Eskerrak ama bakarra dagoen
“mutila”, 35 urteko ganorabakoa, ohean dago. Lo seko. Zurrungaka ilunpean. amak atean jotzen du, suabe. Gosaria dakar.
AMA: (Oso alai. Sartuz) Andoni? Andoni, maitteaaaa, sartu al naitekeeee?
ANDONI: (Izara artean ezkutatuz) Ummmm! Ez!
AMA: (Pertsiana igotzen. Kantari) Egunoooon! Nola egin du lo etxeko erregeak?
ANDONI: (Amorrazioa) Amaaaa!!! Utzi bakean! Hamabiak baino ez dira!
AMA: Andoni. Goizean goizeko umore petral hori ez da parte onekoa. (Felix-felix) Begira, gosaria ekarri dizut: Kolakaoa, ogi xigortua, gurina ta marmeladarekin eta... Tatxan! Laranja ura egin berri berria.
andoniren albora doa. Ohe ertzean esertzen da. Izarak kentzen dizkio.
AMA: Benga, loti hori! Egun zoragarria egiten du ta! (Muxu ematen dio) Zer, gaur ere ez duzu lan bila joateko gogorik?
ANDONI: Joe, ama! Nahikoa da! Beti lelo berdinarekin. Esnatu baino lehen matxakatu nahi al nauzu?
AMA: (Altxatu eta gela txukuntzen hasi) Lasai, bihotza, zuk ez duzu estresatu behar. Aita ta biontzat, garrantzitsuena, zu trankil eta gustura egotea da. Badakizu. Hogeita hamabost urte bete dituzun arren, guri ez zaigu inporta. Zoriontsuak gara gurekin zaudelako.
ANDONI: Ama, utzi martiriarena egiten! (Gosaltzen) Kakazaharra! (Ohiu) Ama, Kolakao honi azukrea falta zaio!
AMA: Ai, (Lotsatuta, edo) barkatu, maitea. Nire errua izan da. Oraintxe noa sukaldera azukre gehiagoren bila.
ANDONI: (Nazka) Ez, ez da behar. Horrela hartuko dut. Hamaika aldiz esan dizut: Lau goilarakada, lau. Baina, begibistan dago etxe honetan esaten dudana ez zaiola inori inporta. (Ogia hartuta) Hau al da ogia xigortzeko modua? Joe! Nazka ematen du etxe honetan bizitzeak!
AMA: Ez haserretu, laztana. Ez dut nahita egin.
ANDONI: (Imitatuz) Ez dut nahita egin... Nola ez naiz ba, haserretuko. Egunero, egunero kopla berdinarekin. Emadazu tabakoa.
ama tabako bila hasten da praketan.
ANDONI: Hor, ez! Alkandoran, poltsikoan.
Hartu egiten du. Azken zigarroa da. Paketea lurrera bota. amak jaso egiten du.
AMA: Bukatu zaizu, kaiño? Oi, oi, oi. Lasai. Gero erosketak egitera jaisten naizenean tabako gehiago ekarriko dizut.
ANDONI: Winston, e? Azkenekoan Lucky ekarri zenidan... eta ezin dut jasan; eztarria urratzen dit.
AMA: Bai, bai... ez zait deskuidoan ahaztuko. A! Portzierto, okindegira joan naizenean, Edurnerekin topatu naiz...
ANDONI: Edurne? Ze Edurne? Uste al duzu auzoko atso guztiak ezagutzen ditudala, ala?
AMA: Edurne... Goikoleakoa... Jeseus! Ez duzu, ba, ezagutuko! Morena bat, oso dotorea bera... altua... bai, gixona... Beti txakur txiki batekin ibiltzen dena... Txikitan erori zinene...
ANDONI: (Moztu egiten dio) Bale, bale.... Bai... Edurne. Eta? (Altxatu eta trajea janzten hasten da. amak laguntzen dio)
AMA: (Herabe) Ba... zera... Kontua da... bere gizonaren lantegian, morroi bat behar omen dutela garraio lanak egiteko... eta nik, pentsatu dut, agian... zuk...
ANDONI: Ama, ama, ama... Geldi hor! Baina, baina... Zu erotu egin zara, ala? Lanpostu bat nahi dudanean, nik neuk bilatuko dut, aitu? Horretarako ez dut inoren beharra, konforme?
AMA: (Kikilduta) Bai... baina... zera... bitartean.... ba...
ANDONI: Ja! Bitartean, zer eta garraio lanak egin! Ama, faborez! Abokatua naiz. Deustuko Unibertsitateko abokatua! Kostata, baina karrena bukatu nuen.
AMA: (Xume) Bai, duela 15 urte... eta oraindik....
ANDONI: (Moztuz) Oraindik ez didate merezi duen lanik eskaini. Eta ez pentsa nire kategoriarekin bat ez datorren lanik onartuko dudanik. Ez horixe! (Alkandora janztera doa. Ohiua) Amaaaaaa!
AMA: Zer, seme?
ANDONI: Ikusten? Alkandora hau zikin dago. Honekin ezin dut kalera irten!
AMA: Ui! Arrazoi duzu. Ez naiz konturatu. Egon, egon. Oraintxe ekarriko dizut alkandora garbi bat.
ANDONI: Azkar!
AMA: Bai, bai... berehala nator.
ama logelatik irteten da. andonik, mobila hartu, eta dei egiten du.
ANDONI: Ohier? Golfo! Zer moduz atzo putetxean?... Ondo erabili al huen koadrilaren eskotea?... Hiru, e? Jarraian!?... Jode! Hi haiz, hi tipua! Eta?... Kontazak.... Afrikako beltz batekin? Joño!!... Aizak, egia al da Afrikako emakumeek... zera... Badakik zer esan nahi dudan... (Miresmena) Putakumea! Aizak, gero den-dena kontatu behar didak... Ezertxo ere izkutatu gabe...
ama berriro sartzen da, alkandora garbiarekin. Akojonatuta dator. semearen atzetik ibiliko da, gora eta behera. Ez da ausartzen honen dei garrantzitsua eteten. Ileren bat edo kenduko dio.
ANDONI: (Disimuloan) ... eta lanpostua interesgarria dela diozu? Nire perfilarekin enkajatzen dela... Aja! Entrebista bat egin behar dudala?... Gaur bertan? Ordubete barru?... (Intentzio nabarmenez) Bai, bai. Biok ezagutzen dugun enplegu bulegoan. Lasai, ez dut hutsik egingo. Milesker... Oraintxe arte... Adio, bai.
AMA: (Alkandora emanez) Tori. Lisatu berri-berria. Zer? Notizia onak?
ANDONI: (Harroxko, jantzi bitartean) Beno, badirudi abokatu bufete garrantzitsu batean, adorea eta ideia bemak dituen gazte baten bila dabiltzala... Ikusiko dugu. Lan baldintzak onak badira... eta, batez ere, soldata interesgarria bada... pentsatuko dut. (Trazendente) Norberaren bizitzari dagozkion erabaki handiak ezin dira horrela, bat-batean eta presaka, hartu.
AMA: Bai, seme. Azkarregi ibili gabe. Eta hori ez bada, beste lan bat aterako zaizu... bost edo hamar urte barru...
ANDONI: (Moska) Ama, adarra jo nahian?
AMA: (Xalo) Ni? Jainkoak libra nazala! (Aitaren)
andonik kalerako bidea hartzen du.
AMA: Andoni! Egon, egon! (Azken ukitua ematen dio gorbatari) Ba al duzu dirurik?
ANDONI: Pssssss!!!
AMA: (Amantaleko poltsikotik kartera atereaz) Tori. Ez da komeni lan entrebista batera sosik gabe joatea. (Muxu ematen dio) Zorte on maitie!
andoni badoa. ama ateari begira, harro. Hasperentxo batek ihes egiten dio. Gela txukuntzen hasten da. Argia jaisten hasten da.
Bat-batean...
* * *
ANDONI: (Bueltatuz, haserre) Et, et, et... Hau ez da bidezkoa. Oraindik ez dugu bukatu! (Publikoari) Ikusi duzuen ipuin arroxa hori, gezur hutsa da.
Baina, baina... Nola irentsi dezakezue gau ta egun depresioaren kontrako pilulak jaten dituen ama politoxikomano baten bertsioa?
neskak agertzen dira. Borrokarako prest.
NESKA 1: Kontuz, pasatu gabe! Hori, zu bezalako semeak dauden etxe guztietan gertatzen da!
NESKA 2: Atera orain zure estatistika famatu horiek. Ea, ba.
ANDONI eta MUTILA: Endredatzaile galantak, zuek! Gainera, sexuaz ari ginen. Zer dela eta sartzen dituzue ama sakrifikatuak honetan guztian?
NESKA 1: Ez dakit, zuk jakingo duzu.
NESKA 2: Benetan, zer ikusirik ez duela uste duzu?
ANDONI eta MUTILA: Beti berdin. Gutxiengo naizela aprobetxatzen duzue gauzak zuen gustura manipulatzeko. Zuek beti ona. Zuek ez duzue inolako okerrik egiten. Errua gizonena da maltzur hutsak direlako. Ba, ez. Ezin dut onartu. Gu ez gara esker txarreko semeak. Nire bertsioa antzeztu nahi dut. Eskubide osoa daukat. Exijitu egiten dut!
NESKA 1 eta NESKA 2: Baleee! Tiraaa! Baina enroilatu gabe, e! Azkartxo!
ANDONI: (Publikoari) Jakin nahi al duzue egia berdaderoa zein den? Erne!
Ohean sartzen da, oraingoan jantzita. Hasierako argiketa. Esketx osoan andonik ez du txintik ere esango.
AMA: (Zezen baten moduan sartzen) Zer? Goizeko zazpi ferdiak eta oraindik esnatu gabe? (Pertsianak gora) Altxa zaitez, alferrontzi hori! Ezin dut gela txukundu ohe barruan bazaude.
amak hitz egiten duen bitartean, logela hankaz gora jarriko du.
AMA: Baina, baina... Hau kuxidadea, gela honek txerritokia dirudi! A, eta gaur ez dago gosaririk. Ez dut okindegira joateko astirik izan. Gosaldu nahi baduzu, badakizu, joan zaitez esnea eta ogiaren bila. Eta bide batez, pasa zaitez superretik sukaldeko mahai gainean dagoen erosketa zerrendarekin. Horrela, gutxienez, fundamentuzko zerbait egingo duzu. Hau lotsa! Ia berrogei urte eta “señoritoak” oraindik ez du bere gustuko lanik aurkitu.
Baina hau bukatu egingo da, bai horixe! Bizitza osoa gure bizkar bizi nahi baduzu, jai duzu, e!
Datorren hilean, lanean hasten ez bazara, hartu zure traste guztiak eta, ea, kale gorrira! Ez dago deretxorik! Bizitza osoan lan da lan eta, total, zertarako? Zahartzaroan odola zurrupatzen dizun seme inutil bat mantendu behar izateko!
Alkandoratik tabako pakete bat ateratzen du
AMA: Hori! Hori! Etxean laguntzeko sosik ez, baina tabakoa erosteko... Hara! Eta gainera, del bueno. Kel niño tiene morro fino! (Ohera hurbilduz) Baina, esan zerbait, potrohandi!! Ala hilda zaude!? Keba! Ez dugu zorte hori izango!
amak hartu beharreko guztiak hartu ditu. Horrela eskenatokia prest geratzen da hurrengo sketxerako.
AMA: Eta bost minutu barru, gela hau libre nahi dut. Entzun?
ama badoa. Argi aldaketa.
mutilak, ohetik atera eta publikoarekin hitz egingo du.
MUTILA: Horrela hobeto dago. Askozaz ere hobeto. (Plis-plas) Ez dut inolaz ere sinetsi nahi euskaldunok sexu-tara berezirik dugunik ama zikiratzailearen mendean bizi izan garelako, horrek mugatu gaituelako e.a, e.a. Alferrik aipatuko dute “ama euskaldunaren sindromea”; sindrome hori, sasi-psikologo eta psikoanalista merkeek asmatutako ipuina besterik ez da. Horri esker ederki ateratzen dizkigute sosak, Edipo-konplexua daukagula esanda. Hori bai, konplexu zuri gorri berdea.
Gure libidoa noraezean badabil, eta ondorioz jaiotze tasa gutxitu bada, ez da aurretik aipatutako guztiagatik, ez, ezta gutxiago ere. Arrazoia, benetako arrazoia, funtsean dagoen arrazoia, gizarte teknifikatu honek inposatzen digun bizitza erritmoan datza.
Zientzilariek frogatu dutenez, gaur egungo bizimoduak inposatzen digun stressaren ondorioz, adrenalina gehiegi segregatzen da eta horrek eragin zuzena izaten du zakilaren oinarrian dauden filamentuz osatutako gorpuzkiengan, zeintzuen erreakzioa
NESKA 1: (Off) Ginekologo jauna, asko falta zaizu?
MUTILA: Ez, berehala bukatuko dut! Tira, esandakoa Zeraaaa egiten ez badugu... Ba, hori, lan gehiegi egiten dugulako da. Edo lan gutxiegi, ke eso también jode. (Buelta ematen du)
A! Eta ligatzen ez badut, nahi ez dudalako da, ez beste ezergatik. Galdeiozue, bestela... nire amari.