II. Poemak
1.
Heldu naiz.
Arrotz egin diot
neure buruari.
Hauxe da
esperoan nuena:
ile zuriak,
gerrialdeko biguntasunak,
azalaren bazter zigortuak,
beldurra.
Munduko edozein pinguino
baino zaharragoa naiz:
ez zaitut nik joan, ekarri naiz,
ez zarena diot, uztai.
Arnasestuka biltzen naiz
arriskuetara,
gero eta gogorragoa iruditzen zait
kanpinetako zorua,
urruntasunetik atzematen ditut
elkartasunaren larreak
ospitaleko telesailak irenstean
kezka nabarmenez:
minbizia ote da
gaur goizeko pikorra?
Heldu naiz.
Arrotz egin diot
denborari.
Egunaren alboan esnatu
eta ohetik altxa gabe
maindireetan bildurik
zenbatu ditut
argazki albumetik erori zaizkidan
aurpegiak.
Ez diot titularrik topatu
ubera honi:
bazatoz mundu, opari bat noa,
gaur bat zaitut, errai.
Negar eta gose berriak
ments dituen
gizon biluzia naiz.
Gorputz bat.
Galdera bat.
Bere irudiaren xerka mintzo den
lautada zauritua.
Ahotsaren barrunbeak arakatzen dituen
salbuespen egoera.
Aitatasuna
titi depilatu bat da:
arrunta naute, onbera, zutun,
gatoz joan, eta banoa.
Heldu naiz
komun zulo zikinetara,
patioko arropa bustietara,
esku ikara bortitz baten
zain diren harrikoetara,
horma arteko muino alderraietara.
Lanbrotu zaizkit manifestuak
baina ez borrokatzeko arrazoiak:
ez zaitut nik joan, ekarri naiz, ez zarena diot,
bazatoz mundu, opari bat noa, gaur bat zaitut,
astelehenmindurik diogu, bai:
heldu naiz
eta ez nago bertan.
2.
Negar egiteko gai naizelako
gerturatzen zaizkit lehorteak
ahurretara.
Gizona naiz edo arbola,
bularreko ileekin josten ditut definizioak
diotenaren esperoan egon gabe.
Gizona naiz edo telefonoa,
papera,
sagarra,
orbela.
Galdera batera jausi orduko
lotzen zaizkit
ezkutuan mintzo nauten
dardarak.
Ez dakit ahoa naizen edo zauria,
geriza edo itzala.
Baiki
hiztegirik behar ez duen
hankarte gozoa,
manifesturik desio ez duen
manifestazioa.
Hunkidurak gurpiltzen ditut
mingainetik mingainera doan jokoan.
Gizona naiz edo arbola,
espaloia,
telebista,
urruntasuna.
Negar egiteko gai naizelako
elurtu zaizkit begiak,
eguzki galdatan nator
espero ez nauen
zorionera.