IV
KONTALARIA: Txatarra zabortegi batean gaude, mendi izugarriak sortzen dituzte herdoildutako txapek eta beste hainbat materialek. Txatarren mendiak. Harat eta honat garai batean izandako trasteak daude, jada ezer ez direnak. Gure hiru lagunak agertuko dira elkarrizketa bizian daudela, animatuagoak ikusten zaie. Zer dela eta?
MALEN: (Botila batetik edanez.) Eskerrak janari denda bat aurkitu dugun bidean.
MIELTXO: (Txorizo bokata janez.) Ezkedak, bai! (Janaria ahotik botatzen duela.) Aizu, Malen, ez digun ezan odaindik zedgadik dadaman zoineko izuzi hori.
MALEN: (Ulertu ez duela.) Zer?
MIELTXO: zoinekoa!
MALEN: A, hau! Ez dik garrantzirik.
MANUEL: Nola ez din izango, ba? Gorroto ditun soinekoak, hala ere, soineko hori aspaldi ez dunala kendu. Arrazoiren bat egongo din horretarako.
MALEN: Ezetz ba! Gainera, kontatzen saiatzen naizen bakoitzean zeozer gertatzen duk eta ez didazue kasurik egiten.
MANUEL: Oraingoan ez dun hori gertatuko.
MALEN: Ezetz.
MANUEL: Ez izan burugogorra, Malen.
MIELTXO: Hodi, ez izan budugogoda.
MIELTXO eta MANUEL: Mesedez...
MALEN: Ados, konbentzitu nauzue. Egia duk, soinekoak gorroto ditiat nik eta ez ditiat inoiz janzten. Horregatik soineko hau janzteko arrazoi bakarra...
KONTALARIA: Fiu! Une horretan, txatarra pila eskuetan duen haur bat ziztu bizian pasako da haien aurretik, berriz desagertzeko ondoren, guztiak harri eta zur utziz.
MALEN: Ze izan da hori?
MANUEL: (maleni.) Nik esango niken haur bat zela.
MIELTXO: Bai, haur bat.
KONTALARIA: Hor doa berriz haurra ziztu bizian haien aurretik pasatuz, ondoren desagertzeko. Oraingoan eskuak hutsik zeramatzan eta hobe ikusi ahal izan dugu nolakoa den. Mutiko beltzarana da eta nahiko zikina dago, bere arropa zarpailek adabakiak dituzte leku guztietatik. Oinutsik doa, oso arriskutsua txatarra artean ibiltzeko, baina bera ohituta dagoela dirudi. A, bere izena Milú omen da.
MALEN: Ze izan da hori?
MANUEL: (maleni.) Nik ziurtatuko niken haur bat zela.
MIELTXO: Bai, hauda, bai.
KONTALARIA: Hirugarren aldiz haurra agertu da txatarraz beterik dituela eskuak, baina oraingoan Malenek geldiaraziko du.
MALEN: geldi!
MILÚ: (Sustoaz txatarra guztia lurrera erortzen zaiola.) A! Zertan habil marizikin? Orain dena jaso beharko dinat eta oso berandu dun. Zer ordu da? (Guztiek sorbaldak jasoko dituzte, ez dakitela adierazteko.) Oso berandu, kendu nire bide paretik, hontza-aurpegi hori apurtzea ez badun nahi, behintzat!. (Lurrean geratzen zaizkion txatarra zatiak jasotzen jarraituko du.)
MALEN: (Atsegina izan nahian, eskua luzatuz.) Malen nauk.
MIELTXO: Eda ni Mieltxo!
MANUEL: Manuel.
MILÚ: (Txatarra lurrean utzi gabe gure lagunak begiratuko ditu mesfidati.) Eta? Ze nahi duzue, babo koadrila? (maleni.) Txatarra hau nirea dun, aitu? (besteei.) Nik neuk jaso diat, beraz, nirea duk. (guztiei.) Zoazte zeuena bilatzera, aitu?
KONTALARIA: Bere lanean jarraituko du Milúk. Gure lagunek ingurura begiratuko dute, txatarra mendiak eta mendiak bakarrik ikusiko dituzte.
MALEN: (milúri.) Dena txatarraz gainezka zagok, txatarra leku guztietatik.
MILÚ: (Berriz ere begiratzen dituela.) Eta?
MANUEL: Ba, txatarra nahi izango bagenu, edonondik har dezakegula.
MILÚ: Ja! Hori uste duzue zuek! (manueli.) Txatarra guztiak ez dik balio bera, ez duk gauza bera metraileta baten txatarra edo tanke batena. (maleni.) Ez dun gauza bera kasko baten txatarra edota urpekari batena. Gainera, bakoitzak bere eremua din. (manueli.) Ezin duk edozein lekutako txatarra hartu, aitu? (Bere buruari lanean jarraituz.) Ze gauzak entzun behar diren!
MIELTXO: (Oraindik bokata zatiak ahoan dituela.) Ez gaituk txatada bila etodi, kontxo.
MILÚ: (Mesfidati begiratzen du ezer ulertu ez duela.) Ze diok ipurdigizen?
MIELTXO: E!
MANUEL: Kasurik ez...
MILÚ: (Txorizo bokata ikusten duela.) Aizak, potxolo, ez duk zatitxo bat izango?
MIELTXO: Bokata? Bai, bezte bat diat poltsikoan. (Bokata poltsikotik atera behar duenean, malenek geldiaraziko du.) Ai, lazai Malen, duen mingain horrekin ez zionat ezer oparituko.
MILÚ: Eskulaburra.
MALEN: Bakarrik emango dik... esandako hitz itsusiengatik barkamena eskatzen baduk eta...
MILÚ: Bai, zera! (Gosea denez, gogoz kontra.) Ondo da, barkatu... eta ze gehio?
MALEN: Gurekin tarte batean hitz egiten baduk.
MILÚ: (maleni.) Ez dinat astirik, oso berandu dun. Hau guztia eraman behar dinat.
MALEN: Ba orduan ez duk bokatarik izango.
MILÚ: (Mesfidati.) Ados. Baina txatarra hau nirea dun. (Txatarra lurrean poliki utziko du.)
MIELTXO: Jo, Malen, paza egin haiz.
MANUEL: Bai, Malen.
MALEN: Ni pasa? Baina, entzun duzue bera? (Purrustaka.) Arrazoia duzue. (mieli bokata hartuz eta milúri eskainiz.) Mutiko tori bokata eta barkatu esandakoa. (mutikoak bokata hartuko du eta inoiz jan izan ez balu bezala jaten hasiko da.) Gose hintzen, bai.
MIELTXO: (Barrezka.) Ni baino gehiago!
KONTALARIA: Mutikoak berehala bukatu du bokata eta berriz txatarra jasotzen hasiko da.
MALEN: E, aizak, tratu bat egin diagu.
MILÚ: Eta?
MALEN: Nola, eta? Gure izenak esan dizkiagu. Zein da hirea? (Ez duela erantzuten ikusita.) Ez diagu hire txatarra nahi, ez gaituk txatarra bila etorri.
MILÚ: Ez zarete txatarraren poliziak izango?
BESTEAK: Txatarraren poliziak?
MALEN: Polizia itxura al dugu?
KONTALARIA: Milúk gure lagunak goitik behera begiratuko ditu eta algaraka hasiko da.
MANUEL: Argi zagok ez dugula txatarraren poliziaren antzik, ezta?
MILÚ: (Pixkanaka barre egiteari uzten diola. manueli.) Ez. Milú nauk eta hemen lan egiten diat txatarra biltzen. Familia osoa mantentzen diagu nire anaia txikia eta biok.
MANUEL: Eta txatarraren polizia zer da?
MILÚ: Izurritea suntsitzera zihoazen gizon batzuek utzi zuten txatarra gure lurretan abandonatuak. Guk saldu nahi diagu, hemen botata zagok bestela. Baina txatarraren poliziak atxilotzen gaitik eta kartzelara eraman. Horregatik diat horrenbeste prisa, ez harrapatzeko. (Berriro mesfidati guztiei.) Eta zuek? Zer egiten duzue hemen?
MIELTXO: Eudiaden bila goaz!
MILÚ: Ez diot zuen lagunari ezer ulertzen.
MALEN: Ez naik harritzen.
MANUEL: Geure herrian duela urtebete ez duela euririk egin. Euriaren bila goazak.
MALEN: Baina bakarrik miseria aurkitzen diagu leku guztietatik.
MILÚ: Alferrik zabiltzate, hemen ez dago euririk! Hobe duzue etxera bueltatzea. (Txatarra guztia jasoz.) Orain banoa. Oso berandu da. Agur. (Atera aurretik begiratzen die.) Beste bokatarik al duzue? (mieltxori.) Nire anaiak ez dik ezer jan.
MIELTXO: (Janariz betetako bere motxila milúren sorbaldan jarriz.) Todi.
MILÚ: (mieltxori.) Ez diat limosnarik onartzen. Ez diat nahi.
MIELTXO: Ez duk limosna. Pentsa lagun batzuen oparia dela.
MILÚ: (Segundo batez pentsakor.) Eskerrik asko. Inork ez ziguk sekula ezer oparitu. Eta barkatu, lehen esandako guztiak. Ezin haiz inortaz fio hemen.
KONTALARIA: Fiu! Milúk sartu bezala alde egin du, azkar batean, guztiak pentsakor utziz.
MANUEL: Malen, mutiko horrek arrazoia din. Denbora gehiegi zaramanagu etxetik kanpo, hire ama arduratzen hasiko zunan eta errua Merriman andreari botako zion. Ez dun hori nahi, ezta?
MALEN: Ez, ez. Baina... etxera bueltatzea euririk gabe, porrot egin dugula onartzea izango lukek. Gainera euria behar diagu herrian.
MIELTXO: Podot ez, Malen, saiatu gaitun, ez dinagu audkitu, baina saiatu gaitun. Hori dun gadanzizuena. Uzte dinat azkenean euria topatzea lorduko dugula, nola edo hala. Ikuzten dun leku askotan behar dutela euria, ez guk bakadik.
MANUEL: (maleni.) Ez niken oso ozen esan nahi, baina gure Mieltxo gero eta helduagoa bihurtzen ari dela uste dinat.
MALEN: Egia duk.
MIELTXO: E, polzikoan zokolatina bat gerazzen zait! Nork nahi du nirekin partekatu?
MANUEL: Edo agian ez.
MALEN: Manuel, Mieltxo... etxera bueltatuko gaituk eta jende guztiari ikusi dugun guztia kontatuko zieagu. Ziur guztion artean euriaren bila hasten bagaituk, azkenean topatuko dugula. Zerbaitetarako balio beharko dik bidaia honek guztiak.
MANUEL: Ziur al hago, Malen?
MALEN: Bai, ziur nauk.
MANUEL: Goazen ba!
MIELTXO: Goazen!