Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

I. ekitaldia

 

Inguru historikoa

“De Navarra” sendia eta agramontesak

 

            Navarra abizena erregeek ezkontzaz kanpo sortutako seme alabei eta beraien ondorengoei eman ohi zieten.

            PEDRO DE NAVARRA, Nafarroako Pedro edo Petro, eguneroko eta lagun arteko hizketan PIARRES, izen bereko eta baita ere Nafarroako Mariskala izandakoaren bigarren semea zen. Pedro de Navarra izeneko hiru izan bait ziren mariskalak: Aitona, aita (antzerki honetako protagonista) eta semea.

            PEDRO DE NAVARRA, aitona, Nafarroako Mariskaletan bosgarrena izan zen. Honek —antzerki honetako mariskalaren aitak beraz— 1450. urtean hartu zuen mariskalatoa eta 1471. urtean Iruņera sartu zen Eleonor erreginarekin eta bertan zeuden beaumontesek hil egin zuten; erreginak berriz, ihes egin behar izan zuen laisterka bizian zaldi gainean.

            Aldi berean, —1471. urtea, Iruņean— seme zaharrena, Felipe de Navarra, antzerki honetako protagonistaren anaia, harrapatu egin zuten beamontesek eta lauren bat urtez preso eduki gainera beren egoitza nagusia zen Leringo Gazteluan. Handik aterata gero, dagoeneko mariskala zelarik, inoiz garbitu ez den moduan 1480. urtean, Felipe hau ere hil egiten dute beamontesek eta orduan mariskala izatera iristen da gure Pedro de Navarra, antzerki honetako protagonista. 1480. urtean.

            “De Navarra” sendiak “Nafarroako mariskalak” izatearen titulua eta egitekoa gurasoengandik semeetara igarotzen zuten. Titulu horretaz gainera beste hiru edo lau, denak haundikienak ere izan zituzten, Muruzabalgo bizkondea, Kortesko kondea, Mendigorriako jabea eta abar. Jauregiak eta gazteluak, (nahiz eta gehienetan erregeak zaintzen zuzenki arduraturik ibili, eta horrengatik beren ondoan bizi) bat baino gehiago zituzten, batez ere Tafallan eta Lizarran, azkeneko honetako San Pedroren elizan dutelarik ere beren hilobia.

            Mariskalak agramontesen buruzagiak izan ziren; kondestableak edo Leringo kondeak beaumontesen buruzagiak izan ziren bezela. Bi sendi hauek elkarren aurkako gerratan eta borrokatan ibili ziren ia ehun urte eta Nafarroaren independentziaren galeran ikusteko handia izan zuten borrokak izan ziren gainera zoritxarrez. Baina batez ere azkenean agramontesak leial eta zintzoak izan ziren, eta beaumontesak salatariak eta traidoreak.

            Pedro Nafarroako Mariskalaren ezkontza 1498.ean Nafarroako eta Aragoi eta Gaztelako erregeek antolatzen dute, beren arteko adiskidetasuna oinarritzeko alegia. Ordurako bazeramakien 18 urte mariskal bezala eta gainera menperatu egin zituen piskana piskana etsai gehienak. Juan Labrit eta Katalina Erreginak ezkondu zenean 3.000 ontzurre eman zioten opari bezala. Eta opari hori ematen diotenean ezaguna den idazki bat egiten dute goraipatuz Mariskala eta aitortuz erresuma berak paketu duela eta etsai guztiak menperatu egin dituela.

            Urte horretan baita ere jaiotzen da N. Hualderekin izandako semea, ezkontzaz kanpoan jaiotakoa, baina abizena eta heziketa emanen zizkiona: Francisco de Navarra; garai hartako hizketan Nafarroako Frantzes edo Prantzes.

            Nafarroako Pedrok ama Doņa Ines Enriquez de Lacarra izan zuen, bera ere mariskalen familiakoa.

            “De Navarra” Mariskal guzti hauen arbasoa Don Leonek de Navarra izan zen; Karlos ii, “Gaiztoa” deitutakoaren seme naturala edo ezkontzaz kanpokoa zen. Horrengatik ba Karlos iii.ren anai erdia zen eta harreman estua izan zen bi senideen artean. Eta baita bien ondorengoen artean ere.

            Nafarroako Pedro Mariskala Zaragozan ezkondu zen, Aragoi eta Gaztelako errege katolikoen egoitza zen Aljaferiako jauregian, 1498.eko urriak 7.ean DOŅA MAYOR DE LA CUEVA Y MENDOZA zelakoarekin. Emakume hau Alburkerkeko Duke izandako Don Beltran de la Cueva eta bere emazte Doņa Mencia de Mendozaren alaba zen, baina biak hilik ziren ordurako eta garai hartan Gaztelako Isabel ii Erreginaren andre laguna edo “dama” zen.

            Ezkontza horretarako Nafarroako errege eta bere nagusi ziren Juan de Labrit eta Katalinak 3.000 urrezko eskudo edo ontzurre eman zioten. Ezkontza hori bi errege etxeak (Nafarroakoa eta Aragoi-Gaztelakoa) elkarrenganatu eta hurbiltzeko erabili zen. Ondorean berriro Nafarroako erregeak bizi ziren Tafallako jauregira itzuli zen bere emaztearekin.

            Nafarroako Mariskala ezkontzen den urtean bertan, 1498.ean alegia jaio zen bere beste seme bat, Tafallako N. Hualde ezkongabearekin izandakoa. Ume honi bere abizena eman zion, FRANCISCO DE NAVARRA, deitua izan zen (FRANTZES ETA PRANTZES etxean) eta baita heziketa ona eman ere; zitekeen maisurik jakintsuenekin, Martin Azpilikuetarekin, hain zuzen erel.

            Esan bezala, Erlijioko bizimodua aukeratu zuen, FRANCISCO DE NAVARRAK, Nafarroako Prantzesek eta horretarako Aita Sainduak bula bat eman zion 1518.ean (ezkonduen umeak bakarrik har bait zezaketen garai hartan erlijiko bizimodua).

            FRANCISCO DE NAVARRA delakoaren irakasle eta adiskidea izan zen MARTIN DE AZPILIKUETA, “Doctor navarro” bezala ezagutua dena. Azpilikueta honek deitu zion euskarari “lingua navarrorun”. FRANCISCO DE NAVARRA Orreagako kolegiatako buru izan zen, gero gotzaia. Lehendabizi Osunan, gero Badajozen eta azkenik Valenciako artzapezpiku, azkeneko honetan hil zelarik 1563.ean. Trentoko Kontzilioan arialdi eta eragin asko izan zuen.

            Francisco de Navarra honen ama N.Hualde zen. N. HUALDEREN izena ez dakigu; bakarrik bere izenaren hasierako hizkia edo letra, “N.” eta “Nora” deituko dut. Bere aitak berriz, hau da FRANCISCO DE NAVARRAren aitonak Miguel de Hualde izena zuen.

 

 

Antzestokia:

 

            Tafallako jauregi batean. Lorategi zoragarri baten ondoan dago jauregia. Lorategia Nafarroako Erregeen jauregikoa da eta Jauregia berriz Nafarroako Mariskala den Pedrorena, Erregeen Jauregia defendatu eta zaintzeko dorrea da zehazki mariskalaren jauregia. Tokia: dorrearen beheko aldea. Sua, eskailerak behetik gora. Kanpoko atea, beste ate txiki batzu. Altzariak. Atean gudari bi.

Emakume gazte eta eder bat, NORA HUALDE; magalean hilabete gutxiko haurra dauka, Francisco de Navarra, Frantzes eta Prantzes esaten diote. Emakumearen aita, Migel eta ama. Gainera mutil gazte bat, Pedroren morroina eta laguna Felipe Bergara dago. Fraile bat bazterreko mahain batean jan eta jan eta gehienetan isilik dauden bi monja. Pedro Nafarroako mariskala sartzen da, bi lagunekin: Azpilikuetako Bernart eta Juan Jasokoa, biak zahar samarrak, agureak, makil banarekin.

Beheko suan zerbait egosten ari dira. Gela hau dorreko sarrera, sukalde, biltokia eta beste alde guztietara igarotzeko lekua da dena batean.

 

 

Antzesleak:

 

            PEDRO DE NAVARRA. Piarres

            FELIPE BERCARA, morroina. Pelipe

            NORA HUALDE

            MIGEL HUALDE, Noraren aita.

            NORAREN AMA, Maddalen.

            UMEA (Francisco de Navarra, Frantzes, Prantzes)

            GUDARIAK

            JUAN LABRIT, erregea

            INES ENRIQUEZ DE LACARRA, Piarresen ama