—4—
ALPONTXO: Xinaurri lepho mehe itsusi txirtxila...
armiarmek hartzen dute kontakizunaren haria.
2. ARMIARMA: Bitartean
armiarma koloniak mihis...ileko lanari ekiten zion bitartean
bertakotua zen berriro Alpontxo herrian.
Galtzaileen moduan bertakotu:
plazako bankua zuen lantokia
farola ondo-ondokoa.
ALPONTXO: Ez duzu enplegu txarra, e!
alderantziz
nekez aurkitzen da lasaiagorik!
2. ARMIARMA: Indianoren plantan esaten zuen
trufarako joeran-eta aberastasun sobera irabazia zuen kanpoan
emandako denboran.
ALPONTXO: Lanpostu segurua gainera
edozeinek esango dizu:
banku batean lan egiten duenak ez du soldata galtzeko beldurrez ibili behar!
Konturatzen zarete zer mauka den hori?
Ez fini ez kito hemen!
2. ARMIARMA: Gaueko ibileretan inbertitzen zituen gero egun argiko finantzak.
ALPONTXO: Hori bai, e!
Leialak gaituzu Sherezade eta biok.
2. ARMIARMA: Kolonian
estrategek aukeratutako gaua iritsi zen azkenean.
Armiarmen sen meteorologikoak agindutako aurreikuspenak
beteak ziren guztiz:
izarrarte argitsuan
baserriko ogi biribila ematen zuen ilargiak
hodeiak
ez ziren hodei ia
Oasis aldetik zetorren haizeño epela:
kriseilu baten sugarra kulunkarazteko adinakoa...
Armiarmada prest bere postuan
alea jacta zegoen.
Jacta-jacta
serios eta benetan.
Atzerabiderik ez han.
Bat-batean...
itzalen barrenetik iritsia
barre-karkara lizun batek urratu zuen gaueko murmurioa.
Kilkerrak ziren isildu.
Satorrak zuloan bildu.
Armialarmak gorri-gorritu.
Ehundegi Zaharreko teilatuko zaintze-postutik bidali zuten
abisu.
1. ARMIARMA: Badator!
Etsaia badator!
Betiko bidetik ari da hurbiltzen!
2. ARMIARMA: Abangoardian
Sherezade
heroien plantan
iji eta aja ozenetan
blusak botoiak solte
papar azpikoak agerian
tolon-tolonka
lana aurreratzearren
gizonari lanak aurreztearren.
Lohietarako emanak biak ala biak
betiko lekuan egin zuten kanpamendu:
arrak emearen gainean egin
horrela zuten tratua.
Tiki-tiki-tiki gizonak
bertan ito zuen arnasa
tiki-tiki-tiki airea faltan
koitolarrian
jamalaji-jamalaja, emakumearen mintzoak belarriak jaten zizkion bitartean.
Hala gertatu zen azkeneko hartan ere
aurretik gertatutako guztien aldaera baino ez.
Betiko maneran
korrika egin zuen alde Sherezadek.
Bakarrik geratu Alpontxo.
Zutitu
eta biltegiaren aldera egin zuen pauso
mantso-mantso
astronautaren pausoan ia
espazio ilunean barrena paseoan
lokarri guztiak apurtuta jada
denetarik urrun
baita bere baitatik ere.
Bere baitatik batez ere.
Baina eraikin zaharretik begiak ezin kenduz, haatik.
Galdutako planetarena balitz bezala haren silueta?
Horrenbestekoa al zen Ehundegiak zuen boterea?
Hainbeste denbora pasatuta, pertsona bat hala sorgintzeko modukoa?...
Ilargi beteak izango zuen liluramenduaren kulpa parte bat seguru asko
aura zurbil moduko batez ilargitzen eta zilargitzen baitzituen
biltegietako murru eta hormak, ez egiazkoa zen irudi bat sortuz
irudi fantasmagorikoa
burezur batena zirudiena:
begi barren itsuak zituen kristalik gabeko leihotzarrak
hortzik gabeko ahoa sarrerako ate zabala.
Bat-batean
gelditu egin zen Alpontxo.
1. ARMIARMA: Atera du!
Kanoia atera du!
2. ARMIARMA: Zaintze postutik iritsi zen abisua.
1. ARMIARMA: Eraso!
Mihis...ila zabaldu eta eraso!!
2. ARMIARMA: Aginduak ez zuen koldarrik onartzen.
1. ARMIARMA: No céu e na terra
aurrera gerri...lhariak!
2. ARMIARMA: Adorerik ez zen falta tropakoen artean.
1. ARMIARMA: Eraso!
2. ARMIARMA: Armiarmategian isilean gordetako planak ez zuen
sekretu:
mihis...ila jomugara ez
jomugak jo behar zuen mihis...ilaren kontra.
Lasai zeuden honetan
ez da kriptologorik jaio oraindik kode hori argitzen duenik.
Ez eta horren kontra zer egin jakingo duen etsairik ere.
Horixe zuten segurantza bakarra.
Sorpresa
horixe zuten arma eta amu...
Eta Alpontxok
puxika hustu garagardoz
egin zion mokadu.
Emakume itxura zuen.
Hegorik gabeko aingeru baten moduan
biltegiko atetzarrean agertu zen bat-batean
zabaldu zen amen batean:
zut eta lirain
burua ateburuari lotua
gerria alboaren kontra jarria...
Biluz-biluzik antzeman zuen.
Esku batekin egiten zion keinu
egiten zion agur
hurbiltzeko egiten zion.
ALPONTXO: Sherez...
2. ARMIARMA: Ez zen sinestekoa!
Alde egin berria zen Sherezade
nola arraio berriro agertu?
Akatsik gabekoa zeukan gorputza gainera
munduan inoiz ikusia zuen lerden-lerdenena.
Orduan?
Mamua ote zen?
ALPONTXO: Izatekotan
beldurrik sortzen ez duen horietako bat...
2. ARMIARMA: Agerpen miragarri hartatik begiak aldendu gabe
erabakitzen zituen gizonak barneko zalantzak.
ALPONTXO: Aingerutxo zuria
graziaz betea
horiek zilarrezko izterrrak horiek
hori gerri kulunkaria
hori airezko adatsa
horiek bular pitxerrak...
2. ARMIARMA: Otoitz baten debozioaz xuxurlatzen zituen mirespenezko letaniak
banan-banan
eta denak ziren egia.
Serorarena ez zuen debozioa baina
eta horretaz baliatu ziren armiarmak.
Milaka armiarma.
Hariz-hari
adabakiz-adabaki
amaraunez-amaruan josia
haiek sortua baitzuten airean airezko emakumea.
Haiek atetzarreko buru-albotik zintzilikatu.
Haiek orpoari lotu.
Haiek bizi-antza eman?
1. ARMIARMA: Zomorro ehizan balio duenak
zergatik ez du hankabikoekin balio behar?
2. ARMIARMA: Susmo horretatik tiraka abiatua zuten mihis...ila
armiarmek.
Logika hutsa
burutazio zuzen
akatsik gabekoa
inor sumindu behar ez lukeena.
1. ARMIARMA: Inor ez.
2. ARMIARMA: Gaueko haize txiki epela zuten laguntzaile langintza horretan:
haizexkak egiten zituen sentsual
bilakatzen zituen desiragarri
zetazko emakumearen mugimenduak:
sabelaldeko dardarizo xumea
ihi antzeko zango-izterren kulunka leuna
bularteko errepika graziosa
adats joriaren hegada apartsua...
denak zituen haizetxoak sortuak.
Alpontxo
hari guztiari begira
lebitazioan zen hasia.
Lilura mistikoa.
Arrosen usaina, besterik ez zen falta
lililura izateko orduan...
Bestelakoa al zen gizonaren ustea, ordea?
Lurrin goxoren batek hartuta arnasten zuen airea?
ALPONTXO: Rosalito!...
Itzuli zara azkenean!
2. ARMIARMA: Jomuga
mihis...ilaren kontra abiatu zen korrika orduan
besoak zabal
negarrez hasita.
Inoiz ez erakutsitako maitasunak bere kabuz egin nahi zuen justizia.
Itsuen adoreaz gurutzatu zituen Ehundegi Zaharreko aparkalekuko iluntasunak
pirata begibakarrekoen ausardiaz
“Aurrera nire lagunak” oihuka, “Prest kanoiak”
“Aurrera zu zeu, Alpontxo” bere buruari, “Ontzia hartzera!”.
Emakumearen figura zeukan itsasargiak
Itzalargiak.
Haren ondora iritsi eta
gau-tximeletek bonbilaren kontra nola
hala egin zuen gizonak armiarmek airean altxatutako mihisean.
Egun argiko zomorroak amaraunetan bezala.
Maitaleak maitearengan bezala.
Eta zetazko larruan jo zuen larrua.
ALPONTXO: Rosalito!...
2. ARMIARMA: Dio!
Hura desio!
Haiek laztan zetazkoak!
Hura pasio eta Herio!
Rosalitorekin bat egitea eta harengan murgihiltzea beste bakerik ez zuen amesten gizona bakean zegoen azkenean.
ALPONTXO: Rosalito!...
2. ARMIARMA: Beste hitzik ez zuen xuxurlatu gero.
Isiltasunean bezala, maitasunean traba baino ez du egiten
mintzoak.
Horregatik agian
ilargi betea joan
eta ez zuen adio esan.
Ilun.