BIGARREN ESZENA
(ama etxetik ateratzen da. espe bakarrik geratzen da. gorka berriro eszenan sartzen da. gorka 16 urteko nerabea da. Nahiz eta nahiko altu izan, oraindik umea dirudi. Bakeroak eta elastiko haundia darama. Bere jazkera zaindu gabe dago. Ez du musikako kaskorik eramaten, eta espe dagoen aulki ondoan esertzen da)
GORKA: Kaixo!
ESPE: (Mahai gainean dagoen egunkaria irakurtzen ari da eta ez dio kasurik egiten) Ummmm!
GORKA: Zer, iragarkiak irakurtzen? Gauza interesgarriren bat aurkitu al duzu?
ESPE: (Kasurik egin gabe) Ummm!
(Isiltasuna)
GORKA: Nekatuta al zaude Itxaro? Ez duzu aurpegi onik. Zerbait gertatzen zaizu?
ESPE: (Egunkaria alde batera utzita gorka tinko begiratzen du.) Gorka... ez!!!!!!
GORKA: Ez? Ez, zer ?
ESPE: Ez dizudala mila pela emango. Alperrik zabiltzala! Niri dirua ez zait zerutik behera erortzen, ulertzen? Sentitzen dut. Paga ez bazaizu iristen, amarekin hitzarmena berrikusi edo... izorratu!
GORKA: (Besaulkitik altxatxen da, eta beste puntan esertzen da. Haserre) Ez nuen dirua eskatzeko asmorik. Dirudienez zurekin ezin da maitagarria izan.
ESPE: Barka mutil. Ez horrela jarri, baina nirekin ados egongo zara, aspaldian ez zarela nitaz gehiegi arduratu, e ?
GORKA: (Beste aldera begiratzen) Utz nazazu pakean!
ESPE: (Bere ondoan esertzen da pakea egiteko asmoz) Uiiii! Zeinen guapoa dagoen nire anaia txikia! Ziur nago bere atzetik neska ugari dabilela. Baietz?
GORKA: Pakean uzteko esan dizut.
ESPE: Ez izan burugogorra. Benga... Zerbait eskatu nahi didazu, ezta?
GORKA: (Ezetz esaten, doinu gutural bat egiten du.) Greummmm!
ESPE: Edo zerbait esan behar didazu...
GORKA: (Aurreko soinua egiten du) Greummmmm!
ESPE: (Gero eta gertuago jartzen da.) Ez izan horrelakoa!... Barkamena eskatzen dizut...
GORKA: (Burua makurtuta, espe begiratu gabe.) Badakit!
ESPE: Zer da dakizuna?
GORKA: Familia guztia biltzeko amaren arrazoia.
ESPE: Kontxo, kontxo... Hona hemen Gorka gure detektibea.
GORKA: Ez nago txantxetarako Espe.
ESPE: Esan bada zure ikerketak zeintzuk izan diren. Jakiteko irrikitan nauzu.
GORKA: Sinistu behar nauzu Espe. Ama oker dago. Berak uste duena ez da gertatu, beno bai, gertatu da, baina txiripa izan da, besterik ez. Hori askotan gertatzen da, ematen duena ez da egia, eta egia dena ez du ematen.
ESPE: Barkatu Gorka, baina ez dut tutik ere ez ulertzen.
GORKA: Baina noski! Amari denok sinistuko diozue eta nire kontra jarriko zarete. Beti bezala! Agian Koldo ez. Koldo da gauzak hobeto ulertzen dituena! Baina Iņaki...
ESPE: Argiago hitz egiten ez baduzu...
GORKA: Eta hori dena... Tximo kabroi horrengatik. Nire aita dela uste du. Ziur nago amari telefonoz deitu diola, hori ez zela berriro gertatuko nik aitortu arren. Baina bai zera! Berak ere gurasoen aurrean puntuak irabazi behar ditu. Tximo... mierda-puta!
ESPE: Txo, txo, txo! Lasai mutiko! Dirudinez hasi naiz zerbait ulertzen. “Tximo kabroi hori” Institutoko irakaslea da, ezta?
GORKA: Bai.
ESPE: Oker ez banago zure tutorea.
GORKA: (Pazientzia galtzen) Baaaiii!
ESPE: Zuekin oso ondo enroilatzen zena, ezta?
GORKA: Bai, ondo esan duzu enroilatzen “zena” (Hori azpimarratzen) Baina orain... nazkante halakoa... Hanka sartze ederra egin du, bai horixe!
ESPE: Eta amari telefonoz deitu omen diola diozu...
GORKA: Ziur nago.
ESPE: Zer esateko?
GORKA: (Baxu, ondo ahozkatu gabe) Bada hori... Koadrilako batzuk “kaka”rekin harrapatu gaituztela.
ESPE: “Kakarekin” ?
GORKA: Bai... Kaka, edo koka... badakizu.
ESPE: (Harrituta) Koka?... Kokainarekin?
GORKA: Bai, baina...
ESPE: (Zutik jartzen da Joder Gorka, joder !! Zu txotxolotuta zaude ala?
GORKA: Errua ez da nirea izan. Koadrilako batek, ez galdetu nork, ez baitizut esango, pixka bat lortu zuen eta...
ESPE: Mierda hori nork lortu duen edo ez duen lortu niri bost ajola. Baina Gorka...
GORKA: Benetan diotzut Espe. Dastatu besterik ez dut egin. Eta behin bakarrik.
ESPE: Dastatu... dastatu... (Zeharo haserre) Eta benetako kaka zergatik ez duzu probatzen? Askoz merkeagoa da! Ez genuen besterik behar!!
GORKA: Joder Espe! Ez dramatizatu! Badakit astakeria izan dela, eta zin egiten dizut ez dela berriro gertatuko, baina besteen aurrean, ama kontu honekin hasten denean, gutxienez ez nire kontra jarri. Zu horrela jartzen bazara... Iņakik akatuko nau!
ESPE: Eta merezia izango duzu Gorka! Ez dakit konturatzen zaren, baina hau ez da txorakeria bat. Jadanik hamasei urte dituzu hau zer den jakiteko. Gauza serioa da. Roilo honekin horrela hasten da, (gorkaren ahotsa imitatzen) “koadrilako batek eraman du... dastatu besterik ez dut egin” eta gero, gero ezin duzu kaka horretatik atera. Sentitzen dut, baina nik ezin dut zure alde jarri Gorka.
GORKA: Gutxienez nire kontra ez Espe. Nahikoa dut ama eta Iņakirekin.
ESPE: (Esertzen da Joder Gorka, joder!...
GORKA: (Bere ondoan jartzen da) Benga Espe. Zein da nire arrebarik politena? E? Nor da nire Itxaropena? (Muxuka hasten da.)
ESPE: Zuk mimoak egiten dena konpontzen dela uste duzu. Baina gaurkoa serioa da.
GORKA: Badakit Espe... Ez da berriro gertatuko... Benga polit hori. Ez al diozu zure anaia txikiari muxurik emango? (Muxuak ematen hasten da berriro)
(Kaleko atea irekitzen da eta ama eta iņaki etxean sartzen dira.)
AMA: (Harrituta gorka begira) Harritzekoa. (Txantxetan.) Beste muxu bat niri...
GORKA: (Zutik jartzen.) Gaurkoak bukatu ditut... Beno... Tori! Gero esan ez dezazun! (Muxu pare bat ematen dizkio, soinu eta guzti.) (anaiari agurtzen) Aupa Iņaki! Aio! Ni banoa.
AMA: Zortzietarako etorri e?
GORKA: (espe begira.) Zu ere ordurako egon Espe.
(espek keinu bat egiten dio baietz esanez. gorka kaleko atetik ateratzen da. espe beste atetik.)