Eingo al deu?
Kepa Gallego
Eingo al deu?
Kepa Gallego
Artezblai, 2006

 

HITZAURREA

 

Keparen asmoak, orgasmoak

 

            Kepa Gallegok ederto asko ezagutzen ditu antzerkiaren gaitasun eta zirrikituak, esan nahi dut badakiela, antzerkiaz baliatuz, ikuslegoari “zirriak” egitea posible dela.Esperientzia handiko gizona da zalantzarik gabe, eta sinestu egidazue, sexuaz edo antzerkiaz dihardugunean hobe esperientziaduna bada gure bikotekidea.

            Kepak badaki adibidez, tamainak garrantzia duela, kalitateak bezain beste gutxienez, eta hiru aktorentzako ikuskizuna proposatzen digu, Euskal Herriko edozein antzoki edo txoko ilunenetan sartu ahal dena;eta behin saioa bukatu ondoren... atera. Izan ere, antzerkiak, antzerkia izango bada, oholtza gainean behar baitu ikuslegoaren aurrean, zuzenekoan, eta ez inprimatuta soilik.Teoria inportantea da, jakina, teoria konplexu, sakon, ikaragarri luzeak eta bolumen handikoak ere osatu behar dira, nola ez, baina horiek guztiak praktikatzerik ez badago, malo.

            Irakurtzen hasi orduko igartzen da, gainera, egilea sarri “biluztu” dela publikoaren aurrean aktore, zuzendari zein idazle gisa, eta trebeziaz eta lotsagabe jorratzen du gaia. Esan daiteke Kepa “potro-jorrean” ari zaigula une oro testuan zehar, zirikatzaile, sexuaren hainbat alderdiren harira jostalari.

            Erritmo egokia ezartzen du hasieratik, jakin badakielako hala egin ezean bikotekideak lo hartu dezakeela eta saioak, halabeharrez, porrot egingo duela. Badaki beraz, antzerkigintzaren gakoak eta moldeak ofizioz erabiltzen eta ikuslea erne mantentzen du, goxo-goxo, bero-bero, parte hartzeko gogoarekin. Antzerkiak hori eskatzen duelako, bi aldeen parte hartzea. Zera, Kepak eman bakarrik ez, hartu ere egiten duela, alegia... alegria.

            Sexu kontuetan irudimenak ere berebiziko garrantzia omen du, eta hara, Kepak hainbat fantasiatan murgiltzeko aukera eskaintzen digu, hainbat istorio barregarritan, pizgarriak guztiak. Gero norberak erabakiko du pasarte bakoitzaren bukaeran irrifar egingo duen, barre franko, edo txilio eta algaraka amaituko duen; izan ere, orgasmoak ez bait dira beti berdinak izaten.

            Testu dibertigarria, zorrotza eta zuzena eskaintzen digu Kepak. Berak hala deskribatzen du: Ekitaldi bakarreko fartsa ludiko-sexuala. “Fartsa” eta “ludiko” hitzak ez dira maiz sexuarekin lotzen, gehienetan beste hitz batzuk datozkigu burura sexua entzun orduko: deseroso, ezina, beldurra, zalantza, lotsa, eskasa, atsekabe, laburra... Edo azken boladan sexuaren sinonimo nagusitzat erabiltzen dena: Porrota.

            Kepak, ordea, sexua, euskara eta antzerkia batu eta nolabaiteko menage a trois-a ihausa, katxondoa, burutu du. Proiektua ausarta da benetan, batez ere euskara eta sexua ohe berean sartzea zuhurgabekeria delako. Egileak nonbait euskaldunak sexuarekin obsesionatuta gabiltzalako susmoa du eta horretaz hitz egiteko premia dagoela ondorioztatu du.

            Hala bada, hemen duzu irakurle, obsesio horrentzako terapia egokia, edozelako lekutan praktikatu daitekeena gainera, egongelan, komunean, ohean, autoan, igogailuan, kafetegi batean edo eta etxe ondoko parkean. Eingo al dezu?

Jokin Oregi