I. AKTOA
(1627.eko Udaberria. “Maratin”go basoko etxe bateko sukaldea. Traste gutxi. Argi gutxi. Goizeko 7ak. prudentzio, maritxu eta martin).
1. eszena
(maritxu txokolatea egiten. Leihora osterak egiten ditu zeozer arrarok deituko balio bezala. prudentzio dator).
P: Egunon!
MARITXU: Egunon!
P: Hau da eguraldia! Mendirako aparta...
MARITXU: Mendira al zoazte?
P: Bai. Landa gaineko basoa zertan den ikusi behar dugu. Martin jaiki da?
MARITXU: Ez. Oraindik ez. Atzo berandurarte liburua ikusten somatu nuen, eta apur bat gehiago utzi diot.
P: “Liburua...!”. Ez dakit zer aurkitzen duzuen paper zahar horietan...!
MARITXU: Gaizki egoten zara ba, zu zeu ere, adurrak dariola, bertako kontuak kontatzen dizkizudanean...
(andreari atzetik heltzen dio).
P: Zatoz hona, eder hori...!
MARITXU: Ai! Zertan zabiltza baina...?
P: Zatoz hona...! (Bere altzoan eseriz). Eguraldi aparta, seme zintzoa, andre paregabea, zer gehiago behar du gizon batek?
MARITXU: Geldi, geldi... Mutila etorriko da.
P: Berandutxo ezagutzearen pena baino ez daukat... Emakume baten kolkoan ezkutaturik kontu zaharrak entzuten lokartzea baino gauza hoberik ez dago munduan...
MARITXU: Ixo... Zoro hori...! Entzun egingo digu...
P: Gaur ere berakasalda goiz hartu eta ohera...
MARITXU: Baina, ze agure zahar...
(martin sartzen da; liburu eta poltsa batekin).
MA: Egunon!
(ama eta aita berehala banatu eta bakoitzak bere “rola” berreskuratzen du).
MARITXU: Egunon seme! Txokolatea hotzitzen daukak... Oraintxe nindoan deitzera... Liburua ere badaramak...? Aitari ere kontaiok bataren bat..., gustatzen zaizkiok eta... Berehala prestatuko dizkizuet kopau bana hamarretakorako...
(ama, janaria prestatzen).
P: Zertarako hartu duk sakuto hori...? Aste osorako bagindoazak ere...
MA: Ama, aita, ba noa.
(ama geldi. Hasieran bezala leihora begiratzen du berriz ere).
MARITXU: (Ahopean) Banekien.
P: Itxoin ezak. Txokolatea jan eta oraintxe bertan joango gaituk...!
MA: Ez aita. Mendira ez. Lan bila noa.
MARITXU: Zer diok baina txotxo...? Nora baina...? Ez hago hemen ondo ala? Bazekiat aberastasun larregirik ez daukagula, baina ogi zati bana ez zaiguk inoiz falta izan...
MA: Ez ama. Ez da horregatik. Inoiz ez dut mendi hau besterik ikusi ta aspertuta nago! Apurka-apurka, zeozer desberdina izatera heldu nahi dut...! Printzesa baten morroi leiala edo ta zaldun ausarta bat edo ta..., gaztelu handi bateko zaintzaile fina!!
P: (maritxuri) Esaten nizun baina nik, esaten nizun “liburu” horrek burua berotu besterik ez duela egiten...
MARITXU: (Senarrari) Ixo! Horrek ez du zerikusirik eta... (Mutilari) Baina mutiko! hamasei urte baino ez dauzkak. Itxoin ezak... pare bat urte, eta orduan ba... mugituko gaituk non edo nora...!
MA: (Liburua eskuetara luzatuz) Ez ama! Oraintxe joan behar dut. Eta bakarrik, gainera! Uler ezazu! Basoko jentil hark ere hamalaurekin alde egin zuen. Eta “Ezpata Zorrotz”ek hamahirurekin...
MARITXU: Baina horiek ipuinetako kontuak dituk ume!!!
P: (Andreari) Zer esaten nizun nik...?
MA: Ama! Zuk beti esan didazu ipuinek bizimodua irakasten dutela...
MARITXU: Bai baina... (Gizonari) Esaiozu zeozer, gizona!
P: Nik? Gero biok bat egin eta neure kontra altxatzeko? Et, et, et, (bere buruari) makalak dituk ba...! (Andreari) Esaten nizun nik, esaten nizun. Orain, alferrik da. Doala! Eta ... Jaungoikoak lagun egin diezaiola...!
MARITXU: “Doala”...? Erreza da esatea...! Irin tantarik ez dugu etxean. Ganbaran otzarakada bat patata eta..., dozena t’erdi sagar eskas egongo da... Oilo guztiak lokatuta eta behiak matxordatu enean daude! (Senarrari) Zure senideek, gabonetan txerri erdi eraman ziguten, “erregalo”... Mendira joaten zaren bakoitzean, bueltan, aste erdi zeure onera bueltatu ezinik egoten zara. Niri, gauerako hanka guztiak narrazten zaizkit...! “Doala” eta nork zainduko gaitu gu...?
(Alde egiten du negarrez).
(martin bere atzetik dabil. Ez daki zer egin. Eseri egiten da, aitaren ondoan. Ixilik).
P: Ikas ezak...! Horrelakoxeak dituk emakumeak. Pasatuko zaiok...
(martin, aitari begira. Ixilik).
P: Behin adin batera iritsiz gero, horrela jartzen omen dituk. Aita zenak esaten zidan txikitan. Dirudienez, gure amari ere, sasoia iritsi zaiok. (Semeari) Nora joan nahi duk ba?
P: Nik ba...
(maritxu dator).
MARITXU: (Semeari) Barka iezadak seme! Neure buruari begiratu zioat bakarrik. Bazekiat! Zahartzen ari nauk, nonbait. Eta badakik, zaharrek dena etxerako! (Poltsa bat emanez) Hartzak, ez duk asko baina, lana bilatu bitartean ere zeozer jan beharko duk eta... Ai! Itxoin, txorixo mutur bat eta gazta pixkat, biderako... (janari bila albo batera).
P: (Semeari) Zer esan diat...?
MA: (Amarengana, besarkatuz). Ama, zin egiten dizut, berehala etorriko naizela, eta ez duzula gehiago lanik egin beharko...! Erregina moduan biziko zara. Benetan diotsut. Neuk agintzen dizut.
MARITXU: Hara, hara... Zakar hori...! Utz iezadak, utzi! Gizontzen ari haiz eta ezin onartu...! Kontuz ibili hadi, kontuz, jende maltzurra zebilek baztarretan eta hik txori asko daukak buruan...!
MA: (Aitarengana, besarkatuz) Aita, udazkena orduko, hemen izango nauzue eta herrira jaitsiko zaituzte't. Ez duzue gehiago ez hotzik pasatuko ezta lanik egin beharko!
P: Kontuz ibili hadi mutil, kontuz!
MARITXU: Martin! Hartu hau... (Janariekin poltsa) Boteilakada ura ere jarri diat, bidean egarrituta iturri gabe aurkitzen bahaiz, edateko. Eta hau... (liburua).
MA: Ez ama. Hori ez. Horiek lo egiteko kontuak dira; eta ni ez noa lo egitera. Agur.
(Alde egiten du).
MARITXU: (Liburua eskuetan duela) Ez du txokolaterik ere amaitu...
P: Bihar goizean ere hori, ur parrastada batekin ez da txarra egongo...
(...)
MARITXU: Ilundu aurretik etorriko zara?
P: Bai. Neuk gobernatuko ditut oiloak.
MARITXU: Gogoratzen bazara, goroldio pixkat ekarri, loreei ipintzeko. (Bokadiloa eta ardoa emanez) Tori.
P: Beno, gero arte ba orduan... Maritxu, egon lasai; mutil zintzoa hazi dugu eta ez da okertuko.
MARITXU: Bai. Bai. Lasai nago. Ale, zoaz. Orduak aurrera doaz eta...
(prudentziok alde egiten du).
2. eszena
(maritxu bakarrik. Leihotik begira dago. Minutu batzuk ondoren, mahaia “ate” ondora eraman eta ertz baten dagoen kutxa erdiratzen du).
MARITXU: (Bere buruari) “Doala”, “doala”... Holan zainduko dok hik semia. Higatik, etxeak lurra joez gero be... “Doala”, seme bakarra izan, hainbeste ahalegin egin, eta “doala”.
(Kutxa ireki eta hutsitu egiten du. Barruan, izarak, toallak eta barruko erropak daude).
Hainbeste ahalegin egin ta... Zelan don hau orain? Hainbeste denbora... Hainbeste kontu... Ai Martin! “Hauek lotarako dira eta ni ez noa lo egitera...”. Ez juat nik lo egin dagian nahi, baina okertzen bahaiz... Zelan zonan baina hau...? Ia, ia...
(Kantatzen eta apurka-apurka dantzatzen hasiko da kaxaren bueltan).
Xarpaxarri, xarpaxarri
lotan egon dena,
irten hadi!
Xarpaxarri, xarpaxarri,
barrutik kanpora
indar beterik
barrutik kanpora
ialgi hadi!
“Abrite portas, klis-klas!”.
(Kutxa azpian dagoen kaxa txiki baten atea ireki eta soineko beltz luze bat, eta belar sikatuak aterako ditu; hautsez beteak. Ondoren, soinekoa jantzi eta irrintzi bat botako du. Gero, erantzi eta berriz ere traste guztiak gorde, “ixileko” atea itxi, izarak e.a. sartu eta mahaia erretiratzen hasiko da, ezer gertatu ez bailitzan).
(Ilundu).