LEHENDABIZIKO ATALA
(Iluna. Hertzainen “Bi minutuero herrimina” adituko dugu. Sukalde bat agertuko zaigu pixkanaka-pixkanaka. Sukalde arrunt bat. Atearen ondoko paretean telefono bat dago zintzilik. miren bezala ezagutuko dugun pertsonaia ari da zeozer prestatzen. Abestia amaitzen denean interfono bat adituko da pasiloan)
(Gizaki ahots batek “Ni noan” esanen du. Guk ez dugu ikusiko baina entzun eginen dugu ondoan heldu den hizketa)
PATXI: Bai nor da?
...
PATXI: Eta nor haiz hi
...
PATXI: Lourdes... nor dun Lourdes?
...
PATXI: (Adar joka) Koinata? Edo mundua korritzera joan zen aparejo hura?
...
PATXI: Adar jotze etnikorik ez, faborez.
...
PATXI: Bale bale, ez hadila horrela jarri neskatoa.
(patxi sukaldean sartuko da.)
PATXI: (mireni) Hire ahizpa dun.
(mirenek ez du erantzunen)
PATXI: Aditu dun... hire ahizpa dela.
MIREN: (Lehor) Bai aditu diat.
PATXI: (Erreguz) Miren faborez...
MIREN: Ze faborez eta ze maborez ere. Zer uste duk goxo-goxo hitz eginagatik gauzak gozotu eginen direla edo?
PATXI: Astebete muturrez uste dinat nahikoa dela. Zer arituko haiz bizitza osoa arbol eroriaz egurra egiten?
MIREN: Hi arbol eroria? Hi aizkora baino ez haiz. Begira nazka-nazka eginda nagok...
PATXI: Miren faborez, sinistu behar didan...
MIREN: Zer sinistu eta sinistuondo ere, gainera hori ez duk prolema. Beti igual gabiltzak eta hik ez duk ikasi nahi... baina gaur, behintzat, izan dezagun pakea.
PATXI: Bai, baina hitz egin beharra zeukanagu... horrela ezin dinagu segi.
MIREN: Hori esaten diat neronek, horrela ezin diagu segitu.
(patxi ahoa zabaltzera doan unean eeepa! bat adituko da. lourdes sartuko da sukaldean)
LOURDES: Eepa polittoik! Ari garela!
MIREN-PATXI: Epa!
LOURDES: Zer moduz zaudete ba? (patxirengana ondoratuz) Zer moduz zaude bada zu, nire koinatu ederra. Honek beharrean nik harrapatu ahal bahindut...! Horrelako muttiko pollitta ta!
MIREN: Hori mutiko pollitta, hobeak egonen ahal ditun!
PATXI: (Zirikan) Eskerrik asko nire koiñata pollitta.
LOURDES: (Zirika) Pollitarena esate bat zuan. Hobe esanda hik ere hoberenak emanak dauzkak gizajo horrek.
PATXI: Hi, hi ere nire edadekoa haiz, notejode.
LOURDES: Ez mutiko ederra hago hi, ez dauzkak, ez hik erribera txarrak. Ze bazirudik gibelak ere ederrak dituala!
PATXI: Etzanela esandako guztia sinistu, gutxiago bat oso errudun agertzen baldin bada.
MIREN: (Lehor) Etzakela suposatu gertatu ez diren gauzak, ze nik honi ez zioat ezer esan, ez nauk trapu zikinak besteen aurrean garbitu zale!
(patxik etsipen keinu bat eginen dio lourdesi)
LOURDES: Zer, zer daukagu afaltzeko. Gabon zaharretako urterokoa.
MIREN: Hi noiztik zeukanagu Gabon zaharretan menu berdina.
LOURDES: Berdina. Konpota bai behintzat; hori urterokoa dun. Ezpelgaineko kumeak gaitun oraindik ere! Honuntza heldu nintzela han utzi ditinat afaria prestatzen elkartean, Xabier, Mikel, Joseba eta.
MIREN: Iruñean bizi diren Ezpelgaineko kumeak. Ibili eta buelta iruñearrak ze ez baitakara jaio garen tokikoak bizi garenekoak baizik.
PATXI: Ez hori ez dun egia, Ezpelgaineko txoriak Ezpelgain nahi. Nik, behintzat, badinat haruntza bizitzera itzultzeko asmoa. Ez da Miren? Han bezain ongi ez dun inon bizitzen. Dena berde-berdea eta...
LOURDES: (Zirika) Bai, mihi gaiztoei besteak larrutzerakoan darien lerde berdea. Patxi fokloriko zikin bat besterik ez haiz.
PATXI: Eta hi moderna sinple bat! Moderna sinple bat.
LOURDES: Ni moderna!? Zergatik moderna herri nazkante hori idealizatzen ez dudalakoz, paisaiarekin bakarrik bizitzea nahikoa ez dela iruditzen zaidalakoz. Nahiago nikek modernoagoa banintz herri nazkante horri hainbeste buelta ematen ibili beharrean!
PATXI: Zein herriri?
LOURDES: Zera! Zein herriri izanen duk bada, borrokan kementsu dabilen herri honi!
PATXI: No! Gaizto etorri haiz Londresetik. Gainera ez gintunan ari Euskal Herriaz Ezpelgainez baizik.
LOURDES: Ez dituk bada gauza bera, horrela jotzen dituzue askotan.
PATXI: Bai eta ez. Ze...
MIREN: Nahikoa dugu. Gaur behintzat ez dezagun politikaz hitz egin nazka-nazka eginda nago. Beti gai berarekin akabatzen dugu. (Lehor) Patxi, hordek langostino hauek zuritzera egongelara.
(Ganba ontzi bat luzatuko dio; patxik isil-isilik hartu eta atera eginen da)
LOURDES: Zer zaudete muturrez?
(mirenek axolagabeki keinu bat eginen du, bizkarra jasoz esaterako)
LOURDES: Zerengatik dun oraingoan...betikoa edo bilatu duzue beste arazoreren bat elkarri biziaz kalbarioa egiteko.
MIREN: (Gauza beraz mintzatzeaz nazkatuta balego bezala) Ez dinat horretaz hitz egin nahi. Zer moduz zegon Miguel Mari?
LOURDES: Nola ez dunala hitz egin nahi! Zerengatik hasarratu zarete oraingoan?
MIREN: Ez dinat hortaz hitzik egin nahi. Betikoa dun nik esan dudala berak esan duela eta ezetz eta baietz. Badakin. Bueno zer moduz zegon Miguel Mari?
LOURDES: Kuidado zakarra haizela (isilunea) Miguel Mari? Han zegon hura... Gartzelak gazte mantetzen hau... gorputzez behintzat... bestela oso alai ere ez dinat ikusi baina nor egon daiteken han alai... niri itxura ona egin zidan... Beldurrez noanen nola topatuko ote nuen baina nahikoa ongi... badakin urtebete baino gehiago ikusi gabe eta...ez, ez ongi. Gorentziak eman zizkidan zuendako...Patxi maiz joaten zaiola baina hi aspaldi ez omen haiz egon.
MIREN: Bai Patxi joan den hilabetean egon zunan...niri ordea halako zera bat egiten zidan joateak. Hango karnetak, hango ateak, hango joanetorriak ez ditun txikiak neskatoa!
LOURDES: Bueno nik ongi ikusi dinat, bueno triste antzean, nekaturik balego bezala, harek zeukanan martxarekin eta geldi-geldia hitz egiten din. Galdetu nionan nola ikusten dituen gauzak... badakin ateratzeko-eta...ez zidanan gauza argirik erantzun. Ez zekinat, neskatoa, zertan ari diren han.
MIREN: Lourdes badakin nola dauden gauzak... denak ala inor ez, kantak esaten duen bezala.
LOURDES: Bada atera daitezela denak eta kittoz, han usteltzen egon beharrean. Euskadi, Euskadi...halakorik! Dena dela beti bezain enkantadore zegonan. Badakin nolakoa den xuabea eta sendoa aldi berean, ai! Dena dela triste antzean ikusi dinat.
(Pausa)
MIREN: Zer habil Migel Marirekin bueltaka atzera berriz?
LOURDES: Ez, ez... bera ikusi artio ez nengonan behintzat...ahazturik neukanan...baina ikusi eta iraganaren fantasmak berritu zaizkidan...oso seguru heldu nionan Londresetik... bueno oraindik seguru nagon... baina, agi denean, zauriak ez ditun hain erraz sendatzen....Nire buruarekin haserre etorri naun autobusean beti matraka berberei bueltaka nabilelakoz.
MIREN: Jesus neskatoa, hori dun hori matraka. Zer habil zuen harremana akabatu zelakoz lehenago bezala errua gora errua behera.
LOURDES: Bueno... ez lehenago bezala baina han ikusteak dena berritu zidan. Badakin zerengatik utzi genuen... nik ez ninan nahi eta horrek... ez zekinat, ez dun gauza bera gauzak akabatzea eta akabaraztea. Eta gurea akabarazi egin zinaten.
MIREN: Jesus neskatoa ez daukan erremediorik. Ez zenuten bada horrela erabaki... ba utz ezan hortxe. Orain ere nobitto ederra hartu dun lasai bizitzeko! Miguel Mariren istorioa nahikoa nahasia ez bazen, Londresa joan eta zer hartuko nobittotako eta inmigrante ilegal bat. Ez daukan erremediorik!
LOURDES: (Haserre) Hire bidea ez dun bada hobea!
MIREN: (Etsi) Ez beharbada ez! (Oldarkor) Baina haserretzeko bada ere nik gizona ondoan zeukanat, hik ez bezala.
LOURDES: Ez zekinat zer den hobe nobittorik ez edukitzea edo egun guztia borroka bizian ibiltzea.
MIREN: (Oso zakar) Hori ez dun egia, ez gabiltzan beti borroka, momentu onak ere bazeuzkanagu.
LOURDES: (Losintxez mirenengana ondoratu eta atzetik helduko dio). Barkatzazu barkatzazu ai gure neskato pollitta, gure etxeko ninia. Zerengatik hasarratzen gaitun? Gure aitaren peto-petoa haiz. Batek ez badu zuena egiten haserrea!
MIREN: (Losintxez eta brometan) Alde egin hadi paretik maritxuri! Ardi galdua bezala ibili behar dunela beti!
LOURDES: (Serio) Miren ez nabilen ardi galdua bezala. Denok ez dinagu hire suertea izandu, hamasei urtetan nobittoa aurkitu eta orain arte. Miguel Marirena akabatu egin zunan, akabarazi egin zinaten hobe esanda, eta orain nobitto beltz bat zeukanat eta zer...
MIREN: Ingalaterran ilegal dagoen nobitto bat, harrapatzen badute Nigeriara bidean jarriko dutena. Hori gutxi ez balitz lehengo nobittoa ikusi eta liluraturik segitzen dun oraindik.
LOURDES: (Ia haserre) Hobe dinat hori ze betikoarekin us... (hitza ahoan utziko du) Bueno utz dezagun, ez gaitun holako gau batean diskutitzen hasiko... baina ez daukan arrazorerik...
MIREN: Beharbada ez, baina noizbait ere sosegatuko haiz hi ere. Sosegatu eta burua argitu herorrek eta hire inguruan gaudenok lasaitu ederra hartuko dinagu. (Pausa) Teorekin zer moduz? Teo din izena ezta?
LOURDES: Zer zegon afaltzeko?
(patxi sartuko da ganba zuritu ontziarekin eskuan)
PATXI: Zer konfesatu zarete? Otso bat bezala agertu naun argazkian Lourdes?
LOURDES: Zein argazkitan?
PATXI: Mirenek nitaz egin didan argazkian. Zeinetan bestela?
LOURDES: Ez pollitta ez, zu beti guapo-guapo ateratzen zara argazkietan. (Zirika) Zaren baino guapoa, egia esateko. Miren horrelako gizona eta... adiskidetuko zarete bai niri!
PATXI: Bai ez da... berehala, ja adiskideturik gauden
MIREN: (Zakar) Bueno nahikoa dugu, hemen kanpokoen aurrean trapu zikinak ateratzen.
LOURDES: Ze kanpoko eta kanpokondo. Hik besteonak ateratzen ditun bada, gainera ni ez naun kanpokoa.
MIREN: Gauza horietarako bai.
LOURDES: A bai eh! Orduan zertan ari haiz niri kargu hartzen. Kontu horietan ere hi kanpokoa haiz niretako.
MIREN: (Zakar) Gero negarrez etortzen haizenean ere kanpokoa izanen naun.
LOURDES: Jesus neskatoa bai otsoa haizela! (patxiri) Mutikoa nahikoa egiten duk hau aguntatzearekin.
PATXI: Niri esan behar didan. Hamar urte zeramazkinat berarekin.
MIREN: Zera zeramazkiagu beste batzuk hirekin!
PATXI: Badakizue elurra ari duela mara-mara. “Elurra elurra, txapela makurra” Zer moduz Miguel Mari?
LOURDES: Bueno badakik egon beharra... dena dela oso zaila duk han hitz egitea... egoeragatik eta, batez ere, aurrean dagoena jada Miguel Mari ez delakoz... Miguel Mariren itxura dik, Miguel Mariren ahotsa baina ez duk guk ezagutu genuen Miguel Mari hura... nola esanen nikek, hik uste duk bera aldatu dela baina egitan herori aldatu haiz gehien eta begi horiekin begiratzean iruditzen zaik bera aldatu dela. Oso egoera arraroa duk... Bera iraganean gelditua daukak hire buruan eta munduan suak harturik zihoak...
MIREN: Gainbehera!
LOURDES: Hori mundua suak harturik zihoak gainbehera... eta bera ez duk ailegatzen abiadura hori harrapatzera. Han zegok mundutik kanpo eta igual iruditzen zaiok mundua utzi zuen bezala dagoela. Gartzela zerbait bada aislamendua duk. Bestela oso ongi ikusi diat, beti bezain atsegin eta majo, horrelako egoera batean hain atsegin izateak meritu handiagoa dik, gainera.
MIREN: Bai eta makurrago sentiarazten hau ez da?
LOURDES: Hi, hire trapu zikinak ez ditun besteen aurrean atera nahi eta besteonak bai.
PATXI: Hi ni ez naun kanpokoa, hi baino hobeki ezagutzen dinat hire bizitza.
LOURDES: (mirenen ahotsa imitatuz) Gauza horietarako bai (barreak) Gainera niri ez zaidak inporta besteen aurrean nire problemez hitz egitea.
MIREN: Inporta ez... gustatu egiten zain!
LOURDES: Hi hori ere ez dun, dena dela gauza dun kontuak eskatu balizkit, bada erantzuteko moduan jarriko nintzela baina horrela gertatutakoaren errua neronek eraman beharra zeukanat.
MIREN: Hi nahikoa dun! Mila aldiz esan dinat bikote harremanetan ez dagoela errurik, gauzak biak nahi dituzten neurrian gertatzen direla... eta esan beharrik ez horrelako egoera bat tarteko.
PATXI: Ño! Ez dun horrela aplikatzen beste batzuetan!
MIREN: Hi erruak eta erruak zaudek.
PATXI: Oseake besterena ez dun errua baina nirea sobra ere bai.
MIREN: Bai, halaxe duk, ze batzuetan erruak zaudek beste batzuetan ez, ordea. (Lehor)
LOURDES: Arrazorea daukan baina... ezin dinat ebitatu traidoresa bat bezala sentitzea. Eta Londresen uste ninan gaindituta neukala sentimendu hori. Ai Jesus Maria eta Jose! Bueno utz dezagun. Joseba-eta noiz etorriko ditun bada?
PATXI: Joseba eta bere hamaikagarren nobittoa!
LOURDES: Zer izen dik?
PATXI: Jon uste dinat... ezta Miren?
MIREN: Zer ordu da? (Hormako erlojuari begiratuko dio) Ailegatzear egonen dira. Bederatzi t’erdietan esan nionan etortzeko.
LOURDES: Duela hilabete edo Joseanek hots egin zidanan nobitto berria duela esateko. Eta kuadrilako istilu batzuk ere aipatu zizkidanan. Xabierrekin eta.
MIREN: Niri ez dezanala begiratu, ni ez naun zuen kuadrilakoa, galdetzon horri. (patxi seinalatuz)
(lourdesek patxirengana jiratuko da)
PATXI: Hobe uztea...
LOURDES: Ze hobe uztea... Londresetik etorri eta ez didazue ezer kontatu nahi...Zer egin dik oraingoan Xabierrek?
(Pasiloko interfonoaren txirrina entzunen da. patxi joanen da hartzera)
PATXI: Bai... gabon... galdetuko zioat. Bai hemen zaudek Miren eta Lourdes, bi aizpa Aipilikuetak, enantza handiko emakumeak... bai horixe orain ere konspirazioan ari dituk... Nire kontra aritu dituk, ez, ez, hi aipatu ere ez haute egin...
(patxik burua sukaldea erdi sartuko da interfonoa eskuetan duela)
PATXI: Ia zeozer hartzera jaitsi nahi duzuen?
LOURDES: Ni behintzat ez, hotz honekin!
MIREN: Uztak telefono hori. (Sukaldetik aterako da eta patxi sartu) Hi, Josean, ekarri duk esan niana?... A bueno... ez, ez goaztek... Badakik legatza hik prestatu behar duala!... bale bale ez berandutu gero!... bale, bale, esanen zioat.
(miren sartuko da sukaldean eta patxi aterako da txuparen bila)
PATXI: (Ate pokaletik) Bueno gero arte. (Mutis)
MIREN: Patxi ez berandutu gero!
PATXI: (Pasilotik) Bai, general. (Ate hotsa)
MIREN: (Lehor) Ergela alen ergela!
LOURDES: Jesus, neskatoa nola hagoen! Darabilzuen istilu hau ezagutu dizuedan makurrena dun.
MIREN: Azken honetara hauxe dun eguneroko hogia. Besterik ez zeukanagu. Mutur beltzak, osti txarrak eta zikinkeria besterik ez zeukanagu!
LOURDES: Baina zer pasatzen zaizue?
MIREN: Zer pasatuko zaigun bada... betikoa. Betikoaren inguruan, nik esan dudala berak esan ez duena eta berak entenditutakoari nik buelta eman diodala... Ibili eta buelta ez zekinat elkar entenditu nahi dugun eta ez badugu nahi ez zekinat zerendako gauden hemen...
LOURDES: Patxik zer esaten din ba?
MIREN: Patxik zer esanen din! Aurrera egin beharra dugula, saiatu egin behar dugula, honek badaukala etorkizunik... hitzak, hitzak, hitz ustelak... Ze gero betikoa egiten din! Ni nekaturik negon, badakin zer den beti problema berberei buelta eta buelta ematen ibiltzea; gaur ongi bihar gaizki... Nazkaturik negon... milaka aldiz errepikatu ditinagu egoera berdinak... Utz dezagun! Hi zer moduz Teo-rekin?
LOURDES: Zer zegon afaltzeko?
MIREN: Txipitxapak eta potxorroskiloak!
(lourdesek far eginen du)
LOURDES: Akordatzen haiz gure izebak hori esaten zigunean. Miren Lourdes, ez hadi melankolika jarri. Begira hasteko ganbak, patea, urdaiazpikoa... hitz batean sarrerak, gero Joseanek prestatuko duen legatza eta postretarako badakin... konpota... Gure herriko semealabek Gabon zaharrean jan behar dutena, herrikoak izanen badira.
LOURDES: Eta Joseani ekartzeko manatu diodan hori zer dun bada? Zer ekarri behar din?
MIREN: Bere burua ekarriko din... bueno beharbada ez eta hori ere ez din ekarriko, nonbaiten utzirik izanen din, iskinaren batean edo, ia horrela soportatzen ez duen bere burua ahazten duen.
LOURDES: (Tenkor) Esantzaidan zer ekarriko din?
MIREN: Ikusiko dun demoni kuskuxera! Benga nik erantzun dinat hire galdemodua, orain hik erantzun behar dun nirea.
LOURDES: (Zirika) Zein dun ba hire galdemodua?
MIREN: Ongi asko dakin: Zer moduz hire nobitto beltxitoarekin?
LOURDES: Mesez ez iezaion beltxitoa hots egin! Beste azal kolore bat din, ez dun besterik. Gainera ni ez nindunan bada kanpokoa.
MIREN: Jesus neskatoa, losintxa moduan esan dinat. Oso sentibera ikusten haut arrazismo kontuetan. Zer moduz?
LOURDES: Ba... ongi.
MIREN: Ekarriko dun?
LOURDES: Hi nik ez dinat atzetik garraiatuko! Etorriko dun bai. Ez zekinat noiz. Hemengo telefonoa eman nionan eta berak hamabietan hots egin nahi zinan, gauza horietarako oso edukazio ingelesa zeukan, badakin, puntualitatea eta arau sozialei estu-estu jarraitu beharra. Ingelesak horrelakoak ditun... zer agindu hura egin eta noski andregaiari noiz hots egin Gabon zaharrean bada... hamabiak puntu puntuan. Nik, dena dela, esan nionan hamabietan afaltzen egonen ginela eta lehenago hots egiteko, eta sarri hots eginen din.
MIREN: Gelditzera heldu dun?
LOURDES: Ikustera. Gustatzen bazaion gelditu eginen dun. Bazekinat oso zaila dela hura hemen ohitzea, eta lana aurkitu. Baina hala ere etor dadin erabaki dinagu. Hi etortzen denean hemen egon beharko din, edo Joseanen etxean, badakin ez zionat gure Herri xoragarri horretako mihiei aitzakirik eman nahi. Hasieran behintzat, gure aitak bera Herrian bizitzea ametituko balu niri bost ajola herriko marmarrak, baina aitak ez din aditzea ere nahi.
MIREN: Hemen lasai asko geldi daiteken, orain... hemen gerra besterik ez din aurkituko. Bikote bat elkar hozkaka!
LOURDES: Jesus neskatoa, esanen ditun hik ere! Badakin... igual ezkondu eginen gaitun. Ez din paperik eta horrek gauzak erreztuko litizken. Zer iruditzen zaidan?
MIREN: Egiz esan behar dinat?
LOURDES: Gaur ez zegon hire ondoan egoterik! Zerengatik ez zain ongi iruditzen?
MIREN: Herorrek galdetu dun.
LOURDES: Nik berarekin egotea nahi dinat, bueno hala uste dinat, hemen bizi nahi dinat, Euskal Herrian esan nahi dinat, berak ez zeukan paperik... ba paperak lortzeko ezkondu eta kittoz.
MIREN: Eta berak papera besterik ez baditu nahi, alegiaz ere hirekin ezkondu nahi badu paperengatik bakarrik?
LOURDES: (Haserre antzean) Hi, ia urtebete egiten din berarekin nabilela. Nerekin egon nahi duela, behintzat, seguru negon. Hori besterik ez geninan behar... urtebete ondoren Teo nirekin paperengatik egon dela jakitea.
MIREN: Ongi zegon, ongi zegon. Honuntza etortzea eta inguruko emakume guztiekin firin-faran hastea ere gerta daiteken. Bat baino gehiago ezagutzen dinat hemen Irunean, senarra kristoetxean bilatu eta gero gizonarekin konpondu ezina.
LOURDES: Hori gertatzeraz banandu eta kittoz.
MIREN: Bai baina ezkondurik egonen zarete eta ez dun interes ezkontza bat bezala. Hortan ezkontzen haiz eta Epaitegitik atera eta dibortzio eguna artio... adio, baina hemen ez, hemen sentimenduak tartean izanen ditun. Nire larrutik esaten dinat ez zegon harremana akabatu eta gizonari edozein modutara dela ere loturik baino gauza mingarriagorik. Ze orduan ez dun ikusi nahi eta ikusi beharra daukan. Hainbat gehiago hi... hire nobitto guztiekin hausteko kristorenak eta bi pasatu behar izaten ditun eta. Niri esan zaidan zerengatik mutiko hori ez dun lehenago ezkondu Londresen zortzi urte eramanda?
LOURDES: Hori galdetzen zionat neronek ere. Agi denean aspaldi zeukan andregai ingeles batekin egin zinan saioa, baina ustela atera omen zitzaionan. Ezkontzera zihoaztenean, amodioz ezkontzera, besteak atzera egin zinan eta Teo erabat saldurik gelditu omen zunan. Eta geroz ez dun saiatu ere egin.
MIREN: Neskato bat hartu eta ezkontzeagatik pagatzeko adina diru irabaziko zinan, ez dun?
LOURDES: Nik uste baietz ze azken honetara lan franko egin din, lan ilegalak, baina asko... baina bazirudin ez duela ezkondu nahi izan. Ez eta saiatu ere.
MIREN: Eta orain ezkontzea nahi din! Norekin eta hirekin gainera!
LOURDES: (Azpimarratuz eta hitzak arrastaka ahozkatuz) Ez, ez din ezkondu nahi nik esan zionat gauzak errazago izateko ezkondu egin beharko genukeela... bueno igual.
MIREN: (Zeruari begira) Ai gure bieja! Ai Azpilikueta Lourdes gure neskatto xorroka... (irrika) Badakin zer esaten duen gure aitak ez da?, txantxagorriak baino buru gehiago ez dunala.
LOURDES: Eta hi, klaro, aita peto-petoa haizenez bere ustekoa haiz: gure biejak bururik ez dauka eta aitatxo edo amatxo behar ditu atzetik.
MIREN: Ez neskatoa... niri egiten dunan edozein gauza ongi irudituko zaidan... baina ez haut atzera berriz deseginik ikusi nahi. Egun guztia negarrez eta madalena bat eginik. Hire nobittoa gora hire nobittoa behera, putakume bat dela, halako dela-ez dela. Zer uste dun hire ondoan daudenak ere sufritzen dinagu horrekin.
LOURDES: Beste batzuk ere sufritzen dinagu beste batzuen egoera ikusirik... ze zenbat urte daramazkizue hik eta Patxik horrela... atzera aurrera eta sekula erabaki garbi bat hartu gabe.
MIREN: Ez gaitun nitaz ari.
LOURDES: Ez zera, Aita Santuaz ari gaitun
MIREN: Nirea jakina dun, betikoa esan dinat. Hi haiz munduaren bestaldera joan dena honekin ezin zuelakoz.
LOURDES: Ni ez nindunan joan munduaren bestaldera honekin ezin nuelakoz, ni joan nindunan... Baina hik zer dakin, hik ez dun sekula ezer arriskatu, ez sekula hire bizitza aldatzeagatik ezer egin... eta gero kexatu egiten haiz.
MIREN: (Haserre) Eta hire uste zer egin behar ninan, nire bikotea prolemarik txikiena sortzean utzi ez da, hori dun.
LOURDES: (Zirika) Ongi zegon... dena kontrolpean daukan, badakizkin jakin beharrak, eta gure Miren ja lasaiago dago.
MIREN: Norbaitek ere paratu beharko ditin hiregatik oinak lurrean ze hik haizea besterik ez daukan buruan.
LOURDES: (Haserre) Gure aita peto-petoa. Berak bezala hitz egiten dun.
MIREN: Beharbada bai, baina hi, utziez gero, okerrenez okerren ibiltzen haiz... begira hitzan hire nobittoak: lehendabizi Josean, gero Miguel Mari eta orain Ingalaterran ilegal bizi den beltz bat. Bai gauza zailak gustatzen zaizkianala! Baina bueno hire bizitza dun eta ni hirekin egonen naun laguntzeko.
LOURDES: (Zirika) Laguntzeko eta gure aitarenak egiteko.
MIREN: Horixe dun! Laguntzeko eta gure aitarenak egiteko... eta Mirenenak.
(Isilik geldituko dira une batez)
LOURDES: (Zirikan) Generalak akabatu du galdeketa. Hi Josean zer moduz zebilen?
MIREN: Ez dezanela generala esan! Patxik ere hori esaten zidan eta ez zaidan batere gustatzen!
LOURDES: Ai barkatzan! Ez dinat mintzeko esan.
MIREN: Josean ongi uste dinat. Badakin bere buruarekin ezin sosegaturik. Hori, oraindik, hi baino ipurterreago dun. Nobioak behintzat ez zitzaionan gehiegi irauten. Akordatzen haiz gure amak esaten zuen esaera hura “Non dago nire gogoa, han nire zangoa” ba horrek aldrebes besterik ez zeukan, “Non dago nire zangoa, han ez nire gogoa”... beti Herrria gorrotatzen eta Herririk gabe ezin bizi, politikaz nazkaturik zegon eta bere iritzia eman gabe ezin egon...aurrera egin nahi din eta duela zortzi-bederatzi urteko kontuekin zebilen, nik uste dinat oraindik Miguel Mariren kontu haiekin dabilela. Bueno baina bestela, bestelarik baldin badago, nahikoa ongi zebilen.
LOURDES: Bai telefonoz behintzat lasaiago ematen zinan. Eta oraingo nobitto hau zer moduz? Eraman din Ezpelgainera?
MIREN: Ez dinat uste... badakin seguru egon artio ez din nahi izanen, Jonek nahiko liken... mutiko jatorra ematen din... aekan aritzen dun lanean eta euskaldun zaharrekin liluratzen den horietako dun... badakin euskara aberatsa ikasteko irrikaz-eta. Akordatzen haiz Ezpelgainera euskara ikastera etorri zen Bilbotar hartaz...
LOURDES: Enekoitz edo hura?
MIREN: Bai Enekoitz bai, akordatzen haiz nola aluzinatzen zuen euskerarekin; Euskaldun zaharroi gure baitan halako dohai izugarri bat bagenu bezala begiratzen zigula... bada Jonek kera hori din. Iruditzen zaidan Joseanez nahikoa zintzilikaturik dagoela, bueno beharbada Joseanez baino gehiago euskaldunez. Dena dela uste dinat Joseanek nahiko bizi txarra ematen diola. Gaizki tratatzen duela esan nahi dinat. Badakin Josean azkarra dun eta oharturik zegon euskaldunekin duen liluramendu horretaz eta adarra jotzen zion horrekin... baina bueno berak ere ideia batez zintzilikaturik segitzen din.
LOURDES: Zein ideiaz?
MIREN: Ba badakin gudan ibilitakoei gelditzen zaiela halako aura bat, mundu guztiak maite ditin eta supergizonak balira bezala begiratzen zion mundu guztiak... ez zekinat nola esan. (Isilunea)
LOURDES: Heroeak?
MIREN: Hori dun... Joseanek heroearen ideiaz zintzilikaturik segitzen din.
LOURDES: Zer esaten ari haiz oraindik Miguel Mariz zintzilikaturik dagoela.
MIREN: Ez, ez dun hori esatamentean. Baina bueno... ez Miguel Mariz baizik eta Miguel Marik isladatzen duenaz... Ez zekinat... ez ezanala kasurik egin. (Isilunea)
LOURDES: Eta lehenago aipatu dituzuen istilu horiek?
MIREN: Nik ez zekinat zer pasatu den... baina agi denean izugarrizko eztabaida izan omen zinaten Joseanek eta Xabierrek.
LOURDES: Baina zer nahastu zinaten bada?
MIREN: Bazirudin Xabierrek afari batean Joseani isiltzeko agindu ziola Josean, badakin nolakoa den, euskaldunez farrezka ari zela. Euskaldunez-edo, baskoak gora baskoak behera ibili omen zunan Josean gau osoa. Xabierrek galdetu omen zionan ia bera zer zen eta Joseanek, dena adar joka, munduko hiritarra erantzun omen zinan. Gauzak berotu omen zitunan eta denetatik nahastu zinaten... badakin, aspaldiko kontuak, Joseani putadak egiten zizkion garai haiek-eta. Gauza dun garrasika aritu zirela elkartean Herriko “indar bizi fatxen” pozerako. Dena dela geroz egondu omen ditun eta konpondu ditinate, ahal den neurrian, kontuak. (Gaia utzi nahiean) Aitarekin egon haiz?
LOURDES: Bai...
MIREN: Eta...?
LOURDES: Eta zer esan behar zidanan? Hi bera bezalakoa haiz, geroz badakin nolakoa den.
MIREN: Lehengo egunean egondu nionan berarekin eta badakin zer galdetu zidan... lehertu nionan farrez...
LOURDES: Edozein gauza horrek.
MIREN: Ia haurrak zein koloretakoak aterako diren!
LOURDES: Nahikoa din!
MIREN: Zer nahi dun... Miguel Mari ez zitzaionan gehiegi gustatzen, zer eta gartzelara... eta orain norekin eta beltz batekin... zaharra dun... entenditu egin behar dun.
LOURDES: Entenditu beharko.
(Ate hotsa entzunen da. Eepa bat. josean, jon eta patxi sartuko dira sukaldean)
JOSEAN: Eeepa! (lourdesengana ondoratuko da eta besarkatu eginen dira) Zer moduz dago Ingalaterrako neskatorik pollittena?
LOURDES: (Bere agurrari erantzunez) Zer moduz, pottoko?
MIREN: Zer guretako ez dago musurik edo?
JOSEAN: Hi maiz ikusten haut, ez eta batere. (Ondoratu eta musu emanen dio) Hik Patxi (zirika) ez duk musurik nahi? Ze aspaldi nabilek hiri musu bat eman nahiean.
PATXI: Alde egin hadi paretik!
LOURDES: Hi Josean eta mutiko hau nor diagu bada? Kaixo (joni) Presenta ezak!
JOSEAN: Zer presenta eta presenta ondo... zer uste dun ingelesak horrela egiten dutelako denok ere horrela egin behar dugula edo.
LOURDES: Nazkagarri bat haiz. (jonengana ondoratuko da eta eskua eta musu bat emanen dio) Ni Lourdes naiz, (zirika) nazkagarri horren laguna. Lagunak izatea merezi ez badu ere.
JOSEAN: (Zirika) Jon, hau da Londresen exiliatutako nire laguna, amodioagatik exiliatu zen Ingalaterran.
LOURDES: Hi, hi egonen haiz exiliaturik... Ni Londresen bizi nauk!
JOSEAN: Honuntza begira! (posea hartu eta aktorearenak eginez) Baina lasai... barneko exilioan, Euskal Herri barneko exilioan, bizi garenok askoz makurrago gauden. Sufrimendua besterik ez zeukanagu eta jada, Barneko Exiliatuen Elkartea sortzekotan nabilen.
LOURDES: Baxalo!
MIREN: Hi Josean legatza hik prestatu behar duk. Konpota diagu postretarako... eta gero gerokoak.
JOSEAN: Asko dun! Ezpelgaindarrak eta Gabonak konpota gabe... nazka nazka eginda naun konpota keruzu horrekin. Txikitatik ematen zidan oka... Hortan ere ez nauk Ezpelgaindarra.
MIREN: Bada ez jan. Eta hik uste baino gehiago haiz ezpelgaindarra. Ezpelgaindar (miren trabatu eginen da hitz honekin) Jesus esanen ote dut, ezpelgaindartasuna existitu esistitzen duk baina nabaritzea kostatu egiten duk.
JOSEAN: Zer dun har bat bezala hi ohartzerako barna janda daukana.
MIREN: Horixe, har bat bezala duk.
LOURDES: Esanen dituzue bada zuek... Eta gerokoak zer dituk?
JOSEAN: Auskalo, auskalo!
PATXI: Izanen dinate hauek oraingoan ere...ipurdian zuloa.
(mirenek moztuz)
MIREN: (patxiri) Zer izanen diagu. Asko dakik hik! Ez gaituk denok hi bezain isilean aritzen bazterrak nahasten.
JOSEAN: Hire nobitto beltxito hori heldu dun edo zer?
LOURDES: Morenoa duk ez beltxitoa!
JOSEAN: Bada esanen didan nola esan euskaraz morenoa... beltxitoa; gainera ze moreno eta ze moreno ondo beltza dun, horiek kaka nahasteak... izen modernoez bataiatu behar minoria guztiak: orain beltzak morenoak ditun, marikoiak gaiak, euskaldunak hizkuntza gutxitu bateko mintzakideak... ze mania, hori bai ezpelgaindarrak ez dinate izenez aldatu... ez izatez... horiek gehienak behintzat putakumeak
LOURDES: Jesus gozoa hago... Jon nola aguantatzen duzu, pazientzia ere behar duzu.
JOSEAN: Bueno hire nobitto moreno hori heldu dun edo zer?
LOURDES: Sarri hots eginen dik. Baiezkoan gaudek... dena dela gaur esanen zidak noiz etorriko den eta nola. Ez dik paperik eta..
(Telefonoaren txirrina entzunen da)
MIREN: Hire amorantea... bieji.
LOURDES: Ala zoazte denok egongelara. Benga hankak arin. Fuera, fuera hemendik.
(Guztiak protestaka aterako dira)