Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

 

Kiko Martínez Apestegia,
giltzapean denborarik gehiena daraman
Nafarroako preso politikoari

 

 

HITZAURREA

 

Historia eta literatura

 

            Hainbeste eta hainbestetan aztertu eta eztabaidatu izan den harreman hau, literaturak eta historiak dutena alegia, ez daiteke hitzaurre edo prologo baten gaitzat har. Ezin izanen nuke ezta behar duen zabalkunderik eman, eta ezta ere behar hainako sakontasunik erabil.

            Baina xume xume bada ere, adierazi nahi nuke zein den nire iritzia historiak eta literaturak duten edo izan lezaketen harremanari dagokionez. Iritzi horixe baita izan ere antzerki hau taxutzerakoan alde batetik mugatu eta bestetik bultzatu nauena, biak elkarren bidenabarrean.

            Literatura asmatua da; asmaketa eta asmaketaren ondorioa. Historia berriz gertatutakoaren kondaira eta azterketa da.

            Beraz historiak egia adieraztea eta aztertzea dauka helburu eta neurriren batean azterketa horretatik bizimoduaren eta giza harremanen legeak erabakitzea.

            Literaturak ordea gertatua bezala, gertatu gabea edo gertatu ote den ez dakiguna edo gertatu litekeena adierazten digu; eta bere helburua ez da egia mugatu eta aztertzea, baizik eta ederra eta politak giza senan izan lezakeen hunkidura eta ondorioak nolabait sortaraztea.

            Arazoa sortzen da ordea egiazki historian zehar izan diren pertsona eta gertakizunei erabilpen literarioa ematen diegunean. Eta horixe da, hain zuzen ere, antzerki honetan gertatzen dena.

            Pertsona historikoek, egiaz izandako horiek alegia, egin zutena egin zuten; izan zituzten harremanak, jokaerak eta arazoak eduki zituzten; garai eta toki batekoak ziren eta garai horietan toki horietan gertatutakoak gertatu ziren. Hori guztia literaturak ez du aldatu behar, baldin eta gerta zitekeenaren fikzionea adierazteko ez baldin bada. Baina gertatutako guztiari, egiari begirune osoa izanik ere, literaturak badu tokia eta toki izugarri zabala gainera, antzesle diren pertsonaien arteko harremanak asmatzeko, izan zuten jokaera bakoitzaren arrazoinak bilatzeko. Elkarrizketak, arazoak, oinazeak, saminak, pozak, hori guztia gogorapenari dagokio asmatzea.

            Horrengatik antzerki honetan antzeslari gehienak egiazkoak baldin badira ere, badaude beste batzu izan zitezkeenak; elkarrizketak asmatuak badira ere, horrelatsukoak izan zitezkeen edo agian horrelatsukoak izan ziren. Egiazkoak dira Nafarroako Pedro edo Piarres, bere ama, anaia, semeak, emaztea, bere lehenengo semearen ama. Egiazkoa da ere morroina, Felipe Bergara. Egiazkoak dira Jaso eta Azpilikuetatarrak eta Nafarroako errege eta beste aldeko erregeei buruzko aipamenak. Asmatuak dira frailea, kapitaina eta gudariak, Atientzako andrea eta Simancas-ko mutikoa; baina horrelatsukoak izan zitezkeen. Agian izan zirenl.

            Literaturak historiari, filosofiari eta beste hainbeste jakintzari bezala mesede edo emaitza bat dakarkio: Hurbildu eta bertaratu egiten ditu historiako pertsonaia, gertakizun eta jokaerak, “zergatik” galderari haragizko eta odolezko erantzun bat emanez askotan. Horrengatik literatura —eta gure kasuan bertsolaritza ere— erabilia izan da bai harreman sozialetan, nola erlijiosoetan, nola baita ere politikoetan. Gogoan dut Anjel Zelaietaren liburu bat Foruak eta Literatura eta bertsolaritzari buruz.

            Nafarroako Mariskalaren historia arrunt hunkigarriak merezi zuen erabilpen literario ederrik! Orain arte, agian bere buruaz beste egin zuelako, bere burua hil zuelako ez da literaturara igaro, hain zuzen ere kontuan izanik gure artean katolizismoaren zentzu herstu.ak izan duen indarra. Baina gizaseme honen historia, gizaseme honen koerentzia, bere zintzotasuna, harrigarriak dira... Arrazoinez lapurtu eta ziur aski hautsi zuten bere testamendua etsaiek. Bere irudia bakarrik aski bait da, Nafarroa indarrez, armaz eta odolez konkistatua, oinperatua eta desegina eta zatikatua izan zela adierazteko.

            Nafarroako Pedro pertsonaia harrigarria baldin bada ere, ez da makalagoa bere morroin Felipe Bergara, hogeita gehiago urte nagusiari laguntzen ibilia, lehendabizi Erresumako nagusi eta gudalosteko burua zenean; gero espetxez espetxe hil zen edo hil zuten edo bere buruaz beste egin zuen arte! Pertsonaia historiko honekin bukatzen da antzerkia, Nafarroako Pedro —Piarres— azkeneraino zintzoa izan baldin bazitzaion bere nagusitzat zuen erreginari, Bergara ere —zakur bat bezala— zintzoa izan bait zitzaion nagusiari, agintean eta espetxean, herrian eta herbestean, aberastasunean eta beharrean.

            Nafarroako erresumaren konkista arrunt krudela, gogorra, zitala eta odoltsua izan zen. Asko hil zen; beste askok alde egin behar izan zuen edo espetxe ilunetan bukatu zuten. Alde egindakoetatik batzu ez ziren itzuli, beste batzuk Iparraldean jarraitu zuten gelditzen zen erresumaren zatiarekin. Gehienek ordea, edo behintzat askok, etsi egin zuten eta Enperadoreari zin egitearen truke berriro aberastasun eta ondasun ugari eskuratu. Baina Nafarroako Pedrok ez; ez zuen hitza aldatu, ez zuen bere zina jan.

Patxi Zabaleta