Ostiralero afaria
Enkarni Genua
Ostiralero afaria
Enkarni Genua
Kutxa Fundazioa, 2001
Ostiralero afaria
Enkarni Genua
Kutxa Fundazioa, 2001
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN ESZENA

 

(amak poltsak mahi gainean uzten ditu, eta gauzak ateratzen hasten da. iņaki, aulki batean esertzen da egunkaria azaletik begiratzen. iņaki anaia zaharrena da. 35 urte ditu. Enpresa bateko gerentea da eta bere jantziaren bidez nabaritzen da. Galtza grisa eta txamarra dotorea eramaten ditu)

 

AMA: Orduan Lutxi ez dator.

IŅAKI: Ez, oso lanpetuta dabil, eta etxean geratzea nahiago duela esan dit. Gainera, ez nekien berak ere etorri behar zuenik.

AMA: Noski! Lutxi etxekoa da.

IŅAKI: Nik ere ama jakin nahi dut ea ni etortzea beharrezkoa den.

AMA: Bai, Iņaki, bai.

IŅAKI: Hain garrantzitsua al da bilera misteriotsu hau?

AMA: Bai. Oso garrantzitsua da. Bestela ez zintudan deituko.

IŅAKI: Zerbait aurreratu al diezadakezu?

AMA: Ba... ez.

IŅAKI: Seme zaharrena naiz.

AMA: Hori badakit.

IŅAKi: Orduan?

AMA: Orduan ezer ere ez. Denok egon arte itxoin behar duzu.

IŅAKI: Jo ama! Oso misteriotsua zaude gaur e?

 

(Isilunea. ama afarirako gauzak antolatzen hasten da iņakik egunkariarekin jarraitzen du. Halako batean ideia bat bururatzen zaio)

 

IŅAKI: (Kezkatuta) Ama, medikuarengana joan al zara analisien bila?

AMA: Bai.

IŅAKI: Eta zer ?

AMA: (Farrez) Dena ondo. Ez al nauzu ikusten ala?

IŅAKI: Bai, larrosa bezala zaude baina...

AMA: Larrosa edo ziklamena bezala. Udazkeneko lora baten tankera dut.

 

(Isiltasuna)

 

IŅAKI: Koldo ere etorriko da ?

AMA: Bai horixe! Bere deiaren zain nago ordua konfirmatzeko.

IŅAKI: (Ironiaz) Zer, gaur ez al dago manifestaziorik ala?

AMA: Iņaki mesedez, ez gaitezen hasi. Bakoitzak bere ideiak eduki ditzake.

IŅAKI: Dudarik ez. Besteen bizitza izorratzen ez badu...

 

(Isiltasuna)

 

IŅAKI: Eta Espe, zer moduz dago?

AMA: Ba hortxe. Batzuetan animatuta dabil, beste batzuetan goibel samarra. Ezagutzen duzu zure arreba nolakoa den.

IŅAKI: Oraindik ez du batere aurkitu ezta?

AMA: Ez. Hor ari da egunero egunkaria irakurtzen, eta froga batzuk egitera joan da. Baina oraindik ez zaio fundamenduzko gauza bat atera. Badakizu dana nola dagoen...

IŅAKI: Bai, lana aurkitzea nahiko zaila da. Dena dela, nahi izanez gero, nik zerbait egin dezaket...

AMA: Oraingoz hobe da ezer ere ez egitea. Sentibera xamarra dago. Azkeneko egun hauetan Feliren dendan dabil, badakizu, zeozer egiten... laguntzen.

IŅAKI: Baina horrekin ez da konformatu behar.

AMA: Bai, badakigu. Baina zu lasai. Nahi duenean zuregana joango da.

IŅAKI: Ummmm! Ez dut uste.

AMA: Bai... Behar duenean joango da. Ikusiko duzu. Estimatzen zaitu.

 

(Isilunea)

 

IŅAKI: Lutxiren aita kezkatuta dago.

AMA: Zer ba?

IŅAKI: Bere kideari eskutitz bat iritsi zaio eta.

AMA: Eskutitz bat? Zein eskutitz mota?

IŅAKI: (Ironiaz) Zure seme maitearen lagunek bidalitakoa. Badakizu... Diru eske. Lan egiteari zaletasun gutxi diote eta...

AMA: (Haserre) Iņaki faborez... Hemen dirudi gertatzen diren gauza guztien ardura zure anaiak duela. Ondo dakizu hori ez dela horrela.

IŅAKI: Ardura ardura... agian ez. Baina gaizki-gaizki ez zaio iruditzen, bestela zerbait esango luke.

 

(Isiltasuna)

 

IŅAKI: (Zutik jartzen da) Ni banoa. Oraindik mandatu pare bat egin behar dut eta etxetik pasa. Orduan, zortzietan.

AMA: Bai laztana, eta beste aurpegi bat ekarri.

IŅAKI: Erosi egingo dut. Gero arte ama. (Eszenaren barruan dagoen arrebari agurtzeri) Aio Espe!