Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

III. ekitaldia

 

Antzestokia eta ingurugiro historikoa

 

            Simancasko (gaurko Valladolid-eko probintzian) gazteluan. 1522. Azaroak hogeitalau, Mariskala giltzapean dago duela sei urte eta azkeneko hirurak Simancasen bota ditu. Atientzako gaztelutik Bartzelonara Enperadoreari zin egin ziezaion eraman zutenean, berean eutsi zion. Horrengatik ondoren Simancasko gazteluan presondegi gogorrago batean sartu zuten.

            Egun honetan hilik gertatuko da Mariskala. Baina Mariskalak bere buruaz beste egin ote zuen, labana txiki batez zintzurra ebakiaz, ala erahil egin ote zuten?

            Simancasen Mariskalarekin bere morroin Felipe Bergarak jarraitzen du. Hantxe dago Mariskala hiltzen denean ere eta lekuko bezala ari beharko du bai bere azkenahia edo testamenduko idazkera ezagutu eta berea dela ziurtatzerakoan, nola baita ere nola hil den erabakitzerakoan.

            1522.ean Nafarroako gudua ia galdurik eta bukaturik dago. Amaiurko gaztelua eroria zen. Nafarroa zatiturik gelditu da. Iparraldean Labrit erregeek jarraituko dute mende baten zehar. Hegoaldea ordea Gaztelaniarren harmek irabazi dute. Hamabi urte iraun du gudak. Nafarroako biztanleek hirutatik bat baino gehiago hilak izan dira. Gaztelu guztiak eta baita ere “etxarriak” edo etxe bizkorrak botaerazi egin ditu Cisneros Kardinaleak. Erresumako defentsarako egitura guztia hautsi eta suntsiturik gelditu da. Cisneros-en ustez sekulorun sekulako!

            Ekitaldi honetan Mariskalarengana bere seme apaiza, FRANCISCO DE NAkARRA, Prantzes lagun arteko hizketan eta honen irakaslea eta adiskidea den MARTIN AZPILIKUETA, Mattin, azaltzen dira. Berriak ematera doaz eta baita ere bere adostasuna eskatzera ihesian eta atzerrian dabiltzenak itzuli ahal izan daitezen eta baita espetxetan daudenak ere aska ditzaten.

            Bi mezulari hauek —Navarra eta Azpilikueta, bata semea eta bestea sendi adiskide batekoa— Logroņoko eta Noain-go gudaldiak eta beren ondoreak jakinerazten dizkiote eta baita ere Amaiurren gertatutako porrota; baita ere Piarres gaztearen jakabidea zein izan den. Etorkizunari buruzko beren ustea adierazten diote eta Mariskala guztiz hunkiturik gelditzen da.

            Mariskalak bazekien zerbait, baina ez zuen uste porrota hainbestetarainokoa izan zenik eta gutxiago oraindik ondorioek izan zuten gogortasuna. Iparraldea gelditu da aske. Eta han dabil Pedro gaztea. Gazteluak, egiturak, dena hautsirik eta galdurik dago; Iruņean Erregeordea da agintzen duena eta beaumontesak ere, lehen gunean denaren jaun eta jabe bezala azaldu baziren ere, gero eta okerrago dabiltzala dirudi.

            Francisco eta Martin —Prantzes eta Mattin— aterapide bat bilatu behar dela oharrerazi nahiean ariko dira. Ez dute eskaintzarik eta eztaere agindurik edo mezurik ekartzen, duela hiru urte Atientzara Maior Kueba, Mariskalaren emazteak eraman zituen bezala; baina ikustaldi hau lortzeko Alburkerkeko sendiaren bitartez egin dituzte harremanak. Halere badakite Mariskalak nahi hainako aberastasunak, ondasunak, tituluak eta karguak beregana eta eskura litzakeela, bere jokabidea aldatu eta Enperadorea Nafarroako erregetzat onartzeko prest azalduko balitz.

            Mariskalak ordea zintzo jarraituko du.

            Baina zer egin zuten ondoren bere semeek, zer egin zuten bere ingurukoek eta bere aldekoek?

            Francisco de Navarra Iparraldeko Tolosan ikasketak egiten ari ondoren, Orreagako (Roncesvalles) Kolegiata Monastegiko buruzagitza edo prioratoa lortu zuen; gero Salamanca-ra joan zen ikasketak bukatzera; eta gero Osuna-ko, eta Badajoz-ko eta azkenean Valencia-ko artzapezpiku egitera iristeko Enperadorearekiko harremanak ondu eta egokitu zituen. Trentoko kontzilioan arialdi oso garrantzitsuak eta eragin haundikoak izandakoa da.

            Pedro gaztea berriz azkeneko gudaldietan ere saiatzen diren gudarietakoa da. Ez da ageri Amaiurko Gazteluaren barruan azkeneko hegoaldeko independentziaren guneari eusten diotenen artean. Ez; baina han zebilen. Barruan inguraturik zeudenei laguntzera etorri zen, gudaloste txiki batekin, ahal zuen guziekin alegia. Baina oinezkoak ziren eta inguratzaileak, gaztelarrak alegia, zaldizkoak, eta ez zioten laguntza eramaten utzi! Borrokan saiatu ziren eta bere eskutik Nafarroako ikurra Salazarko alkatea zen Remon Espartza izeneko batek kendu zion.

            Amaiurko ingurutikan, laguntza eraman ahal izan gabe, ihes egin behar izan zuten eta berriro ere, hiru urte beranduago, Hondarribiko gaztelua harrapatzen dutenean, han agertzen da Pedro de Navarra gaztea, Nafarroako gudarien buruzagi bezela. Hondarribian frantziarrak eta nafartarrak zeuden. Lehenik frantziarrek alde egin zuten eta nafartarrak bakarrik utzi. Inguraturik zeuden; 1524. urtea zen, Pedro de Navarra gaztea zen buruzagi, ordurako Mariskala izenaz; inguratzaileetako burua, beraz Gaztelako gudalostearen buruzagia Beltran de Alburquerque zen, hain zuzen ere gure Mariskalaren emaztearen anaia. Pedro de Navarra gaztea errenditu egiten da eta Hondarribiko gaztelua Enperadorearen hatzaparretan eroriko da.

            Pedro de Navarra, gaztea, behin Hondarribiko gaztelua galdurik, —eta aita duela bi urte hilik— aldatu egiten da, eta Enperadorearen aginduetara jarri. Bere sendiko ondasun guztiak itzultzen zaizkio eta gainera beste aberastasun eta kargu asko eman ere. Enperadoreak bere lanik zailenera bidali zuen, Granada erresumako gobernadore edo erregeorde bezala eta horretan Xabierko Franciscoren anai bat izan zuen alguazil edo laguntzaile.

            Xabierko Franciscok, Frantzes edo Prantzes deituak, ez zuen inoiz Espaņiako erregeentzat serbitzurik egin nahi izan. Beste nafartar batzu bezala, beti erbesteraturik bizi izan zen. Baina beste askok ordea, azkenean, hamabi urtetako guda luzearen ondoren, amore eman zuten eta beren morrointza edo leialtasuna zin egin zioten Enperadoreari.

            Baina Pedro de Navarra gazteak ere zin egin al zion Enperadoreari? Pertsonalki ez; zuzen zuzenean ez. Gotzai bat bidali zuen bere ordez zin egin ziezaion. Bere ezpainetatik ez zen atera hitz hori, bere mihiak ez zuen esan, baina...

            Baina enperadorearen aginduetara jarri zen, ondasunen eta aberastasunen truke. Eta galantak lortu zituen gainera. Granadako erreinuan moroak eta Alpujarratan altxaturik zebiltzanak zapaltzen ibili zen eta bere sendia Espaņiako erregeen kide eta bertakoenetakoa bilakatu zen. Bere alaba Jeronimaren senarra, Felipe ll.aren “gentil hombre” zen; baina ez zuten umerik eduki eta han bukatu zen Mariskalen historia.

            Zergatik orduan antzerki honetakoari “azkeneko” mariskala deitzen diogu?

            Hain zuzen ere, bere ondoren ez zelako tituloa besterik gelditu. Hegoaldeko Nafarroako independentziak iraun zuen bitartean, Amaiurko gudaldiaren garaiean, oraindik Mariskala bizi zen. Mariskalak bere biziari bukaera jarri zionean, ez zen gehiago Iparraldeko Nafarroa besterik gelditzen. Nafarroa puskaturik zegoen, gutxienez bostehun urte inguru arte... Azkeneko mariskala ez bait zen errenditu, ez bait zuen etsi.

 

 

Ekitaldiko tokia:

 

            Simancasko gazteluko zelda bat. Mahaintxo bat eta bi aulki. Bazterrean, lurrean, lo egiteko kamaina. Gela haundi samarra da, gurutze bat beste inolako apaingalurik gabea. gurutzearen azpian paretean marrazturik lauburu bat.

 

 

Antzesleak:

 

            PEDRO DE NAVARRA, mariskala. Zaharturik dago. Kate bat dauka, ezkerreko eskumuturran, ormara lotzen duena, baina luze samarra.

            FELIPE BERGARA, morroina. Hau ere zahartuagoa dago nabarmenki.

            FRANCISCO DE NAVARRA, semea, Salamancan ikasketak egiten ari da dagoeneko. Orreagako buruzagia edo Gorengo Abadea da.

            MARTIN AZPILIKUETA, Doctor navarro deitutakoa, euskarari “lingua navarrorum” deitu ziona. Lehengoaren irakasle ohia Iparraldeko Tolosan.

            Gazteluko “alkaide”, kapelaua, lau gudari zaintzaileak eta arropa garbitzeko eta janaria prestatzeko dauden bi emakume, Nafarroatik etorriak, JOSEFA eta MIKAELA (JOXEPA eta MIKELA).

            Bukaera, hilobiratze edo entierro gisa da. Abeslari talde batek Nafarroako Gorteetako ereserkia edo himnoa abesten du. Doinu bakar batean eta gero eta emekiago, gero eta emekiago eginez lehen zatia, ia gelditu arte, ia geldirik bukatzen dutelarik.

Azkeneko ekitaldi edo arialdi honen hasieran bertsoak botatzen ditu Felipe Bergara morroinak, azkenekoak Mariskalarekin batera errepikatzen dituelarik.