Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Lourdes Iriondo
Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
[aurkibidea]

 

OHARRA

 

            Gure Herriko ipui eta kanta zaharretatik mila gai berezi bildu liteke, haur eta gaztetxoentzat teatro orijinalak egin ahal izateko. Teatro horiek, batetik, gai eta problema klasikoak intentzio berrien moldeetara jartzeko aukera eskeintzen dute; bestetik, irudimena eta irudikatzearen gustoa zabaltzen hasteko balio lezateke.

            Liburuxka honetan doazen bi antzerki horiek bide berri hori urratu nahi izan dute. Haur eta gaztetxoek nahiko lan izaten omen dute beren gustoaren neurriko teatro-lanik eskuratzen; irakasle eta hezitzaileek, zer esanik ez. Pertsona nagusi bat, egia esan, oso zailki egokitu liteke sujestio eta irudimen bitxiz osaturik dagoen haur-mentalitatearen barna. Horregatik, xehetasun psikolojikoak pedagogo eta hezitzaile berezien eskuetan utziz, pertsona heldu batek fabulazio mota askatzaile eta ohargarri bat osatu besterik ez lezake egin. Fabulazio hori intentziodun izango da, dudarik gabe. Baina, bereziki, haurraren ahalmen irudikatzaileak esnatzen hasteko balio izar behar du. Hau da: teatro mota hori, lehen urrats bezala erabili behar da.

            Liburu honetan doazen bi antzerkitxoetatik, bata, “Martin Arotza eta Jaun Deabrua”, adin berezi bateko (hamalau, hamabost, hamasei urtetako) gaztetxoek haur ttipiei (ikastoletakoei, adibidez) errepresentatu ahal izateko asmatua dago.

            Bestea, “Sendagile Maltzurra”, ez haurrentzat, baizik gaztetxoentzat da bereziki; gaiaren haria frango bihurriago baita...

            Lantxo hauek norbaitek montatuko balitu ahalik eta eszenografia bizi eta deigarrienarekin egin ditzala eskatuko genioke, montaketa bizi eta dinamiko bat bilatuz. Testoa ez dedila garaile bilakatu, osotasun fantasiadun baten sostengarri baizik.

            Alde horretatik begiratuta, abesti eta doinuek garrantzi haundia dute, eta bereziki zaitu behar lirake. Talde agertzaile bakoitzaren komenentziaren arabera, pertsonaia gehiago ere, asma ala, sar litezke... beti ere, testoaren esanahia errespetatuz.