BOSTGARREN ESZENA
(ama bakarrik geratzen da. Azkeneko prestakuntzak egiten ditu eta argazkiz beteta dagoen mahai ondoan esertzen da. Aldameneko argia pizten du, eta poltsa txiki batetik gakorratza ateratzen du eta puntila egiten hasten da. Eszena honetan argi hau besterik ez da piztuta egongo)
AMA: Ai! nola gustatzen zaidan elkarrekin ikustea. Beno, badirudi hau martxan dagoela. Denok etorriko dira. Dena dela, hori lortzea errazena zen. Orain dator bai kakoa.
(Isiltasuna)
(Irrifarrez) Koldo hori, nolakoa den! Oilaloka konplexua dudala! Bai zera! Sikologoarengana joan beharko dut menperatzeko. Sikologoa!... Hori da gaur nire aldamenean egon beharko lukeela. Sikologo bat. Beno, (argazkia begiratzen) nahiago nuke zu Ignazio nire aldamenean egongo bazina. Horrelako egoeretan zure falta nabaritzen dut. Hamar urte pasa dira jadanik!... Ene! Denbora nola pasatzen den!... Bat-batean bihotzak ezetz esan zizun, eta... akabo! Momentu txarrenean. Beno, horretarako une guztiak txarrak dira. Bai horixe! Koldo Karabantxelen... Gizarajoa! Nola sufritu zuen. Berak horrenbeste maite zuen aitari adio esan gabe geratzea, gogorra da. Hori... hori ez zaio ahaztu, eta ez zaio ahaztuko. Betiko hor barruan edukiko du.
(Isiltasuna)
Eta Espe. Espe hamabost urterekin. Ia ia ez zuen negarrik egin, baina pena barruan gelditu zitzaion, atera gabe. Harrezkero ikasketa guztiei jai! Beno, eta hori ez da gehien kezkatzen nauena. Okerrena Danielena da. Nik ez dut esaten jatorra ez denik. Dirudinez Espe maite du, baina... jope! Hau zoritxarra! Normala izango balitz! Beno... normala, normala, ez nuen nik hori esan nahi. Badakit normala dela, baina ezkonduta, eta seme batekin. Baina inork ez dio Esperi batere esaten. Lehoi baten modura jartzen da.
(Isiltasuna)
Eskerrak Gorka ez zen apenas konturatu. Oso txikia zen eta. Noizean behi galdetzen zuen. Eta aita non dago ?, gaur ere bilera du? Bilera, bilera, berehala jakin zuen bilera horrek ez zuela bukaerarik. Tira! Ume maitagarria zen, eta maitagarri izaten jarraitzen du. Beti farrez, beti txantxetarako gogoarekin. Azken bolada honetan serio xamarra ikusten dut, eta gutxi ikasten ari dela uste dut. Tutorearekin hitz egin beharko dut. Tutore... Nola du izena?... Txima... Txamo... Txuma... Hori ezizena izango da! Galdetu behar diot.
(Isiltasuna)
Oilaloka konplexua! Esatea ere! Batzuetan niretzat zama hau gehiegi da! Bai, Ignazio, badakit nagusiak direla, baina zera, amaren ardurak ez du sekula bere balioa galtzen. Karga osoa niretzat. Beno, egia esan, lehen ere ez zinen gehiegi kezkatzen. Lana eta lagunak, lagunak eta lanak. Horiek ziren Ignazio zure kezkak. Eta ni etxean, zu eta umeak zaintzen. Hori zen nire eginkizun bakarra. Horregatik, benetan diotzut, eta ez gaizki hartu, hil zinenean pena sentitu nuen, bai horixe, baina batez ere iparrotzik gabe geratu nintzen. Nik zu gabe ez nekien zer egin... zer esan... nola moldatu... nola bizi.
(Isiltasuna)
Zure arreba... Ene! Tematia da, bai horixe. “Miren ezin duzu denbora guztia etxean gelditu; Miren, lagunekin atera behar duzu.”Lagunekin? Nora? Ezkondu ondoren zurekin besterik ez nintzen ateratzen. “Datorren urtean gurekin Benidorrera etorri behar duzu”. Gehiago ez entzuteagatik baietz esan nion. Ene Maria Santisima! Hori ez dago niretzat egina. “Dantza egitera joan behar dugu, ikusiko duzu zeinen ederki! Miren, ahaztu egin behar duzu”. Ahaztu? Eta zergatik? Nik ez dut ahaztu nahi. Hau nire bizitza da eta kitto!
(Isiltasuna)
Nire bizitza nahitaez azkeneko urte hauetan benetan aldatu da. Ignazio, ez nirekin haserretu, gauzak ondo ulertu behar dira. Zurekin primeran bizi izan naiz, baina... nor nintzen ni? Ignazio Goytisoloren emaztea, edo Ama. Norekin ateratzen nintzen ni? Ignazio Goytosoloren lagunekin. Etxeko ekonomia nola zijoan? Ignazio Goytisolok bazekien... Eta horrela gauza guztiekin. Eta orain, orain ernatu naiz. Zer erremedio! Nire izena ere berreskuratu dut. Bai, Goytisoloren alarguna naiz, eta harro daramat izen hori, baina zenbait tokitan, Miren Hernandez. Miren naiz soilik. Eta barrutik , nire buruarekin, ondo ulertu behar duzu, ondo sentitzen naiz.
(Isiltasuna)
Dena dela, gaur nire alboan beharko zintuzket. Edo agian... Nork daki!
(Etxeko txirrina entzuten da. ama zutik jartzen da, esku-lana poltsan gordetzen du, eta atea irikitzea doa)
Hemen daude. Aurrera Miren! Zezena zuretzat da.