Eingo al deu?
Kepa Gallego
Eingo al deu?
Kepa Gallego
Artezblai, 2006

 

Egidazu hika

 

aitor, Ondarruko euskaldun zahar peto-petoa, ligatu duen neskarekin etxera dator; pozik eta punttu etiliko sinpatiko batekin etorri ere. mutilak argia piztu ondoren, pisuko egongela deskubrituko dugu. Txerrikorta bat, ikus dezakegunaren alboan, jauregia litzateke. miren, kapazo izugarria dakarren neska pertxenta bera, ega titulu distiratsua atera berri duen euskaldun berri kontzientziatu horietarikoa da. Hau da, aitorrekin etortzea erabaki badu ez da mutila gustuko duelako, mintza-praktika egiteko baizik, horrek nolabaiteko haragizko peajea ordaintzera behartzen badu ere. Biek borrokilla itxura dute.

 

AITOR: Sartu, sartu barrure. Bilurtu baik. (Kixketea jarriz) Jo, Parkatu, je, je... baine barakixu, pisuko lagunak txarrixak diz eta... jarri komoda... Aibalahostia! Ederra kasualidadi! Zein eta zu Koxmen lagune! Ai, Koxme, Koxme, Koxme! Je, je, je... Ta.. Aspalditxik ezautzezu kabroi hori ala?

MIREN: laz, irakasle izan nuen azken hiruhilekoan. Hartueman sendoa eratu genuela esan nezake. Are eta gehiago, ez litzateke gehiegikeria izango, eskolak eman orduko, bera baino irakasle bikainagorik ez dagoela esango banu.

AITOR: (Txanka aurpegia) Ja! Duda baik. (Galduta) Eta gaur, baixaku danez... ein? Trago batzuk... eta gero... baixaku... baixaku... Gustauko jaku!

MIREN: (Lekua aztertuz) Oker zaude. Koxmeren niganako hartuemana ez da zuk pentsa zenezakeen tankerakoa. Laguna baino ez da. Lagun zintzoa eta leiala.

AITOR: Hoixe be! Lagune, bakarrik. Barakixu gauza bat? Holanik hobeto. Lotura baik, konpromizoik bez.... Neuk be naixa dot holatxenik bixi... Askatasune... Norberan independentzixi...

MIREN: Gainera, biok Txorierrikoak izanik, sarritan hots egin ohi diot, elkarrekin itzuli bat egin eta solasean aritu ahal izateko. Ulertzen, ezta?

AITOR: (Oraindik estratejia argi ez duela) Zu ta bera, bera ta zu... solasean? (neskaren mailan jarri nahiz, edo) Ba, nirekin ere, solasean aritu zaitzatezk... (Atzera) Ejem, neuaz be berba ein zeinke. Ez pentsa, Koxme ta bixok, askotan, (Intentzio nabarmenez) interes bardinak dakauz.

MIREN: (Begirada goxoa) Estimatzen da. Dena den, egia aitortzeko, azkenik egon garen tabernatik arras kezkatuta irten naiz.

AITOR: Koxme jun ein dalako?

MIREN: Hain zuzen ere. Ez deritzot bat ere normala bat-bateko gaixotze horri. Azken bolada honetan, Koxme niri iheska dabilkidala iduritzen zait. Nirekin aspertuko bailitzan.

AITOR: Bai zea be... (Gezur nabarmena) Koxme zuaz aspertu?! Kia! Ai txo txo... Holakoik burutik pasati be! Kalimotxo gexei eratin efektu re hori, beste baik. Hamaike bidar esan ixazta zuaz danin denpori segixan pasaten gakola.

MIREN: Egitan diostazu? Noizbait nire gainean hitz egin al dizu?

AITOR: Zure... ganin?... Ejem! (Terzio aldaketa) Zerbeza bat, nahizu?

MIREN: Ez, mila esker, baina baso bat ur atseginez onartuko nizuke. Nahikoa hotz, axola ez badizu. Erabat egarriak nago. (Sofara hurbilduz) Beraz, hemen bakarrik bizi zara?

AITOR: Bueno, bakarrik, bakarrik.... (Sofa gainetik gauzak kenduz). Bakarrik esaten dana... ba, ez. Kuadrilakukin. Batzutan bai... bakarrik egoten na, bestitan... sei, ero zazpi.. edo...

MIREN: Hara, ustekabe galanta! Ba, ezagutu zaitudan ostatu edo taberna malapartatu hartan mintzatutakoarengatik, bakarrik bizi zinelakoan nengoen. (Esertzera doa. Aldizkari pornoren bat hartuz, barre maltzurra) Hau da hau! Ez iezadazu esan horrelakorik erosten duzunik!

AITOR: Bai zea! Nik? Eztaaa! (Barre urduria, aldizkaria kentzen dio) Ala porahi! Barakixu, ikasle pisu de ta... je, je, je. Honek egun osun dabiz urten urten einde. Baine zu lasai, e! Ni ez na holaku, lasai. Sexun dependentzixi superata dakat. Komunikazinoi ona dan tokixan...

MIREN: Guztiz bat nator zurekin. (Brusaren botoi bat askatu bitartean) Ene uste apalean, ez dago gizakien arteko komunikazioa baino gauza aberasgarriagorik. (Egongelari begirada) Hortaz, gaur... bakarrik utzi zaituzte...

AITOR: Bai, bai, danak kanpun. (Bere buruari, sukaldera doan bitartean) espero rot. (Atetik begirada bat botako du: “gaur bai”!) dioooo! Koxme, lahostia za!

 

neskak, esertzen denean, galtzontzilo bat aterako du kojinen artetik. aitorri erakusten dio. aitor desagertu egiten da. glups!

 

mirenek aldean utzi duen kapazotik gramatika erraldoi bat ateratzen du eta, kontu handiz, mahai gainean uzten du, kleenex batez garbitu eta gero. Liburua zabaldu eta aditz trinkoa konjugatzen hasiko da.

 

MIREN: (Altxatu eta egongelan zehar ibiltzen hasten da. Begiak itxita) atxeki aditza; Orainaldia: Natxekik, natxekin, natxekio, natxekizu, natxekizue, natxekie. (irribarre garailea).

            Lehenaldia: Nentxe... ki.. ak... (Tranpa egiten du) Ez, ez, gaizki: Nentxekian... —hori da, hori da— ...nentxekinan. Orain bai. (Begiak itxi) Nentxekion, nentxekizun, (Ostia bat hartzen du mahaiaren kontra) Aii!... Nentxekizuen, nentxekien, Gentxezkian... e.a.

 

aitor, bitartean, sukaldeko atetik agertu zaigu eta, ur basoa eskuan duela, “zer nolako munstroa ekarri dut” aurpegiarekin ikusten du neskaren jarduna.

 

MIREN: Zetxezkidan, zetxez... ki... an, zetxezkinan, zetxez.. ki... on...

AITOR: (Moztuz) Hementxe duzu, andereņoa! Ur basoa. Ta fresko-fresku, eskatuzun morun. (Liburua bustiko du) Zeozer gexau? Goseik badakazu, esan ta...

MIREN: (Ura lehortzen) Aitor, jar ezazu, otoi, arreta pixka bat!

AITOR: Parkatu, konturatu baik ixan da... Neuk sikatukot. Kendu, kendu.

MIREN: Ez dizut ur isuriketarengatik errietarik egin. Jar ezazu arreta euskaraz hitz egiterakoan... Gezurra deritzot zu euskaldun zaharra izateari.

AITOR: Parkatu euskaldun zaharra ixateatxik, e! Baine hori gurasun kulpi ixan da.

MIREN: Ja, ja, ja Zer zaren ba mozoloa! (Izan ere, aitorri mozolo aurpegia geratzen ari zaio) Ederki asko dakizu, jakin, euskara jatorrean ez dela “gosea dut” esaten, “gose naiz” edo “goseak nago” baizik.

AITOR: (Barre inozoa) Ja, ja! “goseak nago” bai, “goseak nago” Ez akordati be! (Martiztar arriskutsu baten aurrean egongo bailitzan) Miren, ba... (Hurbiltzeko maniobra) tabernan batea geuazela... ni... ba... zeure... (titietara begira) zeure... begixan inddarraz konturatu na... ta... (Besoa aurreratu) kriston bei politxak dakazu.

MIREN: Egiatan? Atsegin al dituzu nire begiak? (Begiak ixten ditu) Ezetz gogoratu zein koloretakoak diren.

AITOR: Akaoba! Noski baietz.

MIREN: (Begirada hilgarria) Aitooooooor!!

AITOR: (Sustoa) Zeeeeeeer!!!!

MIREN: (Zuzenduz) Bai, noski!

AITOR: Ze esan dot, ba, nik? (Begiak itxita dituela aprobetxatuz, ezpainetara urreratzen saiatzen da) Ba.... (Segurtasun gutxirekin) Marroik?

MIREN: Ez, ez dira nabarrak.

AITOR: (Titien gainera erortzeko zorian) A, bai! Ostia! Berde ilunak.

MIREN: Ezta ere Ez dira orlegiak. Ur... ur...

AITOR: (Aurrea hartuz) urdinak! urdinak! Baneteuanba! Kontutan ixan bizu taberna zulun geuazenela eta ixe ixe argirik be ezeuala.... ta... ta... (Ixilune tentsoa). Eta?

MIREN: (Amore ematera joango balitz bezala. Mimotsu) Aitortxu... Nik... zera... beno, nik askotan, maiz, are ta gehiago, sarritan esango nuke, ez dut konfidantza nahikorik neure buruarengan... eta... zu bezalako... zu bezalako... (Ezpainak aitorren ezpainetara hurbilduz)

AITOR: (Ezpain horiek ehizatu nahiz) Gixona...?

MIREN: Horixe! Zu bezalako... gizon baten segurtasuna behar dut... Lehenago esan dizudan arren... ni... ni ez naiz Txorierrikoa... (Lotsatuta) ...Barakaldokoa naiz... euskaldun berria... (Burua ia aitorren bularraren kontra) eta...

AITOR: Bueno, bueno, bixotza... Horrek ez dotza arduraik... (Nola besarkatu ez dakiela, poltsatzarra erdi-erdian dagoelako) Zu euskaldun barrixe, ni euskaldun zaharra... Bixok euskaldunak... Gu bixon artin ez ta dist... “ixe” ez ta distantzixaik... (Kapazoa lurrera botatzen du, letxe txarrez, eta neskaren gainera erortzen da). Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena... (neskaren prakak/gona askatu bitartean)

MIREN: Aitor, aurrera jo baino lehen... zera... ni...

AITOR: No jodas birgini zazenik!!!!!

MIREN: Ez, ez da hori....

AITOR: (Maniobratan) Eskerrak!

MIREN: (Besarkatzen duen bitartean) Niretzat garrantzi handiko galdera bat egin beharrean nagokizu.

AITOR: Kondoik? Lasai, kuadrilakuk eskotiaz erosten dabe.

MIREN: Ez! Beno, hori ere bai... (Zuzen, mutilaren burua bere esku artean tinko hartuz eta begietara begira) Aitor, esango al zenidake ea euskara jatorrean ari natzaizunentz?

AITOR: (Mekaguenlahostiaputa!) Joe, neski! Ondooo, osoooooo ondoooo... (Sartu omen du azkenean) ...Arantzazuko frailik baino politxaua. (Arnas estuka hasten da, eyakuladore azkarra, nonbait) Hola... nik se.. giu... ten ba... zu... Euskaltzaindi... A! Aaaaa!

MIREN: (Arnas estuka hura ere) Aitor, nola esango zenuke zuk: Sartu nazakezu ala sartu zenidake?

AITOR: oin ezzzz!

MIREN: Hitz egin iezadazu hika.

AITOR: Koxme, putasemiiiiiiiii!

MIREN: (Bera ere oihu batean) Zer-Nori-Nork! Galdegaiaaaa! Atzizkiaaaaak! (Urkoren “Guk euskaraz” abesten hasten da)

 

Argia geldiro jaisten da.

 

* * *

 

mutila, pertsonaia utzita, publikoarengana hurbiltzen da. Egin berri duenaz azalpen edo justifikazioa eman beharko balu bezala.

 

MUTILA: Zer? Gaizki egina, ala? (Bere burua justifikatuz) Garai batean, giza harremanak eta ekonomia trukean oinarritzen ziren, ezta? Gainera, nork bere modura konpontzen ditu bere gabeziak. Gero eta zailagoa dugu eta. 70eko hamarkadan, eta batez ere nanoaren heriotzaren ostean, askatasun sexuala lortzea izango genuen ilusioa nagusitu zen.

            Lehen, sexua kontu iluna zen, gure adiskide aurreratuenek, mugaz bestaldera ikurrinak eta liburu debekatuak erosteko aitzakiarekin, Biarrizko kasinoan sartu eta “Azken tangoa Parisen” ikusi eta gero kontatzen zigutena, bai, Marlon Brandok gurinaz egiten zuena ikusi eta gero. Marmeladaz ez zuten inoiz ezer esaten.

            Neskek ilea askatu zuten eta azkenean! Eitteko askatasuna aldarrikatu zuten. Eta egiten zuten, bai... egiten zuten, libre asko egin ere... neskek berek nahi zutenarekin!

            Ondoren, eta Hiesaren ipuin hori dela eta, urak bere onera etorri ziren. Orgia globalaren ideia iraganaren ilunean galdu zen sekula sekulorum eta neskek askatasuna defendatzen jarraitu zuten, baina oraingoan askatasuna... ez egiteko... Edo ez egiteko... nirekin.

            Neskak konkistatzeko baserriko pelajea utzi eta aldizkarietan agertzen diren gizon moderno horietako baten itxura hartu beharra zegoen.

            Tira. Birziklatu egin behar dugula? Ba gu birziklatu egingo gara. Eta orain, astean birritan baino gehiagotan dutxatzekotan, samur eta sentibera jokatuz gero, sukaldeko errezetei buruz Arzak txiki batek bezain erraz hitz egiten badugu, gimnasiora joaten bagara eta gurekin kopa bat hartzen duen lehen neskaren gainera salto egiten ez badugu... susmagarriak gara.

 

mutila badoa.