Arra. Arraroa
Oier Guillan
Arra. Arraroa
Oier Guillan
Artezblai, 2010

 

I. Lanerako testuak

 

 

1.

 

Arra. Arraroa.

 

 

2.

 

Potrotaraino nago.

Bai.

Potroak ditudalako nago

potrotaraino.

Horregatik eta

gizona izatea zer den entzuteaz

aspertuta nagoelako.

Gizonezkoak gara gizonkeriaren beste biktimak.

Zakilzofreniatik askatuko gaituen mugimendu,

postmugimendu

edo megapostrockmugimendu ideologikoaren zain omen den

gizakil multzoa.

Gizona.

 

 

3.

 

Ideia zaharkituen depilazioa,

emozioen politika,

botereari uko egitearen indarra.

 

 

4.

 

Aitorpen publikoa, bat:

poesia idazten dut.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

5.

 

Gizona naizela diot

eta harro nago.

 

Gizona naizela diote,

eta arra nago.

 

Gizona naizela diozu,

eta arraro nago.

 

 

6.

 

A!!

Nola sartu naiz esku hauetan!

A!!

Nola heldu naiz bular honetara!

A!!

Nola iritsi naiz honera barrura!

 

 

7.

 

Gizona naiz.

Gizona naiz

nahiz eta

gizona izan.

xxi. mendean ezin da gizona izan etiketarik gabe.

Hauek dira nireak:

modernoa,

jatorra,

sentsiblea,

indartsua,

ulerkorra,

adimentsua,

elegantea baina ez gehiegi,

detailezalea baina pixka bat despistatua,

heterosexuala.

Adjektiboak dira munduko gauzarik estresagarriena.

 

 

8.

 

Heterosexuala izan nahi dut errudun sentitu gabe.

Feminismoa aldarrikatu.

Desioz begiratzen nauten gizonezkoen albotik pasatu

eta horrekin disfrutatu.

Sexuari buruz hitz egin, ideologia bat ez balitz bezala.

Nahi dudan bezala jantzi inauteriak ez direnean ere.

Ezpainetan muxua emanez agurtu lagunak:

lehoiak, jirafak, elefanteak

eta pertsonak.

Nortasun propioa aldarrikatzen duen

gizona izan.

Gizona.

Zer arraio da gizon bat?

 

 

9.

 

Begira.

Ileak ditut.

Leku guztietan,

oin azpietan izan ezik.

Hala ere, noizean behin

ile batzuk depilatzen ditut.

Sudurzuloetakoak.

Bularrekoak.

Galtzarbeetakoak.

Luzeenak behintzat.

Eta harro nago.

Eta arra nago.

Nik ere nahi dut desira nazaten.

Aspertuta nago gizonezko heterosexualen trauma ezkutuez.

Isiltasunaz.

Aspertuta nago baita ere

izan behar nukeena oihukatzen didaten

eskuindarrez eta ezkertiar postmodernoez.

 

 

10.

 

Aitorpen publikoa, bi:

igandeetan ez dut kinielarik egiten.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

11.

 

Zer edo zerk definitu badu orain arte gizona izatea zer den,

hori beldurra izan da.

Emozioak adierazteko beldurra.

Ahul agertzeko beldurra.

Barregarri geratzeko beldurra.

Galtzaile izateko beldurra.

Barrutik biluzteko beldurra.

Beldurrari aurre egiteko irakatsi diguten modu bakarra

beldurra eragitea da.

Beldurrari hostia pare bat eman eta kito.

Beldurraren kontrakoa ez da ausardia.

Beldurraren kontrakoa beldurrarekin bizitzen jakitea da,

inor izorratu gabe.

 

 

12.

 

Nire aurrekoek erakutsi didate gizonezkoa izatea zer den:

nire aurreko gizonezkoek

eta batez ere

gizonezkoen rola defendatu duten

nire aurreko emakumeek.

 

 

13.

 

Manifestu ezinezkoa:

emozionalki, fisikoki, zakil-zikloki heterosexuala naiz. Eta zer?

Arrazionalki bisexuala naiz. Eta zer?

Ideologikoki gaya naiz. Eta zer?

Trans, intro, hiper, mega, homo, super, lesbo, queer...

funtsean, faxismoaren birziklapenaren kontra egiten duen

zoriontasun mota guztien aldekoa naiz.

 

 

14.

 

Lagunok,

gogoko ditut

titi handiei buruzko txisteak.

Entzuten ditudan bakoitzean

nire ama etortzen zait burura

ezpainak handituak

hortzak odolez beteak,

edo herriko jaietan bortxatu zuten

gure koadrilako laguna.

Kar-kar, oroitzen?

 

 

15.

 

Aitorpen publikoa, hiru:

emakumeen kontrako biktima izan den

gizonezkoa naiz.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

16.

 

Emakumeen kontrako bortxakeria

guda totala da,

gatazka dosifikatua,

Isilpeko mundu-gerra.

 

Noiz idatziko dituzte kolpatutako,

umiliatutako,

baztertutako emakumeek historia liburuak?

 

Nolakoak dira kolpatutako,

umiliatutako,

baztertutako,

eraildako emakumeen semeek

idatzitako nobelak?

 

Non daude orain kolpatutako,

umiliatutako,

baztertutako,

eraildako emakumeen semeak?

 

Nolako gizonak dira?

Zer ikasi dute?

 

 

17.

 

Imajina dezakezue zer den

emakumearen kontrako bortizkeria jasan duen

gizonezkoa izatea?

Zeure burua aitaren ispilu hautsian ikustea?

 

Amak hazitako gizona naiz.

Bizarra kentzeko aparrik gabe munduan abiatu den nerabea,

gauetan galtzontziloa zikintzen duen hazia ezkutatu beharrean den

norabiderik gabeko gaztea.

 

Ama bati ez litzaioke monumentu bat egin behar,

ama bati gizartean boterea eman behar litzaioke,

ahal dela boterearen ideia erautsi dezan.

 

 

18.

 

Aitorpen publikoa, lau:

ez dakit entxufeak konpontzen.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

19.

 

Ni naiz nire aita.

Begira iezadazue: ni naiz

nire aita.

Eta ez aitaren iguala naizelako, ez.

Neure buruari erakutsi behar izan diot bizarra mozten,

bizitzaren saminari aurre egiteko tresnak bilatzen.

 

Ez da erraza haur zarelarik etxera iritsi eta

zure ama negarrez topatzea,

aurpegia ubelduta.

Ez da erraza eskolatik bueltatu eta

telebistako pantailan ikustea, gorriz idatzita:

akabatuko zaitut.

 

Pentsatu duzue inoiz nolakoa izango den

norbaiti lepoan labana sartzea?

Nik bai.

Ama defendatzeko.

Baina ez dut egin,

ez nuen neure aita akabatu

ez nuelako gizon hori izan nahi.

 

 

20

 

Nolakoa da iragana errepikatzen ez duen gizona?

 

 

21.

 

Aitatasuna titi depilatu bat da.

Emakumeek bere gorputzarekin nahi dutena egiteko

erabaki eskubidearen aldekoa naiz.

baina ni ez naiz sekula erabakitzeko aske izango.

Negoziatzeko edo inbertitzeko aske, asko jota.

 

Hala eta guztiz ere,

nik ere aita izan nahi nuke,

neure buruari gauzak beste modu batean egin daitezkeela frogatzeko.

Edo saiatzeko behintzat.

 

 

22.

 

Mundua, modua.

Zein da gizonezkook munduan egoteko dugun modua?

 

 

23.

 

Mundu osoaren aita izan nahiko nuke,

injustiziatik babestu zanpatua den oro,

eguna odolak estalia datorrenean

pasako da esateko gaitasuna eduki!

Ahula sentitzen den hori babesten duen

figura sendoa izan nahiko nuke,

hau da, funtsean: topiko puta bat,

bizitza errazagoa egingo didan topiko puta bat.

 

 

24.

 

Aitorpen publikoa, bost:

kirolari txarra naiz.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

25.

 

Bizi gaituen bizitza honetan

baztertuen artekoa da nire familia.

Eta baztertuetan oraindik kategoriarik, gerrillarik,

kantarik edo bertsorik sortu ez zaienen artekoa.

Eta ni hortaz, sailkatu gabeko baztertuen artekoa:

emakumeen bortizkeria jasan duen gizonezkoa...

 

 

26.

 

Aitorpen publikoa, sei:

bizikleta gainean desastre hutsa naiz.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

27.

 

Ea, esaldi arranditsu bat:

kapitalismoak baztertutako guztien aldekoa naiz.

Bereziki itsusien aldekoa.

Haietako bat naizelako.

Gizona izan nahi duen gizona,

bufoia, poeta,

aurrelari eskasa, defentsa okerra, atezain kaskarra,

kakanarrua, iletsua, burusoila,

etxetresna elektriko konpontzailerik traketsena.

 

28.

 

Honela hitz egiten du nire ahotsak:

A... o... mmm...

Ua! Plastilinazko pilak dituen megafono bat naiz!

A... o... mmm...

 

 

29.

 

Arra! Patua!

Ez naiz,

ez nago,

arra! Patua!

 

 

30.

 

Maita nazazue, kabroi alaenak, maita nazazue!

Ez al duzue ikusten gauza garrantzitsuak egin ditzakedala?

 

Ez.

Ez duzue ikusten.

Eta egia esan, eskerrak.

Ezingo nuke jasan jende guztiak ni maitatzea.

 

Gutxi batzuekin konformatzen naiz:

maita nazazue, kabroi alaenak, maita nazazue!

ez al duzue ikusten beharrezkoa naizela?

 

Ez.

Ez zaituztet ni maitatzera derrigortuko.

Ez naiz estatua edo konstituzioa izango

gure arteko harreman honetan.

Itsusien edertasuna konpartitzeko prest nago.

 

 

31.

 

Aitorpen publikoa, zazpi:

Ezetz, hostia, ez dakidala

zein den nire lagunen autoaren marka!

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

32.

 

Buztan-burua.

Astapotroa.

Ahoberoa.

Zakila naizela diote askotan.

Nire zakilak ez daki disimulatzen.

Nire aurpegiak, ezta ere.

Egia esatea beste biderik ez dut:

gustukoa zaitut,

2343 ile ditut gorputzean, metro koadro honetako gizonik politena naiz.

 

 

33.

 

Zakilarekin jotzen dut larrua

eta ipurdiarekin,

gerriarekin,

eskuekin,

oinekin,

mingainarekin,

sudurrarekin,

begiekin,

birikekin,

gibelarekin,

globulu gorriekin,

hesteekin,

hezurrekin,

bihotzarekin.

 

 

34.

 

Zuek badakizue zer den gizon bat?

Zuek badakizue nolakoa den gizona izan nahi duen gizona?

 

 

35.

 

Sentikorra eta indartsua.

Jende gehienak bezala, azken finean.

Nik ere badakit zer den borrokatzea,

nik ere sartu dut inoiz ukabila aurpegi batean.

Ni ere banaiz min emateko gai.

Nik ere egin dut negar maitasunezko filma batekin.

Munduko gauza itsusiekin hunkitzen naiz,

pertsonen arteko keinu hautsiekin,

samurtasunarekin.

Eskutik heldu baina lotu gabe, leunki,

musika gozoa jarri ezpainetan...

goza ditzagun bihar ahaztuko gaituzten plazerak!

 

Sentikorra eta indartsua,

min emateko gai,

jende gehiena bezala.

 

 

36.

 

Aitorpen publikoa, zortzi:

ez dakit igeri egiten.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

37.

 

Beti miretsi ditut ezizenak dituzten pertsonak.

Nik ez dut inoiz halakorik izan.

Ezizenarekin ezagutu ditudan pertsona gehienak gizonezkoak

dira:

 

Txibi

Txato

Treku

Fiti

Junki

Perku

Trosko

Zato

Txiki

Peli

Txelu

Azpi

Gogi

Murru

Txokolo

Potxolo

Metralla

 

Nik ez dut inoiz ezizenik jaso.

Behin saiatu nintzen

neure buruarentzat ezizen bat sortzen

eta ahoz aho zabaltzen: azul.

E azul! Benga azul! Tiraiok azul!

Ez nuen arrakastarik izan.

 

Nola zabaldu daiteke norberari buruzko zurrumurru bat?

Arraro begiratzen zidaten denek. Azul.

Eskerrak ez nuen arrosa esan, edo horia.

Mutilak ez al dituzte ba txikitan urdinez janzten?

Ba horixe nahi nuen nik, ezizen maskulino bat:

Azul!

 

Agian ez dut lortu neure buruaren karikatura izatea,

eta horregatik ez didate inoiz ezizenik jarri.

Nire aurpegiak ez du ezeren antzik.

Ez dut lortu sekula modu orijinal batean barregarri geratzea.

 

Arraroa izan naiz beti.

Edo agian besteak dira arraroak direnak?

 

 

38.

 

Aitorpen publikoa, bederatzi:

apustu egiteak gogaitzen nau.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

39.

 

Gizona.

Munduan egoteko modu bat.

Edertasuna arnasteko modu bat.

 

 

40.

 

Behin poesia idazten hasi nintzen.

Arraroa izan naiz beti.

Arraroa nintzen besteentzat, poesia idazten nuelako.

Eta hara non bat-batean, poesia politikoa idatzi nuen.

Halako batean gizon bilakatu nintzen batzuentzat

gauza inportanteak esaten nituelako,

nahiz eta inor gutxik irakurri,

nahiz eta euskaraz egin,

baina gizon egin nintzen,

poesiari esker.

Hori bai,

poesia idazten jardun nintzen lehenago urte luzez,

“Arraroa” etiketa buztanetik zintzilik.

 

Jasanezinak zaizkit

banderak zintzilikatu nahi dituzten pitilin mastak.

 

 

41.

 

Gizona.

Munduan egoteko modu bat.

 

Puzkerra.

Korroka.

Pixa egin edozein lekutan.

Apurtu, suntsitu, tirokatu, torturatu.

Neskak barregarri utzi

haien atentzioa bereganatzeko.

Sexuari buruzko txisteak egin.

Kanpaia jo eta besteei esan.

 

Hau al da gizonezkook munduan

egoteko dugun modua?

 

 

42.

 

Gizona.

Edertasuna zurrupatzeko modu bat.

Ez da erraza gizon ederra izatea.

Erakargarria.

Zure segurtasun eza guztia

norbaiten aurrean gainditzea lortuta ere

gazta bola iletsua azalduko zaizu ustekabean,

izter zabalegien gainetik,

arropa eranztean.

Sedukzioak droga baten moduan

kontsumituko zaitu,

biluzteak izua sortzen dizun arren.

 

Ideia modernoen depilazioa!

Itsusien edertasuna!

 

Nire azazkalak politak dira.

Esan dezake inork horrelako zerbait

inozoa sentitu gabe?

Nik bai.

 

Edertasuna.

Gizona izateko moduak

lotsarik gabe asmatzearen edertasuna.

 

 

43.

 

Aitorpen publikoa, hamar:

batzuetan ez dut gogorik larrua jotzeko.

Arraroa izan naiz beti.

Arra. Arraroa.

 

 

44.

 

Behin emakume bat maitatu nuen.

Gero beste emakume bat maitatu nuen,

eta gero emakume hori maitatu nuen berriro.

Azkenean, emakume batek maitatu ninduen ni,

eta hura kasualitatea,

baita nik bera ere.

A ze lana, maitatzea.

Emakume hura baina, ez zen nirea.

Haiek lanak nirea izan ez zedin!

Hau da zure neska,

zure bikotea,

zure puta,

zure zakurra,

zure tximino makilatua.

Emakume hark ez zuen jaberik,

bere senari baino ez zion egiten men,

eta batzuetan, hori ere ez.

Ez genuen elkar erosi,

ez elkar alokatu ere;

okupatu bai, agian.

Elkarren gogoak eta gorputzak okupatu genituen,

batak besteari plazera emanez

inorena ez den lurraldean.

 

 

45.

 

Hauexek dira lotsaren lege ez idatziak:

tabernetan dantzatu inor bultzatu gabe,

neskekin hitz egin mozkorra egon gabe,

publiko aurrean kantatu,

kontzertuetan gorputz osoa astindu eta ez soilik burua,

txuleta edo saihetsak ez diren jakiak prestatzen jakin,

arropa erosi aholkularirik gabe,

oinetako azazkalak moztu,

familiako bazkalosteetan mahaia jaso beste gizonezko batzuen aurrean.

Ez umiliatu inor popularra izateko.

 

Nola izan gizona adjektiborik gabe?

Nola izan gizona eta ezkertiarra,

modernoa,

jatorra,

sentsiblea,

indartsua,

ulerkorra,

heterosexuala... lotsa sentitu gabe?

Zakilarekin pentsatu

errudun sentitu gabe.

Titiak ikusi eta

tripak

besoak

izterrak

belarriak

sudurrak

hankak

ahotsak

begiradak

pertsonak.

Biluztu.

Erotikaren zapore gozoa dastatu

begiradarekin inor bortxatu gabe.

 

 

46.

 

Edertasuna.

Isilik geratzen ez direnen

edertasuna.

Konformatzen ez direnen

edertasuna.

Umiliazioa onartzen ez dutenen

edertasuna.

 

Bortizkeria borrokatzen duen

bortizkeria poetikoa:

munduko torturatzaileak,

suizidatu zaitezte!

 

 

47.

 

Ez naiz telebistako iragarkietan azalduko

eta hala ere jasanezina zait gizonezkoen kolonia,

ez ditut gogoko tenis-galtzerdi zuriak.

 

 

48.

 

Biluztu naiz:

zarpaila eta sentsuala,

beldurtia eta ausarta,

ahula eta indartsua,

traketsa eta abila,

fina eta gustu txarrekoa,

konprometitua eta ezjakina.

Munduko itsusirik ederrena eta ederrik itsusiena.

 

Arraroa izan naiz beti,

arra patua izatea ekidin nahi izanagatik.

Arraroa eta horregatik, batzuetan,

askea.