Eingo al deu?
Kepa Gallego
Eingo al deu?
Kepa Gallego
Artezblai, 2006

 

Sarrera

 

Beltza. Txalapartaren oiartzuna entzuten hasiko gara. Urrun. Astiro igotzen da argiarekin batera. Irrintzia. Musikarekin nahasten da. Estitxuren “Euskaldun gazteak”. mutila agertzen da. Sasi-tenore ahotsarekin abesten du.

 

MUTILA:

                        Euskal-Herrian hats bero bat da

                        Ez dakit nondik heldu den

                        Baina zerbait berri bada. (Bis)

 

(neskak agertzen dira, arku-dantza dantzatzen)

 

                        Euskaldun gazteak ez gaude, ez, lo

                        Munduko berrien egun guztien so.

                        Hona etorri gara, sexuaz aritzeko,

                        Euskadin gutxi ta, gaizki egiten delako.

 

                        Euskal-Herrian hats bero bat da.

                        Ez dakit nondik heldu den

                        baina zerbait berri bada. (Bis)

 

HIRUROK:

                        Euskaldun gazteak ez gaude, ez, lo

                        Munduko berrien egun guztien so.

                        Hona etorri gara, sexuaz aritzeko,

                        Euskadin gutxi ta, gaizki egiten delako.

 

Kanta bukatutakoan, neskek alde egiten dute. mutila eszenatokiaren aurrealdera doa. Publikoarekin hitz egingo du.

 

MUTILA: Ez, euskaldun gazteok, ez gaude, ez, lo. (Eseri egiten da, publikoari begira) Joņo, joņo, joņo... Sexua aipatu, eta teatroa gainezka. (Zigarro bat pizten du) Ai, ai, ai! (Errieta gaiztoa) Zuek ez zatoztela komedia ikustera, biziosillos! Hay ke joderse! (Ikusle bati) Zer? Orgia ta desenfrenoa ikusiko zenuelakoan? Begira, eljodioporkulo. Hiru euro ordaindu, eta Sodoma eta “Gamarra” nahi du. (Gainontzeko ikusleei) Dena den, ongi etorri.

            Ba, bai. (Patiora jaitsiz) Izan ere, sexuaz hitz egingo dugu. (neska bati) Hitz egin esan dut, politte; izterrak banatu ditzakezu. Erlajatu! Horrela, bai. Erabili, ez duzu erabili egingo, baina gutxienez, “tortoliak” ez dizu usaina hartuko. Zaude lasai. Hemen ez zaizu ezer gertatuko. (Tejoa) Beno, nahi ez duzun ezer, noski. (Ondoan duen mutilari begira) Alboko gauza xxx hori zure... sponsorra al da? (Bai/Ez) Esan baietz. Sexuari buruzko jardunetara, badaezpada ere, lan-tresnarekin etorri behar da. Gainera, komediarekin aspertzen bazara, hemen berotzen hasi, eta gero etxean errematatzen duzu. (Kondoi bat atera, traszendente) Egin ala ez egin, hortxe dago gakoa! (Ikusle bati ematen dio) Osasunez urratu! Beno, ez, hobe urratzen ez bada.

            Aspaldi, oso aspaldi, Barakaldon euskaraz egiten zenean... baten batek, zera esan omen zuen: “Bere historia ezagutzen ez duen Herria, hura errepikatzera kondenatuta dago”. (Esaldiaren efektua neurtuz) Esaldi borobila, inondik ere. Baina, eta hona hemen nire galdera: zer gertatzen da bere Historia sexuala ezagutzen ez duen Herriarekin, um?

            Euskal Herrian, zoritxarrez, ez dugu “Mastermendieta” edo “Jhonsongoitia” bat eduki.

            Eta, ezin esan Euskal Telebistak gauza handirik argitzen digunik! Dokumental piiiloa ematen du, hori bai...

            Dagoeneko, makina bat aldiz ikusi dugu nola egiten duen Afrikako lehoiak, Sabanako jirafak, Galapagoetako galapagoak, bale urdinak, Amazonetako gorila erraldoiak... Eta hori guztia oso ondo dago. Ez egin dudarik. Oso, oso ondo. (Larri) Baina, eta gu, zer? Nola jakin, nola asmatu zer gertatu den izara guztien azpitik eta koltxoi guztien gainetik? Nori galdetu?

            (Lasaiago) Hainbat alorretan, abadeak, praileak... Enfin, elizgizonak izan dira gure kultura, hizkuntza eta tradizio zaharren “bortxaezineko” gordelekua. Baina, ez dut uste gai honi buruz lehen eskuko iritzi fidagarririk edukiko dutenik... (Deabru) Ala, bai?

            (Traszendente) Nondik gatoz? Nora goaz? Agian, Aitorren seme-alabak garenok, esporen bitartez ugaltzen gara, perretxikoak bezala?

            Egia izango ote da txikitan, titikumeak ginenean, azaltzen ziguten azalore edota zikoinaren kontu hori? Euskaldunok, bene-benetan “eitten al deu?”. Demokratikoki hautatutako Lehendakari batek, egiten al du? Are ta gehiago, Lehendakari batek, bere emazte propioarekin egiten du? (Kabroi) Imaginatzen duzue? (Eskenatokira bueltatuz)

            (Animatuago) Tira, lagun artean gaude ta. Benga, konfidantza osoarekin. Altxa dezala eskua, hilean behin baino gehiagotan egiten duenak. (Publikoari begira, zenbatuz, edo) Aurrera, beldurrik gabe. Bi... lau... zortzi... Malooo!

            (Egunkari orri bat atera eta irakurriz) “Euskaldunok astean behin egiten omen dugu”. Estatistikek ez dute gezurrik esaten.

            (Maltzur) Argi ibili, gero, e! Baten bat zuei dagokizuen kopuruaz aprobetxatzen ari da.

 

neska 1 jantziz aldatu da eta ezkerraldetik ageri da.

 

NESKA 1: (Letxe txarrez, mutila imitatuz) “Zuen kopuruaz aprobetxatzen ari da”. Matxista haiz, gero! Ta? Hori, hire esperientzia propioarengatik esaten duk?

MUTILA: (Altxatuz) Nire esperientz...? Tira, neska! Ez txorakeriarik esan! (Matxito) Gustatuko litzainake nirea bezalako “expediente sexuala izan”.

NESKA 1: Bai, (Izenbura) “Expediente X”.

MUTILA: Ja-ja. Graxioxa! Jakinzan, estatistikek kaleko errealitatea islatzen dutela. (Egunkari orria emanez) Ikerketa hauek osatzeko, soziologoek aukeratzen dituzten parametro objetiboak...

NESKA 1: Ze parametro ta ze parametrondo! (Ironikoa) Ugaitz, hik ba al dakik Olentzeroa gurasoak direla?

MUTILA: (Serio plantak. Sinistuta) Ez esan! (Borrokarako prest) Hor ageri diren datu hauek...

NESKA 1: (Moztuz) Hemen ageri diren datuok maitagarrien ipuinak baino fantastikoagoak dituk. Mesedez! (Orria bueltatuz)

MUTILA: A, bai? Eta, zertan oinarritzen da berorri hori esateko? Jakin badaiteke, noski.

NESKA 1: 1. Inkesta horiek gizonezkoek egiten dituzte. Beraz, garrantzi handiagoa ematen diote kantitateari, kalitateari baino. 2. Inkesta horiek betetzerakoan gizonezkook musean baino gezurteroagoak zarete. 3. Inkesta horiek betetzen dituzuenean gizonok nahia eta errealitatea nahasteko ohitura itsusia izaten duzue. 4. Inkesta horiek...

MUTILA: (Moztuz) ...Inkesta hauek egin dituzten gizonek, zorionez, ez haute hi ezagutzen. (Zintzo itxuraz) Karmele, lagun bezala esaten dinat. Garraztasunik gabe. Gizon arruntekin hartueman arruntak mantentzeko arazo psikologikoak baldin baditun...

NESKA 1: (Sua) Nik? Arazo psikologikoak nik? Burutik eginda nagoela esan nahi didak? Baina... baina... Marka duk hau, gero! (Histerika) Nik ez diat arazo psikologikorik, aitu!? Nik ez diat inolako arazo psikologikorik!!

            (Bere onetik irtenda) Zorionez, ni emakume orekatua nauk!! Ez diat hire gomendio matxistarik behar! Nire konflikto psiko-somatiko-sexual guztiak Tai-Chi eskoletan gainditu... Ei! Ugaitz, non hago? Ugaitz!!! Mutil aluba!

 

mutila, neskaren mitinaren erdian, eskuinaldetik desagertu da. “Touchée”.

 

NESKA 1: (Publikoaren aurrean lasai agertu nahirik) Gabon. (Irri fortzatuaz) Kasurik ez, horri. Ni, ni ez naiz horrelakoa, ez pentsa. Benetan. Baina ahobero horrek izugarrizko abilezia dauka nire onetik ateratzeko.

            (Gaiaren haria berreskuratuz) Gaiarekin jarraituz, gure egoera geo-erotikoa, berezi xamarra bada ere, ez da zakilbero horrek azaldu duen bezain larria. (Kotila) Iturri onetik dakit urtebete pasatxo daramala... zeratu gabe. Y eso marka!

            Euskal Herrian... “maitasuna egiten da” munduko toki guztietan bezala. Bestela, gu ez ginateke hemen egongo, ezta? Egin, egiten da; gutxi ta gaizki, baina egiten da.

            (Bat-batean) Aizue. Gauzatxo bat... Jakinmina, besterik ez. Zuetako nor da “Birgoa”? (Ixilune laburra) Horoskopoan, noski.

MUTILA: (Off) Gogoan izan estatistikek ez dutela ezertarako balio!

NESKA 1: Hil hadi! (Publikoari) Teoria txiki bat frogatu nahi nuke. Ea, faborez, “Birgoak”? (Zain. Asko omen dago) Banengoen ba ni! Hara. Hau da nire teoriaren ardatza: euskaldun gehienok Sant Sadumi d'Anoiako mahatsondoen fruituak gara.

MUTILA eta NESKA 2: Alaaaaaa! Astobehia! Nora zoaz! Bakaburra!

NESKA 1: Bai, egizue barre. Inorante izatea zer den! (Publikoari, berriro) Hara. Birgo signoa, irailekoa da, ezta? Bai? Bai!... Eta, iraila, bederatzigarren hilabetea da, ezta? Hortaz... Egutegian bederatzi hilabete atzera jotzen badugu... zer dugu? (Efektoa kalkulatuz) Gabonak!

            Eta, zer gertatzen da gabonetan? (Berriro efektoa kalkulatuz) Ba, amak xanpain kopa pare bat hartzen duela... eta ohituta ez dagoenez... txispatu egiten da... harresia jeitsi... aitarekin ohean sartu... ta... Birgo!

NESKA 2: (Burua agertuz) Karmele, pottoki... Inporta ez bazaizu... Zain gaude ta.

MUTILA: (Off) Emaiozu azken aukera. Gajoa ligatzen saiatzen ari da... Jua, jua, jua.

NESKA 1: Zakila Ferrero Rocher baten moduan utziko dizun txankro bat aterako ahal zaizu! Banoaaa! Jo! (Atsegin. Publikoari) Ba, zera... Zuen baimenarekin, Pirineoetako alde bietan hedatzen den Herri honetako teilatupean sartuko gara. (Azafata) Prest? Askatu gerrikoa, hartu arnasa... A! Eta bidaian zehar, aretoaren iluntasunaz baliaturik, zuena ez den esku bat nabaritzen baduzue... Kontuz karterarekin.

 

neska badoa. Iluntasuna.