LAUGARREN ESZENA
(ama bakarrik geratzen da. Plateren bila joaten da eta bere eginkizunekin jarraitzen du. Halako batean telefonoaren soinua entzuten da. Une batean eszena bakarrik geratzen da.)
ESPE: (Barrutik) Banoa, banoa!... Niretzat da ama. Ez hartu.
(Korrika sartzen da)
(Ahots maitagarriaz) Kutxi... bazen garaia!
(Ahotsa aldatzen) A, zu zara?
Sentitzen duzula? Nik ere bai
Imajina dezakezu noren deia zela uste nuen.
Beno Koldo, zer nahi duzu?
Bai ama hor dabil. (Ahotsa jaisten) Grinaz beteta dago gaurko afariarekin. Esku artean zer edo zer daramala begi bistan dago. Baina ez dakit zer. Galdetu diot, xantaia ere egin diot, baina alferrik. Misterio-misteriorum. Zuk ba al dakizu zerbait?
Baina etorriko zara ezta?
Jo Koldo! Amak Kristo nahigabea hartuko du! Afariarena aspaldi zenekien!
Bai, bilera, bilera. Ezin duzu egun batez bilera madarikatua utzi? Ez da hain garrantzitsua izango. Benga Koldo, saia zaitez. Bilera hurrengo astean egin dezakezue.
Niri hori ez esan. Bilera, bilera. Baina horrenbeste bilerekin mundua konponduko duzuela uste al duzu?
Ba begira nik apaindegira joaten, gutxienez neure burua konpontzen dut. Amari abisatuko diot, eta zeuk esan.
(Haserre) Ez, ez, ez. Nik ez diot esango. Marroia zurea da. Ama hemen dabil aste osoa urduri, afaria gora, afaria behera, gauza pila bat prestatzen, denok egon behar dugula azpimarratzen. Iñaki hemendik pasa da eta zortzietan etorriko dela esan du, ama inoiz baina ilusio haundiagoarekin ikusten dut, eta orain zu, munduko bilerarik inportanteena duzulako, ez zarela azalduko esanez zatoz. Nik, maitea, ez diot abisua emango. Hemen bertan dago, deituko dut eta pastel osoa... zuretzako!
Ez Itxaro, eta ez Esperantza. Ez nazazu engainatu. Ama!!!! Telefonoa zuretzat da.
AMA: Nor da ba?
ESPE: Noren deiaren zain zaude arratsalde osoa? Koldorena ezta? Bada hemen duzu. (Telefonoa luzatzen)
AMA: (Korrika sartzen da) Uste nuen Dani zela.
ESPE: (Bere baitan) Baita nik ere.
AMA: (Benetan pozik telefono hartzen du) lepa Koldo! Eskerrak deitu duzula. Kezkatuta nengoen, ez pentsa. Zuk duzun buruarekin ez nengoen ziur afarikoa gogoratuko zenuen ala ez. Hamaika abisu utzi dizut. Mirenen etxean, tabernan, euskaltegian. Eskerrak jaso duzula. Orain lasai geratzen naiz. Bakarrik ordua konfirmatzeko zen. Zortzietan. Ez ahaztu e! Iñaki hemendik pasa da eta orduko iritsiko dela esan dit. Lutxi ez da etorriko, pena da baina... Begira, horrenbeste gustatzen zaizun entsaladila prestatu dizut, kroketak ez, badakizu beti azkeneko momentuan frijitzen egon behar dela, eta ez dut hori egin nahi, gainera garrantzitsuena denok elkarrekin egotea da, ezta? Gorkak eta Espek lagundu didate gauzak prestatzen eta...
Nola?
(Aurpegia aldatzen zaio) Ez zarela etorriko? Ezin duzula etorri? Jo, ez esan hori! Koldo mesedez, ahaleginak egin. Niretzat eta zuentzat ere, gaurko afaria oso garrantzitsua da.
Bai...
Bai... bilera...
(Doinu triste batekin) Ez, barkatu, baina ez dut ulertzen. Ez zara umea, nik ezin zaitut behartu, eta zuk jakingo duzu, Koldo, zer egin behar duzun. Mesede bezala eskatu nizun, eta mesede bezala eskatzen dizut orain ere bai. Etorri mesedez. Pixka bat berandugo etortzen bazara berdin du. Baina azaldu.
(Une honetan kaleko atea irekitzen da eta koldo sartzen da. koldok 30 urte ditu, baina ez du ematen. Era informal batean dago jantzita. Bizarduna da eta belarrian belarritako bat darama. Mobil batekin hitz egiten ari da.
amak ateari sorbalda ematen dionez gero, ez du koldo ikusten eta telefonoz hitz egiten jarraitzen du. Hemendik aurrera ikusleek koldok esaten duena zuzenean entzungo dute. amak berriz, orain arte bezala, telefonoz)
KOLDO: Sentitzen dut ama, baina gaur ezinezkoa zait. Gaurko bilera ere inportantea da. Ezin dena ezinezkoa da, ama.
AMA: Bai, gaurko bilera inportantea da, eta lehengo astekoa ere bai, eta biharkoa zer esanik ez. Hemen ikusten den bezala dena da etxeko gauzak baino garrantzitsuago.
KOLDO: Etxeko gauzak, etxeko gauzak... Zuk ama oilaloka konplexua duzu. Hori da gertatzen zaizuna, eta guk, zure txitoak, zure pean egon behar dugula uste duzu.
AMA: Nik oilaloka konplexua? Esatea ere. Zuek nire txitoak? Ene bada! Hori ere entzun behar dut! Egunak eta asteak pasatzen dira etxetik pasa gabe eta zure berririk jakin gabe, eta ondo dakizu horrek nola kezkatzen nauen, eta sekula, e, sekula santan ez dizut batere esaten. Oilaloka konplexua !...
(Une hartan espe eszenan sartzen da. Sukaldetik dator bandexa batekin. koldo ikusterakoan harrituta geratzen da. koldok keinu bat egiten dio ez dezan ezer esan. espe iskina batean geratzen da itxura egiten.)
KOLDO: Bada sentitzen dut ama, baina gaur ez nirekin kontatu. Beste egun batean joango naiz.
AMA: Beste egun batean, beste egun batean...
KOLDO: Gainera, beste arrazoi bat dut gaur etxetik ez pasatzeko.
AMA: Zer... Iñaki datorrela? Bada garaia Koldo zuen artean gertatutako eta esandako gauzak ahazteko. Ez al duzu uste?
KOLDO: Ez, ez da hori ama. Beste arrazoi bat da. Askoz sakonago.
AMA: Esan bada.
KOLDO: Ez iezaidazu gaizki hartu, behin ere ez dizut esan, baina zuk egiten duzun entsaladila ez zait batere gustatzen.
(ama harrituta geratzen da. espe farrez hasten da. Une horretan koldo bere atzean, farrez lehertzen dagoela, eta adarra jotzen ari dela konturatzen da. Telefonoa uzten du eta guztiz haserre baina pozik berengana doa. Zapatila kentzen du eta zapatilakada hasten da)
AMA: Emango dizut, e ! Baina ongi emango dizut gainera. Tori!... Tori!... Azkenean neuk hartuko dut mina. Beti berdin egiten didazu. Beti ziria sartzen didazu. Antzerkia egiteko oso ondo moldatzen zara. Ez dizut hemendik aurrera batere sinistuko. Tori, tori!
KOLDO: Buruan ez ama. Ikasten ari naiz...
AMA: Ikasten... Ikasten...Tori txotxolo hori!
(Sofa gainen erortzen dira. espek ere burruka horretan parte hartzen du. Denak farrez)
AMA: (Zutik jartzen) Nahikoa, nahikoa da. Bandera txuria ateratzen dut, bestela ospitalera eraman beharko nauzue.
KOLDO: Bai, nik antzerkia egin nezakeen baina zuk Miren Iñuxente deitu beharko zenuke. Dena sinisten duzu, ama.
ESPE: E, niri ere, adarra jo didazu.
AMA: Txantxazale hutsa zara!
KOLDO: Baina ama. Nola ez naiz ni etorriko zure entsaladila dastatzera. (Deklamatzeri) Munduko entsaladila hoberena, goxoena, zoragarriena...
AMA: (Zapatila kentzen) Berriro jaso nahi al duzu?
KOLDO: Ez, ama ez. Zer, laguntza behar al duzu afari zoragarri hori prestatzeko?
AMA: Ez da afari “zoragarria”.
KOLDO: Beno. Pintxo goxo horiek prestatzeko laguntza behar?
AMA: Ez, dena prestatuta dago.
KOLDO: Orduan Espe, pote bat hartzera goaz?
ESPE: Ondo, baina zuk gonbidatu behar nauzu.
KOLDO: Ados...
(Elkarrekin ateratzen dira, oraindik far egiten. ama irribarrez geratzen da.)