Hegazti errariak
Juanjo Olasagarre
Hegazti errariak
Juanjo Olasagarre
Euskaltzaindia, 1996
Hegazti errariak
Juanjo Olasagarre
Euskaltzaindia, 1996
[aurkibidea]

 

BOSGARREN ATALA

 

(Aurreko egongela bera. Mahaia alde batera baztertu dute eta lehen bazterturik zeuden sofak erdian paratu dituzte L bat eginez. Publikoaren pare parean dagoen sofaren atzean leihoa dago. Sofen ondoan mahai txiki bat. Lou Reed-en “Vicious” entzunen da tokadiskotik. Pertsonaiak eserita daude kafea hartzen. Argia izeki eta bolumena jaitsi)

 

MIREN: Zer Josean gure negozioa zer?

JOSEAN: Ze negozio?

MIREN: Benga atera ezak.

PATXI: Badakit.

LOURDES: Ze negozio darabilzue?

PATXI: Zer izanen dun ba Lourdes! Hauengandik zer espero dezaken?

MIREN: (Lehor) Hi sermoirik ez faborez, hi ez haiz egokiena eta sermoiak botatzeko!

PATXI: Ez dakizue hori gabe ongi pasatzen.

MIREN: Bazterrak lasai zaudek eta ongi pasatzeko!

LOURDES: Zer da Josean?

PATXI: Gabon zaharrero berdin egin behar duzuela!

LOURDES: Esan behar didazue behingoan zer den!

PATXI: Zer izanen dun bada, neskatoa... sudurrak zikintzeko zera!

LOURDES: Ekilikua! Zer koka?

 

(josean jaso eta kolgadorera joanen da karteraren bila)

 

LOURDES: Zein ongi!

PATXI: Beraien peto-petoa haiz.

LOURDES: Ez duk hartuko edo?

PATXI: Nik?!

LOURDES: A nik bai... zuk Jon hartuko duzu?

JON: Bai pixka bat.

JOSEAN: Bueno orduan lau... hik Patxi ez duk nahi... seguru hago? Ez dik kalterik eginen!

PATXI: Ez diat nahi... kafe gehiago egitera noak!

JOSEAN: (Arrastoak prestatzen ari den bitartean. mireni) Zer pasatzen zaion?

 

(mirenek ezer jakin nahi ez duenaren imintzioa eginen du)

 

LOURDES: Nola bururatu zitzaizuen?

MIREN: Nik esan nionan ia pixka bat animatzen ginen.

LOURDES: Denborak sudurrak zikindu gabe!

JOSEAN: Nik ez hainbeste.

LOURDES: Zer habil endredaturik Josean?

 

(Kokaina sartzea erritual bat da. Beraz errito kutsua eman behar zaio. Eta hori lortzeko bakoitzak sudurrak zikindu aurretik sudurrak zintzatuko ditu, mugimenduak eginen ditu ipurdia sofan ongi asentatzeko eta abar eta abar)

 

JOSEAN: Ni endredaturik... tira! Hala benga!

 

(mireni pasatuko dio tutua. miren esnifatzen hasiko da)

 

LOURDES: Akordatzen naiz sudurrak zikindu nituen lehendabiziko aldia, Miguel Marirekin izan zela... Ni ikaratuta nengoen zer pasatuko edo... lehen askoz drogadiktoagoak ginen. Ohitura onak ere galtzen ari gaitun

 

(jon ari da esnifatzen)

 

MIREN: Onak ez-onak garestiak bai behintzat.

JOSEAN: (Zirika) Jon, jode, zu bezalako euskaldun petoak ere jotzen diote drogei, ez nuen zuregandik hori espero! Patxi bezalakoa zinela uste nuen!

 

(lourdesek zeharka begiratuko dio isiltzeko aginduz)

 

LOURDES: Jon zuk ez egin kasorik, hi ere Josean kritikatzen ditudan espelgaindar asko bezala ahotik galtzen haiz, hitz gehiegi egiten duk... eta askotan isilik egonen bahintz askozaz hobe joanen hituzke hire gauzak... zuk ez egin kasorik azala otsoarena du baina gero maitagarria-edo da.

JOSEAN: (lourdesi tutua pasatuz) No. Eta ez dezanala egin aldi hartan egindakoa... akordatzen haiz ez da... sudurretatik haizea hartu beharrean ez zinan ba haizea bota... han joan zunan dena barreiaturik.

 

(Pausa)

 

JOSEAN: Esan zidaten ona dela.

MIREN: Nik uste diat ona dela... nola nabaritzen duk ahoa loakartzen didaala bai nik dagoeneko loakarturik zeukat.

 

(josean ari da orain)

 

PATXI: Zer egin dituzue egin beharrak? Orain denok pozik eta alai ez da? Ateratzea pentsatu duzue edo zer pentsatu duzue?

LOURDES: Ateratzea? nik behintzat ez diat bat ere gogorik. Badakik zein goxo gauden hemen!

PATXI: Klaro sudurrak ederki zikindurik!

LOURDES: Jesus mutikoa! kuanto norbait hil dugula! Ez diagu beste munduko gauzarik egin behintzat!

MIREN: Zerendako? Hor kanpoan jendea besterik ez duk egonen, jende pila tabernetan.

JON: Benga atera gaitezen, oso ongi pasatuko dugu.

JOSEAN: Zerendako atera... zu bezalako ume mukizu pila aurkitzeko kalean... denak mozkor-mozkor eginik. Kia kendu hadi paretik!

JON: (Altxatu eginen da. Erabat haserre) Aizu nik ez dizut onartuko zure herrikoek onartu dizuten bezala ez dakit nik egindako zein errurengatik niri fakturak pasatzen.

JOSEAN: (Oraindik zirika) Baina zer esaten ari zara?

JON: Entenditu duzu bai ongi asko, zure herrian onartu baldin bazizuten homosexuala zinelako errua besteri bota behar zeniola nik ez dizut onartuko. Begira... ume mukizu banaiz zertarako zaude nirekin... ez dut entenditzen... zure burua soportatzen ikasiko bazenu askoz hobeki izanen litzateke zuretzat eta batez ere zure inguruan daudenentzat... baina nor uste duzu zarela... uste duzu pertsona bat horrela mesprexa daitekeela... begira erabaki ezazu nor izan nahi duzun... zure herrikoa izan nahi baduzu... zoaz hara bizitzera eta ez zaitez ibili egin duzuna ezin onartuz... zer uste zenuen hirira etorririk zure buruari ihes eginen zeniola... hori pentsatzea ere... erabaki ezazu homosexuala zaren ala ez... eta baldin bazara, nik baietz esanen nuke, izan zaitez adoretsu eta onar ezazu zure burua... ze nekez... oso nekez maitatuko zaituzte ondokoak zuk zure burua maite ez baduzu... zuk nor ostia uste duzu zarela... zure eskisito aire horiekin... denen gainetik jarri nahi duzu eta zure miseria baizik ez duzu nabarmentzen... asko sufritu duzu ez da hala... baina zer uste duzu gertatu zaigula besteoi... guretzat ere gogorra izan da... denontzat da gogorra bizitza hau... jada, martiria, martiria, nahikoa duzu... nahikoa duzu... zer uste duzu ironia merke horrek salbatuko zaituela... bada ez, ez zaitu salbatuko... zuk salbatu beharko duzu zure burua eta hori oso zaila ikusten dut. A eta gogoratu gertatzen zaizunaren erantzule bakarra zerorri zara ez beste inor, beraz ez ibili besteak goitik begira bezala, nirekin behintzat akabatu zaizu.

 

(jon besterik esan gabe kolgadorera ondoratuko da txaketa hartu eta gelatik aterako da. josean jaso eta bere atzetik abiatuko da baina gela erdiraino iritsiko da. Instante batean akzioa gelditu eginen da. Gero kanpoko atearen hotsa entzunen. Ate danbatekoarekin batera Ruper Ordorikaren “Agurraren Lezioa” kanta hasiko da tokadiskoan:

            AGURRAREN LEZIOA

                        Jonek taxi bat hartu du

                        geltokirako bidean

                        ikasi nahiean dabil

                        agurraren lezioa

                        agurraren lezioa

                        Bere alde batek baietz dio

                        ezetza berriz besteak

                        ez da aise konprenitzen

                        agurraren lezioa

                        agurraren lezioa

                        Urrezko hitz eder hoiek

                        zu eta ni betiko, hoiek denak

                        ez ditu orain aurkitzen

                        agurraren lezioan

                        agurraren lezioan

                        Agurraren lezio hori ikasteko

                        ahazten jakin behar da

                        lezio hori ez dago ikasterik

                        —hala esaten dizuet nik—

                        Nork du ahazten ikasiko?

                        Nork du ahazten ikasiko?

                        bagoi gehiegizko trena

                        gauean barrena.

                        Ahazteko esango nioke

                        ez pentsatzeko iraganaz

                        ez dela xamur ulertzen

                        agurraren lezioa

                        agurraren lezioa.

            josean sofan eseriko da atzera berriz kanta ari den bitartean)

 

MIREN: Hau festaren pollitta!

LOURDES: Zakar aritu haiz berarekin gau osoa, Josean!

PATXI: Zer musika paratuko dut? zer aditu nahi duzue?

LOURDES: Nahi duana baina alaia izan dadila, faborez.

 

(Flako Jimenez “La rosa negra” paratuko du. lourdes jaso eta josean aterako du dantzara. josean eta lourdes eskenatoki erdiparean dantzan eta hizketan ari diren bitartean, publikoak ikusi bai baina entzungo ez duen eskena gertatuko da miren eta patxiren artean. sofa ezberdinetan daude. patxi mirengana ondoratuko da. Eztabaidan arituko dira baina eskena aurrera doan heinean gogoratu publikoak lourdes eta joseanen arteko elkarrizketa baizik ez duela entzungo) adiskidetu eginen dira eta musuka hasiko)

 

LOURDES: (joseani) Benga dantza ezak nirekin. (Dantzan hasiko dira) Ongi hago?

JOSEAN: Ez zeukanat gogorik.

LOURDES: Benga, benga ongi etorriko zaik.

JOSEAN: Bueno...

 

(Dantzan hasiko dira)

 

LOURDES: Adiskidetuko zarete ez da?

JOSEAN: Ez zekinat denbora gutxi zeramanagu elkarrekin.

LOURDES: Zerengatik tratatzen duk hain gaizki?

JOSEAN: Nik zer zekinat ba!

LOURDES: Inporta zaik? Seriotan dihoan esan nahi diat.

JOSEAN: Ez zekinat. Oso gaztea dun eta ni betikoari jiraka nabilen.

LOURDES: Mutiko ona ematen dik!

JOSEAN: Ona dun, onegia beharbada.

LOURDES: Zerengatik ez duk bada berarekin segitzen?

JOSEAN: Ez zekinat segitu nahi dudan, ez zekinat, ez zekinat. Azken honetara ez zidaten gehiegi irauten nobittoek.

LOURDES: Ba argi hadi ze hire ondoan ez zegok egoterik! Nire irudiko hiri buruzko egi asko esan dik. Hire buruarekin ezin duk burutu eta horrek ez dik bizitzen uzten. Egiten duana eginik ez hadi ibili hire buruari errua botatzen, horrek ez dik ezertarako balio. Larrutik esaten diat, ni ere, Miguel Marirekin utzi nuenean horrela ibili ninduan, traidoresa bezala sentitzen ninduan... azkenera erruarekin gorabehera ibiltzeak ez dik ezertarako balio.

JOSEAN: Bazekinat. Hori bai badakidala baina... (erdi trufaka) baina... baina...

LOURDES: Baina... uste diat aspaldiko zintzilikadurekin habilela.

JOSEAN: Heroe bat maitatu ondoren guztiak ttiki gelditzen ditun.

LOURDES: Ze heroe eta meroe ere! Zein duk heroea Miguel Mari? Bada Miguel Marik ezetz esan zidan, gogoratu hadi; Gainera horiek denak ergelkeriak dituk, heroeak ez dituk esistitzen, hire buruko asmazioak dituk.

 

(hurrengo kanta hasiko da, Xabier Leteren “Habanera” hain zuzen. Lehengo bi estrofak entzunen dira. Hona hemen kanta:

            Berriro itzuliko balitz iragan denbora arrotza

            berdin kontsumi nezake vainila gozo artean

            itsaso urrun batetan irudimena galdurik

            udaberriko euriak larrosak bizten ikusiz...

            Osaba komerzianterik ez nuen izan Habanan

            pianorik ez zegoen bizi nintzen etxe hartan

            neskatxen puntila finak udako arratsaldetan

            errosario santua neguko gela hotzeran.

            Ezpainek gordetzen dute ezpain bustien gustoa

            desiozko hotzikaran etsipenaren tamalez

            gauak zelatan dakusa kontzientzia biluzik

            badoaz ordu geldiak gogorapenen hegalez.

            Jaio ginen bizi gera, ez dugu ezer eskatzen

            itsasontzia astiro kaiatik ari da urruntzen

            Antillak zintzilik daude argazkien paretetan

            karta bat idatziko dut norbaitek erantzun dezan.

            Tabako, ron ta kanelaz sukartutako ametsetan

            algarak entzuten ziren Habanako putetxetan,

            abanikodun aide nangiek odola erretzen zuten.

            Jaio...

 

JOSEAN: Igual bai... baina hi ere oraindik Miguel Marirekin erdizintzilikaturik hago.

LOURDES: Ni... ni jada ez, nik aurrera egin diat. Miguel Marirena akabatu huen eta kitto, Miguel Mari ez duk heroea gainera, tipo normala duk

JOSEAN: Igual bai... (pausa, dantzatzen segituko dute) Beste horiek zer zeukanate ba?

LOURDES: Horiek ere betikoa. Betikoarekin gabiltzak denok ere jira biraka. Hamar urte elkarrekin bizi ondoren zaharrak berri, beharko!

JOSEAN: Ia hiri Nigeriarrarena ongi ateratzen zaidan! Ikusiko dun zein polliki, etorriko dun eta ongi moldatuko dun hemen. Euskaldunik euskaldunena izanen dun. Ia behingoan gure kuadrila puta honetako norbaiti, behintzat, gauzak artez ateratzen zaizkion. Garaia dinagu eta!

LOURDES: Bai... nik ilusio handiak ditiat. Uste diat garaia dudala, behingoan, norbaitekin bizitzen jartzeko... ez zekiat honetara moldatuko den baina saitu egin behar diagu behintzat. Askotan iruditzen zaidak denbora pila galdu dudala... Ez zekiat bakarrik egoten... hori duk nire arazo handiena... ez zekiat ondoan gizon bat gabe bizitzen...

JOSEAN: Denok behar dinagu ondoan norbait... sufriarazten badigu ere, deskuidatzen bahaiz sufriarazten badigu, orduan eta gehiago maitatuko dinagu. Lasai oraingoan ongi aterako zain.

 

(miren eta patxi aterako dira bizkarretik helduta. Adio esanen dute esku keinu batez. Kanta akabatuko da)

 

JOSEAN: Amodioaren hau laostia dun! Ikusi dun, oraintxe elkar hozkaka, oraintxe bizkarretik heldurik!

LOURDES: Horrela duk...hi ez diat lehenago aipatu baina badaukak lekurik Teorentzat? Mirenek esan zidak hemen, etxean, gelditzeko ez dagoela problemarik baina nik nahiago diat txandaka egitea, bolada bat hemen eta bolada bat hire etxean.

JOSEAN: Bai neskatoa... ez zegon problemarik. Bolada luzea baldin bada ere emanen zionat ostatu. Euskara irakatsi beharko dion. Apuntatuko dinagu aekn edo.

LOURDES: Erdera ikastearekin nahikoa lan izanen dik!

JOSEAN: Euskera ere ikasiko din, irakatsiko zionagu. Ikusiko dun zein polliki, Teo hire biziko gizona izanen dun, ikusiko dun. Merezi dun.

LOURDES: Merezi, merezi denok merezi diagu baina gero bizitzak ustekabean ematen zizkiguk kolpeak.

 

(Dantzatzeari utziz)

 

JOSEAN: (Ironikoki) Gau polita atera zaigun! Ez zekinagu hasarrerik gabe elkarrekin egoten, beti bazeukanagu ipurdian zuloa.

LOURDES: Bai... dena dela nik oso gustora egondu nauk. Aspaldi huen ez nintzela zuekin egoten... hasarreena eta... badakik bizitza bezalakoa duk.

JOSEAN: Argitzen ari din. Ni ere joan beharko naun. Noiz heldu den jakitean hots egidan, lehenago ez bagaitun ikusten, eta joanen gaitun biok bere bila. Nora ailegatuko dun?

LOURDES: Miarritzera. Han muga kontrola errazago pasatuko duelakoan... zer iruditzen zaik?

JOSEAN: Bai hobe...frantsesak beti ere, ohituago zeuden beltzekin. Bueno moņona hots egidan, e!, eta joanen gaitun ezagutzeko gogoa dinat eta. Beharbada kendu eginen dinat!

LOURDES: Hori behar duk! Garbitu eginen haut!

 

(joseanek irri eginen du. lourdesengana hurbildu eta besarkatuko du. Mikel Laboa oseba Sarrionaindiaren “Hegazti errariak” kanta hasiko da baju.)

 

JOSEAN: Bueno adio!

LOURDES: Adio!

 

(josean aterako da. Ate hotsa. lourdes leihora hurbilduko da. Argitzen ari du).

 

LOURDES: Aspaldi du ez zuela elurrik ari horrela. (Bere baitarako)

                        HEGAZTI ERRARIAK

                        Hegazti errariak

                        pausatu dira

                        leihoan

                        argia eta itzala

                        bereizten diren lekuan

                        argia eta itzala

                        leihoan

                        pausatu dira

                        hegazti errariak

 

(lourdes leihotik begira geldituko da eta pixkanaka-pixkana argia itzaliko da, kanpoko argi ahula gelditzen delarik. Teloia)