Euriaren esperoan
Xabier Lopez Askasibar
Euriaren esperoan
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
Euriaren esperoan
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
[aurkibidea]

 

I

 

KONTALARIA: Bazen behin munduko bazter urruti batean, herrialde ederra baino ederragoa. Mitxoletak loratzen ziren udaberriro, ezti gozoa egiten zuten erleek, jendeak alai txistu egiten zuen kalean eta, eta... eta bertan gaude orain.

            Espazioaren iluntasunean musika harmoniatsua entzun daiteke: lo egiterako garaian amaren magalean kulunkatzen zaituzten horietakoa; abestean zoriontsu sentiarazten zaituzten horietakoa; hanketan kilimak eginez dantzara bultzatzen zaituzten horietakoa. Bazterrak girotzen dituen musika honen gainetik, neskato baten ahots gozoa entzungo dugu, bera da, gure ipuineko protagonista.

MALENEN AHOTSA: Aitak etxetik alde egin zuen egunean, herrian etengabe egin zuen euria, hogeita hamar egun eta hogeita hamar gauetan zehar.

KONTALARIA: Bortitza bihurtuko zaigu musika bat-batean, eta horren artean ekaitz izugarri baten soinuak eta argiak ikus ditzakegu. Bai beldurra! Pixkanakapixkanaka desegiten joango da ekaitza.

MALEN: Gero hodeiei sikatu omen zitzaien bihotza, eta urtebete egon ginen izugarrizko lehortea jasaten.

KONTALARIA: Inguruak argi laranjaz tindatzen hasi dira; azken finean, erraz antzeman daitekeen bezala, udako arratsalde kiskalgarri horietako batean gaude. Hau beroa! Sumatzen duzue, ezta? Izerditan blai bukatzeko modukoa! Uf! Eguzkiaren distiren artean, egurrezko etxe zahar baten ataria ikus dezakegu; aspaldi altxatu zen etxeko paretetako margoa, eta inor ez da berriz margotzeaz arduratu. “Zertarako, ba?” Esango dizu herriko edonork. Hiruzpalau eskailera maila karrankari daude sarrerako ate zaharkituraino; kirrinki-karranka egiten dute eskailerek zapaltzean, operako abeslari baten garrasi zorrotzek egiten duten bezala. Entzun, entzun. Hamar bat urteko neskatoa da eskailera indarrez zapaltzen duena, gora eta behera, gora eta behera saiatzen da dibertitzen, eskaileran bertan eseri baino lehen.

            Neskatoak Malen du izena, bi eskuekin heltzen du burua asper-asper eginda baitago. Normalean alaia eta jatorra da, alde batetik bestera bueltaka eta saltoka dabil beti, baina gaur ez. Gaur ez daki zer egin. Eta jantzita daraman soineko hori? Behin dotorea izan zen; gaur egun, ordea, nahiko zikina eta urratua dago, ia trapuetarako ere ez du balio. Oinutsik joatea gustatzen zaio eta garai batean itxura hobea izan zuten bere ileko xingolek. Aspertuta dago gure Malentxo, bai. Bidea zeharkatzen duten autoak zenbatzera atera da, baina bere herritik ez da apenas kotxerik pasatzen eta ez da nahikoa izango bere gogogabetasunetik ihes egiteko. Hasperenak etengabeak dira. Malen koitadua. Palmondo baten hostoaz haizea ematen du aurpegian, ea ideiak freskatzen zaizkion. Beharko bai!

            Demontre! Ondoko kalexka meharretik Manuel agertuko da, herriko eskalea eta neskatoaren lagun mina. Manuel tipo altua baino altuagoa da, garai batean herrian saskibaloi taldea egon izan balitz bera zatekeen kapitaina, baina sekula ez zaio gehiegi saskibaloia gustatu eta aspaldi inork ez duela kirolik egiten herrian. Uda izan arren, gabardina darama soinean; izan ere, eskaleak urte osoan zehar janzten du gabardina, eta herriko etxekoandreren batek garbi diezaion baino ez du kentzen. Etxekoandreak beti tematzen dira gabardina hura garbitzeko, eskaleari garbitzearen ideia gehiegi gustatzen ez zaion arren. Herriko jende guztiak maite du Manuel eta gustura eskainiko liokete beren etxea bizitzeko, baina Manuelek nahiago du kalean bizi, espiritu librea omen da-eta. Hori esaten du berak behintzat: “Espiritu librea naiz ni”

MANUEL: Urtzen ari dun kale nagusiko brea.

MALEN: Horrek harritzen al hau? Gu geu urtzen ez garen bitartean, gaitz erdi. (Tontoarena egiten.) Ai, urtzen ari nauk, urtzen ari nauk!

MANUEL: Ez dinat nire bizitza osoan horrelako lehorterik ezagutu.

MALEN: (Utziko dio tontoarena egiteari bestearen barreak lortu ez dituenean.) Ai, Manuel! Urtero gauza bera esaten duk, urtero gertatzen duk hire bizitzako lehorterik kezkagarriena. Nola da posible hori?

MANUEL: Benetan? Hori esaten al dut? Agian memoria kaxkarreko tipoa naizelako, baina ezin didan ukatu oraingo hontan egoera kezkagarria dela.

MALEN: Ez zaik arrazoirik falta. Urtebete zaramaagu ur tanta bat bera ere ikusi gabe... ur bila gerturatu gintuan atzo putzura... eta erdiraino soilik bete ahal izan genian pertza... Entzutekoak zituan Mikaelaren hasperenak eta aieneak.

MANUEL: Herriko zaharrek diotenez, madarikazioren batek hartu din herria eta hori konpondu arte... ez din berriz euririk egingo eskualde osoan.

MALEN: Baina, zer diok Manuel? Nork kontatu dik horrelako lelokeria?

MANUEL: Ez dun lelokeria. Ahoz aho zabilen.

MALEN: Jendea aspertzen duk... neu bezala. Uda amaigabe hontan zerbait asmatu behar duk orduak azkarrago igarotzeko.

MANUEL: Zaharren esanetan gezurrik ez.

MALEN: Hala uste baduk...

MANUEL: Gizonak joan zirenetik denbora gelditu dun herrian.

MALEN: Egia.

KONTALARIA: Hasperen egiten dute biek. Bitan hasperen egiten dute biek. Hirutan hasperen egiten dute biek.

MALEN: (Lotsati.) Manuel, galdera bat...

MANUEL: Esan...

MALEN: Zergatik ez hintzen beste gizonekin joan?

MANUEL: Espiritu librea naun.

MALEN: A... horregatik.

MANUEL: Horregatik? Ze esan nahi du “horregatik”? Haiekin joatea nahiko huke? Hori nahiko huke? Koldarra naizela uste al dun?

MALEN: Ez, ez diat hori esan, baina arraroa duk. Herriko gizon guztiek alde egin zitean... haurrek, zaharrek eta heuk izan ezik.

MANUEL: Egia esango dinat... ez ninditenan borrokarako onartu.

MALEN: Ez duk izango. Nola da posible hori?

MANUEL: Gizon indartsuak behar ditun izurriarekin bukatzeko... aspaldi utzi nionan indartsu izateari. Arnas egiteko arazoak ditinat biriketan, eta berehala geratzen naun airerik gabe. Borrokara ez joateak tristatzen al hau?

MALEN: (Alai.) Ez, kontrakoa, pozten nauk; horrela badiat norekin hitz egin eta jolastu.

KONTALARIA: Bat-batean zarata entzuten da etxe barruan; antzeman daiteke norbait haserre mugitzen ari dela. Bi lagunek adi begiratzen diote etxeari, ezaguna baino ezagunagoa baitute zarata hori.

MANUEL: Oi, oi, oi.

MALEN: Ai, ai, ai.

BIEK: Ui, ui, ui.

KONTALARIA: Norbaiten arnasestuak entzun ditzakegu etxean. Mikaela da, Malenen haurtzaina, neskaren bila dabil eta bidean dituen tramankulu guztiekin egiten du estropezu. Hain da baldarra.

MIKAELAREN AHOTSA: Ai, ene! Ai, ene!

MALEN: Hobe huke alde egitea, Manuel.

MIKAELAREN AHOTSA: Madeleine! Ai, ene! Ai, ene! Non demontre sartu da neskato hau? Madeleine!

MANUEL: Zergatik, ba?

MALEN: Badakik nolakoa den, ez dik batere atsegin kaleko jendearekin ematea orduak; zuen eragina ez omen duk ona niretzat.

MANUEL: Ze? Geure eragina?

MALEN: Horixe bera. Tira, tira, ez diagu berriketan ibiltzeko astirik.

MANUEL: Baina ez dinat inora joateko paradarik, ihesean harrapatuko nain.

MALEN: Orduan, ezkuta hadi, azkar.

MANUEL: Non baina?

MALEN: Teilatuaren gainean. Ez, hor ez. Eskailerapean. Hor ezta ere. Hor lorategiko zuhaixkaren atzean. Hor bai.

MANUEL: Iharra baino iharrago zagon.

MIKAELAREN AHOTSA: Ai, ene! Madeleine! Etor zaitez hona lehenbailehen!

MALEN: Ez dik inporta, oso despitatua duk eta ez hau ikusiko bertan.

MANUEL: Ongi dun.

KONTALARIA: Manuelek zuhaixkaren atzean ezkutatzeko imintzioa egitearekin batera, Malentxoren aurpegi zikina ikusiko du. Begi-bistakoa da, bai! Manuel eskalea izan arren, ezin du onartu Malenen kuxidadea.

MANUEL: Etor hadi hona, Merriman andreak horrela ikusten bahau, zuzenean sartu beharko haiz bainuontzian.

KONTALARIA: Gabardinatik aterako du mukizapia, eta listu pixka batekin hasiko zaio aurpegia garbitzen, xingolak tentuz atontzen dizkion heinean.

MANUEL: Ez nain harritzen hirekin haserretzea. Neskato batek bere itxura zaindu behar din, soineko honek urratuak ditin leku guztietatik.

MALEN: Ai, utz nazak bakean. Mikaela Merriman andreak bezala hitz egiten duk. Nahi dudan moduan jantziko diat. Gorroto ditiat soinekoak, eta hau janzteko arrazoi bakarra...

MANUEL: Nahi dunana, heuk jantzi nahi dunana... baina ez dinat nahi berriz errieta egitea.

MIKAELAREN AHOTSA: Madeleine! Ma-de-leine!

MALEN: Bai haserretuko dela nirekin ikusten bahau. Ezkuta hadi berehala zuhaixkaren atzean.

MANUEL: Ados.

KONTALARIA: Ezkutatzearekin batera irekiko da etxeko atea, bertan agertuko da Mikaela Merriman andrea bere soineko garbi-garbia eta beltz-beltza daramala. Motots estuak eta aurpegi serioak beldurra sortuko liokete edonori, emakumea nahiko baldarra izango ez balitz, behintzat; izan ere, dibertigarria suertatzen da bere baldarkerian, eta esfortzuak egin behar ditu Malenek barre ez egiteko. Egongelako gauza guztiekin estropezu egiten duenez, eskuetan lanpara bat darama, buruan kulero batzuk eta oinean itsatsirik uneoro kentzen saiatzen den azpila: itxura dibertigarria emango dio horrek emakumeari.

MIKAELA: Madeleine! (Kuleroekin ez duela ongi ikusten.) Ai, ene! Ai, ene! Jakin daiteke non sartu zaren?

MALEN: (Barreari ezin eutsirik.) Hementxe, Merriman andrea.

KONTALARIA: Merriman andrea bere egoeraz konturatu da, kuleroak aurpegitik kentzen ditu baina hemendik aurrera eskuan itsatsirik geratuko zaizkio lanpararekin batera, zein barregarria! Azpila eta kuleroak kentzen saiatuko da etengabe eta arrazoi horregatik nahiko komikoak dira bere sermoi guztiak.

MIKAELA:Trasteak leku guztietatik uzten dituzu eta noski, gero neuk jaso behar dena. Ez naiz zure neskamea. Entzun duzu?

MALEN: A, uste nuen estropezu egiten zenuelako zeneramatzala tramankulu horiek gainean.

MIKAELA: Estropezu neuk? Nola ausartzen zara hori esatera? Jakina ezetz. Jaso behar ditut sakabanatuak uzten dituzun gauzak eta horregatik... e... u... e... entzun duzu... ez naiz zure neskamea. Ai, ene! Ume demonioa!

MALEN: (Azpila seinalatuz.) Eta oinarekin ere jasotzen al dituzu gauzak?

MIKAELA: (Disimulatzen saiatuko da, azpilaz libratu nahian, baina ez du lortuko.) Jakina! Gorputz atal guztiekin jaso behar ditut gauzak dena txukun uzteko. Hau kalamidadea!

KONTALARIA: Neskari bere abilidadea erakutsi nahi dio eta, bere asmoa ez den arren, gorputzeko atal ezberdinak erabiliz keinu komikoak egingo ditu inguruan dauden gauzak jasotzeko. Ia zirkuko artista dirudi.

MIKAELA: Begira, begira... Begira zein abilidadea dudan.

KONTALARIA: Bat-batean Maleni begiratuz, ai, ez! Lurrera eroriko zaizkio jaso dituen gauza guztiak, pin, pan, pun, azkenean kargatzen zuen guztiaz libratuz. Baita azpilaz ere.

MIKAELA: Baina, baina, baina, zer itxura da hori?

MALEN: Berriz hasiko al gara?

MIKAELA: Jakina.

KONTALARIA: Diskurtsoa ematen hasiko da Merriman andrea, beti berbera denez, Malenek buruz daki eta, ai ene! andrearekin batera esango du hau antzeratuz.

MIKAELA: Badakizu ongi hezitako neskatoek beti esaten zaien guztia bete behar dutela, ezingo dute ezer esan baimena eman arte eta, iritziak izatekotan, beretzat gordeko dituzte. Garrantzitsua da oso, beti soineko garbiak eta politak eramatea... (malen imitatzen ari dela ikusita.) Nahikoa da! Imitatu nahian zabiltza?

MALEN: Nor, neu?

MIKAELA: Jakina.

MALEN: Ziur al zaude neu izan naizela, Merriman andrea?

MIKAELA: Ziur? Ba... beno... ez dakit...

MALEN: Orduan, ziur ez bazaude...

MIKAELA: Ez ni endredatu gero. Ai, ene! Zu izan ez bazara, zuhaixka ihartuaren atzean ezkutatuta dagoen zure lagun zarpaila izan da eta errespetu falta izugarria deritzot horri; azken finean, ez dugu apenas elkar ezagutzen eta...

MANUEL: (Asaldatuta bere ezkutalekutik.) E, ni ez naizela izan! (Bere golkorako ezkutalekua agerian utzi duelako edo.) Kakazaharra, harrapatu egin naik.

MALEN: (Arduratuta manuelek jaso dezakeen errietarengatik.) Ez, Manuel ez da izan. Barkatu, neu izan naiz, nirea da errua. Baina badakizu soinekoak gorroto ditudala, are gehiago udan, eta arrazoi bakar batengatik janzten dut soineko hau...

MIKAELA: Zure apetak bost axola neuri, baina nire kargu utzi zaitu amak, eta nirekin zauden bitartean, behintzat, txukun joango zara.

MALEN: Gaixorik jarraitzen al du amak?

MIKAELA: Badakizu ez dela apenas ohetik jaiki zuen aita joan zenetik. (biak isilduko dira. mikaela gaiaz aldatzen saiatuko da.) Esaiozu zure bi metroko lagunari atera dadila zuhaixka horretatik, ez baitizkio hankak ere estaltzen.

MALEN: Atera, Manuel, mesedez!

KONTALARIA: Manuel, lotsati, “basotik” aterako da, adaxkak gabardinan endredatzen zaizkion arren, ai, ai, ai, azkenean lortuko du Malen eta andrearen ondora gerturatzea.

MANUEL: (Burumakur eta eskua eskainiz.) Egunon, Merriman andrea.

MIKAELA: Zer egunon eta zer eguntxar... Baina zer zikina daramazun gabardina. Manuel zara, ezta? Zein izan zen garbitu zenuen azken aldia?

MALEN: Utziozu bakean, oso garbia da Manuel.

MIKAELA: Zurekin alderatuta, jakina. Manuel, erantzun nire galderari, noiz izan zen gabardina hori garbitu zenuen azken aldia?

MANUEL: (Burumakur oraindik.) Ba, ez dut ongi gogoratzen. Uste dut Mclean andreak garbitu zidala aurreko hilean.

MIKAELA: Mclean andreak? Puf! Horrek ez du sekula Marsellako xaboia erabiltzen. Ulertu behar duzue izurritea gertu dagoela eta horri aurre egiteko garrantzitsua dela garbitasuna. Dena garbi-garbi edukitzea.

MALEN: (mikaela eta manueli galdetuko die.) Egunero ari zarete izurriteari buruz hizketan, baina... zer da? Nolakoa da? Zergatik eraman behar dugu den-dena garbia?

MANUEL: Ez ni begiratu. Espiritu librea naiz, bai, baina gutxi dakit izurriteei buruz.

MIKAELA: Egia esan... ez dakit seguru... baina izurritea dena delakoa izanda ere, hobe dugu garbi egotea, gaixotasunik ez harrapatzeko. Badaezpada ere. (manueli gabardina kenarazten saiatzen da.) Horregatik, Manuel, ekarri, ekarri hona...

MANUEL: (Erresistentzia apur bat jarriz.) Ezetz andrea, ez dela behar...

MIKAELA: Nola ez dela behar?

KONTALARIA: Tira-bira gertatuko da gabardinaren inguruan, ene, zirudiena baino indar handiagoa dauka Merriman andreak. Malen bere lagunaren alde egiten saiatuko da sokatira inprobisatu horretan, ai, ez! azkenean alde batetik bestera urratu egin da gabardina.

MALEN: Begira ze egin duzun!

MIKAELA: Ziur Mclean andreak lixiba erabili zuela eta gabardina horrela geratu zaizu... Berria erosi beharko zenuke.

MALEN: (merriman andrea seinalatuz.) Baina, zure errua izan da.

MIKAELA: Ongi hezitako neskato batek sekula ez du seinalatzen, garbitzera joan beharko zenuke.

MALEN: Ez dut ongi hezitako emakumea izan nahi.

MANUEL: (Miretsita merriman andrearen indarra dela eta.) Arrazoia du.

MALEN: Baina Manuel, zer diok? Hire gabardina urratu dik eta.

MANUEL: (Liluratuta.) Nahigabe izan da. Oso emakume ederra eta azkarra da Merriman andrea. Arretaz entzun beharko zenuke berak esandako guztia, berak badaki zer den ona zuretzat.

MIKAELA: (manuelen esaldiekin harrituta.) Benetan pentsatzen al duzu hori? (manuelek baietz esaten dio buruaz. Bat-batean irribarre tontoaz.) Ai, ene! Ekarri gabardina, mesedez. (Gabardinaren bi zatiak hartuz. Segundo batez usaindu eta gero.) Ai, ene! Ez dago uste nuen bezain zikina, usain freskoa du. Neuk josiko dizut eta berria izango balitz legez geratuko zaizu.

MALEN: Baina, zer diozue? Tontotuak al zaudete? Manuel, haserretu hadi, gabardina bi zatitan utzi dik.

MANUEL: (Irribarre tontoaz merriman andreari egiten dio hitz eta ez maleni.) Nola haserretuko naiz, ba? Nire gabardina berria izango balitz bezala utziko duela esan du. Gainera gabardina bat besterik ez da, gabardina asko daude munduan...

MALEN: Gabardina asko munduan? Zer? Merriman andrea ez josi, gabardina asko daudela munduan. Zergatik josiko diozu gabardina? Berak jos dezala ez bazaio inporta, ez du beti esaten: “Ni espiritu librea naiz”. Ba, ikas dezatela espiritu libreek garbitzen eta josten.

MIKAELA: (Irribarre tontoaz.) Malentxo, maitea, ez zaitez lotsagabea izan. Manuel jauna...

MALEN: Manuel jauna?

MIKAELA: Bai, Manuel jauna ezagutu dudan gizonik galai eta lerdenena da. Gabardina konponduko diot, ez dago eztabaidatzerik. Ados, Manuel jauna?

MANUEL: Manueltxo, mesedez.

MIKAELA: (Lotsati.) Ados, Manueltxo?

MANUEL: Ez da beharrezkoa. Baina, zuk nahi duzuna, Merriman andrea.

MIKAELA: Ez nazazu Merriman andrea dei. Mikaela deitu, mesedez.

MANUEL: Zuk nahi duzuna... Mikaela.

MALEN: (Bere golkorako.) Manueltxo? Mikaela? Tontotuak zauden heldu hauek.

MIKAELA: (Eskuarekin agur eginez.) Agur!

MANUEL: (Eskuarekin agur eginez.) Agur!

KONTALARIA: Urrutitik eskuekin agur egingo dute jolasean egongo balira bezala, a ze parea! Baina sartu aurretik, nola da posible? Berriro? Merriman andreak azpilarekin berriz estropezu egin du.

MIKAELA: (Amets gaizto batetik esnatu izan balitz bezala.) Ai, ene! Zertarako etorri nintzen ni hona? A! Madeleine, ez ahaztu eskolako lanak egin behar dituzula!

MALEN: Udan gaude.

MIKAELA: Hori al da arrazoia ez egiteko? Urtebete daramagu udan eta ezin zara urtebete eskolako lanik egin gabe egon.

MALEN: Hori ere egia da.

MIKAELA: Badakizu! Eta aldatu arropa hori, mesedez! (Berriz irribarre tontoaz.) Agur, Manueltxo! (Agur esango dio eskuaz etxera sartu arte, hori bai, azpila hankan daramala.)

MANUEL: Agur, bai! Ze emakumea...

MALEN: (manueli hitz egiteko ostikoa joko dio.) E, esnatu! Esnatu!

MANUEL: Ai, Malen! Hemen al hintzen? Ze gertatzen zain?

MALEN: Arazo bat diagu, Manuel.

MANUEL: Arazoa? Zein arazo? Gabardinarengatik esaten badun...

MALEN: Ez, ez duk hori. Arazo larriago bat. Urtebete zaramak euririk egin gabe.

MANUEL: Bai, lehen ere esan dun.

MALEN: Bai, baina Mikaelak esan duen bezala, ezin gaituk uda etengabe batean bizi. Horregatik zerbait egin beharko genikek.

MANUEL: Zerbait?

MALEN: Bai, zerbait.

MANUEL: Baina, ze zerbait.

MALEN: Ez zakiat, utzidak pentsatzen.

MANUEL: A, ongi dun, biok pentsatuko dinagu.

KONTALARIA: Biek zerbait pentsatzeari ekingo diote segundo batzuetan, buruak zarata egingo die pentsatzean. Entzuten duzue? Ratata, kruitz-kruitz, ratata.

MANUEL: Zerbait?

MALEN: Ez, oraindik ez.

KONTALARIA: Biek berriro zerbait pentsatzeari ekingo diote, ratata, kruitz-kruitz, ratata, oraingoan ke moduko bat aterako zaie burutik.

MANUEL: Zerbait?

MALEN: Ez, ba, oraindik ez.

KONTALARIA: Berriro pentsatzeari ekingo diote eta buruko ilea tente jarriko zaie: ratata, kruitz-kruitz, ratata. Azkenean Maleni zerbait bururatuko zaio, argi bat piztuko zaio buruan.

MALEN: (Pozik.) Bai!

MANUEL: (Pozik ere malen pozik ikusita.) Bai! Zerbait bururatu al zain?

MALEN: (Pozik) Bai!

MANUEL: (Pozik ere bai.) Bai! Eta ze bururatu zain?

MALEN: (Pozik.) Ideia bikaina!

MANUEL: (Pozik.) Ideia bikaina!

MALEN: Ideia paregabea!

MANUEL: (Gero eta alaiago.) Ideia paregabea! Baina, zein da ideia? Esan, esan...

MALEN: Euriaren bila joango gaituk.

KONTALARIA: Isilik geratu dira biak.

MANUEL: (Serio.) Euriaren bila joango garela?

MALEN: Bai, Manuel, berehala gainera.

MANUEL: Hori al da hire ideia bikaina? Hire ideia paregabea?

MALEN: Bai! Bai!

MANUEL: Ai, Malen...

MALEN: Zer duk Manuel?

MANUEL: Hori ezinezkoa dun. Inor ezin dun euriaren bila joan.

MALEN: Ezinezkoa, hori ez duk egia. Ez zagok ezer ezinezkoa. (Isilunea.)

MALEN: (manuelen gaitzespen aurpegia ikusita.) Manuel, ez duk ezinezkoa. Euria urtebete zaramak agertu gabe, nonbaitera joango zuan... Ez da hala? Agian galdu egin duk eta ez zakik honaino etortzen.

MANUEL: (Pentsamenduak buruari bueltaka dabilzkio.) Baliteken.

MALEN: Gu geu izango gaituk bere bila joango garenok. Ez zaik zoragarria iruditzen? Abentura zoragarria izango duk guretzat.

MANUEL: Ez zakinat nik ba... eta euria topatu baino lehen...

MALEN: Zer?

MANUEL: Eta euria topatu baino lehen... izurriteak gu aurkitzen bagaitu?

MALEN: (Serio.) Posible duk, hor arriskua zagok. Baina gu ausartak gaituk, ezta?

MANUEL: Ez zakinat...

MALEN: Baietz ba! Geure abentura bizitzera goaz!

BIAK: Geure abentura!

MIELTXO: Kaizo!

KONTALARIA: Zortzi bat urteko mutikoa agertu da kaleko bidexkatik. Nahiko potoloa da, belaunak zauriz beteak ditu eta poltsikoetan ia beti bokataren bat eraman ohi du. Uf! Hitz egiten duenean akats bat du ahoskatzeko eta batzuetan ez zaio esaten duena erabat ulertzen, konturatuko zarete, bai.

MIELTXO: (Poltsikotik ateratako bokata jaten hasten dela.) Kaizo! Zertan zabilzate?

MANUEL: Hementxe, geure abentura... (malenen ukondokoa jasotzen du.) Ai! Ze?

MALEN: (Disimulatzeko keinuak eginez.) Hementxe, aspertzen. Badakik, uda luze hontan...

MANUEL: Baina, Malen, gu...

KONTALARIA: Malenek besotik helduko du Manuel, eta bazter batera eramango du. Mieltxo ez da gehiegi arduratuko gertatzen denarekin eta bere bokata jaten jarraituko du. Zanpa-zanpa.

MALEN: Zoratuta al hago?

MANUEL: Zergatik? Euriaren bila joan behar dugula kontatu behar nionan, besterik ez.

MALEN: Horregatik, ezin zioagu inori kontatu. (Hatza ahora hurbilduko du isiltasuna eskatuz.) Gure sekretua duk...

MANUEL: A! Gure sekretua... Baina, laguna dinagu Mieltxo, nora jo behar dugun kontatu beharko genioken.

MALEN: Ez, bestela gurekin joan nahiko dik eta onartezina duk hori.

MANUEL: A! Onartezina... Baina hobe hiru bi baino, laguntza beharko dinagu euria topatzeko, auskalo ze arrisku izango ditugun bidean.

MALEN: Eta hik uste duk Mieltxo laguntza izango dela?

KONTALARIA: Biek burua jiratuko dute Mieltxo begiratzeko. Miel ez da ezertaz ohartzen eta une horretan buf, hau nazka, une horretan hortzetatik txorizo zati bat kentzen ahalegintzen arituko da. Begira ikusten dituenean eskuaz agurtuko ditu. Biek ere agurtuko dute.

MALEN: Ikusten?

MANUEL: Agian, ez dun laguntzarik egokiena... baina... gure laguna dun eta janari hornidurak eraman zitzaken.

MALEN: Hori ere egia duk. (mieltxok bi lagunen hausnarketak etengo ditu.)

MIELTXO: Ordua, ze, zuekin joando naiz, bai ala ez?

BIEK: Gurekin? Nora gurekin?

MIELTXO: Eudiaden bila, noda izango da, ba?

BIEK: Dena hekien?

MIELTXO: Bai, nozki. Azpaldi dadamat zuen elkadizketa enzuten. Zuekin joando naiz, bai ala ez?

MALEN: (manuelek ukondoarekin eman diola.) Ados. Baina esandako guztia egin behar duk.

MIELTXO: Adoz.

MALEN: Eta arriskuekin ez haiz negarrez hasiko, ezta?

MIELTXO: Ez, Maden, nik ez dinat zekula negadik egiten. Beno, bazuetan bakadik... Eda janadi guztia edaman zezakenat.

MALEN: Hortan ez genian inolako zalantzarik. (manuelen beste ukondoko bat jaso duela.) Ongi da... Prest al zaudete?

MIELTXO eta MANUEL: Bai!

MALEN: Euriaren bila joango gara!

MANUEL: Malen, ez dun hire ama agurtuko aurretik?

MALEN: Ez, ohean egongo duk. Gaixorik zagok, ez diat larritu nahi. (Isiltasuna)

MALEN: (Berriz denak animatu nahian.) Euriaren bila joango gaituk, ados?

MIELTXO eta MANUEL: Bai, euriaren bila!

HIRUEK: Euriaren bila!