Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Eusko Jaurlaritza, 1992
Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Eusko Jaurlaritza, 1992
[aurkibidea]

 

V. AKTOA

 

 

1. eszena

 

(Egun berbera. Gaua. Mariren etxe aurrea).

 

MA: (Mozolu hotsak ateratzen) Uuuu! Uuuu!

 

(marik irteten du).

 

MA: (Ixilimatuan) Mari!

MARI: Heu haiz? Martin? Nun hago...?

MA: (Berarengana hurbilduz) Ai Mari! Hemen hago!! (Besarkatuz eta musukatuz) Izugarrizko gauzak pasatu dittun...! Hi! Ama...! Sorginak...!

MARI: Nondik hator? Non zegok arraultza...?

MA: Esaidan... Hemen egon haiz egun guztian...?

MARI: ...Bai. Zer ba?

MA: (Neskari fuerte helduz) Ez iezaion inori esan. Inoiz ere ez! Entzun...?

MARI: Bai, Martin!

MA: Sorginek lagundu dinate...

MARI: Ta zer? ... Gaizki?

MA: Ez baina, nik pentsatzen ninan, zera..., Gorriek, sorgin Gorriek, alde egin zutela beste lurralde batzuetara, eta besteak, sorgin-sorginak, hemengoak, bertokoak ba..., harrapatu eta ezer esateko astirik gabe, denak erre egin zituztela...

MARI: Eta nolakoak zituan hiri lagundu diatenak, Gorriak ala besteak...?

MA: Ez zekinat... lehenengoak Gorriak edo..., baina gero lagundu didatenak ba... besteak..., ez dakit, ez zienat aurpegirik ikusi...

MARI: Agian, ez zizkiaten denak erreko... Eta hor ibiliko duk, banakaren bat solte, mesede egin nahirik... Baina beno, lortu duk orduan?

MA: Arraultza...? Bai. Nun dun Tulo...?

MARI: Oraindik barteko mozkorra gainetik kendu ezinik. Ohean pasatu dik egun guztia.

MA: (Arraultzarekin) Noiz egingo dinagu...?

MARI: Oraintxe bertan. Goazemak... (Alde etxe barrurantz).

 

 

2. eszena

 

(Bidean, Martinen gurasoak; maritxuren “kutxa”rekin).

 

P: Ai Maritxu! Derrigorra al zen Kutxa zahar hau ekartzea? Haugatik ez digute txanpon erdirik ere emango...! Sitsak janda dago dena eta...!

MARITXU: Zaude ixilik eta ez kexatu! Barruko erropa behintzat salbatu dugu...! Suari begiratu izan bazenio, ez ginatekeen hemen egongo...

P: Esan al didazu ba, begiratzeko...? Agur esateko astirik gabe alde egin bait duzu tximisten antzera...!

MARITXU: Ixo! Herbeherako azken etxean morroi berria hartu badute, hementxe egon behar du eta...

 

(off: Izugarrizko orroea entzuten da).

 

P: Zer izan da hori...?

MARITXU: Entzun...? Esan dizut hurran gabiltzala!

 

(Alde egiten dute).

 

 

3. eszena

 

(Mariren etxe aurrea. martin eta mari, harri handi eta erraldoi batekin, etxetik irteten).

 

MARI: Arraultza biguna, bekoki gogorra, ez duk hain zaila izan, ez da?

MA: Hau jakin izan bagenu, erreka ertzera bertara hurreratuko gintunan...

MARI: Bai eta nola konbentzitu...?

MA: Hori ere egia dun. Itxaron, atseden hartu behar dinagu.

            (...)

MARI: Helduiok, benga! Paretik kendu nahi diat ahalbait lehen eta...

 

(martinen gurasoak iristen dira).

 

P: Gauez ere lanean...?

MA: ...Aita! ...Ama! ...Zer egiten duzue hemen?

P: Ikusten duk! Gau epela eta ilargipean, denbora pasan...

MA: ...Itxaron... Ataurrea konpontzen ari gara ta... honek enbarazu egiten digu...

 

(gurasoak eszenan. Eurei begira).

(“Off” en zarata haundi bat entzuten da. Harri handi batek, errekara jaurtikitzerakoan aterako lukeena).

(mari eta martin datoz).

 

MA: Ia! Akabo!! Aita, ama, hau Mari da. Ezagutu nahi nuen mundu desberdineko atarian, morroi hartu nauen “printzesa”. “Ezpata zorrotzez” gordeko dudan gazteluko altxorra. Basoko “jentil” haren antzera maiteko dudan emakumea!

P: (Bere buruari) “Esaten dut baina nik, esaten dut...”

MARITXU: (mariri) Aurpegi ezaguna egiten zait... Nuntarra haiz...?

MARI: Bertokoa. Niri ere ezaguna egiten zait berorrena.

P: Neska! Obispoaren aurrean bahengo ere...! Gure aurrean ez hadi behintzat “berori”ka hasi...

MARI: Horrela deitzen nion Tulori eta...

P: (martini) Nor duk “Tulo”?

MA: E... Bere..., be... bera zaintzen zuena...

MARITXU: Ta nun duk orain ba...?

MARI: ... Bart hil da.

MARTIN: ...Bai, gaur ...”lurperatu” dugu...

P: (mariri) Bakarrik hago orduan...? Ez dun familiarik...?

MARI: Ez...

            (...)

MA: Nolatan etorri zarete hona, ba? Nola aurkitu...?

P: Ixilik egon hadi ixilik! Aipatu ere ez egik egin...

MARITXU: Etxea erre zaiguk mutiL Gaur goizean, etxetik irten beharra izan diat, (mariri begiratuz) Kontsezik erditu behar zuelako, baina azkenean ezer ez, eta (semeari berriro) erropak utzi dizkiat lehortzen, sutondoan, eta hurreregi edo, sua hartu ditek eta gero kortinek eta handik aurrera danak... Asko be ez zegoan baina orain, ezer ez.

MA: Liburua ere bai, ama?

MARITXU: Dena Martin, dena.

            (...)

MARI: Trankil! Tulo aberatsa eta zekena zenez, kutxa bete diru, etxe hau eta lur sail galantak utzi ditu... dizkit eta nik neuk bakarrik, zer egingo dut horrenbeste gauzarekin...? Goian beste etxebizitza bat dago gainera, zaharra baina osorik. Nahi baduzue...?

MARITXU: (prudentziori) Zer diok aita?

P: Ezingo dugu atzera egin... e, seme...?

MA: Ez naiz gogoratu ere egiten azkenengoz ahoratu nuen kopauaren usaina nolakoa zen...

 

(gizonak barrurantz).

 

MARI: (Ixilimatuan) Ama zanak itxi eustan kutxia be bardin-bardina zonan.

MARITXU: Sorgintar guztiok geunkenan bana. Danok bardina. (Begiratu inguruetara) Tulo, zer?

MARI: Errekan, uretan, betirako harrituta.

MARITXU: Sasoia zonan...! Zer jakin Martinek?

MARI: Behar den beste; gehiagorik ez.

MARITXU: Hobeto.

 

(Elkarri begiratu. Kutxa bien artean jaso eta irrintzia botako dute. Beste bi, ahulagoak entzungo dira. Lehenengo bat; gero bestea).

(gizonak datoz).

 

MA: Zer izan da hori?

MARITXU: Sorgin kontuak mutil, sorgin kontuak...

MA: Bueno, bueno, baina sorginik badago ala ez dago...?

P: Berauek! Berauek dituk seme, nahiko sorgin!! Gure amak egin dik lagun berria eta kontuz ibili hadi, kontuz ibili hadi! Emakumeak...! Ikasiko duk...! (Ixilean) Txarrak ez dituk! Baina... nola esango nikek, apur bat... “bereziak”, desberdinak... Onen-onena “baietz” esatea... Ez diskutitzia... Ikasiko duk...

 

(Oinaztargiak eta trumoia hasten dira. Barruan sartzen dira denak).

(Argi eta zaraten artean, ahots emegatu bat entzungo da; tulorena, alegia).

 

TULO:

                        “Sorgintarrok, harrapatu nauzue,

                        baina ez izan bakerik!

                        Beste deabru bat bilatuta

                        bihurtuko naiz... ilargi”.

 

            Ai! Txingorrik ez! Txingorrik ez baina! Lehen ere ondo bustita nago eta...!! Ai! Ai!!!

 

(Ilundu).