IV. Balizko dramaturgiarako oharrak
Eszena-pilula hauek zenbakituak dauden arren, ez dute zertan ordena hori jarraitu. Ordena aldatuta jolas daiteke, zati batzuk ezabatuta froga egin, eman nahi zaion tonuaren arabera antolatu... oso antzezlan ezberdinak atera daitezke hortik.
Testu hau, izan bakarrizketa bat da, baina ez derrigorrean. Testu bakarrean ugariak izan daitezke ahotsak, aktore ezberdinek antzeztu ditzakete ahots horiek. Agian gizonak bere pentsamenduaren oihartzuna den koro bat dauka atzean... ahotsen aldetik ez dago mugarik.
Testu honetan, kontraesanak iruditzen zaizkit interesgarriak, eta kontraesanen sentsazioa areagotzeko garaian dena izan daiteke baliagarri. Horregatik interesgarria izan daiteke emakume batek antzeztea rol hau, sor daitezkeen kontraesan fisikoengatik.
Gizon-itxura peto-petoa duten aktoreak izan daitezke testuaren edukia muturrera eramateko beste modu bat: aurpegi, sudur eta bizkar zabalak, burusoila, iletsua...
Pasarte laburrak erabili daitezke gizonaren gorputzaren bilaketarekin eta kontzientzia hartzearekin jolasteko. Adibidez:
6. eta 28.: norbere gorputzarekiko arroztasuna, jolastu ahots tonu ezberdinak probatzen, gizon ahotsaren “sakontasuna” eta “grabetasuna” sentitzen. Gizona ohitu da bere gorputzarekin, baina izan gizon ala emakume, norberaren gorputzari begiratuz gero... ez al gara sentitzen arrotzak? Nire gorputza naiz? Zer harreman erakutsi didate izan behar dudala neure gorputzarekin?
22.: testua bota baino lehen (edo ondoren, edo batera), gizonezkook ditugun “egoteko” modu fisikoak arakatu, probatu, erakutsi... (eserita, zutik, jendeari begira...).
20.: Nola bihur liteke hori mugimendu? Gaizki atera den mugimendu bati esker ikas daiteke zer edo zer? Ibili gaitezke oinez pauso guztiak ezberdin emanez?
Interesgarria izan liteke lan hau osatzerakoan teatroaren eta poesiaren arteko harremana ikertzea. Gai honek luze joko luke, hortaz, ideia orokor batzuk baino ez ditut bertan bilduko:
Testutik abiatu baina era berean gehiegi lotu gabe: testua lanerako objektu bilakatu, elementu fisiko. Gorputzak bere egin dezala testuaren esentzia, gerora testua arrazoi hutsetik harago berreskuratu ahal izateko.
Poesiak baditu dramaturgia baten sorkuntzarako baliagarriak izan daitezkeen ezaugarriak: erritmoa (poesia orok izan behar luke musikaren bat; edozein eratakoa, baina baten bat), metafora, irudiak sortzearen garrantzia, isiltasuna (esaten dena bezain garrantzitsua da esaten ez dena). Eta abar.
Testuaren osotasuna harrapatzeko testuko esaldi bakan batzuk (edo bakar bat) izan daiteke abiapuntua. Esaldi horren partitura fisikoa bilatuz mundu bat eraikitzen has daiteke (demagun: “Aitatasuna titi depilatu bat da” hartu bilaketari ekiteko). Partitura fisikoak poesiatik abiatzean, material interesgarria sor daiteke.
Poesiak, edo poesiari loturiko testu erak, espazioa eta erritmoa landuta, indar berezia hartzen du, bereziki koroa egoteko aukera dagoenean. Poesia “ni”aren literatura den heinean, horri kontrajartzen zaion edozerk emaitza interesgarriak dauzka.
Esan bezala, idatzi bitartean sortutako ideiak dira hauek. Sortzeak deuseztatzea dakarrenez, ohar hauek ezertarako ez balio izatea zer edo zertarako balio izatea da.