III. ekitaldia
PEDRO: Gaur da, Pelipe, gaur da eguna.
BERGARA: Bai; gaur da; argitu du eta laister iritsiko dira Prantzes eta Mattin. Hemen Simancas honetan egunsenti eta ilunabarrak astiro astiro izaten dira.
PEDRO: Ez ote da gaurkoan ere, orain hiru urte Atientzan bezala, beste norbait azalduko.
BERGARA: Ez dut uste. Cisneros-en aginduak oso zehatzak dira. Beste inork ez du zu ikusteko baimenik.
PEDRO: Ez du baimenik, baina ez duelako nahi! Beltran Alburkerkeko hori Enperadorearen mariskala bezala omen da orain, zerorrek esan zenidan eta. Maior non ote dabil?, zertan ari ote da?
BERGARA: Mariskal jauna!, semea eta laguna datozkizun egunean, hainbeste denbora sendikorik inor ikusi gabe eta ez zenuke orain hasi behar aitzaki eta palda. Ea zer dioten hauek, ea zer berri dakarten, horixe da buruan erabili behar duzuna; eta zer egin behar duzun esatea, ez baldin bada ere nire egitekoa, Jauna.
PEDRO: Dena da zure egitekoa Pelipe, dena. Zuri eskerrak ez naiz oraindik erotu!
BERGARA: Mariskal jauna! Goazen beste zerbaitetaz mintzatzera. Esan al nizun Piarres gazteak emandako zaldia, erosi egin nahi didatela? Nahiz eta bost urte eduki, izugarri apaina eta dotorea dago. Behar bada Ameriketara eraman nahi izanen dute, zaldizkoan erabiltzeko edo.
PEDRO: Hemen Gaztela honetatik dena Ameriketara daramakite, azkenean santuak eta birjinak eta guzti eramanen dituzte.
BERGARA: Azkenean? Kia! Badituzte dagoeneko eramanak santuak, ezkilak, haziak, abereak; denetatik. Han nonbait denetatik beharko dute. Urrea ekartzen omen dute pilaka; urrea eta zilarra!
PEDRO: Gaztelako zabar hauek hara iritsi baino lehen, bide hori eginazegoen behin baino gehiagotan eta Kolon delako horrek ere jakinki! Kolon deitzen omen diote orain, A ja, jai!
BERGARA: Karrikatan ez da Ameriketaz besterik hitzegiten.
PEDRO: Eta Nafarroaz zer esaten dute?
BERGARA: jendeak deus ez daki! Badirudi errenditu zirela eta Frantziako gudalosteak ere sakabanatuak izan direla. Ez daki jendeak deus haundirik!
PEDRO: Zer garaietan bizi ote gara ba?
BERGARA: Goizeko zazpiak laister joko dute.
PEDRO: Zergatik ez dituzu kantatzen berriro hiru bertso haiek, gaurko egunerako egin zenituenak, gogoan ote dituzu?
BERGARA: Bai gizona; aise gainera. Abes ditzagun biok.
PEDRO: Bota ba, bota; oraindik horiek berandatu eginen dute eta. Esaiozu ateko zaindari horri etorri bezain laister deitzeko.
BERGARA: Badaki hori; lehen aipatu diot. Entzun bertsoa, horra ba: (Kantari hasten da; doinua: Otaņoren “mutil koxkor bat”:
Mila bostehun ta hogeitabiko urtearen azaroa
Gaztela aldean ikusi dugu aurten gorritzen garoa han urrutiko erresumaren oroimenean bertsoa Mariskalaren izenean ni oraintxe ipintzera noa Simancastikan ere entzun bedi eutsi beti Nafarroa!!
PEDRO ETA BERGARA: (bis, eginez, mariskalak aske daukan besoa, eskuina, altxatu egiten du eseririk dagoen tokian:)
Simancastikan ere entzun bedi eutsi beti Nafarroa!!
BERGARA:
Giltzapetikan adierazi nahi nuke nire asmoa ez beza inork oraindik pentsa independentzi aroa Nafarroari buka zaionik tinko bait dugu erroa berriro ere altxako dugu askatasun oparoa saia gaitezen eta etsi gabe eutsi beti Nafarroa!
PEDRO ETA BERGARA (bis eginez:) borroka ezagun eta etsi gabe eutsi beti Nafarroa!
BERGARA:
Bostehun urte badaramaki eta oraindik gogoa berpizteko ta eraikitzeko independentzi sendoa zutik hiritar, zutik mendiak zutik oihan ta basoa oihartzun hotsak zabal dezala gure betiko leloa aspertu gabe kanta dezagun eutsi beti Nafarroa!
PEDRO (bis eginez, baina kantari hasi da ere azkeneko lau bertsotan:)
oihartzun hotsak zabal dezala gure betiko leloa aspertu gabe kanta dezagun eutsi beti Nafarroa!
GUDARIA: Emakumeak datoz. Otordua dakarte.
PEDRO: Eta gure horiek, gaur etortzekoak direla ziur al zaude Pelipe?
BERGARA: Bai, bai. Ez dago zalantzarik.
PEDRO: Bertso horiek animoa ematen didate. Gaztelaniako haize hotz eta zorrotz hau bihotza erretzen ari zait. Kaperauak ez dit ezer esan nahi. Badakit zerbait gertatu zela; aditzera eman didate ez dela baikor izan Nafarroako independentziarentzat. Badirudi halere ez dagoela dena bukatuta! Non ote dabil Piarres gaztea?
BERGARA: Bakoitzak bereari eutsi behar dio, Mariskal jauna! Piarres gazteak borondate ezin hobea erakutsi zizun eta eskatu zenizkion hitzak ere eman egin zizkizun. Gogoan al duzu?
PEDRO: Bai, bai; nola ahaztu? Baina zer gertatu ote zen ordea?
BERGARA: Gaur jakinen duzu, Jainkoak onez.
PEDRO: Ez daukat susmo onik. Entzun ditudan edo entzunerazi dizkidaten zurrumurru guztiak txarrak dira. Gainera, Pelipe, beste gauza bat ere badago; hara, Nafartarrok garaipen txiki bat behinik izan bagenu, ez zieten ni ikustera eta hori esatera etortzen utziko. Adi egon beharko!
BERGARA: Ikusiko dugu zer esaten diguten! Prantzes eta Mattin ez dira nolanahiko mezulariak. Eta gaurkoak ez dirudi gainera lehengo Atientzako ordukoa bezala. Gaurko ikustaldian badirudi behar hain denbora izanen dugula.
(bi emakume sartzen dira gosaria ekarriaz eta atetik barrura gudari batek lagundu die)
GUDARIAK: Utz ezazue, ba, hementxe.
EMAKUMEAK: Nahi al duzue gehiago, esnerik edo ogirik? Gaztain erreak ekarriko dizkizuegu gauerako. Zer iduritzen zaizue?
PEDRO: Ongi, oso ongi; oraintxe hasten da garaia, azaroan.
BERGARA: Hor kanpoan hotsak entzuten dira. Begiratzera noa Mariskal jauna. Berehala nator.
PEDRO: Bai; zoaz.
(Baina pelipek, joan baino lehen janaria eta esnea hartu egiten ditu eta dastatu; pozoinik balego, nagusiari kalterik ez liezaion egin, bera aurretik jarriaz. Ondoren mariskalari ematen dio).
BERGARA: Ona dirudi. Banoa.
EMAKUMEAK: Gu ere bagoaz. Gaztain erreak ekarriko ditugu orduan eta esne zuria gatzagaz.
PEDRO: Oso ongi deritzait. Agur eta ongi izan.
EMAKUMEAK: Agur.
(pedro, mariskala, bakar bakarrik gelditu da. Monologo bat hasten du. Poliki poliki esaten du esaldi bakoitza eta ondoren atsedena gordetzen du! Keinuak egiten ditu esaldi bakoitzean. Monologo bat da)
PEDRO: Joan dira egunak eta joan dira urteak.
Gaur berriro eta bigarrenez sei urtetan ikusiko dut Prantzes.
Piarres berriz ihesian dabilela...
Maior emazteak ez du nitaz deus nahi.
Eta Nafarroa, Nafarroa; eutsi beti Nafarroa!, Pelipek animo eman ziezadan asmatutako bertsoa.
Bukatu da, bukatzera doa. Hobe da bukatzea!
Bazetorrena etorri izanen da; eta gertatu dena gertatu behar zuelako izanen da gertatu, bukatu baldin bada, hobe lehenbailehen ohartzea.
Bedi!, bai bedi!, horixe esan zuen Labrit Erregeak, eta Norak hitzarmena izenpetu zuen, ba bait zekien idazten ere.
Aralarko artzainak bezela bakarka mintzatzeko ohitura sartu zitzaidan eta barruak baretzeaz gainera, nor bere buruarekin mintzatzeak asmoak eta gogoak zehazteko balio izaten du, hitzak gogoa taxutu eta mugatuko balu bezala...
Bukatu dela hitzez, ahotsez esan dudan arte eta neure buruari entzun diodan arte, ez nintzen nire susmoaz behar bezala ohartu; baina orain badakit, badakit bukatu dela, eta ziur nago; badakit dena galdurik dela, badakit Faltsarioa eta traidorea, Fernando eta Luis, berearekin atera izanen direla...
Bestela ez zieten etortzen utziko. Eta gainera Pelipek jende arruntaren tartetik horrelatsukoak entzun ditu eta atezainek ere horixe eman zuten aditzera.
“Sicut vita, finis ita”, nolako bizitza ordea, halako heriotza eta nik Nafarroako independentziaren aldeko zaldun batek bezala bukatu beharra daukat.
Gure herriak munduari erakutsi behar dio, herriak aske izan daitezen, hiritarrak ere askeak izan behar dutela eta zutik eta erne egon behar direla; eta gure herriak erakutsi behar dio munduari, eta Gaztelari, Zuhaitz Malatoarena dela jokabidea eta ez inolaz ere Ameriketan egiten ari diren zapalketa! PRO LIBERTATE PATRIA, GENS LIBERA STATE; Zutik hiritarrok, aberriaren askatasunarengatik!!
(Sartzen dira felipe bergara, martin azpilikueta eta francisco de navarra, mattin eta prantzes; azkeneko bi hauek apaiz jazkeraz, baina kalonje edo kanonigo eta margo duen jazkeraz apainez. mariskala eskuineko besoa altxatu, ukabila itxi eta zutik gelditu da, azkeneko esaldia enfasis haundiaz esan ondoren. Monologo luzeak guztiz nekaturik utzi du mariskala).
BERGARA: Hemen ditugu ba, azkenean hemen dira. Biei batean sartzen utzi diete.
PEDRO: (jaisten du besoa eta harriturik bezala gelditzen da; biei begira, bateri eta besteari). Egun on jaunok!, zu Prantzes zara. (Hatzez francisco erakutsi du).
FRANCISCO: Kaixo aita, oso ongi zaudela iduritzen zait. Hau Mattin da, Martin Azpilikuetatarra.
AZPILIKUETA: Mariskal jauna, poztu egiten nau zu agurtzeak.
PEDRO: Gogoan al naukazu ba Mattin?
AZPILIKUETA: Nola ez, Mariskal jauna!
FRANCISCO: Nire irakasle da, aita. Eta gainera adiskidea, gutarrei laguntzen hainbeste saiatutakoa.
PEDRO: Azpilikuetatarrak jakina da. Baina zu Mattin, mutikoa izanen zinen oraindik gaztelatarrek Nafarroari eraso ziotenean?
AZPILIKUETA: Bai, baina gogoan ditut, lehengokoak ere. Gogoan dut han, Tafallako jauregiko larrainean, mutilak guda saiakeratan eta soinketan nola aritzen ziren. Zuk bateri eta besteari pixka bat begiratzen zenion, gero aginduak eman eta joan egiten zinen Erregeren jauregira. Mutiko gazteok esaten genuen: hara mariskala! Badostaindik hasita etortzen ginen ikusteagatik; gero beti han geunden umeoi zerbait ematen ote zenigun edo; opilen bat edo piporropilen bat edo goxokiren bat.
PEDRO: Haietakoa al zinen zu ere? (Far murritza egiten du). Umeak eta mutiko taldeak beti gainean izaten genituen eta gu pozik. Gero ume haietatik ateratzen bait ziren gudalmutilak izan nahi zutenak. Zer uste duzu opil eta piporropil haiek dohainik zirela edo? (Berriro far egiten du, oso alai dirudi).
FRANCISCO: Ni ere hantxe egoten nintzen ilunabar luze haietan; baina niretzat piporropilik ez zen izaten, aita.
PEDRO: Etxekoak azkena behar du. Nola ikasiko du bestela ahotik kentzen dena eman behar zaiola kanpokoari eta ez gehiegitan edo sobran dena? Gainera zu, Prantzes, apaizezko horretarako berehala hasi zinen, ez dakit zure osaba Alontso Olibakoaren eraginez edo zure amak beti otoitzerako zuen jokaerarengatik.
FRANCISCO: Eta apaizok ez al dugu opilik merezi?
PEDRO: Bai; baina nire opilak gudari grina eta gogoa sor zezaten baldin baziren, zer? (Eta berriro far egiten du. denek alai dirudite eta isildu egiten dira gune batez).
FRANCISCO: Aita, betire gaur dakarzkizugun berriak ez dira alaiak.
AZPILIKUETA: Mariskal jauna. Erabakiren bat hartu beharko zenuke. Nafarroak gudua galdu du. Garazin eta Xuberoan gelditu dira gureak; eta Bearnon; baina ez dakigu noiz arte. Badirudi dena galdurik dela.
PEDRO: Garazi eta Xuberoa eta Bearnoa ditugun bitartean, berriro ere hasterik eta ekiterik balegoke; nola izan dira ba gauzak? Ez al zuten ekin berriro ere, zertan da Piarres, bizirik izanen da ezta? (bateri eta besteari galdetzen die).
FRANCISCO: Piarres bizirik da. Eta azkar eta sutsu jokatu du guda gogorrean. Ausarta eta azkarra dela adierazi du, baina alferrik izan da dena.
AZPILIKUETA: Nafarroa dena txikiturik eta deseginik gelditu da hainbeste urtetako gerratearen ondoren. Jendeak zer janik ez dauka, umeak goseak kalean. Noizean behin, noiznahi, gudari mordoren bat azaldu —batzuetakoa edo besteetakoa— eta baserrian edo etxeetan dagoen gari eta alea eraman egiten dute eta sendiak eta etxeak ezer gabe negu guztirako! Eta beste batzutan berriz, behiak eta urdeak edo abereak harrapatu eta bertan jan. Mendiak, oihanak eta bideak gudari eta gaizkilez beterik daude.
PEDRO: Nora eraman gaituen adurraren zigorrak!
AZPILIKUETA: Ez da adurra bakarrik! Gizonen gaiztakeria eta gorrotoa, eta bekaizkeria. Horiek eginerazi diote porrot erresumari, ez adurrak.
PEDRO: Baina nola gertatu dira gudako gorabeherak?
AZPILIKUETA: Deseginik dago Nafarroako gudalostea. Piarres gazteak mutil taldetxo bat bildu du; besterik ez dago. Errege sendia bera inolako babesik gabe dago, adiskideren batzu inguruan ezik. Zergak, petxak, ordainketak, txanpongiteak, dena desegin zen.
PEDRO: Eta zer gertatu da antolatu zituzten ekintza haiekin?
AZPILIKUETA: Horrek digu guri axolik txikiena. Piarres, herriak, jendeak ezin du horrela jarraitu. Zuk zeuk bakarrik esan behar duzuna esan dezazun eskatzera gatoz: Bukatu dela Piarres, esaiozu hori herriari, jendeari. Etsi dezatela eta Jainkoak nahi duena bedi! Gudako gorabeherak zer axola diezagukete, jendea goseak eta hotzak hiltzen ari denean barra barra?
PEDRO: Zuzen zuzenean sartzen zara zeurera, Mattin. Gaur mezu edo aginduren bat ba ote zenekarkidaten, ari ginen Pelipe eta biok. Ez zara astirik galtzen ibili. Nola eginen dut nik hori ordea, Mattin? Zertarako igaro ditut orduan azkeneko sei urte hauek hemen giltzapean nire ondare eta aberastasun guztiak dastatzen ari beharrean?
AZPILIKUETA: Baina jendea goseak hiltzen ari da! Nafarroan orain dela hamar urte zen biztanlegotik, erdia baino gutxi gehiago gelditzen da. Beste erdiak hilik edo ihesian dira, Piarres. Herriak eta haranak husturik daude. Gazteluak eta dorreak lurreraturik eta mozturik. Aitor ezazu behingoan guda bukatu zela eta kitto!
FRANCISCO: Zuk, aita, ez zenion zin egin nahi izan Enperadoreari eta nahiz eta horrek txirotasuna eta deuseztea ekarri gure sendiari, denok harro eta alai susmatzen genituen geure buruak, zeren eta jokaera hori, hitzari eustea, hitza hitz izatea eta zintzoak zinari eustea behin betirako ikasten dena da. Baina horren esanahi guztiak orain zertarako balio lekiguke? Ezertarako ere ez!
PEDRO: Zergatik diozue bukatu zela? Zergatik ezin liteke berriro eta berriro ekin? Zergatik etsi? Ez al duzue zuek ere ikusten etsitzea Faltsarioari eta Leringoari, Fernando kriminalari eta Luis traidoreari arrazoin ematea dela? Ez duzue ikusten?
FRANCISCO: Zergatik? Frantzia eta beste herrialde batzuren laguntzarekin berriro ere Nafarroa osoa eskuratu zuten. Berriro ere Labrit zen Iruņeko errege, eta Endrike Iruņean sartu eta bere egoitzetan jarri zen. Baina aste batzuetako garaipena besterik ez zen izandu. Lehenik Logroņo ondoan eta gero Noainen gure gudalostea osotara desegin zuten gaztelatarrek! Piarres gaztea ausarta, inor bada, eta azkarra azaldu da. Baina dena alferrik bilakatu da. Dena bukatu da, aita, dena galdurik da!
PEDRO: Eta non da Piarres gaztea? Bizi al da? Egia esan gero. Agure honek ez daukat gezurrak entzuteko astirik. Bizi al da?
FRANCISCO: Bai; bizirik dago aita, baina ihesian dabil. Garazin izan liteke agian. Han oraingoz pakean daude.
PEDRO: Eta orduan zeinek utzi dizue niregana etortzen, Prantzes?, zeinek? Egia esan gero!
FRANCISCO: Aita, badakit zer ari zaren pentsatzen. Gu geure borondatez eta inork bidali gabe etorri gara. Gure kezka ez da inolaz ere zuri beste errege bati zin eta serbitzuen eskaintza egin diezaiozun. Ez; hori ez da gure kezka. Baizik eta alderantziz; jendeak, herritarrak miseriak hiltzen ari dira. Hori da daukagun eta daukazun erantzunkizuna.
AZPILIKUETA: Erregeak ongi bizi dira, Piarres. Erregeen sendia ere bai. Baina herriko jendea, herriko jende xehea, goseak dago, aterperik gabe dago; hor dago gakoa; jende hori bai dagoela etorkizunik gabe. Norbaitek esan behar du Piarres, norbaitek adierazi behar du, norbaitek aitortu egin behar du guda hau bukatu dela, erresuma bukatu egin zela eta jendeak beza atseden eta has bedi bizitzen.
PEDRO: (Erdi negarrez, arras urduri) Eta nik zer egitea nahi duzue?, zer egin nezake giltzapeko agure zahar honek? Ohartzen al zarete zenbatetarainoko zama botatzen didazuen gainera?
AZPILIKUETA: Begira Piarres, zuk hemen Simancasko gaztelu honetan giltzapeturik jarraitzen duzun bitartean, herri xeheak ez du independentziarekiko esperantzarik galtzen; “mariskala etortzen denean, mariskalak esaten duenean, mariskala bizi den arte...” horrelakoak esaten dituzte Piarres, eta hamar urte luze daramagu guduan. Mendietako azienda eta abereak lapurtu eta jan dituzte alde bateko eta besteko gudariek; alea harrapatzen dute; urde eta oiloak ere lapurtzen dizkiete baserritar eta nekazariei. Ez dago ezer, Piarres, ez dago herririk, ez dago bizibiderik.
FRANCISCO: Aita, Mattinek zera esan nahi du, oraintxe bertan Iruņeko Nabarreriako Jauregi zaharrean, Labriteko Endrike balego ere, jende xeheak negua igarotzeko gorriak eta beltzak ikusi beharko lituzkeela. Ez da bakarrik errege hau ala bestea, aita. Zuk arrazoin duzula eta zure jokabidea zuzena izan dela ez dugu ukatzen. Ez ditugu jokaera horiek gaitzesten ere. Ez, arazoa besterik da, arazoa jendeak ezin duela bizi eta gauzak horrela irauten badute, gero eta okerrago.
PEDRO: Baina ez al duzue gogoan nork hasi zuen hau guztia? Ez al duzue gogoan Fernando Faltsarioak eta Leringo traidoreak antolatu zutela, orain hainbeste mixeria eta txirotasuna sortu duen gerrate izugarria? Ahaztu ote du dagoeneko herriko jende xeheak hori guztia?
AZPILIKUETA: Bai zeral. Ez, ez; ez dute ahaztu Piarres, ez dute inolaz ere ahaztu. Eta zoritxarrez ez dutela inoiz ahaztuko ere esatera ausartuko nintzateke. Mundu guztiak daki enperadore gazteari mariskal zahar horrek esan ziona: “Enperadore jauna —esan omen zenion— zuri zin badagizut, lehen Nafarroako erregeei egindakoa urratu eta ukatuko nuke, eta hark ez bazuen balio, zergatik balio beharko luke oraingoak. Horrengatik ez dizut zin eginen”. Hori esan omen zenion. Hala diote Piarres, gure sukalde eta su ondoko berriketaldietan eta horrengatik, esaten dute, horrengatik Nafarroako Mariskal zintzoak giltzapean darrai, aberastasun eta ondareak galduta.
PEDRO: Eta zer egin ote nezake ba? Berrogei urtetara doa mariskal naizenetik, eta orain zahartu eta makaldu ondoren zama hau nire bizkarrera ez bezaidazue arren bota!
AZPILIKUETA: Begira Piarres, Mariskal jauna, Gaztelako gudari taldeak herriz herri dabiltza beti. Erribeherako edozein herritara sartu eta bertan duten alea eta ardiak ohosten dituzte. Herriak zauritutako, besorik edo oinik gabeko gizasemez beterik daude; urgunak edo itsuak eta begi bakarrak erruz ugaritu dirade. Eta orduan zer? Badakizu zer gertatzen den? Hamalau hamabost urteko mutiko eta neska taldeak mendira ateratzen dira, batzuek labana besterik gabe, besteek soldaduren bati lapurtu zioten fusilaz, gehienek ezer gabe. “Eutsi mariskalari”, oihu egiten omen dute gazte horiek. Eta independentzia lortu beharrean han hemenka lapurretan ibili eta beren buruak galdu; besterik ez dute lortzen.
PEDRO: Nik neuk ere nire semea hemezortzi urterekin gudara bultzatu egin nuen: Piarres gaztea. Eta han dabilela diozue.
FRANCISCO: Bai; han dabil. Amaiurren bildu ziren azkenekoak. Eta haiei laguntzera ere hara joan zen. Berak zeraman bere eskuan Nafarroako kateen ikurra. Eta Remon Espartza Salatzarkoak kendu omen zion. Maior gaixoa beti hilko dutelakoan dago. Beti beldurrak.
AZPILIKUETA: Mariskal jauna, umeak ateratzen dira mendira, mutil eta neska kozkorrak zure izenean, eta Albako Deabru horren gudari zahar eta zuhurrek ez bakarrik aise harrapatzen dituzte, baizik eta bertan akatu. Eutsi Mariskala, oihu egiten omen dute gaixoek, hiltzerakoan. Horrekin zer irabazten dugu?
PEDRO: Gurea bezalako herri batek galdu ote dezake ba independentzia, horrelako umeak, horrelako seme alabak ematen dituen herriak?
AZPILIKUETA: Okerrena Piarres, horixe da; gudari zahar horiek horretaz baliatzen direla berriro ere beste herri batetara sartzeko eta bertako gariak eta abereak lapurtu eta jan edo eramateko. Ni ume horietaz oroitzen naiz. Zertarako balio diete haiei beren harrotasun horrek? Zertarako Enperadoreak edo Faltsarioak arrazoin ez izateak? Zein gogoratuko inoiz haietaz, Piarres? Beren ama besterik ez; aita hilik bait dute agian honezkero. Eta datorren neguan zer?
PEDRO: Erruduna, erantzulea Faltsario madarikatu hura da, eta Enperadorea, eta Albako Duke otso hori!
AZPILIKUETA: Bai, baina zure izenean hiltzen direnak gure herriko gazteria eta etorkizuna dira. Zertarako balioko digu Piarres, zure jokabide zintzoak ez baldin bada herririk gelditzen? Eta zertarako balioko luke Erregek berak erresumarik ez balego? Noaingoa izugarria izan zen, Iruņekoa berekoa ere bai; baina goibel eta tristeena Amaiurkoa. Hogeitalau egunez eutsi zioten hertsirik gure independentziaren azkeneko ateari. Hogeitalau egun egon ziren inguraturik eta kanpotik lagundu nahi zietenek ere ezin deus egin.
FRANCISCO: Mattinek dioen mutiko eta neskato horiek ez dute Errege aipatzen, Mariskala baizik. Aita, zu hemen zauden bitartean, beti zurekiko dehiadarra edo zure itzalaren oihartzuna bezala dabil oraindik han. Ez dute etsitzen. Ez al duzu gogoan herriz herri loturik zinkazkitenean, jendea eskuan musu ematera ondoratu eta ausartzen zela, arrisku guztien gainetik? Lizarrako gazteluan, Ollokiko jaunarekin loturik eta Eguesko Juan Fernandiz gau osoa egon zen zai, musu emateko. Orain ere musu bai, baina mixeria eta txirotasuna nonahi.
PEDRO: Hauxe zama, hauxe penabidea! Maior nire emazteak duela hiru urte bota zidana bultza nezakeen, baina oraingo hau ordea! Gureak egin badu, egin du! Urari ezin zaio behetik gora joan dadin agindurik eman, gero laino bihurtuko bada ere! Ai ama, Ines zaharra, non ote zaude?, zer eginen ote zenuke zuk egoera honetan?
BERGARA: (sartu eta berehala mariskalari:) Gudari mordoa dator!
PEDRO: Norekin etorri zarete!
FRANCISCO: Biok bakar bakarrik aita, inorekin ez!
AZPILIKUETA: Gurekin ez da soldadurik etorri. Honeraino iristeko txartela Alburkerkeko etxetik sortua dugu. Jimenezek berak ere ba omen daki, baina ez dugu inorekin hitzegin. Aitortu dizugun bezala, ez gatoz inoren aldetik, Piarres. Ikusteko baimena eman digute, baina agindurik ez; eta eztaere mezurik!
PEDRO: Zer dabiltza orduan horiek hor kanpoan?
BERGARA: Zaldiz etorri zarete, ezta?
AZPILIKUETA: Bai.
BERGARA: Zenbat zaldi ekarri duzue?
AZPILIKUETA: Lau; bi gainean etortzeko eta beste bana alproja eta zakutoekin.
BERGARA: Orduan hori dute; zaldien azkazal marrak ikusi izanen dituzte eta haien jarraiean iritsi dira honeraino.
PEDRO: Bai, baliteke. Baina badira aste batzu ilunabar eta eguerditan jende arrotza ondoratzen dela. Giltzapean eta ilunpean hainbeste denbora igarotzen zaigunoi, itsuei bezala entzumena bizitu eta azkartu egiten zaigu.
BERGARA: Giltzapean egon baino lehen ere horrelatsukoa zinen zu Mariskal jauna. Gogoan dut Tafallako jauregia inguratzen duten lorategi eta baratzetan ez zela ontzarik ere mugitzen zu ohartu gabe, nahiz eta dorre barruan lo egon.
PEDRO: Aspaldikoak dira kontu horiek, Pelipe. Badirudi mende eta gizaldi osoa igaroa dela geroztik.
AZPILIKUETA: Piarres, mariskal jaun hori, barka ezaiguzu Prantzes eta bioi etorri orduko hain sutsu eta azkarki ekin badiogu gureari! Hainbestetan hitzegin dugu izan ere honetaz denetaz! Badakigu zuzena eta bihotz bera zarela, baina hainbestekoa da gure inguru haietako premia eta beharra, Piarres! Hainbestetarainokoa izaki.
PEDRO: Baina nik, zer egin nezake atxilotu honek? Nik zer, Mattin?
BERGARA: (Elkarrizketa aldatu nahiean) Prantzes, gogoan al duzu ama eta biok ikustera komentura joaten nintzaizuenean? Kontu zaharrak ere aipatu behar ditugu eta ez bakarrik arazo guzti horiek.
FRANCISCO: Nola ez dut ba gogoan izan behar, Pelipe? Dirua ekartzen zenigun hiru hilabetetik behin edo. Eta janariak ere noizean behin; antxumeren bat, basauntza gazte bat, urdai azpikoren bat.
BERGARA: Eta baita ere txoria bere kaiolan, eraman nizun behin.
FRANCISCO: Bai; gogoan daukat. Eta beste behin neurritu egin ninduzun, aitak zenbatekoa nintzen zehazki jakin nahi omen zuen eta. Makil batean koxka egiten genuen. Eta hurrengoan beste koxka bat. “Makil hau hainakoa egiten zarenean, jauregira eramanen zaitut”, esan zenidan. Eta ama?, galdegin nizun nik. Nahi duzunean ikustera eta hitzegitera etor zaitezke...Makil hura, bai makil hura urritza zen ezta?
BERGARA: Ez dakit, baliteke. Uste dut elorria zela.
PEDRO: Elorria zen bai; gogoan dut nik ere makil hura. Orduan ere zeinen urruti ginen elkarrengandik, ondoan biziki eta. Eta Nora?, Nora ongi al dago Prantzes?
(azpilikueta eta morroina pixka bat urrutiratu eta elkarrekin ari dira hitzegiten).
FRANCISCO: Bai; ongi xamar. Zahartzen hasia. Nekatua eta aspertua hura ere gerrateko hildako, zauritu, gaixo, aterperik gabeko ta mixeria guztiekin.
PEDRO: Eman al zenion nire mezua?
FRANCISCO: Hitzez hitz, aita. Entzun zuen eta astiro astiro irakurrerazi zidan berriro.
PEDRO: Esan al zizun zerbait?
FRANCISCO: Bakar bakarrik hauxe esan zuen: Hartu dut gogoan. Prantzes, aski da. Besterik ezer ez zuen esan eta ez du inoiz gehiagotan aipatu ere egin.
PEDRO: Nahikoa da hori. Zertan izaten ote da nire emaztea, Maior?
FRANCISCO: Ongi, aita, nahiko ongi. Emakume zentzuduna da; adiurri bizikoa, baina zentzuduna eta bihotz onekoa.
(Berriro ondoratzen dira bergara eta azpilikueta).
BERGARA: Mariskal jauna, bizi naizen txabola eta Piarres gazteak ekarri zidan zaldia erakutsi behar dizkiet. Gero mokadu bana janen dugu eta berriro honera etorriko gara. Baraurik omen daude oraindik eta.
AZPILIKUETA: Piarres, gure familiarentzat Piarres Mariskala esatea egia esatea da, zentzua eta zintzotasuna esatea da. Laister itzuliko gara Piarres, ikusi behar ditugu inguru hauek eta ea gose hau pixkaren bat uxatzen ote dugun.
FRANCISCO: Aita, gero hitzeginen dugu lasaiago. Ez gara zure oinazeak berritzera etorri, baina Nafarroako egoera, batez ere gure aldeko jendearena larri amorratua da, jasan ezina! Ingurua ikusi eta bagatoz. Hitzegin dugu atezainarekin eta eskupekoa ere eman diogu.
PEDRO: Zoazte, zoazte, egun polita dagoela dirudi eta. Eta honera sartzeko txartel horiek, non dauzkazue?
FRANCISCO: Atezainak dauzka. Konpondu gara. Laister arte.
PEDRO: Pelipek badakizki honezkero hemengo bazter guztiak.
(Joaten dira hirurok. mariskala isil isilik gelditzen da luzaroan. Gero zutitu eta zera esaten du)
PEDRO: Azkarra, benetan azkarra, Azpilikueta hori. Eta sutsua. Jakintsua izanen dela ezin uka. Martin Azpilikueta! Prantzes ere ez da makala, ez da txokarritakoa. Francisco Nabarra!
(Isilik gelditzen da berriro ere mariskala; gero berriro monologoa:)
PEDRO: Ez dira itzuliko! Oharkabean harrapatu dituzte. Ez dira gehiago itzuliko. Oharkabean harrapatu dituzte. Gehiago daki borroka eta gudako gorabeherataz gudari zaharrak, gazterik azkarrenak baino.
(emakume sukalkinak sartzen dira, eltze eta beste ontzi edo tresnaren batekin)
EMAKUMEAK: Gaztainak hamaiketakoa egin dezazun ekarri dizkizugu gaur, Mariskal Piarres jauna. (Eta agurtu egiten dute, buruak makurtuaz)
BESTE EMAKUMEA: Jauna!
PEDRO: Gaurko zuen agurrak ez ohizkoak direla ohartu naiz, emakumeok.
EMAKUMEAK: Hemen jende asko dabil, bisitari asko izan duzu jaun horrek, gaurkoan.
PEDRO: Nire semea, Prantzes, eta bere irakaslea, Nafarroan den jakintsuena; Mattin Azpilikueta.
EMAKUMEAK: (Erdi farrez). Jakintsuak, gu ere jakintsuak gara, baina sukaldaritzan. Hortan jokatu beharko genieke.
PEDRO: Bakoitzak berean lehena izaten saiatu beharra dauka. Lehena edo azkarra behintzat. Baina lehena izateak ere baditu bere zamak. Niri gaur emakumeok, zama bat, zama haundiegia erori zait gainera; jasan ezin izanen dudana!
EMAKUMEAK: Jan ezazu jauna, egin ezazu hamaiketakoa eta bizkor bizkor negua igaro dezazun antola zaitez!
PEDRO: Negua igaro! Egurra sukai eta gaztaina eta esnea otordu, horixe zen garai bateko neguko bizibidea! Noizean behin sagar batzu eta urdea hil baldin bazitekeen edo basurderen bat harrapatuz gero!Hura zen negua hura!
(Lehiazulotik zerura begira dago mariskala, bere burutik hitzegiten ari da, bakarrik balego bezala, gogorapena beste nonbait dauka. emakumeak gaztaina zuritu eta ahora hurbiltzen dio pelipek egin ohi duen bezala. mariskalak hitzegiten duen bitartean jateari ekiten dio, jaramonik egin gabe bezela).
PEDRO: Hau ez da gaztain errea. Egosia da. Ez al zenuten ba esan gaztain erreak ekarriko zenituztela?
EMAKUMEAK: Bai, bainan oraindik egosi hobeki egiten ote diren erre baino. Badakizu, abendua da gaztainak erretzen hasteko garairik onena. Garaiean garaiekoa eta berdola eta azala lehortzen zaien arte, hobe egostea.
(Beste gaztain bat zuritu du beste andreak eta ahora ematen saiatzen da, baina mariskalak atzapar golpe batez kendu egin dio eta ez dio utzi ahora sartzen; eskuan duen gaztainari begira jarri da; emakumeak oso urduri urrutiratzen hasi dira).
BESTE EMAKUMEA: Gaztainak beren morkoan... (emakumeak esaldia bukatu gabe utzi eta oihu egiten du:) Erne!
(Atea ireki eta gudari bat sartzen da; prest zegoela nabariki).
PEDRO: Hemengo gaztainek dasta minkatzagoa dute, Nafarrokoek baino. Hangoak gezagoak dira. Lasai emakumeok, agindua betetzen duenak, ez du ezeren beldurrik behar. Baina zigorrik gogorrena damua da.
(bergara morroina sartzen da, urduri eta presaka)
BERGARA: Ez dietela sartzen berriro utziko, Piarres. Atean zegoen gudaria joan egin da eta oraingoak ez dakiela ezer eta lehengoak eraman omen du txartela. Eta hona hemen beste bat!
EMAKUMEAK: Gu, jaunok, bagoaz!
(atezaina emakumeekin berriketan hasi da isilka, eta gelaren bazterrera eraman ditu; ez zaio entzuten)
BERGARA: Zer dabiltz hemen tenore honetan emakume horiek? Zer ekarri dizute?
PEDRO: Hamaiketakoa. Eta gaztain egosiak dira; (eskuan daukana erakusten dio). Ahora eman didate, Pelipe.
BERGARA: Zer egin duzu mariskal jauna? Jan egin al duzu, nik aurretik frogatu baino lehen?
(Beste bi gudari sartzen dira bapatean!)
PEDRO: Zer dabiltz hauek hemen?
GUDARIEK: Goazen, goazen ba! (emakumeak ateratzen dira, atezainarekin, atzetik gudariak dituztela, zaintzen bezala).
EMAKUMEA: Agur, mariskal jauna!, gizon zintzoa ezagutu zintugun!
GUDARIA: Goazen, goazen; txotxolokeriak utzita.
(Bakarrik gelditzen dira felipe bergara eta mariskala. Isilik daude elkarri begira. mariskalari begirada goiean galdu egin zaio).
BERGARA: Piarres, Piarres gizaraixoa!
PEDRO: Ohartu al zara Pelipe, lehen aldia dela “Piarres” deitzen nauzula nirekin daramazkizun hogeitabost urte hauetan?
BERGARA: Bai, Piarres, bai ohartu naiz. Eta zuk ere badakizu zergatik. Gaur goizean esan duzu gaurkoa zela eguna, eta badakit gainera bota dizuten zama jasan ezina dela; badakit Piarres Cisneros-ek zu hiltzea nahi duela; eta zure sendikoak berriz eta zure aldekoak ere ez daitezkeela bizi zu horrela zauden bitartean. Baina hala eta guztiz ere Piarres zer egin duzu?
PEDRO: Pelipe, gaur nik ere deiera aldatu behar dizut, Pelipe. Zu nire adiskidea zara, nire adiskide leiala, hogeitabost urte nirekin igaro dituzuna; jauregian nengoenean jauregian eta espetxean bizitu naizenean berriz, espetxe bazterrean hainbesteren eta hainbesteren harridura eta farrerako. Baina zu beti hor, adiskide hori!
BERGARA: Ni zure zakurra bezala naiz, Piarres. Artzanora zakurra! Otsoetatik zaintzeko zakurra. Zakurrak ez du inoiz nagusirik aldatzen eta eztaere ahazten! Ehize zakurrak jabe bat baino gehiagorentzat egin lezake; artzanorak nagusi bat besterik ez du. Arranoak ez duen bezala bikote kide bat besterik bizitza guztian!
PEDRO: Bai, badakit. Zakurra da izan ere zintzoa dei daitekeen abere bakarra. Zu, Pelipe, zintzoa izan zara, arras zintzo nirekiko. Hitza hitz izaki eta ez duzu inoiz zeurea jan eta eztaere ukatu. Baina ez zara zakurra soilik Pelipe. Gaur Piarres deitu bait nauzu lehenengo aldiz eta horrengatik nik adiskide deitu behar zaitut. Nik ere gaur, Pelipe.
(mariskala eskuan marruskaturik dauken gaztainari so gelditu zaio; marruskatu egin du oraindik gehiago... eta ondoren bapatean irentsi).
BERGARA: Baina zer ari zara mariskal jauna?, zer ari zara? Bota ezazu, arren!, ez zazula irentsi! Pozoindurik egonen da, pozoindurik dago. Bota, bota!
(bergara morroina hatzak mariskalari ahoan sartzen saiatu da, barruan daukana botaerazteko; baina mariskalak oiloak artalea bezala irentsi egin du. Azkenean morroinak besarkatu egiten du mariskala eta negarrez hasten da).
PEDRO: Utz ezaidazu Pelipe. Adiskide Pelipe.
BERGARA: Piarres zergatik? Zergatik Piarres, baldin bazenekien pozoindurik daudela, pozoindurik egon daitezkeela zoritxarreko gaztain horiek? Zergatik Piarres?
PEDRO: Orain arte, hogeitabost urtez “Mariskala” deitu nauzu, baina gaur Prantzes eta Azpilikueta joan direnez geroztik, gaur Piarres naiz. Zu izan zara askatasunarekin nire lotura bakarra, zu izan zatzaizkit babesa; zu, nire zakurra eta nire alaitasuna, zuk asmatu bait dituzu hogeitabost urtez biok bukatzen genituen bertsoak. Badostaingo bertsolariaren semea hartu nuen laguntzaile, baina nirekiko adiskide izan zatzaizkit, semea bezala, nahiz eta morroinaren izenaz. Gau eta egun Pelipe, gau eta egun, hogeitabost urtez. Eta gaur ez naiz mariskala dagoeneko, gaur Piarres naiz eta zu nire adiskide.
BERGARA: Baina hainbeste urte borroka eta istiluetan daramazun hori, nola bi emakume txoro horiek nahasi zaituzte? Nola eroriko zinen ba, bi atso txatxuren tranpa exkasean, inoiz Leringo salatzaileak jarritakoetan ere erortzen ez zinen hori? Nola Piarres?
PEDRO: Umeak ere goseak hilen omen dira aurtengo neguan. Gizasemerik gabe gelditu dirade herriak, Pelipe, adiskide Pelipe; eta nork babes emanik ez dauka hainbeste eta hainbeste alargunek!
BERGARA: Baina ezin dut sinistu, ezin zait buruan sartu zu bezalako borrokalari zaharra horrelako tranpa txarrean erori denik, ez dut uste eror zintezkeenik. (Esku bateko hatzak bestearekin zenbatuz) Begira, ez dituzte gaztainak esandako garaiean ekarri; erreak aipatu, eta erreak ezin direla pozoindu jakina da, baina egosiak ekarri; nik frogatu gabe jaten hasi; eta gainera, Piarres, emakume horiek ez ziren binaka etortzen, niri ematen zizkidaten janariak, eta zuk beti niregandik zenuen hartzen eta hasi aurretik otoitza egin, eskuak palengana horretan garbitu, usaindu, dastatu... Eta gaurko egunean gainera...
PEDRO: Pelipe, Pelipe! (mariskalak oihu egin du, isilerazteko morroina). Ontzirik haundienari ere tanta batek gainezka eragin liezaioke, baldin eta mukuru balego. Prantzes eta Azpilikueta ere, nahiz eta hain jaioak iduri nahasi eta engainatu egin dituzte eta hik heuk ere baduk horretan inozo horiek bidaltzerakoan edo uxatzerakoan zer esanik! Hik heuk ere, zakur zuhur horrek. Nik ez diat gehiago ez Prantzes eta ez inor ikusiko. Piarres gaztea ihesian eta herriak husturik Nafarroan; su egiteko egurrik eta adabakirik gabe, jatekorik gabe, mutiko eta neskatoak halako irudi eta amets batekin nahasirik...
BERGARA: Sabeleko edo buruko minik susmatzen al duzu, Mariskal... edo Piarres?
PEDRO: (Irrifarrez). Ez haiz ohituko Pelipe... (goibel), ez duk izen berriaren erabilpenera ohitzeko denborarik izanen.
BERGARA: Zuk ere Piarres, batzutan zukeka eta bestetan hikeka, ez duzu inoiz behar bezala hitzegiten ikasi.
PEDRO: Ez da hori Pelipe. Zu niretzat gauza asko izan bait zara; seme, lagun, morroin, adiskide; hemen urruti hontan, Gaztelan etsai artean babesa; gauean askotan zure ahotsa eta kantua nire gogo eta adimenarentzat seaska eta arragoa izan dira. Baina zuk Pelipe, emazterik ez duzu izan, umerik ez daukazu eta berriro zeureen ingurura itzultzen zarenean, txikienek ez zaituzte ezagutuko eta zaharrenek berriz zapuzturik eta gaitzesturik izanen zaituzte. Horrengatik zukeka, hikeka eta modu askotara hitzegin behar.
BERGARA: Piarres, Mariskal jauna, ongi zaudela dirudi. Behar bada ez zen pozoinik gaztain horietan.
PEDRO: Zenbat ontzurre gelditzen zaigu, Pelipe?
BERGARA: Ezkutuan ditut, badakizu. Ez ditut inoiz zenbatu. Baina bi almute betetzeko haina badira oraindik; hiru edo lau milatik gora betire. Berrogeitamar urte orain arte bezala bizitzeko, edo laupabost herri erosteko haina. Gehiegi, agian.
PEDRO: Ongi entzun, Pelipe, adiskide horrek! Mattin eta Prantzesek noiz alde eginen dute Iruņe aldera?
BERGARA: Bihar goizean, dagoeneko ez baldin badira abiatu behintzat.
PEDRO: Eta zuk haiekin egoterik ba al daukazu orain?
BERGARA: Ez dut uste ahal izanen dudanik. Arras haserretu dira gaztelu hontako alkaide eta buruzagi guztiekin eta alde egin dute, itzultzen direnerako mehatxuak eta erronkak bota bidenabar.
PEDRO: Baina zuk, Pelipe, zakur zahar horrek, bazenekien ongi jakin gainera ez zietela berriro sartzen utziko. Bazenekien atezainak, ahal izanez gero salakeria eginen ziela. Zuk ere nirengandik urrutierazi egin nahi zenituen, ezta?
BERGARA: Azeri zaharrak ez du zakur zaharra nahasten; marro asko egiten badu ere eta bere usainaren arrastoak behin eta berriro gurutzatzen badizkio ere. Begira, Piarres, zu hainbestetaraino herstutzen eta larrierazten ari ziren, beldur eman didala. Horra!
PEDRO: Ohartu naiz bai zertan ari zinen azeri zahar hori. Piarres gaztearen zaldia eta hemengo inguruak eta beraien gosea eta baraua aipatzen hasi zaretenean, berehala ohartu naiz Azpilikueta eta Nabarra jakintsuak morroin zuhur batek nahasirik zeduzkala. Eta ondoren hemengo atezainaren eta gudarien aurka haserreturik bidaltzea ere lortu baduzu, kitto inozoekikoa!
BERGARA: Alegia, Piarres. Zuk ordea bizi egin behar duzu. Biz zaitez, Piarres adiskide... Mariskala.
PEDRO: Gauzak dauden bezala daude. Orain entzun Pelipe; badakizu azkenahia idatzi nuela. Eta badakizu non dagoen. Baina badakizu, baita ere, hemen, Simancasen dagoen hau gezurrezko azkenahia edo testamendua dela. Egiazkoa, Pelipe, Nafarroara eraman behar duzu, hori da nirekiko zure azken egitekoa.
BERGARA: Bai, badakit; baina hori hiltzen zarenerako agindua da. Eta orain ordea ongi zaude. Eta ez bazaude horrela, badakizu olioarena; oliozagitxo honetatik edan eta kolikak bota. Pozoina atera... adiskide banauzu, egidazu kasu arren! (zahato bat bezalakoa hartzen du bazterretik eta ahora eman nahi lioke, baina ez dio uzten).
PEDRO: Behar bada ez dugu denbora gehiegirik izanen Pelipe, eta entzun, arren entzun! Gaztelako hauek sinistatu egin behar dute nire egiazko azkenahia lapurtu eta deuseztatu dutela. Sinistaerazi egin behar diegu horrengatik hemengo hau dela egiazkoa eta horretarako, Pelipe, zuk gezurrezko honetaz jabetzen txanpon mordoa erabili behar duzu eta horretarako prest eduki.
BERGARA: Ontzurreak prest daude; nahi al duzu zer edo zer zehatzik egitea oraingoz!
PEDRO: Badakizu aspaldian gure ondare eta aberastasunen atzetik dabiltzela. Niri begira egunak eta gauak igaro dituzte, baina baita zuri begira eta egiten duzun eta ematen duzun urrats bakoitza aztertzen ere.
BERGARA: Urrearengatik salduko lituzkete beren ama eta hildako guztiak ere.
PEDRO: Horixe da gaztelatarren ahulgunea eta horretaz aprobetxatu behar dugu. Aberastasun gose horretaz alegia.
BERGARA: Baina ni gezurrezko azkenahiaz diru truk jabetzen baldin banaiz, zer egin behar dut beragaz?
PEDRO: Ez; zuk egin behar duzuna da azkenahi horrengatik dirua eskaini; alkaideari, kapelauari, gudariei eta inguratzen diren guztiei. Denei banaka banaka. Bakoitzari isilka. Eta gainera dirutza bana eman, bakoitzari agindutakoaren erditsua edo horrela. Ez dezala batak bestearena jakin. Eta gero gainera gertatuko dena zera da, ohartu eginen dira batzu eta besteak horren atzetik zabiltzala eta norbaitek lapurtu eginen du.
BERGARA: Eta ondoren zer? Zer nahi duzu gehiago gezurrezko azkenahiari buruz?
PEDRO: Galdu dela edo lapurtu dutela ohartzen zarenean, orduan dirua hartu duten horietako bakoitzarekin banaka banaka mintzatu behar duzu. Laister alde egin beharko duzula Simancas honetatikan eta dirua eskatu. Ez dizute dirurik itzuli nahi izanen eta orduan zuk farregarri bezala gelditu beharko zenuke alde batetik; eta beste aldetik berriz dirua hartu dizun bakoitzarentzat arrisku bezala.
BERGARA: Eta ondoren zer?
PEDRO: Horrela denek onartuko dute eta ontzat emanen nire azkenahia galdu egin dela. Batek ezik; egiazki lapurtu duenak edo hautsi duenak alegia. Baina hori isilik egonen da. Hori ondoren azalduko da, denboraren buruan. Diru eske alegia. Baina ordurako zu Nafarroan izanen zara egiazko itunarekin.
BERGARA: Egiazko azkenahia nire bizitzaren gainetik eta ditudan ahal eta jakintza guztiez zainduko dut. Zin dagizut, adiskide zahar horri!
PEDRO: Batez ere zure jakintzaz eta zakurkeriaz balia zaitez. Geroak eskertu beharko dizu.
BERGARA: Gezurrezko horrek jokabidea ematen dit.
PEDRO: Bai, baina sinistaerazi behar diegu bene benetan eta zalantzarik ere ez utzi horretan. Pelipe, lapurra denarentzat lapurtu duela sinistaeraztea da tranparik egokiena, gezurtiarentzat gezurra esan duela, den bezala. Eta horretarako, Pelipe, gezurrezkoarengatik bat baino gehiagori agindu eta eman dirua eta haietako norbaitek dirua hartzeaz gainera lapurtu eginen du, gero gehiago lortzeko alegia, zuri morroin bati ez bait dizute begirunik izanen! Lapurtzen duenak ez du aitortuko eta besteek ez dute aurkituko. Zuk zeure burua agerian erabili.
BERGARA: Baina zu ez zaude pozoindurik, Piarres, Mariskal maitea, zu ongi zaude. Bizi zaitezke.
PEDRO: Hi ere nahasi ote haute, ba? (Beste alde batera begiratzen du). Ongi entzun al duk esana? Agintzen al didak beteko dukela?
BERGARA: Agindu beharrik ez dago, Piarres, Piarres adiskide hori; zure zakurra naiz, artzanora betirako. Eta artzanora jabearen sakela edo zorroa edo soinekoa zaintzeagatik mendian gelditzen da izotza ala erasoa izanda ere.
PEDRO: Pelipe, nirekin egon haizen hogeitabost urte hauek ondorengoentzat ere on izan daitezen, gero azkenahi hori —behar denean— eraman eta bostehun urtetarako zaindurik gel bedi; badakik.
BERGARA: Behin Nafarroan, hontza gauez bezala, axeriatoki ezagunean bezala... Bai; sinistaeraziko diet; sinistatu eginen dute dirua eskaini orduko. Eta orduan lapurtzen saiatuko direla zalantzarik ez. Gero lehenbailehen alde egin beharko... Hona ni ere zu gabeko egoeran pentsatzen jarrita... Egin zazu bizitzeko, arren, Piarres, gaurkoan... esaidazu zergatik.
(Bere burutik hizketan hasten da mariskala, bergara ez balego bezala, monologoan).
Mattin Azpilikueta hori gizon jakintsua izanen duk eta sutsua duk, maitasuna dik bihotzean. Eta kezkatzen duena ez da errege edo erregeren sendia, baizik herritar eta hiritar xumeen etorkizuna, mixeria, gosea. Aspaldian esan zidan Prantzesek Mattineri latinak baino axola gehiago ziola euskarak, navarrorum linguak, iraganak baino kezka gehiago geroak. Ez gara denok zur berekoak. Entzunen dute Mattinez datozen mendeek. Baina alde asko dituzte gauzak, bat baino ikuspegi gehiago. Errege eta mixeria; iragana eta etorkizuna; eta batez ere Gaztela eta Frantzia, Godoak eta Frankoak, UTRINQUE RODITUR! Guk berriz euskaldunok Zuhaitz Malatoaren jokaera. Eta herria, herriko jende xehea goseak, hotzak, mixerian. Mariskalarenak egin du, Pelipe. Endrike Labritekoak ere jakin beza, ongi joan bekio mezua. Utrinque roditur eta sabelak barrundik jaten dizkizutenean, minbiziak marruskatzen eta korapilatzen dizkizunean hesteak... Azpilikuetaren askazia, Mattin eta Xabierko Prantzes, munduari emandado fruitua. Gu berriz...Milagarrenean Antso Handiarekin Nafarroa erresumarik haundiena zen; bostehun urte eta gero ia bukaera. Ea hemendik beste bostehun urterakoek zer ikusten ote duten!
BERGARA: Baina, Piarres, esaidazu, esaidazu arren, oinazerik edo minik ba al daukazu! Ez nazazula utz laino eta zalantza honetan!
PEDRO: Nori zer dio nire barruan gertatzen ari denak? Horixe esan zidan behin Maiorrek. Niri bakarrik dagokit, Pelipe. Eta neronek ere ezin badut ulertu nola nahi duzu beste inori adierazterik? Judasek salakeria eginen zuela igarleak idatzirik bazegoen, eta Jesusek berak esanik, nola uko eginen zion jokaera horri berari? Eta Jesusek berak baldin bazekien zer gertatuko zen, zergatik ez zuen galerazi, zergatik ez zuen alde egin edo ihes egin, zergatik?
BERGARA: Zure ez litzateke nahitanahiezkoa, baldin eta nahi bazenu.
PEDRO: Adurrak badu beti bere ixuria, urak bezalaxe, Pelipe, urak bezalaxe. Muskariara iristen zarenean begira ezaiozu Ebrori zurubi zaharraren gainetik eta zera pentsatu, zergatik. Pentsa ezazu ere ez ote den bukatuko hainbeste ixuriz eta nondik sortzen eta biltzen ote den ur hura guztia! Eta gogora zaitez Pelipe hainbeste urtez izan zenuen nagusi, gixaraixo eta xahar honetaz, zure Mariskala izan zen hau, orain zure adiskidea besterik ez naizen hau eta bihar inorentzat oztopo nahi ez nukeen hau!
BERGARA: Baina, Piarres ez naiz ugazaba eta nagusirik gabe, baizik gurasorik gabe geldituko naiz!
PEDRO: Pelipe, ekarriko al zenidake gure zapi gorri hura, kate ikurra duena, ezkutuan izaten duzun hura, Lizarrakoa, Lizarrara herriz herri eta loturik ninderamatenean, txantxak egiteko jarri zidatena.
BERGARA: Ezin al da besterik egin Piarres? Ez al du nire eskariak onarketarik itxaron behar?
PEDRO: Gaur da eguna, Pelipe, gaur da! Abestuko al zenuke gero, EUTSI BETI NAFARROA! (kanta zurrumurruan hasten da!). Hoa ba, Pelipe, hoa!
BERGARA: Ez zintuzket gaur bezalakoan bakarrik utzi beharko.
PEDRO: Hoa, zapiaren eske. Gure margo gorria nahi diat bertan. Odolaren indarra, eta fedea eta garai bateko oroitzapenak eta geroa... Hoa, Pelipe. Negua luzea eta hotza duk Auņamendietako zokoetan, Erribeherako zelaietan gogorra... Inori, ez datoK kio ontsa inori, ez etsaiari, baina eztaere herriari, jende xeheari, gazteei, inori ez datorkio ontsa ni naizen alproja hau bizirik jarraitzea.
BERGARA: Piarres, inoiz ez haute apaitu ere egin, tinko eutsi diok heureari, zergatik orain bukatu, zergatik Piarres? Mattinek eta Prantzesek ikusten dutena ez da egia osoa; herriak oraindik borrokan jarraitu nahi izanen dik, badira oraindik nahi izanen dutenak, Piarres. Ez nazazula umezurtz utzi, arren!
PEDRO: Ni ez naute etsaiek apaitu inoiz, egia da; gerrako harrapakina naiz, baina Mattinek eta Prantzesek eta gazte horiek oharrerazi naute. Herria herritarrak direla, jende xehea; erresuma umeak eta emakumeak, Ines zaharrak erraten zuenaren antzera; badakik Pelipe, erresuma ez da erregea soilik... zapelak burua besterik ez bait du erasotik eta euri jasatik estaltzen. Hoa, Pelipe, hoakit nafartarron ikurraren eske.
BERGARA: Jauna, adiskide Piarres, Nafarroako Mariskala... maitea, maite hori...
PEDRO: Hoa Piarres, hoakit. Bedi behar duena. Gogora ezak... eutsi beti Nafarroa... (kanta zurrumurruan hasten da berriro)
BERGARA: Agur jauna!
(bergara joan egiten da. Argiak itzali egiten dira gune batez. Denbora baten burura biztu egiten dira. mariskala lurrean hilik dago. Zintzurra ebakirik dauka, kanabeta edo labana txiki txiki bat bere eskuan. Odola golkoan behera pilaka joan zaio. Dena odol putzu batean dago. atezainak eta gudariak eta denak harriturik daude, denak elkarrekin hitzegiten; apaiza hasten da: Requiem eternam. morroina, zapi gorria eskuan duelarik, sartzen da eta gainean jartzen dio! felipe burua eta aurpegia maitekiro ihurtzi eta eskuz loxintxa egiten ari da! Sartzen da jende gehiago; beste apaiza edo kalongea haien artean!)
APAIZA SARTU BERRIAK: (Lehendik zegoen apaizari) Bere buruaz beste egin duenari ez dagokio bedeinkaziorik. Utikan! Betirako epaiturik dago!
BERGARA: Bere semea hiltzera bidali zuen Jainkoak epai beza! Eta geroak! Eta herriko jendeak, jende xeheak, bere semeak, emazteak!
APAIZA: Zer ari da esaten zoro hau? Ez al diok inkisizioari beldur santurik?
(Bergara negarrez ari da; loxintxa eta ihurtziak egiten jarraitzen du eta ez dio jaramonik egiten: Argiak itzaltzen dira. Bizten dira eta kantari taldea dago, Mariskalaren gorputzaren inguruan, Nafarroako ereserkia ondorean dagoen letra edo hitzetaz abesten dute, gero eta emekiago eginez, gero eta emekiago, berriro argiak itzaltzen diren arte).
ABESBATZA:
NAFARROA
EUSKAL EUSKAL HERRIKO ARDATZ!
ETA ETORKIZUNA
GEROAREN ARRAGOA
NAFARROA
EUSKAL EUSKAL HERRIKO HABE
ETA EUSKARAREN
SEASKA ETA BABESA
NAFARROA
EUSKAL EUSKAL HERRIKO IKUR
BETI EUTSIKO
DUGUN OINARRI BAKARRA
BETI EUTSIKO
DUGUN OI—NA—RRI BA—KA—RRA!!!