II
KONTALARIA: Musika misteriotsua entzungo da, oilo ipurdia jartzeko moduko musika. Erabat kiskalitako baso batean gaude, soilik zuhaitzen hezurdurak geratzen dira eta errautsez betea dago lurzorua. Errautsez egindako basamortu bat dirudi. Hara!, han eta hemen arroka handi batzuk topa ditzakegu.
malen eta manuel agertuko dira, motxila banarekin. manuelek nekatu aurpegia du, ai, horrenbeste ordu oinez eta oinez, arnas egitea ere kostatzen zaio; maleni, ordea, aurrera egiteko gogo tinkoa nabari zaio; izan ere, zerbait buruan sartzen zaionean...
MANUEL: (Zailtasunez arnas eginez) Orduak zaramanagu errautsa ikusten, besterik ez.
MALEN: Eutsi, Manuel. Bide egokian goazak eta.
MANUEL: Hik esaten badun.
MALEN: Bai, horrela duk. (Atzera begiratuz.) Hara! Jakin daiteke non sartu den Mieltxo?
MANUEL: Ez zakinat, duela gutxira arte gure atzetik zetorrenan.
BIAK: Miel! Miel!
KONTALARIA: Zer dira zarata horiek? A, jakina, Mielen arnasestuak entzun ditzakegu. Begira, hor dago, azkenean bidetik dator izerdi patsetan eta ia lurretik arrastaka.
MIELTXO: Banoa, banoa... Motelzeago joan ahal zineden, ez dago zuen abiadura jarraizerik.
BESTEAK: E?
MIELTXO: Polikiago joadeko, konzo.
MALEN: Zer diok? Ez goazak azkar, oso geldoa haiz. Kilo batzuk soberan dituk, hori duk asuntoa.
MIELTXO: (Minduta.) Hori izango dun azundoa, Malen. Baina ni nekadurik nagon eda (Esfortzu handia eginez bazter batean dagoen harri koxkor baten gainean esertzen da.) ez naun hemendik mugiduko dezkanzadu arde.
MALEN: Hik jakingo duk ze egiten duan. Manuelek eta biok aurrera jarraituko diagu. Ezta, Manuel?
MANUEL: Malen, agian atsedenalditxo bat...
MALEN: Manuel, hik ere? (Bakarrik abiatzeko helburuaz.) Bakarrik joango nauk.
MANUEL: Malen, ez izan kaskagogor eta entzun. Orduak zaramanagu ibiltzen eta ibiltzen. Ongi zagon pixka bat deskantsatzea eta zeozer jatea. Ez dun uste? (malen pentsakor.) Gero indarberrituak bideari ekingo zionagu.
MALEN: Ongi, baina denbora laburra izango duk.
MANUEL: Ongi!
MIELTXO: (Oraindik minduta dagoela, marmarti maleni.) Gude kapidaina gedaduko dun azkenean.
MALEN: E?
MIELTXO: Azkenean geraduko haizela, konzo.
MANUEL: (mieltxoren ondoan eseriz.) Malen, uste dinat barkamena eskatu behar dionala norbaiti.
MALEN: (Oso tematia dela.) Barkamena? Nori? Zergatik?
MANUEL: Malen, mesedez, ez hadi egoskorra izan.
KONTALARIA: Manuel harritik jaikiko da, eta Maleni keinuka esango dio Mieltxoren ondoan esertzeko. Purrustaka onartzen du esertzea; azkeneko honek, beste alde batera begiratuko du harrotuta eta minduta.
MALEN: Mieltxo, ez nian oso motela haizela esan nahi.
MIELTXO: Eda?
MALEN: Eta ez dituk kilo batzuk soberan, bakoitzak bere gorputza dik. Gorputz guztiak ezberdinak dituk baina guztiak ederrak. Hi potxoloa haiz eta ni, espageti bat bezalakoa. Eta ze, ze inporta du horrek?
MIELTXO: Benetan esaten dun hori ala barkatzeko esaten dun?
MALEN: (Segundo batez zalantzati.) E... ai, Mieltxo, ez izan tontoa. Zera esan nahi diat... Haizen bezala gustatzen hatzait, akatsekin eta gauza onekin. Horregatik gaituk lagunak.
MIELTXO: Eda?
MALEN: Baina ze gehiago nahi duk esatea?
MIELTXO: Ezagudu dunan mutikodik jatodena eta ongien danzazen dena naizela.
MALEN: Zer? Hori ez diat esango...
MANUEL: Malen...
MALEN: (Hasperen eginez.) Mieltxo, ezagutu dudan mutiko jatorrena eta ongien dantzatzen dena haiz. Konforme?
MIELTXO: (malen besarkatuz.) Bai! Hi ezagudu dudan nezka jatodena eta ongien abezten duena haiz.
MALEN: (Benetan irribarre egiten duela bere lagunarekin.) Ai, Mieltxo! Zein txotxolo haizen... zera, esan nahi diat, zein dibertigarria haizen.
MANUEL: (Beste harri koxkor baten gainean eseriz.) Dena bere onera etorri denez, askaritxoren bat egitea komeni zaigu.
MALEN: Bai, Manuel, orain arte ez nauk konturatu... baina lehoi oso bat jango nikek. Mieltxo, atera ekarri dugun janaria. (mieltxok zerura begiratzen du txistuka.) Miel? Ez al duk entzun? Atera bokatak eta bestea. (Kasurik egiten ez diola, jaikiko da) Mieltxo, ez huen guztia jango, ezta?
MIELTXO: Jo, gose nindunan...
MALEN: (Haserre.) Emango diat ba... (Baina manuelek heltzen du ezer egin aurretik eta lasaitzen saiatuko da.)
MANUEL: Miel, Mieltxo... gordeko higun zerbait, ezta?
MIELTXO: (Irribarrez.) Bai, nozki.
MANUEL: Ikusten, Malen? Ez dun zertan horren azkar urduritu behar. Ea, Mieltxo, atera gordeta duana.
MIELTXO: (Bere motxilatik gauzak ateratzen hasiko da eta lurrean uzten. Bere buruarekin bezala.) Gozoki bazuk, mendazkoak... inzaudak... ah, ez, inzaudak lehenengo bideguruzean bukatu nitian... patata polza bat... bi azenario... non zartu ditiat azenarioak?... ah, eta zagar bat, hara ez nekian zagar bat genuenik (mielek hozkada emango dio.) Apud bat berdea, baina gozoa zagok, (besteei) nahi?
MANUEL: (Ukabilkada aurpegian eman nahi diola.) Emango diat ba...
MALEN: (manuel lasaitzen saiatuko da.) Lasai, bestela asma atakea izango duk. (mieltxori.) Behintzat ura utziko higun.
MIELTXO: Uda? Ze uda?
MALEN: Kantinploran sartu dugun likido garden hori.
MIELTXO: A, hodi!
MANUEL: Orduan?
MIELTXO: Bidean topadu geduen hezudetan zegoen zakur argal hodi eman nion. Egadi zela zirudien.
BESTE BIAK: (Lepotik heltzeko asmoz.) Zer?
MIELTXO: E! Zanza zela! Jenio bizia duzue! Uda hazi gabe dagoela!
KONTALARIA: Beno, jateko garaia da. Mielek kantinplora aterako du eta geratzen diren jakiak jatera eseriko dira denak.
MANUEL: (maleni) Gozoa zagon azenarioa...
MALEN: Baina ur gutxi geratzen zaiguk, Manuel, ez badiagu berehala putzu edo ibairen bat topatzen... (Bere ingurura begiratuko du esperantza galduta.) ...buelta eman beharko diagu.
MIELTXO: Eudia aurkitu gabe?
MANUEL: Malen, baina ez badinagu euria topatzen, laster herrian lehorte jasanezina izango dun.
MALEN: Bai, hala duk. Baina inguru hauetan...
MIELTXO: (mieltxo oso azkar hitz egiten hasiko da, sagar zatiak ahotik botako ditu eta ez zaio apenas ulertuko.) Hodi bai dela ezidezkoa, gorpuzak hidu egun baino gehiago idaun dezake ezed edan gabe eta gaineda odaindik...
BESTE BIAK: (Erdi barrezka.) Zer?
MIELTXO: Audeda jadaitu behad dugula, konzo.
KONTALARIA: Kar. Kar, kar! Manuel eta Malen barrezka hasiko dira, eta Malenek, oi, oi, oi... Mieli musua emango dio masailean. Mieltxo gorri-gorri jarri da eta denok barrezka hasiko dira. Kar, kar, kar! Bat-batean... adi, adi! zarata leuna baina arraroa entzungo da, zer edo zer arrastaka etorriko balitz legez. Hau beldurra!
MALEN: (Isilduz, belarria zorroztu nahian.) Entzun al duzue hori?
MANUEL: (Barrezka.) Bai, Mieltxoren tripak ditun, ogro baten orroak ziruditen.
MIELTXO: E!
MALEN: Ez, ixo! (hirurak adi geratuko dira zer edo zer entzuteko asmoz. Zerbait arrastaka datorrela entzun daiteke.) Entzun al duzue?
MANUEL: (maleni.) Zerbait arrastaka zatorren, ezta?
MIELTXO: (Larrituta.) Ai, animalia bazatiren bat izango al da?
MALEN: (mieltxo lasaitu nahian.) Ez zakiagu. Azkar batean dena sartuko diagu motxiletan eta ezkutatuko gaituk. Begira arroka handi horren atzean...
KONTALARIA: Azkar, azkar, azkar... berehala dena jasotzen hasiko dira eta bukatutakoan arrokaren atzean ezkutatuko dira; baina, noizean behin, haien buruak ikus ditzakegu gertatzen denari so. Ezkutatu eta berehala ikusiko dute fardel beltz handi bat arrastaka. Baina, zer da hori? Bere kabuz mugitzen al dira fardelak?
MIELTXO: (Dardaraz.) Ezaten nizuena, animalia bazatia da.
MALEN: Bai, zera! Ixo, bestela entzun egingo gaitu!
KONTALARIA: Fardel beltza... ai, geldirik dago fardela, zerbait entzun izan balu bezala; ingurura begiratuko du baina ez du ezer ikusiko. Aurrera jarraituko du orduan eta askaria hartzen ari ziren lekuraino iritsiko da. Zerbait ikusi du lurrean eta hartuko du. Bitxia benetan...
MANUEL: (Bere buruarekin.) Zerbait ikusi duela uste diat. Ze, ordea? Nire motxilako linterna eta beste gauzak jaso ditiat. (Besteei.) Dena jaso duzue, ezta?
MALEN: Bai, nire motxilako mapa, ipar-orratza... Mieltxo?
MIELTXO: Bai...
MANUEL: Ziur?
MIELTXO: Bai... beno igual...
MALEN: Igual zer?
MIELTXO: Igual eta bakadik igual... gozokiak...
MALEN: (Haserre ez, baina bai arduratuta.) Ai, Miel!
MIELTXO: (Ia negarrez.) Nahigabe izan dun, Malen, jo.
MALEN: Ez hasi negarrez orain, mesedez.
KONTALARIA: Hain zuzen ere, fardel beltzak gozokiak altxatu ditu eta usaindu. Orduan bai hasi dela leku guztietara urduri mugitzen. Ongi ezkutatu!
MANUEL: Zerbait egin behar dinagu, Malen...
MALEN: Zer?
MIELTXO: (Negar malkoak garbitu dituela, azkar hitz egiten.) Hobedena, bedehala edazo egidea.
BESTE BIAK: Zer?
MIELTXO: Goazen denok bere konda!
MANUEL: Erotu egin al haiz? Zer egin dezakegu animalia basati baten kontra?
MIELTXO: (Kikilduz.) Beno...
MALEN: Mielek, arrazoia dik. Usaindu gaituk eta berehala aurkituko dik gure ezkutalekua. Izutzen saiatuko gaituk, azken finean, hiru gaituk eta bera bakarra.
MIELTXO: Hodi beda ezan nahi nian nik, Manuel.
MANUEL: Eta nola egingo dugu?
MALEN: Begira...
KONTALARIA: Eta orain zer pasatzen da? Hirurak elkartuko dira eta xuxurlatuz ematen du zerbait adosten ari direla. Bitartean fardel beltza alde batetik bestera joango da zerbait topatu nahian. Supituki hiru lagunak ezkutalekutik aterako dira oihuka, arropaz estalita dutela aurpegia eta bakoitzak motxiletatik ateratako tramankulu bitxiren batekin eskuetan, fardel beltzari eraso egin nahian. Linterna? Mapa? Zapatila? Zer lortuko dute, bada, horrekin? Hara, fardela beltza lurrera erori da izututa.
FARDEL BELTZA: Ez mesedez, ez egin ezer, ez mesedez.
MANUEL: Entzun duzue? Animalia basatiak hitz egin du?
MIELTXO: Animalia bazatiek hitz egiten al dute?
MALEN: Ziur tranpa bat dela guri ziria sartzeko, uste diat sorgin maltzurra dela eta saiatzen ari dela gu engainatzen.
BULTO BELTZA: Ez mesedez, gupida zaitezte, ez dut ezer egin.
MALEN: Ikusten, arrazoia nian. Hitz gozoekin gu limurtu nahian zabilek.
MANUEL: Uste dinat oker habilela, Malen.
MALEN: Ala, hi ere sorgindu al hau?
MANUEL: Ez, ba. Burugogorra haiz gero!
MALEN: Burugogorra ni?
KONTALARIA: Hauek eztabaidatzen ari diren bitartean, fardelari hurbildu zaio Mieltxo. Zein ausarta!
FARDEL BELTZA: Ez, ez, ez, mesedez.
MIELTXO: Hada, begida, hada.
MALEN: Ze egiten duk Miel? Ze hada, ez duk maitagarria... Alde egin hortik!
MIELTXO: (Barrezka.) Ez dun animalia bazatia, Malen.
MALEN: Nik esaten nuena, sorgin maltzurra duk. Etor hadi hona!
MIELTXO: Ezetz, ba! Ez dela sorgina ere!
MANUEL: Zer duk orduan, ba?
MIELTXO: (Barrezka.) Emakume zaharra!
FARDEL BELTZA: (Lurretik altxatuz.) Aizu, ez naizela horren zaharra, e!
KONTALARIA: Egia da! Mieltxok esan bezala edadeko emakumea da fardel beltza; kapa beltza du soinean eta entzuten zen soinua, kapak errautsaren kontra egiten zuen soinua zen. Emakumeak atsegina du itxura. Hiru lagunek aurpegietatik arropa kentzen dute eta tramankulu ezberdinak gordetzen.
MANUEL: Barkatu, andrea uste genuen...
MALEN: Beno, batez ere nik uste nuen...
MIELTXO: Ozo budugogorra da...
MALEN: E, aizak, denok beldur ginela!
MIRTA: Ongi dago noizean behin burugogorra izatea, gauza asko lortzen dira horrela, baina horrek ezin dizu bizitzan dena baldintzatu.
MALEN: (Burumakur.) Arrazoia duzu andrea.
MIRTA: Ez da ezer gertatzen, gaztetan horrelakoa nintzen ni ere. Askotan pentsatu gabe egiten nituen gauzak. Ai, ia ahaztu zait aurkeztea (Eskua eskainiz.) Mirta naiz.
MALEN: Urte askotarako, andrea. Ni Malen naiz eta barkatu gertatu berri dena.
MIRTA: Ez da ezer. Eta zure lagunen izenak?
MANUEL: Manuel naiz andrea, urte askotarako.
MIRTA: Bai, berdin. Eta txokolatea jaten ari den gazte hura?
MANUEL eta MALEN: Txokolatea?
MIELTXO: (Txokolate zatitxoak ahotik botaz.) Jo, azeko polzikoan audkitu dut eta... (Lotsatuta.) Miel naiz, Mielzo lagunentzat.
MIRTA: Eta zer egiten dute gazte jator hauek horren eskualde arriskutsuan?
MIELTXO: Abentuda! (malenek lasaitzeko keinua egingo dio.)
MIRTA: (Irribarre tristeaz.) Abentuda, e? Eta zer nolako abentura bilatzen ari zarete?
MANUEL: Euriaren bila goaz. Gure herritik duela urtebete ez dela agertu. Zeuk ikusi al duzu?
MIRTA: Euria? Ba, hemen ez duzue aurkituko. Ez duzue ikusten nola dagoen guztia? Dena errauts bihurtuta, suak kiskalita, ez da ezer geratzen.
MALEN: Oso leku itsusia, zera esan nahi dut... tristea eta iluna dela leku hau.
MIRTA: Lasai, arrazoia duzu, oso leku itsusia da. Hau lehen baso eder bat zen, fruitu gozoak ematen zituzten zuhaitzek eta libre bizi ziren animaliak. Zoriontsu bizi zen eskualde honetako jendea. Orain ez da ezer geratzen.
MALEN: Nola da posible? Izurritea hemendik pasa al zen?
MIRTA: Izurritea? Berriz hitz hori? Aspaldi hona iritsi zen gizon talde bati entzun nien hori: izurritea zetorrela eta zuhaitzak moztu behar zituztela defendatzeko. Izurritea oso arriskutsua zela eta animaliak kanporatu behar zirela. Izurritetik babesteko basoko argigune batzuk erre behar zirela. Pixkanaka-pixkanaka dena suntsitu zuten arte, gero alde egin zuten izurritearen bila. Auskalo nora. Beste lekuren bat suntsitzera.
MANUEL: Eta ez zen hemen inor bizi hori eragozteko?
MIRTA: Zer egin behar genuen? Gizon horiek gehiago ziren, uniformeekin zetozen, arrazoia zutela ematen zuen. Hemen inguruan artzain eta nekazari ezjakinak besterik ez ginen bizi, ezin izan genuen ezer egin.
MANUEL: Eta orain?
MIRTA: Jende guztiak alde egin zuen, hemen jada ezin zen lurrik landatu, ezta animaliarik zaindu ere. Ni... ni hemen geratu nintzen, ez dut inora joaterik, nire semea gizon horiekin joan zen izurritea suntsitzera eta ez da bueltatu. Zaharra naiz, egia da, zuen lagunak esan duen bezala. Zaharra inora joateko.
MIELTXO: Etorri gurekin eudiaden bila!
MALEN: Miel...
MIELTXO: Jo, ze?
MANUEL: (maleni.) Ez, Mieltxok arrazoia din. Andrea gurekin etor daiteken, edozein laguntza beti ongi etorria izango dun.
KONTALARIA: Jo, berriro bilduko dira hiru lagunak, eta eztabaida sutsu baten marmarrak entzun ditzakegu. Zein jenio bizia duen Malenek, zein ideia bitxiak dituen Mieltxok, zein tipo xelebrea den Manuel! Baina hirukote bikaina osatzen dute, hala ere. Mirtak bitartean irribarre egingo du, zer gertatzen ari den argi edukiko ez balu bezala. Azkenean hiru lagunak akordio batera iritsi direla dirudi.
MALEN: Erabaki dugu...
MANUEL:...nahi dugula...
MIELTXO: ...gurekin edortzea...
MIRTA: Zer? Zuekin erortzea? Nora baina “erori”?
MIELTXO: Ez, edortzea ez. Edortzea.
KONTALARIA: Mirtak ez du ulertu, normala, horregatik jarri du aurpegi hori.
MALEN: Mielek esan du... nahi dugula gurekin euriaren bila etortzea.
MIELTXO: Ba, hodi ezan dut, ez?
KONTALARIA: Kar, kar,kar. Hasi da barrezka Mirta, irribarre arin eta alaiaz!
MIELTXO: Hoden dibertigadia al da ezan dudana?
MIRTA: Oso jatorrak zarete gazteok, baina ez dut zuekin joan nahi.
MIELTXO: A, ez? Baina lehen ezan duzu...
MIRTA: Bai, baina hau da nire lekua. Errautsak eta guzti. (Errautsen artean bat-batean landare baten kimutxoa aterako da.) Begira, begira...
DENAK: O!
MIRTA: Oraindik esperantza dago, agian egunen batean hau berriz baso eder bat izango da. Zoazte orain eta euria aurkitzen baduzue bidali hona ere, beharrezkoa izango dugu eta.
MALEN: Horrela egingo dugu, Mirta.
KONTALARIA: Denek elkar agurtzen dute eta gure lagunak badoaz.
MIRTA: (Bere buruari.) Eta nire semea ikusten baduzue, esaiozue bere ama zain duela hemen.