Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

Sarrera gisa

Nafarroako gudalostearen
azken mariskala

 

            Antzerki honek Nafarroako Pedro Mariskalaren bizitzako hiru gune antzesten ditu:

            1) 1498.ean, Tafallako Erregeren ondoko gazteluan. Seme bat izan berria du berez Tafallako den N. Hualderekin, menperatuak ditu etsai guztiak, erresuma pakean edo pake samarrean dago. Eta ezkontza bat antolatzen diote, Gaztelako Erregina Isabel iiaren andre lagunarekin, Maior de la Kuebarekin alegia, Alburkerkeko Dukearen alaba eta Aragoiko erregeen sendikoa; ezkontza honek bi erresumen arteko harremanak sendotzea bilatzen du eta N. Hualde konbentu batera sartzen dute bere umearekin.

            Seme hori, Francisco de Navarra, gero apaiz eginen da, Orregako kolegiatako buruzagi edo abade aukeratuko dute; gero Osuna-ko gotzaia eta ondoren Badajoz-koa izanen da; eta azkenik Valencia-ko artzapezpikua. Ezin zuen kardenal izatera iritxi, ez zelako ezkondutakoen semea eta apaiza izateko ere Aita Sainduaren baimena behar izan zuen; hain zuzen ere 1518. urtean lortu zuena. Trentoko kontzilioan ordea arrakasta handiko arialdiak eduki zituen Francisco de Navarra honek. Antzerki honetan Frantzes eta Prantzes deitzen diote beste antzesleek; Pedrori berriz Piarres eta Felipe Bergarari Pelipe. Francisco de Navarraren irakaslea, gainera urte askoz —beretzat bakarrik gainera— MARTIN AZPILIKUETA izan zen, bereziki Toulousen, bertan biak bizi zirelarik. Martin Azpilikueta hau “Doctor Navarro” bezala ezagutua, Euskarari “lingua navarrorum” deitu ziona eta agramontesen familiarik ezagunenetakoa. Gero atzerriratuen etorreran saiatu zena.

            2) 1519.ean, Atientza-ko gazteluko atarian. Ordurako Nafarroako guduak bazeramazkien zortzi urte, baina oraindik jokatzekoak ziren borrokaldi gogorrak, Noaingoa edo Amaiurkoa edo Hondarribikoa bezala. Nafarroako konkista 1512an hasi zuen Fernando Faltsarioak eta Pedro Nafarroako Mariskala 1516an erori zen Villalba koronelaren atzaparretan, Burgiko gudualdiaren ondoren.

            Atientzatik Bartzelonara eramaten dute orduko enperadorea zen Karlos l.ari zin egin ziezaion. Horretarako ondasunak eta agintea eskaintzen dizkiote eta ohoreak. Baina berak tinko eusten dio bereari eta handikan Simancas-ko gaztelura eramanen dute.

            3) Hirugarren arialdia 1522.an kokatzen da, Simancas-ko Gazteluan, han bait zeukaten giltzapeturik Mariskala, Bartzelonatik hara eramanik. Galdu dira Noaingo eta Amaiurko gudualdiak. Hondarribian errenditzen dena bere semea da, bere izen berekoa Nafarroako Pedro, Mariskal gaztea. Eta gaztelatarren burua berriz Alburkerke Dukea, berez preso dagoen Mariskalaren koinatua, bere emaztearen anaia eta errenditu zaionaren osaba, amaren anaia.

            Ia galdurik dago gudua. Agramontesak ihesian dabiltza, herbesteraturik eta Nafarroako erregeak iparraldean gelditu dira Erreinuaren zatitxo batekin. Enperadoreak berriro ere amnistia eta barkamena eskaintzen die eta ondorioz ohoreak eta ondasun eta aberastasunak. Horrengatik Nafarroako gudari leial izandako batzuk itzuli egin nahi dute herbestetik eta beren ondasunak berriro ere eskuratu. Nafarroako Erregeordea ere Mariskalaren familiakoa da; enperadoreak nahi duena eskaintzen dio. Baina Mariskal zaharrak bereari eusten dio, han 1480.ean Nafarroaren independentzia eta bere erregeak defendatuko zituelako zin eta hitza azkeneraino gorde eta eutsi eginen du. Eta bere burua hiltzen du. Hilerazten dute. Alde batetik Agintarien etengabeko eskaintza eta erronkak; beste alde batetik bere familiaren eskeak; gainera herbestetik itzuli nahi dutenen eskaria. Mariskal zaharra mito bat da, traba batzuentzat eta besteentzat. Orban beltza inperioaren propogandaren bihotzean.

            Bada hiru gune hauetan azaltzen den antzesle bat, historikoki gainera egiazkoa dena, morroin bat, Felipe Bergara, urte horietan guztietan bere nagusiarekin ibiliko dena. Mariskalaren eskuderoa zen agintean zegoenean, baina Atientzan Dorrearen ondoan biziko da, nagusia han dagoen bitartean. Eta joanen da Atientzatik Bartzelonara eta handik Simancasera eta han dago nagusia hiltzen denean. Felipe Bergara da lekuko bat Padro Mariskalaren letra eta idazteko modua ezagutzen duena eta bere testamendua egiazkoa dela aitortzen duena. Baina gero testamendu hori lapurtu egin zuten eta falta da Simancasko dokumenduetan. Bakarrik dakigu bazela, lekukoek, testiguek ontzat eman zutelako.

            Antzerki honetarako sortu ditudan elkarrizketak, sentimenduak eta egoerak dira. Baina gertatutakoetan oinarriturik dago.

            Zergatik orain arte, Mariskal zahar hau ez ote da literaturan eta historian gaia bezala onartua eta erabilia izan nobela, antzerki edo ipuin ugari osatzeko? Nik uste dut batez ere bi arrazoinengatik: Bata, bera delako demostrazio eta adierazpiderik onena eta ziurrena Nafarroa burdinez, suaz eta odolez konkistatua izan zela; Nafarroako Pedroren historiak adierazten du argi eta garbi Fernando Faltsarioa, El Católico deitua, Cisneros Kardenala eta Karlos enperadoreak Nafarroa faltsukeriaz, indarkeriaz eta odol ugari ixuriaz berenganatu zutela; eta bestea berriz, bigarrena, ziur aski historiagilerik gehienak katolikoak izan direnez gero, bere heriotza ez zitzaielako onargarria iduritzen; hain zuzen ere bere buruaz beste egin zuelako, bere burua hil alegia. Badira, eta Kanpion lekuko, erahil zutela aitortzen dutenak, baina besterik dela egia, badirudi ere, ez da antzerkiaren egitekoa egia bereiztea, baizik eta jakineraztea eta duen edertasuna adieraztea.

            Nafarroako mariskalak adierazi egiten du Nafarroako konkista, gogorra, samina, odoltsua eta arrazoinik gabea izan zela. Nafarroa indarkeriaz konkistatua eta zatitua izan zela. Eta konkista horren aitzakiak gezurrak eta ustelkeriak izan zirela, Faltsarioak eta Luis Beaumontek hasitako gezurrak eta salaketak.

Patxi Zabaleta