Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Eusko Jaurlaritza, 1992
Badago ala ez dago...?
Yolanda Arrieta
Eusko Jaurlaritza, 1992
[aurkibidea]

 

II. AKTOA

 

 

1. eszena

 

(Basoa. Egun berbera. Gaueko hamabiak).

(maddi eta maialen sorginak. Irrintzi, erritmo eta mugimendu handiz sartuko dira eszenan. Baldar samar, baina itxura fin eta kristauekin nahasturik; batez ere maddi).

(Hamabi kanpai entzuten dira).

 

SORGINEK:

                        “Txirrian florian, handiko putz

                        erori-merori egin zurrust!

                        Lurrera handago harriko putz

                        luzaro, misaro, hartuko lutz!

 

                        Txirrian florian...”.

MADDI: Ai! Nahiko don! Zahartu egin non! Hogei urte dittun, izen be oraintsungo alkartu gintzonazena... Ai! Edadiak ez don parkatzen. Ai nire hankak...!

MAIALEN: Sarriago egin behar gendunazan ta...! Urak apur bat baretzen zirenean barriro alkartzen hasiko ginela baina ka! Inork ez jon gaur arte deirik egin! “Aker” ederrak topau gendunazan itxuria... Ai! Nire saihetsak...!

MADDI: Ixilik egon hadi! Ez egidan barregurarik emon, lepoko mina jaukanat eta...

MAIALEN: Hau don hotza! (Adarrak biltzen hasten da sua egiteko) Nun don Maritxu?

MADDI: (Laguntzen adarrekin) Ez jakinat. Indiarrei gatza botaten niherdunan irrintzia entzun dodanean eta ia-ia jaurti jonat lapikoa aidean! Gero, bertora etorri non, zuzen.

MAIALEN: Urteak aurrera baina gure Maritxuk bardin jarraitzen don gero...! Ha irrintzia egin donana...! Lehenako gau batzarrak akordatu eragin deustenaz... Egun guztia narruak tente egon non...! (...) Badon seme-alabarik?

MADDI: Ka! Gizon alperra hartu najonan. Badakin, alderdi guztietatik... Abade izandakoa don, eta horrei ez jakone sekulo usainik juten.

MAIALEN: Abadia! Hik be aukeratu ebenan...

MADDI: Ze egingo najonan ba? Badakin esaera zaharrak diņona: “Begia argi, arima garbi!”, eta nor hobia andre baten arima garbia aldarrikatzeko, abade izandako gizona baino?

MAIALEN: Bai. Nik neuk be egia esan, antzera egin najonan...

MADDI: Norekin ezkondu hintzan ba?

MAIALEN: Maisuagaz...

MADDI: Don Arturogaz?

MAIALEN: Bai. Eta ez non dana txarto bizi. Erderaz be ikesi jonat: “Soy mujer darturo”... Nork eta nik...! Pasetan dana zera don, gauero-gauero papelak leitzen egoten dala... eta hik badakin niri, lehena be zer gustetan jatanan...

MADDI: Maju zonan horretan aparta! Danokin jardun arren, beti ondo! Lastima plazan erre beharra. Tulo zikin horregatik izan ez balitz...

MAIALEN: “Tulo”! Ez egidan akordatu eragin...! “Hilezkor bihurtu behar nauzue; bestela, denok salatuko zaituztet eta banan-banan eroriko zarete...”, oraintxe be, entzun egin neikenaz bere berbak, arbola ostean zelatian harrapatu gendunian... Zertarako behar ete zonan betirako bizitza, bere sasoiko danak hilda, beti bakarrik bizi izateko?

MADDI: A...! Hak berea! Eta pareko denei egurra...

MAIALEN: Ta poxporoa Maddi! Poxporoa... Kabroiak halakoak!! Hemen gagozala balekin...!

MADDI: Kasualidadea izan zonan gero, gure Mari Petralini arpegiko oihala jaustea...

MAIALEN: Jausi bai! Berak, Tulok kendu jotsenan, gure Marik “Ni ez naz inor errekak itsaso bihurtzeko” erantzun eutsanean!

MADDI: Hamar urte ia Mari erre ebela ta... hamabost ia Maju... Zelan pasetan don denboria...

MAIALEN: Gizon txotxolo baten kasketaldi batengatik...! Nun ete jabin bera...? Samia jokatuko neuken, handik edo hemendik lortu dauela bere nahia...! Ama be saldu egingo leuken harek bereagaz urteteko!

 

(Zarata handi bat).

 

MAIALEN: (Adar bat hartuta) Ixi! Baten bat jabin...

 

(maritxu dator. Beste aldetik. Lehen agertu duen soineko beltzarekin; baina dena apurtuta, larrak zintzilika dituela; urratuta eta zauriz josita. Sartueraz bat, jausi egiten da).

 

MAIALEN: (maritxuri) Ze, ze, ze... ze don baina...?

MADDI: Nun ibili haz?

MARITXU: Lagundu egidazue! Lehenakoarena pasau jat! Hamabiak joten eta ataurrean, hona etortzeko prest nagoela, gizonak orinela nun dagoen preguntez ez jat hasten ba...? Nik, “azpian!” “azpian!, erropero azpian!” ta berak, ha be erdi gortuta ba, “nun? komoda gainean...?” Alperrik! Nik barriro “azpian” esan behar izan deutsat. Letania erdia neukan ahoan, eta berba esateaz bat, hor nun aurkitzen nazen, sasitzaz-sasitza eta lartzaz-lartza kriston abiadan bidera urten ezinik.

MAIALEN: Ta gizona?

MARITXU: (maialeni) Ha? Orain lo! Txakurra sartzera noian aitzakia erabili jonat. Hatan nabilelakoan lokartu izengo don. Hamarretan jun gaittun ohera eta ez gaittun lo egon, “prezisamente” eta badakin, ondoren, seko geratzen dittun...

MAIALEN: Jo! Hik bai suertea...!

MARITXU: Bai, ez don dana txarra urten astrapaladan eta asko begitzeko asti haundi barik aukeratu nebala kontuan izanez gero. Asko gure josten... Eta neuk be bai berari, neure erara... Nagi samarra don, behar bada, baina ondo konpontzen, beno konpondu izan gaittun hirurok. Gaur arte: (Biei) Semiak alde deusku etxetik.

MAIALEN: Zelan baina? Betirako?

MARITXU: (Biei) Bai, beno..., udegunean bueltatuko dala agindu dau baina batek daki...; ahalegindu naz ba, milaka kontu kontatuz, dozenaka irudi berarekin eginez, ustez, erdi iixilean izan arren, ustez ba bide onerantz zuzentzen, baina ka! (maialeni) Uste jonat danak alperrik izen direla...

MAIALEN: Sutearen ondorengoen arteko lehen ezkontzan badago Sorgintarron etorkizuna, ezingo deutsagu nobixuari alde egiten itxi...!

MADDI: Gitxiago nobixiaren piurarik be ez daukagunean...! (maritxuri) Hi, Mari, baina minik emon beharrik ez don egongo ez da?

MAIALEN: Minik ez baina sustu eder bat baten bati emoteko gogoa nik neuk bajaukanat behintzat...

MARITXU: Denbora gitxi daukagu, baina badakit zer egin geinken...! Lehenengo ta behin, geure mutilarekin hasiko gara... Zera, hauxe pentsau dot...

 

(“Plana” kontatzen hasten da ixilean).

 

 

2. eszena

 

(Basoaren beste alde bat. Gau berbera. Pare bat ordu beranduago. martin, galduta).

 

MA: (Bere buruari) “Trankil Martin! Gauak daukan bakarra, argirik eza duk... Trankil, trankil...! Ez zegok ezer hemen...! Sorgin guztiak erreta zeudek eta basajaunak ipuinetako kontuak dituk... Ez zebilek inor hemen... eta ez hago galduta...

 

(Zarata bat).

 

            Trankil, trankil Martin. Mozolo bat baino ez duk izan... Zaldun ausarta izan nahi baduk, sagu zaharren lagun ere bihurtu beharko duk...! Trankil, ondo hoa ta...

 

(Adarrak mugitzen hasten dira apurka-apurka geroz eta gehiago bere ingurune guztian zehar).

 

            Nor da hor? Nor da hor? Irten! Irten ea bidera... Irten ea, irten...

 

(Ezkututik).

 

MAIALEN: Nora hoia baina mutiko, sasoi hontan eta bakar-bakarrik?

MADDI: Ez dok lapurren bilurrik?

MARITXU: Sorgin parajea zan hau lehena...

MAIALEN: Kontuz ez ba habil, eurekin eroango habe...

 

(Hiru sorginak, adarrez mozorrotuta, bueltaka-bueltaka martin inguratzen).

 

MA: Non zaude? Irten bidera!!

SORGINEK: (Bera inguratzen).

                        “Tontolo-montolo

                        jeurt ta buelta!

                        etxerako bidia

                        hartik orain...!”.

MA: Ez! Eta utzi bakean!

SORGINEK:

                        “Orain ta barriro

                        galduko haz;

                        bidian deabru

                        bihurtuko haz!!”.

MA: Ezta pentsatu ere! Utzi! Utzi pakean!!

SORGINEK:

                        “Bildurrez ikaraz hago

                        eta pizti guztien gosari haz;

                        hoa zuzen hire etxera

                        han hobeto biziko haz!!”.

MA: Utzi! Utzi!!

 

(Korrika dabil martin, ihes egin ezinik).

 

MA: Oraintxe ikusiko duzue...:

 

(martinek poltsan daraman ur boteila atera eta ura botatzen du ahotsak entzuten diren tokietarantz).

 

MA:

                        “Alde hemendikan

                        gauaren alabak...!!”.

 

(Intzirika baten aldenduko dira sorginak, bakoitza alde batera).

 

MA: Ura baino ez bazen... Hau asmakizuna...! Gorde egin behar dut, hurrengorako ere... Badaezpada... Deabruaren alargunak uxatzeko erabiltzen zutela kontatzen zidan amak... Baina hura ur bedeinkatua zen eta ipuin baten gertatzen zen...! Ai! Martin, zoratzen hasia haiz...! Goseak eragindakoa..., eta nekeak..., eta logurak...

 

(Lurrean etzaten da).

 

            Gaua benetan da beltza. Izar galdurik ere ez da ageri noraezean doan etsipenaren txinpartak goritzeko... Zer egin dezake ni bezalako indarge ahulduak, oztopoak-oztopo, argi printza baten itxaropenik gabe, errekaren bideak beti iturburu berberera eramaten duenean...? Zer...?

 

(Lotan geratzen da).

 

 

3. eszena

 

(Basoaren beste aldean, lehen egon diren txokoan, sorginak. Bakoitza alde batetik iristen dira, oso nekatuta).

 

MADDI: Ai! Nire hankak...! Nun ikesi jon urarena?

MARITXU: (maialeni) Puf...! Neuk erakutsi najotsenan, Sorgin Gorrien eta gure arteko desberdintasuna zeozelan azaltzeko! Nik pentsau jonat ba gure kontra egiteko erabiliko dauenik...! Pentsauta bakarrik be, zelan jausi nazen... Neuk emon jotsenat bidean erateko barren...!

MAIALEN: Hau tratua! Mutila beldurtzekotan... Edarra jaukanagu... Uraz! Ur hutsaz uxatu gaittun! Defendiduko don hori neska, trankil egon hadi...!

MADDI: Ai nire guntzurrunak...! Kristo Santua! Egoeraren unea apartatuta, konturetu zarie ezta, neskak, sorginkeriekin ez daukagula zereginik... (maritxuri) Normalak bihurtu gaittun Maritxu! Geu gaittun bildurtzen gareanak barren...!

MAIALEN: Ez daukat hatzamarrik mobitzeko adorerik be...! Gauero-gauero lo egite honek ez deusku mesederik bapebe egin...

 

(Goizeko 4ak entzuten dira. Txori hotsa).

 

MARITXU: Prudentziok lau t’erdietan jagi behar dau... Zuek trankil, zeozer bururatuko jat eta... Neure kontu deia...

 

(Alde).

 

MAIALEN: Ez hadi konfundidu oraingoan e...

 

(Zarata eta aienada haundi batzuk).

 

MAIALEN: Berandutxo...

MADDI: Hik uste don merezi dauela?

MAIALEN: Zerk?

MADDI: Ba..., horixe..., honek gauza guztiok... Behin honez gero, geure martxatxuari jarraitzea be, ez litzaken txarto etorriko...

MAIALEN: Bai zera! Etxean lotan egotearen ainakoa behintzat badon, eta geuk geure buruari izan ezik, nork lagunduko deuskun ba Sorgintarron oinordetza ziurtetan...?

MADDI: Bai, horretan arrazoia dauken; baina gaurkoa ur hutsa izan dan legez, bihar edo etzi beste zeozer botaten bajoskune, zer?

MAIALEN: Trankil egon hadi! Ez jakun ezer pasauko ta...! Ez ahaztu zer garean! ...Tire! “Albakoa” gainean don ta banajoien, gizona esnatu baino lehen. Ta badakin e, eutsi...!

MADDI: Bai Maialen bai, ikusi arte!

BIEK:

                        “Xarpaxarri, xarpaxarri,

                        saltoka ibili dana

                        etxeratu hadi!

                        Xarpaxarri, xarpaxarri

                        basotik lotara

                        sartu hadi!!”

                        “Abrite zerua, klis-klas!!”.

 

(mirenek alde egin duen bestaldetik).

 

 

4. eszena

 

(Txori hotsa. Argitzen apurka-apurka. martin iretzartzen, lokartu den toki berberean).

 

MA: (Nagiak ateratzen) Ai! Eguraldi eder honekin nola sinestu gauak ezkutaturiko itzalen menpe egon naizenik...? Ai! Indarrez, aidez, eguzkiz hornituta aurkitzen naiz! Egun paregabe baten ataurrean..., mundua, bizitza, zerua, denen jaun eta jabe. Ete! Ze kantu da hori...?

OFF: (“Txirrian florian, handiko...).

 

(Alde egiten du, doinuak eramango balu bezala).

 

 

5. eszena

 

(mariren eta tuloren etxeko ataurrea. Egun berbera. Goizeko zazpiak inguru. mari, erropak esegitzen).

 

MARI:

                        “Txirrian florian, handiko putz

                        erori-merori, egin zurrust!

                        Lurra handago, harriko urtz

                        luzaro-misaro, hartuko lutz!

                        “Txirrian florian...”.

 

(tulo, etxe barrutik ari da. martin, “ezkututik” dena behatzen).

 

TULO: Orain ere kanta horrekin habil? Esan ninan ez nuela berriz entzun nahi. Non zegon gosaria?

MARI: Mahai gainean, aita.

TULO: Hau? Hau...? Hotzituta zegon ia! Zenbat aldiz esan behar dinat azkenengo ordurarte ez ateratzeko?

MARI: ...Bai aita, pentsatu dut...

TULO: Pentsatu, pentsatu... Horrenbeste txori ez baheuka, hobeto ibiliko ginateken. Jarridan ogibitarteko bat, basora nihoan ilundu arte eta.

 

(tulo agertzen da).

 

MARI: Aita...

TULO: Zer behar dun orain?

MARI: Herrira noa gaur eta...

TULO: Herrira? Zer galdu zain hiri han?

MARI: Azukrea eta arroza bukatu dira eta uda ere gainean dugunez, berorren jai egunetako alkandora errepasatzeko haria eta nire soinekoari joskuretan sartzeko oihal...

TULO: Orain ere eskabidean? Tori hiru txanpon eta konpon hadi!

MARI: Baina aita, azukre librak bakarrik balio ditu txanpon t’erdi...

TULO: Ba, liberdi ekarri; ta ez egidan kontestatu! Hire denboran, gutxiagorekin konpontzen gintunan.

MARI: Bai aita. (Etxe barruan sartzen da).

 

(martin agertzen da. Ezer ikusi ez balu bezala).

 

MA: Egunon... Parkatu...

TULO: Ta hik zer behar duk...?

MA: Hemen neretzat lanik ote daukazuen edo etorri naiz.

TULO: Lana hobeto zegok hemen, besterik baino. Zertan dakik?

MA: Nik? ...Hori, probatuta gero esango didazu.

TULO: (Barrezka) Taaa..., zenbat soldata eskatzen edo...

MA: ...Hori, lanak erakutsiko du.

TULO: (Barrezka) Ez haiz atzera geratzekoa e? Ondo zegok. Ondo zegok! Mari! Mari!! Non sartu ote duk neska zirtzil hori? Sekula ez zegok behar den tokian...

 

(Bokadiloa eta ardo botila otzara baten sartzen).

 

MARI: Bai aita...?

TULO: Non hintzan?

MARI: Berorren bazkaria prestatzen...

TULO: Erakutsi iezaion etxea morroi berriari eta has dadila egur bustia xehetzen eta lehortzeko prestatzen.

MARI: Bai aita.

TULO: Iluntzean etorriko naun. Hi, nola duk izena?

MA: Nik? Martin.

TULO: Ba, zortziretan afaltzen diagu eta kortan egingo duk lo. (Bere artean) Eguerdia gainean eta oraindik ezer egiteke...

 

(Alde egin).

(martin eta mari, ataurrean).

 

MA: Zergatik hitzegiten diozu “berori”ka aitari?

MARI: Ez da nere aita.

MA: 'feta zergatik deitzen diozu ba, horrela?

MARI: Berak agindu zidalako.

MA: Ta zure gurasoak?

MARI: Aita, ni jaio orduko hil omen zen.

MA: Ta ama?

MARI: Ama gero. Etxe honetan bizi nahi baldin baduzu, hobe duzu horrenbeste galdera ez egin.

MA: Zer ba?

MARI: Aitari gustatzen ez zaiolako.

MA: Baina orain ez dago...

MARI: Tulok, ez dagoenean ere dena entzuten eta ikusten du; pertsonen pentsamendu ezkutuenak ere bai.

MA: Ez da horrenbesteraino izango...

MARI: Tejamana ondoan dago egurra, eta kortan haizkora. Eguerdirako bueltatuko naiz. Aitaren gosaria ere mahaian dago, ikutu gabe. Ez dago hotza baina berotu nahi baldin baduzu, berotu. Gero arte!

MA: Ondo dago... Mari...!

MARI: Zer?

MA: ...Zera..., hartu guardasola... Euria egingo du eta...

MARI: Ez daukat guardasolik...

 

(Ilundu).