LEHENENGO ESZENA
(Ekintza etxe bateko gelan gertatzen da. Ohiko egongela da. Aurreko partean mahai txiki bat. Hor, jateko gauza batzuk daude jarrita. Sofa haundi bat, besaulki pare bat eta bi edo hiru aulki daude. Txoko batean telebista. Atzeko partean aparadore edo beste altzariren bat.
Beste mahai pare bat beharrezkoak dira. Bat argazki batzuekin. Argazki horien artean bik nahiko haundiak izan behar dute. Bat Ignaziorena, 50 urteko gizona, eta bestea, izeba Felisarena, 80 urteko emakumea.
Bi ate daude. Bat kalera ateratzeko eta bestea, etxeko beste geletara joateko.
Dana ondo jarrita dago, klasikoa, txukuna.
Teloia irikitzen denean ama eta espe, bere alaba, daude gelan. amak 60 urte ditu, eta oraindik gazte itxura du. Zerrenda bat osatzen ari da. espe besaulki batean erdi etzanda dago. 28 urteko neska gaztea da. Txandal batekin dago jantzita. Egunkaria irakurtzen ari da)
AMA: (Zerrenda bat egiten. Bere baitan hitz egiten) Urdaiazpikoa... Badago. Txorisua... Ere bai. Entsaladila... Erdi egina dago. Azken unean maionesa bota eta kitto! Kroketak... Ez, ez ditut jarriko, gero sukaldean frijitzen ibili behar dut, eta ez. Nahiago dut denbora guztia gelan egon. Piper txikiak... Olibak... Patata-tortila. Bai, hori prestatuta egon daiteke. (Bere alabari) Espe, nahikoa dela uste al duzu?
ESPE: Nahikoa zer ?
AMA: Afarirako prestatu dudana. Begira, patata-tortila jarriko dut. Hori guztioi gustatzen zaigu; baita piperrak ere. Entsaladila, ondo dakizu Koldori asko gustatzen zaiola. Ez dut kroketarik jarriko. Azken momentuan frijitzen ibili behar da eta ez dut nahi, eta gero gauza batzuk dastatzeko... Badakizu... Betikoa.
ESPE: Jo ama! Zurea da kemena bai, zurea!
AMA: Zer ba?
ESPE: Zer ba? Ez al duzu gogoratzen pasa diren Gabonetan, ohiko afari zoragarri hura bukatu ondoren zer esan zenidan?
AMA: Ene ba! Hiru hilabete pasa dira jadanik Espe. Ez naiz oroitzen atzo gertatukoarekin...
ESPE: Bai ama, gogoan duzu; ni ez nauzu engainatzen. Kokoteraino bukatu zenuen gaujai zoragarri horretan, eta zin egin zenuen hori izango zela denok elkarrekin egiten genuen azken afaria.
AMA: Jesus Maria eta Joxe! “Azken afaria”. Parrokiako On Pedro ematen duzu.
ESPE: Barkatu, baina hitz horiek ez dira nireak, zeureak baizik.
AMA: Hitzak, hitzak. Haizeak erraz eramaten ditu.
(Bakoitzak bere lanarekin jarraitzen du. ama zerrenda errepasatzen. espe irakurtzen. Etenaldia)
AMA: Egia esan azkenekoa ikaragarria izan zen. Koldo eta Inaki muturjoka hasteko zorian egon ziren.
ESPE: Gorka erdi mozkortuta, esan behar ez dena esaten, ni asper-asper eginda eta zu erdi negarrez. Hura bai panorama!
AMA: Gehizale xamarra zara, e?
ESPE: Bai arrazoi duzu. Erdi negarrez ez, negarrez.
AMA: Beno, bai. Ondo dakizu zuen artean somatzen dudan ikusiezina, ezin dudala jasan.
ESPE: E, e! Ni ez nazazu zaku horretan sartu.
AMA: Iņakik gainera ondo daki bere anaiaren aurrean zenbait gai ezin direla txantxetan hartu. Presoak gora, presoak behera, azkeneko atentatua... Zergatik ez ditu uzten etxeko atarian bere ideia politikoak? Ez da hain zaila izango.
ESPE: (Ironiaz) Bai ideia politikoak, sozialak, erlijiosoak, sexualak... Orokorrean... ideiak. Etxe honetan ideia guztiak kanpoan utziko bagenitu, hobe. Zuk ere, urduri jarri gabe, ezin dituzu entzun gauza batzuk.
AMA: Nik? Esate baterako, zer?
ESPE: Esate baterako datorren hilabetean Danirekin Mallorkara joango naizela. (amaren keinua ikusita) Ikusten? Kontrola galtzen duzu, ama.
AMA: Azkeneko hau adibide hutsa da, ez al da horrela?
ESPE: Ez, ez da adibidea. Nire proiektua baizik.
AMA: (Bere baitan) Berriro Danirekin.
ESPE: Berriro! Zer? Jada urduri jarri zara. Gure etxean ama, zuk hainbeste maite duzun “pakea” lortzeko , hitz egiteko gaiak oso mugatuak direla aitortu behar duzu. Bizilagunen txutxumutxuak, txikitan guk egindako bihurrikeriak, Goenkalen gertatutakoa... Eta hori, egia esan aspergarri xamarra da, ez al da egia Gorka?
(gorka kasko batekin musika entzuten eta burua konpasean mugitzen, gelan sartzen da. Liburutegitik liburu bat hartzen du, eta berriro, inori kasu egin gabe, etorri den lekutik ateratzen da.)
AMA: (Farrez) Ai Espe. Zu bai xelebrea!
ESPE: Xelebrea ez. Egizalea. Horregatik ama, gaurkoa ez dut ulertzen. Familia bildu afari bat denok elkarrekin egiteko.
Zertarako? Ez gaude behartuak, Gabonak jada pasa dira. Jakina! Gabonetako afaria sakratua baita. Familia osoa bildurik. (Ironiaz) Zein gauza ederra!
AMA: Bai, zuk dena txantxetan hartzen duzu.
ESPE: Eskerrak!
AMA: Gaurkoa desberdina izango da. Gaia finkatuta dago eta.
ESPE: Gaia finkatuta? Txo, txo, txo! Itxoin pixka bat e ! Ez gaituzu bilduko nire “problemari” buruz hitz egiteko e? (ama imitatzen) “Entzun seme maiteok, dakizuen bezala Espe, zure arreba, langabezian dago. Pasa den astean paroa bukatu zaio eta nahiz eta ahaleginak egin, ez du lan berri bat aurkitzen. Denon artean arazo hau konpondu behar dugu” (Haserre) Horrela hasten bazara, atea hartuko dut eta... agur benur! Ez nauzu hilabete osoan ikusiko.
AMA: Baina...
ESPE: Ez ama. Ez baina eta ez baina t’erdi! (Gero eta haserreago) Hau nire problema da eta neuk konpondu behar dut. Ez dut Iņakiren “txapa” entzun nahi. (anaia imitatzen) “Zure ikasketak bukatu gabe utzi ez bazenitu... Zer uste duzu igandeetan etxetik atera gabe ikasten egotea, nire gustokoa zela ala?”
AMA: Jesus neska! Antzerkia egitea zenbat gustatzen zaizun!
ESPE: (Kasurik egin gabe) Eta horrekin ez da konformatuko. Ondoren bere andregaia eredu bezala jartzera dator. (anaia imitatzeri) “Hor duzu Lutxi. Berak bere aitaren lantegian, lanpostu finko bat zuen arren ez zen horrekin geratu. Ikasketak bukatu ondoren, eta ondo gainera, urte bete osoa Londresera joan zen, master bat egitera, eta orain ingelera menperatzen du eta lan egiteko non aukeratu badauka.
AMA: Zer, bukatu al duzu?
ESPE: (Bere kalamatikarekin jarraitzen) Bai, bai, zuk zer nahi duzun ondo dakit. Nola Lutxiren aita oso ondo erlazionatuta dagoen, ez zaio hain zaila izango niretzat bere lantegian edo lagun baten lantegian lantxo bat lortzea. Oso ondo Espe! Etorkizun mundiala zurea! Nire bizi osoa Lutxiren departamentuan pasa, berak idazten dituen eskutitzak korreora eramaten, eta bide batez kafe bero bat ekartzen. Ez dut besterik behar!!
AMA: Nahikoa da neska! Ez dut horrenbeste txorakeria entzuteko astirik. Nik, gutxienez, ez dut gai “hori” gaur aipatuko.
ESPE: (Tonua aldatzen. Harrituta.) A... ez?
AMA: Ez! Oker zaude. Beraz komeria bezala oso ondo egon da, baina denbora galtzen ari gara, bai zu eta baita ni ere. Utz nazazu zerrenda berrikusten, bestela azken momentuan zer edo zer ahaztuko zait. (Zerrenda berrikusten) A bai... azukrea, ogia, badaezpada ere, tea...
ESPE: Orduan hori ez bada, zer da gaur kontatu behar diguzuna?
AMA: (Berokiaren bila gelatik ateratzeri) Ai Espe, munduko zilborra zarela uste duzu. Zer uste duzu, zure “arazoa” besterik ez dagoela? Oker zaude maitea.
ESPE: (Bere baitari) Dirudinez hanka sartu dut. Dena dela, esandakoa ondo esanda dago.
(ama berokia eta poltsa batekin berriro sartzen da)
AMA: Beno... Ni banoa. Berehala etorriko naiz. Koldok deitzen badu, afaria zortzietan izango dela esaiozu. (Etxetik ateratzen da)