Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Eusko Jaurlaritza, 1992
Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Eusko Jaurlaritza, 1992
[aurkibidea]

 

III. AKTOA

 

 

1. eszena

 

(Egun berbera. Gaua. mari eta tuloren etxeko sukaldean, afaltzen).

 

TULO: Arroz-esnea gaur? Ze egun dun ba?

MARI: Maiatzak 1a.

TULO: Ai! Jakina! Zergatik ez didan ezer esan? Atzo gogoan neukanan ta... (martini) Hamabost urte betetzen dituk gaur... Urtero prestatzen didak zeozer berezia afaltzeko...

MA: A! Zorionak, Mari.

TULO: Eseri hadi baina neska! Ez dun mokaurik ere jan! Eseri hadi...!

MARI: Ez aita. Axola ez badio berorri, bihar egingo dut harrikoa. Buruko minez nago eta ohera noa.

TULO: Beno, beno...

MARI: Gabon aita. Gabon Martin.

GIZONEK: Bai, gabon.

MA: Ni ere banoa ohera. Bihar goiz jaiki behar baldin bada...

TULO: Itxaron ezak mutil... Oraindik goiz duk eta... Eskailerapeko ardoa! Ez duk bazterretan honakorik bilatuko...!

MA: Ez, ez, ez... Benetan. Eskerrikasko. Beteta nago. Beste baten, beste baten.

TULO: Beno, beno... Heuk galtzen duk...! Nik neuk behintzat eman behar zioat beste pare bat tragoska, oheratu baino lehen...

MA: Gabon. Bihar arte! (Alde).

TULO: Bai!, gabon!

 

(Bere buruarekin, ardo botilatik edaten).

 

                        “Mari Petralin, Mari Petralin!

                        erre hintzan erre

                        baina ez ni.

                        Inor ez dela

                        betirako.

                        Ai, hi ez, hi ez

                        baina deabruaren laguntzaz,

                        ni bai ni!

                        “Biba neu! Biba neu!!” (Boteilari emanez).

 

(mariren logela. mari, kamisoi hutsik. Hamabiak entzuten dira. Azken kanpaia entzun ondoren, kutxa bat ateratzen du).

 

                        “Xarpaxarri, xarpaxarri

                        lotan egon dena

                        irten hadi.

                        Xarpaxarri, xarpaxarri

                        Mariren alaba

                        indartu hadi!!”

                        “Abrite portas, klis-klas!”.

 

(“Konjurua” bota ondoren, kutxa barruko beste kaxa txiki bat irekiko du, kontuz-kontu. Barrutik paper bat. Papera irakurtzen du).

(Zarata bat leihoan. marik gauza guztiak berriz gordetzen ditu).

 

MARI: Nor da?

MA: (off. Ixilean. Leihotik) Mari! Neu naiz. Martin. Ireki mesedez...

MARI: Zer behar duzu?

MA: Ireki...

 

(mari zalantzan. Azkenean, ireki egiten dio. martin sartzen da logelan).

 

MARI: Zer behar...

MA: Tori. Zuretzat. ladanik berandu baina...

MARI: Zer da?

MA: Irakurri... Hamabiak jo aurretik eman nahi nizun baina azken hitza falta zitzaidan...

MARI: (Irakurriz).

                        “Lainoa izarra harrapatzera doa

                        izarrak ilargira joan nahi du;

                        ilargiak gaua hartu du beretzako

                        baina gauak egun bihurtu behar du”.

 

                        zorionak guztiek indarberrituta,

                        egun berria erditu aurretik.

 

(martinek musu bat eman eta alde egitera doa).

 

MARI: Martin...!

MA: Zer...?

MARI: Gauza batekin enteratu...

 

(Zarata bat entzuten da).

 

MARI: Aita!! Zoaz! Zoaz!! Arin! Enteratzen bada...

MA: Zer da baina? Zer da?

MARI: Zoaz!! Itxaron behean! Loren ostean...!

 

(martinek alde egin eta mari, aitarengana).

(tulo, sukaldean, tente mantendu ezinik).

 

TULO: “Martin, Martin ibili hadi argi...!”.

 

(mari heltzen da).

 

MARI: Zer du aita?

TULO: Nun zegon?

MARI: Nor aita?

TULO: Hik badakin, ondo ere...

MARI: Gehiegitxo edan du... Lagundu egingo diot oheratzen...

TULO: Haserretuta hago nirekin?

MARI: Ez aita. Zergatik?

TULO: Ez naun gogoratu hire urtebetetzearekin... Tori, har itzan, bost txanpon soineko berria erosteko (poltsikotik atera eta lurretik jausten dira txanponak). Ondo konpontzen gaitun ez da?

MARI: (Diruak batzen) Bai aita. Ale, goazen ohera...!

TULO: ...Eta pentsatu dinat, ...lehen ere morroirik gabe bizi gintunan eta berriz ere bizi gintezkeela...

MARI: Zergatik dio hori? ...Martinek egur guztia xehetu du...

TULO: Bai, bazekinat... Baina etxe honek ez zeukan hori

pagatzeko lain...

MARI: Aita, nere soinekoak itxaron dezake...

TULO: Ez, ez, ez! Hori, heure oparia dun... Herriko neskarik politena izan hadin nahi dinat... Hire amaren antza daukan baina hura baino hobea haiz... Mari Petralin txarra, gaiztoa eta dongea hunan... Ta hi, hain haiz goxoa eta eztia... Aspaldian ez didan musurik ere eman... Emaidan txiki bat... Musutxo bat aitari...

MARI: Aita, berandu da... Bihar jaiki egin beharko du. Neuk lagunduko diot. Ale, ohera...

TULO: (Lurrera jausten da) Ez! Utz iezadan! Berton egingo dinat, berton lo... Baina aurretik emaidan musutxo bat... Musutxo bat... Bat bakarrik...

 

(mariren atzetik dabil tatarrez, baina honek ihes egiten dio. Halako baten, lurra jo eta bertan geratzen da; lo. Zurrungak mantenduko dira gero ere, bere presentziaren testigu).

(marik, ixil-ixilik alde egiten du).

 

 

4. eszena

 

(Ataurrean, martin eta mari).

 

MARI: Entzun, dena daki.

MA: Zer daki baina?

MARI: Dena. Zu nire gelara etorri zarela...

MA: Nola baina...? Ixil-ixilik ibili bait naiz...

MARI: Esan nizun, pentsamendu eta desio ezkutuenak ere ikusten dituela...

MA: (Erdi barrezka) Aztiren bat al da ba?

MARI: Ixo!! ...Txarragoa. “Etsaia” da. “Etsai zaharra”.

MA: Zerrr?

MARI: Eta beraz, suntsiezina; hilezina.

MA: Zer diozu baina? Horiek ipuin kontuak dira...

MARI: Zuk uste duzu ni benetakoa naizela?

MA: Zu bai...

MARI: Lagunduko zenidake eskatuko banizu?

MA: Edozertan.

MARI: Benetan?

MA: Bene-benetan. Goizean erropa esegitzen ikusi zaitudanetik nago horren zain...

MARI: Entzun ba orduan, eta bukatu arte ez galderarik egin.

MA: Bai... Esan... Hori da aurpegia! Zuri-zuri jarri zara... Lasai, eman eskua, esan, lasai, ez izan beldurrik. Hotzak zaude, goazen... kortara...

MARI: Kontuz baina... Esnatzen bada...

 

(tuloren zurrustadak entzuten dira. neska-mutilek alde egin).

(Ilundu).