V
KONTALARIA: Beno, hemen gaude berriro, heldu gara azkenean. Hasieran ikusi dugun etxe zahar bereko atarian gaude, lagunak neka-neka eginda daude. Etsipen apur bat ere ikus daiteke haien aurpegietan.
MALEN: Heldu gaituk.
MANUEL: Bai.
MIELTXO: Bai.
MIKAELAREN AHOTSA: Madeleine! Madeleine! Ai, oi, ai!
MALEN: Ai, ai, ai.
MIELTXO: Oi, oi, oi.
MANUEL: Ui, ui, ui. Mikaela, hau ahots gozoa.
KONTALARIA: Nola suertatzen diren gauzak! Etxeko atetik Merriman andrea agertuko da. Estropezu egingo du bidean eta eskuetan zeraman tarta buru gainean izango du tente.
MALEN: (Barrezka.) Txano polita, Merriman andrea.
MIKAELA: Madeleine! Zure amak kristoren disgustua du! Ohetik ezin jaiki dabil! Eta nik...
KONTALARIA: Ai, ene, Maleni hurbiltzen zaio eta zaplaztekoa eman behar diola ematen du... baina ez, besarkada indartsua eman dio...
MIKAELA: Eta neuk ere kristoren disgustua nuen! Ez berriz horrelakorik errepikatu, badakizu andereño batek... (maialenen aurpegia ikusita.) Ez, ez dut berriz esango, Malentxo maitea! Jakin daiteke non sartu zareten?
MIELTXO: Oso istorio luzea da.
MALEN: Mieltxo!
MIELTXO: Ze egin dut oraingoan?
MALEN: Normal hitz egiten ari zarela.
MIELTXO: Egia!
MIKAELA: Beno, Malentxo. Zure ama abisatzera noa, ziur osatuko dela berriarekin.
MALEN: Zurekin joango naiz.
MIKAELA: Ez, sorpresa bat dut zuretzat.
MALEN: Sorpresa?
MIKAELA: Bai, gustatuko zaizun sorpresa. Hemen gera zaitez itxaroten, nik sorpresa hori ospatzeko tarta prestatu dut, baina... (Burua seinalatuz.)
MANUEL: (Ahots gozoaz eta barre tontoaz.) Tarta gozo-gozoak egiten dakizkit, nahi baduzu... bion artean egingo dugu... Mikaelatxo.
MIKAELA: (Ahots gozoaz eta barre tontoaz.) O, Manueltxo, jakina! Eta zure gabardina erakutsi behar dizut, polit polita geratu da...
MANUEL: Ziur zu bezain polita ez dela geratu. O!
KONTALARIA: Biak elkarri eskutik helduta etxera sartuko dira, zein polita!
MIELTXO: tarta, tarta, tarta! Ze, Malen ez hator?
MALEN: Hemen geratu behar diat, sorpresa bat omen diat.
MIELTXO: Ba, orain arte. tarta, tarta, tarta!
MALEN: Miel, primeran ulertzen zaik orain!
MIELTXO: Egia dun. ongi!
MALEN: Hala ere, niri hire lehengo ahotsa gustatzen zitzaidaan.
MIELTXO: Nahi badun berriz errepikatu egin zezakenat. Nahi badun bediz edepikadu egin zezakenad.
MALEN: (Irribarretsu.) Ez duk beharrezkoa.
MIELTXO: Orain arte, ba! tarta, tarta, tarta!
KONTALARIA: Mieltxo etxera sartuko da alai. Baina, Malen ez, hasierako eskaileratan eseriko da itxarotera, lehen utzitako palmondoaren hostoa hartuz eta astinduz haize pixka bat lortzeko asmoz. Sargori dago, bai! Hara! Atzeko atetik itzal bat ikusiko dugu, hasieran ez dago oso argi zer den, baina begiratu ongi, pixkanaka-pixkanaka soldadu baten itxura hartuko diogu. Soldadu hori makuluekin dabil, izan ere... ai ene, hanka bat falta zaio! Malen makuluen hotsa egurraren kontra entzungo du eta burua jiratu, soldadua ikusi duenean, salto batez hurbilduko zaio.
MALEN: (Oihuka.) Aita! (Besarkatuko du.) Baina zer duzu? Zer dira makulu horiek?
AITA: Malentxo, hemendik aurrera makiltxo hauekin ibiliko naiz.
MALEN: (Harrituta.) Hanka bat falta zaizu!
AITA: (Umorez.) Benetan? (Barrezka.) Konturatu naizela uste dut.
MALEN: Izurritea izan zen, ezta?
AITA: (Hasperen eginez.) Ez, maitea. Ez zegoen izurriterik, denok engainatu gintuzten. Gerra zen eta kito. Gizon batzuk beste batzuen kontra, baina denak galtzaile atera ginen. Horrelakoak dira gerrak.
MALEN: Hanka galdu duzu...
AITA: Beste batzuk ez dira etxera bueltatuko, maitea.
KONTALARIA: Biak isilik geratzen dira.
AITA: Beno, eta zuek, nora joan zarete zu eta zure lagunok? Ama arduratuta zegoen.
MALEN: Oso istorio luzea da, euriaren bila joan gara... baina ez dugu topatu.
AITA: Euriaren bila! Ze gauzak dituzu Malentxo. (Musu ematen dio.) Eta soineko hori? Zergatik daramazu soineko hori? Beti gorrotatu dituzu soinekoak eta...
MALEN: Bai, baina... ez zara gogoratzen? Zuk oparitu zenidan joan aurretik, duela urtebete...
AITA: Egia da maitea, a ze burutazioak nireak, baina nahiko zaharra eta urratua dago...
MALEN: Ez dut apenas erantzi alde egin zenuenetik, garbitzeko bakarrik... direnak eta ez direnak entzun behar izan dizkiot Merriman andreari. (Negar malkoa agertzen da bere begietan.) Baina zure azken oparia zenez...
AITA: (Besarkatzen du.) Ai, maitea. Bueno, bueno, bueno. Oraintxe bertan dutxa hartu, zure praka eta kamiseta polit horietako bat jantziko dituzu, eta soineko itsusi hau zakarrontzira botako dugu. Ados? (malenek buruaz baietz esango du.) Eta amarekin hitz egitera joango gara, disgustuak besterik ez dizkiogu ematen eta. Eta gero...
MALEN: Eta gero, zer?
AITA: tarta, tarta, tarta!
MALEN: Bai. tarta, tarta, tarta!
KONTALARIA: O, zein polita. Elkarri besarkatu diote eta etxera sartzera doaz, une horretan zerua pixkanaka-pixkanaka beltz jartzen hasi da. Ilun benetan!
MALEN: Aita!
AITA: Ze maitea?
MALEN: Euria da aita! Euria! (malen euripean jolasten hasiko da, bere ile guztia eta soinekoa bustiz.) Euria, aita, euria aurkitu dugu! Esperantza dago, aita!
AITA: Esperantza, maitea?
MALEN: Mundu hobea lortuko dugun esperantza.
AITA: Bai, maitea, badago. Goazen barrura, besteok zain ditugu-eta. (malenek aita laguntzen du etxera sartzen.) Eskerrik asko, maitea.
MALEN: Aita...
AITA: Zerr maitea?
MALEN: Makuluentzat euritakoa fabrikatuko dizut.
AITA: Ai, Malentxo, zein gauzak dituzun.
KONTALARIA: Begira, ate barruan desagertu dira. Eta ahots hori? Ekaitzarekin batera Malenen ahotsa entzungo dugu hasieran bezala.
MALEN: Ekaitzarekin batera aita etxera bueltatu zen. Ekaitzarekin batera ama sendatu eta ohetik jaiki zen. Ekaitzarekin batera esperantza existitzen dela ikasi nuen, mundu berri eta eder baten esperantza.
KONTALARIA: Eta hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila, herri guztietako plazetan.