirela, alegia...
GORRIA: Hogei urte... Hain azkar!
BELTZA: Bai; igaro egin ziren. Hain azkar, gainera!
Eta ikusiko duzue gure historioa nola amaitu zen.