Hegazti errariak
Juanjo Olasagarre
Hegazti errariak
Juanjo Olasagarre
Euskaltzaindia, 1996
Hegazti errariak
Juanjo Olasagarre
Euskaltzaindia, 1996
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN ATALA

 

(Edozein pisutako egongela arrunt bat. pareko paretean leiho handi bat, honuntzago L bat eginez bi sofa. Ezkerreko aldean kolore nabarreko kolgadore bat dago, txaketez betea. Pertsonaien artean afaltzeko mahai bat paratzen arituko dira erdian, horretarako sofak baztertuko dituzte. lourdes sartuko da)

 

MIREN: Zer dun?

LOURDES: Ezer ez, ezer ez.

 

(denak lourdesi begira daude zerbait gehiago esan dezan zain)

 

MIREN: Jesus neskatoa zer esan din mutiko horrek.

JOSEAN: Heldu dun edo zer?

LOURDES: Bai, bai...

PATXI: Noiz? Noiz heldu dun?

LOURDES: Hemendik bi astetara edo.

MIREN: Bi astetara?! Oso goiztar ez da.

 

(lourdesek ergeldurik bezala segituko du)

 

MIREN: Jesus neskatoa erantzun ezan! Oi amodioa! Niri gustatuko litzaidake enamoraturik egotea.

PATXI: Ba... badakin...norbait bilatu eta enamoratu, baina niri ez etorri gero hori hire bizitzako gizona ez dela esaten.

MIREN: Beste batzuendako ere bere bizitzako emakumeak izan ez baina...

JOSEAN: Egiz esaten dun hori Miren...? Egiz gustatuko litzaidaken enamoraturik egotea...? Ez zegon egoera hori bezain gauza nekagarriagorik... egun osoa bestearengan pentsatzen, egun osoa txotxolaturik, ergel antzera, dena arrosa ikusten... ni, behintzat, zaharregi nagon amodiorako.

PATXI: Hi zaharturik hago gauza guztietarako. Aitondurik hago... insersokoa ematen duk eta listo Benidorm-era joanen haiz oporretara.

JOSEAN: Hik nahi duaana, baina amodioa baino gauza ergelagorik ez zegok.

JON: Orduan zuk, Josean, ez duzu maitasunarengan sinisten?

JOSEAN: Ez, Jon ez. Horrek ez du esan nahi inor maita ez dezakedanik. Gauza bat da barneko egoera ergel hori eta beste bat norbaiten ondoan gustora egotea.

JON: Eta orduan gustora egote horri nola deitzen diozu... hori baizik ez da amodioa.

JOSEAN: Aizu... bada gustora egote hori da da gustora egotea... baina hortik aurrera egiten diren teorizazioak, bizitza guztirako eta abar horiek ez ditut sinesten.

JON: Bueno... bale baina orduan amodioarengan sinesten duzu... norbait bilatzen duzun momentutik amodioa duzu buruan.

JOSEAN: Ezetz bada!

PATXI: Jon ez egin kasorik, berak ezetz esanagatik, zerbaitengan sinesten du, baina badakizu gogorkiloarenak egin behar ditu. Beti kontrara ibili behar du.

JON: Batzuetan Josean gauzen izeneei beldurra diozula iruditzen zait.

 

(besteek, orro bat botako dute.)

 

JOSEAN: (Haserre) Eta niri iruditzen zait zuk askotan gehiegi hitz egiten duzula.

PATXI: Etzokela Joni egia esan diaalakoz garrasirik egin, ametitzak.

JOSEAN: Egia? Bost badakik hik!

PATXI: Zer... zer ez zekiat nik?

JOSEAN: Isil gaitezen!

MIREN: Hara gure bi mutikoak haserre.

 

(Tentsioa nabarituko da. Pausa)

 

JON: Lourdes zein kanta entzun nahi duzu?

LOURDES: Paratu edozein, Jon.

JON: Edozein ez, esaidazu zein.

LOURDES: Bueno... aber aber para ezazu “564 ohe huts” Hertzainena.

JON: “564 ohe huts”. Hori “Amets Prefabrikatuak” diskoan dago, ez?

LOURDES: Bai, uste dut baietz.

JOSEAN: (Ironikoki) Ui, ui, ui, ez dakit nola akabatuko den gau hau. Negarra dariola segur aski. Begira Jon, hauek dira zuk hainbeste miresten dituzun euskaldun petoak; festetan ere negarra eta malenkolia dosi handiak behar izaten dituzte...lehendik nahikoa ez eta.

LOURDES: (Haserre antzean joseani) Beti azkeneko hitza herorrek esan behar duaala. Gogorra duk gero!

JOSEAN: 564 ohe huts! Jon zuk ikusi eta ikasi.

 

(Kanta hasiko da. denak bere zereginetan arituko dira mahaia paratzen.)

 

JOSEAN: Zer nahikoa dosi hartu dugu! Zer Lourdes kanta honek zein gogoratzen din oraingo nobioa edo betikoa.

LOURDES: (Erabat haserre) Hordek pikutara, baxalo alena!

JOSEAN: Barkatzan, barkatzan nire bihotzeko prinzesa!

LOURDES: Barkatzak, barkatzak! Hik ez daukak besterik, hireak eta bi esan eta gero barkamena eskatu!

 

(josean Lorudesengana hurbildu eta heldu eginen dio)

 

JOSEAN: Ez neukanan asmo txarrik, txantxa baino ez huen.

LOURDES: Bale, bale, baina kotuan ibili hadi, gero hire txanda izanen duk eta hor bai, kupidarik ez dudala izanen.

PATXI: Bueno, bueno, utzidazu Jon, orain neronek paratuko dut kanta ia bazterrak lasaitzen ditugun. (Altxatuz aurkezpena ozenki eginez) Zuendako, nire publiko maitea, “Too Long in the Exile” Van Morrison-ena. Seguru nago nire publiko maiteak isladaturik ikusiko dituela bere buruak kanta honetan.

 

(Kanta paratuko du)

(Bolumena jaitsi)

 

JOSEAN: Zer esaten din kantak, Lourdes.

LOURDES: Denbora gehiegi exilioan.

JOSEAN: (patxiri begira) Niretako, bereziki, barneko exilioan bizi naizen honendako!

JON: Zu autoexilioan bizi zara!

JOSEAN: Oi bai... noski, beste exilio guztiak bezain zilegi da autoexilio... zer izan behar dute denak aberriagatik edo?

PATXI: Kabroi bat haiz... zer gero kexatu egiten haiz.

JOSEAN: Ni ez nauk kexatzen.

JON: Bai kexatu egiten zara... baztertuaren sindromearekin ibiltzen zara gora eta behera.

JOSEAN: Bada zu integratu nahi eta ezin sindromeak jota zaude motell!

 

(miren sartuko da)

 

MIREN: Bueno, benga afaltzera, garaia dugu, bestela urte berriak sarrerekin harrapatuko gaitu eta.

PATXI: Eta...? Ez dun Puerta del Sol-eko hamabi ezkilekin hartu nahi izanen!

MIREN: (Lehor) Horrela izateraz ere zer...?! Hago isilik, hobe eginen huke... Isil gaitezen hobe. Benga mahaira denok.

 

(denak eseriko dira afaltzen hasteko)

 

JOSEAN: Beraz hiretako exiliatua nauk, Patxi?

PATXI: Herori ez habil ba hori esaten beti, ez diok herorrek Ezpelgain-i gartzela hots egiten. Horregatik alde egin huen herritik ez duk? Txoria kaiolan bezala sentitzen hintzelakoz.

JOSEAN: Eta neurri batean horrela duk. Neretako Ezpelgain nire jaioterria duk, nire jaioterria besterik ez. Nik ez nian aurkitu Ezpelgainen nahi nuena eta alde egin nian... han segitzeraz hogei urtetako istoriak bizitzen arituko ninduan, oraindik nire... bueno oraindik gizonak gustatzen zaizkidala ezin ametituz ibiliko ninduan. Iruditzen zaidak han gelditzeraz, oraindik iraganarekin arituko nintzela buelta eta buelta, nire buruarekin ezin burutuz.

LOURDES: Nik entenditzen diat. Ni Miguel Marirekin bezala. Herrian milaka gauza zeudek hor dagoela gogoratzen didatenak. Niretako Ezpelgainek ezin dituk bete lagun bat uzteko behar diren fase guztiak... Hasieran pertsona hori maitatzen segitzen duk, gero gorrotatu egiten duk, eta gero gauzak ongi badoazte beste moduz batez maitatzen ikas dezakek... eta hori pertsona horren presentzia aurrean izanik ezin duk egin. Dena dela ez duk nire kasoa ze Miguel Mari eta nire arteko ez zuan guk erabakita akabatu baizik eta egoerak agindurik.

MIREN: Eta zer iruditzen zaik, honuntza etortzean iraganari ihes egin dioaala? Edo hik, Lourdes, Londresa joatean zerbaiti ihes egin dionala? Ikusi dun etorri eta ez hago bada, joan hintzen egunean bezal-bezala? Uste diat gauzak hagoen lekuan konpondu behar direla, ihes egiteak ez dik ezertarako balio!

JOSEAN: Hik Miren baserriko mentalitatea daukan!

JON: Baserriko mentalitatea, zer da hori?

MIREN: (Zirika) Zer izanen da bada... gure filloxofoaren beste teoria horietako bat!

JOSEAN: Ez, egiz. Baserritar mentalitatea da lekuari loturik bizitzea, gertatzen dena gertatzen dela, etxe inguruan egotea... baserritar mentalitateak agintzen du zureari eustea, ez hobe goiari eustea goia erori bada ere.

LOURDES: Ez diat entenditzen.

JOSEAN: Bada... erraza dun... hi eta biok gure jaioterrian, bizitza eginik genuen tokian gauzak gaizki paratu direnean, alde egin dinagu... eta kittoz... beste batzuk leku horretan gauzak gaizki paratu direnean hor gelditu ditun... nahiago izan dute hor gelditzeak ekarritako kalteak sufritzea ze horrekin kitto egin eta bizimoduz aldatzea baino. Konparazio bat Miguel Mari detenitu zutenean txakurrak Xabier gure kuadrilakoaren atzetik ere ibili ziren... egun batzuk beranduago Xabier, estalita egon ondoren, herrian sortu zen... txakurrak han jarraitzen zuten... ikus zitekeen ez zihoazela bere atzetik baina egun guztia gainean zituen... eta nik esan nion kendu hadi paretik, hordek Donostiara-edo egun batzuk pasatzera eta presioa jaisten denean hator eta kitto, ez daukak larritasun hau bizi beharrik, baina gelditu egin zen... Horri esaten diot nik baserriko mentalitatea.

MIREN: Niretako aldegiteak arazoak atzeratu besterik ez ditik egiten. Hik esaten diok baserriko mentalitatea zezenari adarretatik heltzeari...

JOSEAN: Ez, ez. Beste zerbait dun. Dun lekutik mugitu gabe heldu den guztiari eustea aldegin baino lehenago. Goitik harria heldu baldin bada ere.

PATXI: Eta hik ez daukak hori?

JOSEAN: Uste diat ezetz.

PATXI: Hire arazoa, ordea, duk mentalitate hori ez duala eta ez izateagatik zigortzen duala hire burua.

JOSEAN: Nik nire burua zigortu?

PATXI: Ez zera! Hi Iruņeara etorri haiz bizitzera baina ez haiz hemen gustora bizi. Ezin duk herria utzi izana eraman!

JOSEAN: Hi gustora bizi haiz?

MIREN: (Lehor) Hau oso gustora bizi duk, honendako ez zegok problemarik, dena zabal eta lau, besteek bildu behar atzetik.

 

(Tentsioa mirenek erabilitako tonuagatik)

 

JOSEAN: Kontua ez dun iraganari ihes egin diodan ala ez. Kontua dun Ezpelgainen bizi banintz zail suertatuko zitzaidala bizitzeko behar dunan amnesia dosia lortzea. Ezpeilgainen gertatuko guztia mutur aurrean daukan eta ezin diok ihes egin, aurrean daukak dena... gaizki ateratako amodio istoriak, besteekin izandako istiluak... gauza onak ere aurrean dauzkan baina txarrak gehiago gogoratzen ditun. Niri momentu batean iruditu zitzaidanan han gelditzen banintzen ezetzaren inguruan ibiliko nintzela buelta eta buelta.

 

Argia itzaliko da eta eskenatokiaren eskubi aldera argi-foko urdin bat izekiko da. Fokoaren azpian tabernetako barra bat egonen da. Fokoaren azpira josean eta jon-en pertsonaiaren antzeslana egiten duten aktoreak agertuko dira, lehendabizikoa bere antzeslana eginez, bigarrena miguel marirena, biak arropez aldaturik “sospechoso” estiloa deituko genukeen moduan jantzita: hots, biak arrastodun kamiseta eta jertsei handi batzuekin. miguel mari (jon)-ek ile luzea darama. Hertzainen “Ee txo!” entzunen dugu.

 

MIGUEL MARI (JON): Zer hartu nahi duk?

JOSEAN: Zerbeza.

 

(Norbaitek bi zerbeza aterako ditu barra gainera)

 

JOSEAN: Miguel Mari gauza bat esan behar diat.

MIGUEL MARI (JON): Ze gauza?

JOSEAN: Bada... asko kostatzen zaidak, nola esan... gauza bat... oso nahasia duk niretako eta oso nirea... niratako berebiziko gauza duk eta ongi hartzea nahi nikek.

MIGUEL MARI (JON): Hik esan ezak, esan behar baldin baduk...

JOSEAN: Bueno ez duk hain inportantea... igual beste egun batean aitortuko diat.

MIGUEL MARI (JON): Aitortu? Zer mezan gaudela edo zer uste duk!?

JOSEAN: Ba igual duk...

MIGUEL MARI (JON): Esan ezak mutikoa, dena dela bazekiat zer esan behar didaan... Lourdesekin habilela. Nabari-nabaria duk... egun guztia elkarrekin zabiltzate.

JOSEAN: Ez ez duk hori...

MIGUEL MARI (JON): Ba mutikoa ez zioat igartzen.

JOSEAN: Homosexuala naizela...

MIGUEL MARI (JON): Zerrr?

JOSEAN: Homosexuala naizela.

MIGUEL MARI (JON): (Far histeriko batean lehertuko da, gauzak gainditzen gaituztenean egiten ditugun horietako bat)

JOSEAN: Eta hitaz enamoraturik nagoela!

 

miguel mariri farra izoztuko zaio. Argi-fokoa itzali. Pausa. Mahaiko argia izekiko da, atzera berriz lehengo pertsonaiak agertuko dira afaltzen)

 

PATXI: Bai, baina herritik alde egiteak ez dik berez ekartzen hik betikoari bueltaka ibiltzeari uztea. Niri iruditzen zaidak, eta ez dezaala gaizki hartu, hi oraindik betiko arazoei bueltaka habilela, aspaldiko garaietatik zintzilik bizi haizela.

JOSEAN: Jode... kristonak eta bi esan eta ez gaizki hartzeko esaten didak... dena dela hori iruditzen zaidak niri ere, baina bueno denok gabiltzak hemen hirulau arazori buelta eta buelta. Alde egiteak ez ditik bakoitzaren arazoak konpontzen baina haizea hartzen uzten dik, ze Ezpelgaineko gure giroko jendearen giroa oso itxia duk, itogarria. Eta hori igual guk Ezpelgain-eko jende puska batekin bizi izandu garelako bakarrik... Gure ideologiakoa ez den jendea alde batera utzi diagu.

MIREN: Nik ez diat ezer nahi Ezpelgaineko zenbait jenderekin! Ez baleude hobe!

JON: Nolakoa da bada aipatzen duzuen jende hori?

PATXI: Hara gure bigarren filloxofoa!

MIREN: Hik teoria besterik ez daukak!

PATXI: Gu karrikara ateratzen hasi ginenean zer zegoan karrikan... nik argi daukat... alde batetik Ezpelgaineko tipikoak eta horiekin ez genuen ezer jakin nahi... gure gurasoak bezalakoak ziren... argi zegoen zer nahi zuten... parranda batzuk egin eta handitzean ezkondu eta seme-alabak eduki... guk ordea mundua aldatu nahi genuen eta porroak erretzen genituen... rock and roll-a gustatzen zitzaigun eta herriko jendeak zeharka begiratzen zigun... beste aldean zegoena Ezker Abertzalea zen eta jende horrek eskuak zabaldu zizkigun... ez zitzaien inportik porroak erretzen genituen ala ez, eta gure nahiei bidea eman zien... eta hara joan ginen denok... mundu horren inguruan bizi izandu gara...

JOSEAN: Oso mundu itxia eta niri behintzat eskaz gelditu zaidana...

PATXI: Nahi duana baina bestearekin konparaturik ez zegok ez eta alderik ere... zer bestea badakik zer den eliza, hipokresia, dirua egitea eta Jainkoaren legea segitzea.

LOURDES: Eta oso mihi gaiztokoa! (joni) Patxi eta Josean eta kuadrilako beste batzuk erreformatorioa eraman nahi zituzten porroak erretzen zituztelakoz.

JOSEAN: Bai eta azkenera zer... gure jende hori ez duk bada, bihurtu gorrotatzen genuen jende hori bezain tipiko! Zer ez didazue esanen “gure” zenbait jende bezain tipikorik ez zegok!

PATXI: Igual bai, gizarte honen bizimodura egokitu gaituk guztiok, batzuk ezkondu egin dituk eta musera jolasten diate, baina hi ideietan gure aurrekoak baino askoz zabalagoak dituk. Hik esaterako ez duk batere arazorik izan haizen bezalakoa haizelakoz.

JOSEAN: Jode, falta zitzaiguna... urteak ere pasatu dituk, txikito!

MIREN: Ezpelgain, Ezpelgain nazka nazka eginda negok herri puta horrekin... mutxoasmo eta azkenera ezer ez. Zu, Jon, nazkaturik egonen zara hainbeste Ezpelgainekin.

JON: Ez, ez nik horrelako herri batera joan nahi dut bizitzera.

MIREN: Ba zuretako!

JOSEAN: Hau... (jon seinalatuz) Honi euskaldun zaharrak dauden tokia paradisua iruditzen zaion! Honendako ez zegon euskaldunak baino gauza etnikoagorik. Zer, pottoko, ikusten diguzu rha zainetan barna txalapartari trinki tranka eginez?

LOURDES: Hi nahikoa duk. Zuk ez egin kasorik honi. Bestela jatorra da...

PATXI: Bestelarik ez bilatu, ordea, ez dauka eta.

MIREN: Dena dela Jon zuk nola ikusten gaituzu?

JON: Zer esan nahi duzu horrekin?

MIREN: Beno badakizu, zu ez zara gure kuadrilakoa, ez zara gure herriko, ez zara gure edadekoa... ez dakit ze adarkera egiten dizugu.

JON: (Erdi totelka hitzak bilatzeko ahaleginetan) Nik entenditzen dut zuek herriaz nazkaturik egotea, edo errerik zenbait jenderekin dena dela ulertzen ez dudana hauxe da: arazo sinpleez arazo metafisikoak egiten dituzuela... amodioa ukatu, euskalduntasunarekin dituzuen borrokak, ihesean ibiltzea... ez dakit, zaretena ukatzen ibiliko bazinate bezala. Erantzun dizut.

MIREN: Bai.

JOSEAN: Bamos existentzialista merke batzuk garela.

LOURDES: Hi, hori hi izanen haiz.

JOSEAN: Horrela jarri gaitin... Gure buruengandik ihesean, gure aberriarekin edo aberriagatik borrokan, nor naiz, nora noa galdezka...

PATXI: Bai eta iraultza egin nahiean arazo horiek guztiak konpontzeko. Ze ez didazue ukatuko: Iraultza oso gauza inportantea izandu da gure bizitzan eta niretako, behintzat, niretako da oraindik.

JOSEAN: (Aldetara begira) Iraultza... non non zegok iraultza?

MIREN: Gaiztoa haiz.

JOSEAN: Ni gaiztoa? Honi (lourdes seinalatuz) Iraultzak nobitto bat kendu zion eta buruko min asko eman zizkion!

JON: Nola esan dezakezu hori!

PATXI: (Oso haserre) Baina hi putakume bat haiz!

LOURDES: Edozein gauza esatera jarririk hago!

 

(Hiru interbenzio hauek bat bestearen atzetik doaz oso azkar esanda)

 

MIREN: Ez dio kendu edo?, kendu behintzat egin dio!

PATXI: (Oso haserre) Badakik zer haizen... errenegatu bat haiz. Miguel Mari ez zegok han nahi duelakoz, bahiturik zeukatek!... berak erabaki zian egon den lekuan, etan alegia, sartzea... eta Lourdesi estatuak kendu ziok nobittoa. Baina hi... hi... ze ostia moderno puta bat bihurtu haizenetik edozein gauza esan eta luze bezain zabal gelditzen haiz. Eta dena, adi ezak ongi, dena hire burua ez soportatzearen pasioz heldu zaik, dena hortik heldu zaik.

 

(Pausa. Argia itzaliko da eta lehengoko argi-foko urdina izekiko da pixkanaka-pixkanaka. Erreja bat dago publikoaren parez-pare eta publikoaren aldera sila bat. lourdes ailegatuko da eta silan eseri. Burnizko ate hotsak, krisketak. joseanen antzeslana betetzen duen aktorea agertuko da errejaren bestaldetik. Arropa desberdinarekin eta ile luzearekin. Eseri eginen dira)

 

LOURDES: Hola Miguel Mari

MIGUEL MARI (JOSEAN): Hola Lourdes, zer moduz... ongi?

LOURDES: Hi zer moduz hago?

MIGUEL MARI (JOSEAN): Ongi... ongi esan beharko. Ikusten duk.

 

(Oso mantso hitz eginen du, nekaturik balego bezala)

 

LOURDES: Zer moduz tratatzen haute?

MIGUEL MARI (JOSEAN): Badakin, hemen betikoa zegon... katxeoak, txapeoa, egurra. Ikasten ere ez ziguten uzten. Argia eta itzala bereiztea ere zaila dun. Eta hi zer moduz? Noiz etorri haiz Londresetik?

LOURDES: Joan den astean ailegatu ninduan. Ongi... beno badakik hasieran oso galduta... oso, hiri handia duk hura... gainera nahikoa gaizki joan ninduan, deprimitu antzean... ez nauk betikoan hasiko baina... hasieran oso gogorra izan zuan.

 

(miguel marik etsi aurpegia paratuko du)

 

LOURDES: Traidoresa bat bezala sentitzen ninduan... ez zekiat... nik banekian gurea egoeragatik akabatu zela... ezin nian ahaztu.

MIGUEL MARI (JOSEAN): Akabatu zunan... zer eginen dinagu atzera berriz guztia eztabaidatzen hasi... ez hintzen ni ateratzeko esperoan egonen...

LOURDES: Badakik igual baietz.

 

(lourdesek burua makurtuko du)

 

MIGUEL MARI (JOSEAN): (Animatuz.) Benga ez gaitun guztia eztabaidatzen hasiko atzera berriz. (Irrika) Ni barnean eta hi kanpoan tentazioari ezin eutsiz. Hobe horrela. Senargaia omen daukan?

LOURDES: Bai...

MIGUEL MARI (JOSEAN): Eta...

LOURDES: (Animaturik) Nigeriarra duk eta beltza, jakina. Zortzi urte zeramatzak Ingalaterran bizitzen baina... (ahotsa jaitsiz) paperik gabe, hortaz ezin dik handik atera inmigrante ilegalen zerrenda batean dagoelakoz... badakik Europa.

MIGUEL MARI (JOSEAN): Jode ez zunan nahikoa nobitto problematiko batekin eta Ingalaterrara joan eta han ere problemaontzi bat bilatu dun. (Adar joka) Hirekin ez zegon zer eginik... ez zegoen Ingalaterran ingeles arruntik edo?

LOURDES: Hemen ere, bazirudik ez zegoela euskaldun arruntik!

MIGUEL MARI: Ni hik uste baino arruntagoa naun... egoera zeukanat espezial samarra... samarra bakarrik ez oso espeziala.

LOURDES: Sobera ere ez zaik espeziala iruditzen 48ko kondena edukitzea.

MIGUEL MARI: 200 urteko kondenarekin bazeuden eta...

MIGUEL MARI: Londresen geldituko haiz bizitzen?

LOURDES: Ez bueno nik haruntza.... Bueno Ezpelgainera etorri nahi diat baina berak ezin dik... etortzen saiatu behar dik eta gustatzen bazaio gelditu.

MIGUEL MARI (JOSEAN): (Harriturik) Non Ezpelgainen. Ui ui... beltz batekin Ezpelgainen. Izanen dinate mihiek zeri eragin.

LOURDES: Bueno ez zekiat. Hasteko Iruņeara etorriko duk Patxi, Miren edo Joseanen etxera. Gero ikusiko diagu. Igual Ezpelgainera. Zer iruditzen zaik?

MIGUEL MARI (JOSEAN): Niri... zer iruditu behar zaidan... ongi... baina badakin herri horretan... etako baten andregai ohia orain, norekin eta beltz batekin. Zuen aitak zer esan din bada?

LOURDES: Erdiak ere ez zekizkik. Ez zekiat... nonbaitetik ere heldu behar zioat nire bizitzari... ezin diat beti esperoan egon... sarri neskazaharr...ez bazaie gustatzen begira dezatela beste aldera.

MIGUEL MARI (JOSEAN): Ongi ikusten haut...gogotsu.

LOURDES: Bueno ikaraturik negok ez dezaala pentsa...ez jendeagatik baizik eta nire baitan pasa daitekenarengatik eta batez ere berarengatik. Oso ohitura ezberdinak dituk... Nigeriatik atera zuan duela zortzi urte eta ez zekiat hain herri txikira ohituko ote den. Rock and roll besterik ez zeukak harek. Ez dik Afrikarra ematen, ingelesa ematen dik izatez, ohituretan, hizkeran, egoteko moduan...

MIGUEL MARI (JOSEAN): Ingalaterra eta hau, azken honetara, ez omen ditun hain ezberdinak kontatu didatenera.

LOURDES: Ez egia duk, gero eta antz handiagoa zegok... baina hala ere...

MIGUEL MARI: Lasai neskatoa... hik ekar ezan eta gero konponduko zarete.

MIGUEL MARI (JOSEAN): Egondu haiz kuadrilarekin?

LOURDES: Ez, ez diat aukerarik izan... aita ez zebilek ongi eta joan zen asteburuan etxean kaso egiten eta gaur honuntza etorri nauk. Joseanek hots egin zidaan elkarrekin etortzeko baina esan nioan nahiago nuela bakarrik etortzea eta autobusez etorriko nintzela. Pasioa baino luzeago egin zaidak bidea! Gainera ez zidatean sartzen utzi nahi, ez omen nian eskatu bisita egunik. Esan zioat Londresetik heldu nintzela eta zuzendariarekin hitz egin nahi nuela... orduan beraztu dituk bazterrak.

MIGUEL MARI (JOSEAN): Bada ni harritu naun ze asteburu honetan ez zitzaidanan bisitarik tokatzen baina... Zer moduz zabilan Josean? Eman gorentziak.

LOURDES: Telefonoz egondu nauk berarekin. Beti bezala uste diat... badakik. Mirenek eman zizkidak gorentziak hiretako. Badakik haurra bila dabiltzala... bueno Patxik gogo handiagoak ditik.

MIGUEL MARI (JOSEAN): Bai e! Patxi aita ona izanen dun, balio din familia bat osatzeko.

LOURDES: Mirenek ez dik hori uste baina....

 

(“Se ha terminado la visita” entzunen da)

 

MIGUEL MARI (JOSEAN): Badakin hauek horrelakoak ditun.

LOURDES: Ai hi ahaztu egin zaidak arropa sartu diat, Londresen oso merkea zegok: forro polar bat eta galtzerdi batzuk eta...

 

(“Se ha terminado la visita”)

 

LOURDES: Eta gaileta batzuk ere... hangoak oso goxoak dituk... behar duk zerozer... dirua edo...?

MIGUEL MARI (JOSEAN): Ez, ez bueno ongi izan.

LOURDES: Ai ahaztu egin zaidak zer moduz epaiketa?

MIGUEL MARI (JOSEAN): Epaiketa...?

 

(“Seņores vayan saliendo, se ha terminado la visita”)

 

LOURDES: Listo etorriko nauk... kaso egin hadi. Beno adio...

 

(miguel mari(josean) errejaren atzetik desagertuko da, lourdes une batez pentsakor gelditu ondoren argipetik aterako da. Fokoa une batez gehiago izekita utzi eta itzali pixkanaka-pixkanaka. Mahai gaineko argia izeki, lehengoak daude lourdes barne)

 

LOURDES: Niri ez dit inork ezer kendu, Miguel Marik aukera bat egin zuen eta han dago. Gauzak horrela dira, baina egia da ere, herri honetan bizitzea zaila dela, badirudi euskaldun jaiotzeagatik asinatura bat aprobatu beharra bezala dugula eta noski lanak ematen ditu aprobatze horrek kriston lanak ematen ditu. Euskara gaizki dago ba borroka dezagun, herria gaizki dago ba borrokatu, borrokatu...

PATXI: Baina borrokatu gabe ez zegon ezer ez. Dena galdurik zeukanagu, geroz dena irabazteko.

JOSEAN: Bai eta bizia galtzeko. Euskalduna izatea eta borrokalaria izatea ez dituk sinonimoak, makina bat jende zegok herri honetan euskaldun izatearekin nahikoa duena.

JON: Bai baina gutxiturik gaudenez nik uste dut euskaldunok borroka egin beharra dugula. Bestela, ez dakit nola esan, baina huts egiten ari zatzaizkie euskaldunei.

PATXI: Ni zurekin ados nago.

JOSEAN: Geroz ni euskaldunei huts egiten ari natzaio. Hay que joderse!

JON: Bueno euskaldunei ez baina abertzaleei bai behintzat!

JOSEAN: Oso gauza ezberdinak dira horiek. Euskaldunak ez dauka zertan abertzalea izan behar. Euskalduna izatearekin nahikoa du.

PATXI: Horrela ez zegok Euskal Herria aurrera ateratzerik!

JOSEAN: Ez eta beharrik ere. Nora atera behar diagu, nora?... esaidazue.

PATXI: Hirekin behintzat ez diagu ezer aurrera aterako.

JOSEAN: Kaka zaharra!

 

(Isilunea)

 

LOURDES: Bueno nahikoa dugu Euskal Herriarekin. Legatz oso ona dago.

MIREN: Eskerrik asko.

JOSEAN: Nola eskerrik asko... hi nik prestatu dinat.

MIREN: A bai!?

JOSEAN: A bai... gozoa haiz hi! Hi kapaz haiz neroni ere herorrek egin nindunala esateko.

MIREN: Ez nikek nahi horrelako monstrusitatea erditzea ere.

JOSEAN: (Mehatxuz) Gerokorik gabe utziko haut gero!

MIREN: Hori behar duk!

PATXI: Zer ostia ote da geroko hori? Iruditzen zaidan badakidala. Jon hau jendilajearekin elkartu zarena!

 

(jon hizketan hasiko da baina joseanek eta mirenek moztu eginen diote)

 

MIREN: Zera haiz hi!

JOSEAN: Horrelakoak dira euskaldun petoak, Jon!

LOURDES: Ez egin kasorik... horrelakoa da bera nahi eta ezin dabilen euskaldun sasiko hau!

JOSEAN: Alegia... herorri!

LOURDES: Ez dezaala hire burua beste burutan ikusi! Edadea da Jon ez egin kasorik erriego falta-eta.

JOSEAN: Nire parean heldu haiz!

LOURDES: Nik hik baino urte bat gutxiago diat oraindik.

MIREN: Jada ez, bieja, hamabiak ditun.

LOURDES: Hamabiak dagoeneko! Oi Ezpeilgainen han ibiliko ditun eske kantuka.

JON: Eske-koplak? Kantatzen al dira eske-koplak Ezpelgainen?

JOSEAN: Euskaldunon kultura “oparoak” galdu eta etnografia eginez berritutako gure burua loriatzen duen beste ohitura berreskuratu bat.

LOURDES: Josean nahikoa duk.

PATXI: Hamabiak inguru kudrilaka jendeak etxez etxe kopla batzuk kantatzen ditu eskean. Polita da abestia. Galdu egin zen eta orain dela urte batzuk atzera berriz hasi zen jendea.

JON: Kanta itzazue, benga!

JOSEAN: Ez, ez mesedez...

JON: benga, benga!

 

(Kantatu eginen dituzte, patxi, lourdes eta mirenek. joseanek hasieran ez du kantatuko baina gero ahopetik bezala hasiko da. Hona hemen:

            Urgoiena, Urbarrena,

            Urteberri egun ona

            fakearekin osasuna

            onarekin ondasuna

            Etxekoandre giltzariya

            ideki ezazu atariya

            hemen dakart ur berriya.

            Itxe honetan oller bi,

            bata bestia dirudi,

            etxe hontako etxekoandriak

eta hemen batzuk letra bat kantatuko dute eta beste batzuk bestea

            Lourdes eta Miren

            etxe hontako etxekoandriak

            Ama birjina dirudi

            Patxi eta Josean

            Etxe hontako etxekoandriak

            labe zatarra dirudi.)

 

MIREN: Kabroiak!

 

(Kantatzen segituko dute.

            Nagusi jauna, berorren

            lizentziakin nahi dut

            kantatzen hasi

            nire lagunekin...

pixkanaka isildu eginen dira ez dutelako hortik aurrerako letra gogoratzen.)

 

JON: Oso politak.

JOSEAN: (Ahopetik) Ez zeukak beste adjetiborik.

 

(Karrikatik “Gingell bell, gingell bell” abestia entzunen da)

 

JOSEAN: Haratx hemengo eske-koplak! Gu euskaraz kantatzen eta dagoeneko mundua ingelesez mintzo da.

PATXI: Zer da hori!

 

(patxi jaso eta leihotik begiratzera joanen da, miren eta jon mahaia biltzen hasiko dira eta gelatik aterako dira)

 

PATXI: Ez zegok ezer egitekorik!

JOSEAN: Zer duk?

PATXI: Zer ikusteko jaio garen! Gurdi handi bat Papa Noel handi batekin, neoizko argiak Record paratzen duela eta jende saldoa inguruan dantzan. (lourdes eta josean leihora ondoratuko dira)

LOURDES: Zer da Record?

PATXI: Zabaldu berritako diskoteka bat.

JOSEAN: Jende horrek, dantzan dabilenak, ez zeukak beste egitekorik edo!?

PATXI: Bai gizona!

 

(jon eta miren sartuko dira postrearekin: konpota)

 

JON: Zer pasatzen da?

JOSEAN: Zure hiri gorrotatuko, Iruņea mon amour, jendea eske-kolplak kantatzera atera dela.

PATXI: Ez dagoela zer egiterik!

JON: Bai baina zer pasatzen da?

LOURDES: Diskoteka baten iragarkia musika, Papa Noel eta jendea inguruan dantzan.

MIREN: Europak ekarritako onurak! Bueno eseri gaitezen postrea jatera.

JOSEAN: (Zerbait iragartzen ariko balitz bezala) Eta orain modernitatearen ikuskizunaren ondoren itzul gaitezen sekula utzi behar ez genuen tradiziora: euskaldun ona izan nahi baduzu jan ezazu Ezpelgaineko konpota, Popeyeren espinakak ere emanen ez lizuken indarra emanen dizu! Kaka zaharra!

LOURDES: Zer egin dun hik Miren?

PATXI: Nik egin dinat!

MIREN: (Lehor) Hik...? kaka zaharra! Hik beti bezala gauza asko egin duk eta gero ... (joni) Gure etxean, Ezpelgaineko etxean esan nahi dut, Gabonetan beti afaria jaten dugu. Pasaziruleei asttokakak hots egiten genien.

PATXI: Gurean ere konpota jaten genuen.

MIREN: (Jronikoki) Bai txikitatik gaudek gu biok elkar entenditzera kondenaturik eta gero kaka!

JOSEAN: Gurea ordea familia modernoagoa zen. Estramuroz esaten zenioten Goenkalekoek Barrenkalekoei. Nola esaten zaie estramurozkoak direnei, Jon, hainbeste euskara dakizun horrek?

JON: Aldiritarrak esaten dio Andu Lertxundik Otto Pette liburuan.

JOSEAN: Ba, gu aldiritarrak ginen, Barrenkalekoak. Tradizoari eutsi ez diogun Ezpelgiandar sasikoak! Kaka!

LOURDES: Jesus nola zaudeten, instante batean lau aldiz-edo esan duzue kaka!

MIREN: Arrazorea duk, lehenago Goienkalekoa izateak bazian halako pedigree bat.

JOSEAN: Bere buruak Ezpelgaindar jatortarako zeuzkatenendako bai behintzat.

PATXI: Eta hik ez daukak hire burua Ezpelgaindar jatortarako edo?

JOSEAN: Kaka!

 

(Denek far eginen dute)

 

JOSEAN: Barkatzak Patxi.

PATXI: Zer barkatu behar diat kabroia izatea?

JOSEAN: Ez Ezpelgaindarra izatea... gauza bera ez dituk bada?

PATXI: Hiregan bai behintzat. Eta martiria!

JOSEAN: Omenaldia behintzat eginen didazue... lore askorekin! Ezpelgaineko abesbatzak ez dezala kantatu, faborez, ze zerraldotik atera eta denok akabatuko zaituztet.

LOURDES: Eta zer esanen diagu... Hemen datza, pake ederra eman digu!

JON: Nolakoak dira benetako Ezpelgaindarrak?

JOSEAN: Haratx bestea... aizu gu benetako Ezpelgaindarrak gara.

LOURDES: Nik esanen dizut... hasteko harroak eta mutiko gehienak matxito batzuk, bere burua askotarako daukate eta atariko lohia dira.

PATXI: Hori batzuk... gure inguruan mugitu direnak ez ditun horrelakoak! Ezker abertzalean mugitzen direnak.

MIREN: Konparazio batera hi ez da? Barkatzak matxismo kontutan Ezpelgainen mutiko guztiek ere barneko, asko eta asko gainera itxura ezkertiarra dutelakoan, ustez ezpelgaindar tipikoak direnak baino askoz makurrago eta matxistago dituk. Begiratzok hire buruari!

PATXI: Ni matxista?

MIREN: Ez ni... hara bestea!

PATXI: Ni ez naun matxista. Hire ondoan ez daiteken matxista izan.

MIREN: Nirekin beharbada ez, eta hortaz asko eztabaidatu beharko genikek... baina beste batzuekin izan haiteke matxista eta haiz... klaro haizela!

JOSEAN: Eta hortaz gainera euskaldun izateko formula daukatela uste dute. Euskalduna izateko beraiek bezala izan behar duzu bestela ez zara euskalduna.

PATXI: Hori ez hainbeste! Hori lehenago bai, baina azken honetara beste izateko moduak ere ametitzen dira.

JOSEAN: Hik esan duk ametitu, besterik ez.

LOURDES: Dena dela, ondoko herrikoek, Ezpelbehekoek, oraindik hori pentsatzen diate, edo haiek bezalakoa haiz edo euskalduntasunetik kanpo hago. Ez diat ezer esaten porroak erre edo drogatu egiten bahaiz.

PATXI: Ezpelbehean ere asko aldatu ditun gauzak! Dena dela akats guztiekin nik nahiago dut jende hori ze Ezpelgaineko tipiko kuadrila hori guztia baino. Eta drogarena guretako berezia izateko modu bat besterik ez dun izan.

LOURDES: Ez duk asko esan hik ere!

JOSEAN: Nik batzuen eta besteen artean jada ez diat desberdintasunik ikusten. Denok gaituk herriko semealabak eta patroi berdinez moztuta gaudek denok ere. San Juan Bautista gure patroi handia, hau da egia, hau da egia kontsolatzeko mundu guztia....

 

(San Juan Bautistaren kanta kantatzen hasiko da)

 

LOURDES: (Zirika) Ni hire patroi berean mozturik, alde egin hadi paretik!

PATXI: Zu Jon inoiz joan zara Dotrinara?

JON: Dotrina... zer da hori?

JOSEAN: Euskara asko ez zenekien ba? Dotrina da patroi bat bestea da euskalduntasun izpiritual-mistiko-borroka.

LOURDES: Hago isilik!

PATXI: Dotrina da hemen laurok sufritu dugun Jaungoikoaren lege kristatua. Patroi berbera.

MIREN: Dena dela, nahi zutenaz oso bestela atera gara. Uste dut hamar mandamendutatik bat ere ez dugula ongi betetzen eta niri horrek izugarrizko poza ematen dit. Jaungoikoa ez dugu maitatzen, bigarrena zein zen...

PATXI: Auskalo!

MIREN: Beste bat bazegoen... zure lagunurkoaren emaztea ez duzu desiratuko.

LOURDES: Akordatzen zarete Don Julianez (nazka imintzio bat eginez) Don Julian zen dotrina ematen zigun apaiza, sexoarekin obsesionaturik zegoen. Kerua zerion!

MIREN: Usteldurik zegonan.

PATXI: Lizundurik!

JOSEAN: Hilotz!

PATXI: Hilotz hura?! Nahi zuenerako. Badakizue zer gertatu zitzaidan konfesatzera joan nintzen azkeneko aldian... hik badakin Miren. Jada hogeitalau urte nituen... bada aitona hil zen eta gure amari ez dakit zer sartu zitzaion kaskoan baina konfesatzera joan behar nuela eta joan behar nuela hasi zen. Nik ezetz eta gure amak baietz. Aitona zerraldo aurrean. Esan nuen nire baitarako ez dezaala istilurik gehiago atera eta hordek. Han joan ginen ama eta biok. Ama konfesatzeko espera gelditu zen eta ni Don Jualianekin buruz buru. Txikitan esaten nion zerrenda bera errepikatu nion arrapaladan: amari gezurra esan diot, hitz gaiztoak esan ditut, txikikeriak ostu nituela. Ikusi egin beharko zenuten haren aurpegia. Eta halako batez non galdetzen didan ia gorputzarekin gauza zikinik ez nuen egiten. Nik ez zitzaizkidala zikinak iruditzen, hortaz ez nintzela damutzen berak, nik ez neukala zertaz damuturik. Bada ez zidala absoluzioa emanen. Eta nik bueno damututa nengoela eta orduan eman zidan beharturik bezala absoluzioa.

JON: Amak zer esan zizun?

PATXI: Ez zuen ezer entenditzen...

 

(Argia itzaliko da eta argi-foko urdina izeki. Egongela horretan berean dagoen kolore biziz margotutako kolgadore bat agertuko da fokopean. Ate hotsa. lourdesen antzeslana betetzen duen aktorea agertuko da mirenek afarian daraman arropa berdinarekin. Haserre biziz. Atzetik joseanen antzeslana betetzen duen pertsonaia desenkusa aurpegiz eta patxik afarian daramatzan arropa berdinekin)

 

MIREN: Zer horrekin ere?

PATXI: Zer horrekin ere!?

MIREN: Ongi asko dakik zertaz ari naizen!

 

(patxik ulertzen ez duenaren aurpegia paratuko du)

 

MIREN: Hik dauzkak hik... Auzoko emakume guztiekin jo duk larrua.

PATXI: Nik?

 

(Isilik geldituko da une batez)

 

MIREN: Ez zekiat... nik uste ez daukagula irtenbiderik.

PATXI: Ez zekinat zerengatik jartzen haizen horrela.

 

(miren heltzen saiatuko da)

 

MIREN: Ez nazaala ikutu.

PATXI: Horrekin ez nauk oheratu.

MIREN: Eta ni Aita Santua nauk!

PATXI: Ezetz. Dena dela barkaidan!

MIREN: Nonbait ere, ez zegok zer barkaturik.

PATXI: Ez dun esan bada berarekin jo dudala larrua?

MIREN: Ez duk hala edo? Jada nazka-nazka eginda nagok. Gonarekin ikusten duan edozein gauzaren atzetik joaten haiz suak harturik.

PATXI: Ez dun egia baina barkaidan!

 

(miren isilik geldituko da)

 

PATXI: Begira nik hirekin egon nahi dinat. Umearena ere hor zegon. Zerengatik egiten zaigun hain zaila elkarrekin bizitzea. Dios!. Hasieran harreman ireki gisa planteiatu geninan: bati norbait ere gustatzen bazitzaion joan zitekeela berarekin gau baterako.

 

(miren publiko aldera itzuliko da patxirik bizkarra emanez)

 

            Miren, mesedez, begira iezadan. Zer egin behar dinagu? Ez naun berarekin enroilatu baina barkaidan. Zer nahi dun gehiago. Ezin dinagu beti igual ibili, konpondu beharra zeukanagu, aurrera egin. Akorda hadi aspaldi esaten hidanaz: lagunak izaten ikasi beharra zeukanagu. Has gaitezen Miren.

MIREN: Nik uste diat utzi beharra daukagula. Denbora zeramagu egoera berdina errepikatzen, nik zerbaitengatik salatzen haut, hik ukatu eta, egia ala gezurra izan, hik errua ametitzen duk; Eta gero betikoa egiten segitzen duk, nazkaturik negok akusatzailearen lana egiteaz. Ze azkenera ez zaidak gehiegi inportik norekin oheratzen haizen, baizik nirekin zerengatik hagoen eta zer egiten dugun elkarrekin.

PATXI: Miren aurrera egin beharra zeukanagu! Ez dinat atzera berriz eginen, egiz, ez dinat eginen...

 

(miren ikutzera hurbilduko da. miren ukatu eginen zaio. patxi argifokotik aterako da eta ate hotsa entzunen da. miren negarrez hasiko da Chris Isaak-en “Things go wrong” abestiaren leloa entzunen da zeinak esaten baitu “things go wrong... but I still love in you”. Fokoa itzali. Mahai gaineko argia izeki. Lehengo moduan daude guziak)

 

JOSEAN: Betiko gelditu zaiguk kristau kutsua. Aziendari burni goriarekin egindako markak bezala: made in Eliza Katolikoa.

LOURDES: Hala ere Jon ez pentsa... oso ongi pasatzen genuen dotrinan.

MIREN: Horiek ataungo festak ditun... gaizki pasatzen ez genuenean.

JOSEAN: Hori, hori.

LOURDES: Zuek ez zenuten ongi pasatzen denok, kintak ahulki banatan jarririk, lezioa garraisika aritzen ginenean.

JOSEAN: Bai, batzutan, baina beldurra ere bai. Neretako, urrutitik ikusirik, ematen din baietz oso pozik bizi ginela garai hartan, baina gaur egunetik begiraturik ze orduan izua eta ikara.

PATXI: Niri ez zaidak iruditzen ba hainbeste gelditu zaigunik, niri behintzat.

JOSEAN: Ez zaizue inoiz gertatu garai hartako egoeraren bat errepikatzen ari zaretela.

PATXI: Zer esaterako?

JOSEAN: Esaterako autoritatearen aurrean gorputzean sartzen zaidan urduritasuna garai haietatik zetorkidak niri... lurra oinpetik kenduko balidate bezala duk. Edo urrutira joan gabe bikote harremanetan ere gauza bera gertatzen duk, askotan ez zaiguk inportik besteak zer egin duen baizik eta batak apaizarena eginez eta besteak aitorlearena, bestearen konfesioaren bila aritzen gaituk, konfesioarekin bestearen gaineko poterea lortu nahiean.

PATXI: Autoritatea esan duk... baina gu denbora luzean aritu gaituk autoritatearen kontra borrokan, esan nahi dut gure Ezpelgaineko jendeak autoritatea borrokatu duela.

MIREN: Gizarte mailan beharbada bai, baina gero eguneroko bizitzan nik uste diat jaso dugun heziketak traizio egiten digula eta gorrotatzen ditugun portaerak ateratzen zaizkigula barra-barra. (patxiri) Dena dela horiek filosofia merkeak dituk ze denok ere ideiak oso argi edukiagatik betiko eskemak errepikatzen ditiagu. Bueno utz dezagun... zer moduz zegoen postrea?... Ze Jon gustatu zaizu Ezpelgaingo konpota tipikoa.

JON: Bai oso ona zegoen.

JOSEAN: Bai oso ona, (zirika) nik pixka bat jan dinat eta dagoeneko nabaritzen dinat nire euskalduntasuna indarberriturik, lebitazio bat bezala ez duzue nabaritzen?

LOURDES: Txotxolo!

PATXI: Igual mahaia jasoko dugu eta ondoren kafea hartu?

 

(Denak jaso eta mahaia biltzen hasiko dira. Argia itzali)