—3—
1. ARMIARMA: Bilduta
xinaurriek lehoina garait dezakete.
2. ARMIARMA: Gerra nahi badu...
ez du bakerik izango!!
alpontxok hartuko du kontakizunaren ardura, hasieran behintzat.
ALPONTXO: Ez zen giro Ehundegi Zaharreko biltegi hondatuaren barruan.
Ez zen giro.
Inguruotako armiarmak ziren bertan bilduak.
Gerrarako deiak zituen ekarriak batzarrera.
1. ARMIARMA: Gaueroko erasoak zuen errua:
hankabiko emearen sakonetan hondoa jo eta etenik gabe ia
kanoia atera
eta isurigarrizko txizkizioa egiten zuen arrak
amaraunen kaltetan.
ALPONTXO: Erregela betea zen berriz ere:
ez ditu gorrotoak gerrak sortzen
bake zikinak baizik.
Honek bai gorrotoak sortu nonahi.
Zalantzak egon ziren hasieran hala ere.
Armiarma batzuen ustez
erasoa
bai
begi bistakoa zen
sareetan sortutako kalteak bistakoak ziren moduan
baina ez zegoela zertan bide txarretik hartu behar
agian.
1. ARMIARMA: Baliteke inongo asmo txarrik ez egotea...
2. ARMIARMA: Inongo asmo txarrik gabe?
Ezjakinean?
Bai zera, eta guk sinetsi!
1. ARMIARMA: Zergatik ez?
Ezjakintasuna baino gauza setatiagorik ez dago.
Baliteke aurrez pentsaturiko ekintza ez izatea
ezin menderatuzko behar bat-edo...
2. ARMIARMA: Ez da inprobisaziorik hor
zehatz eta zorrotz errepikatzen du eraso bera gauero:
kanoia atera
eta norabide guztietara destatuz
egiten du tiro.
Ez du hutsik egiten!
1. ARMIARMA: Dena dela...
2. ARMIARMA: Dena dela
emeak dauka hor erru gehien.
Goia jo eta gero
arra zuen afaldu beharrekoa!
ALPONTXO: Ai ene...
armiarma emeek senak agindutakoari tinko.
2. ARMIARMA: Irentsi!
Horixe zuen egin beharrekoa.
Ez da bakarrik maitasuna ulertzeko modua
arrazoi praktikoak ere badaude:
arrak irentsi ezean
bateko urrea gauza txikitzat hartzen dute azkar gero hauek
(arrari zorrotz begira) beren buruarekin konparatuta!
ALPONTXO: Beroaren berotasunean beste gerra bat pizteko sua
zabaldu zen oso laster:
baten aitzakian, bi.
1. ARMIARMA: (Isilik geratu ezin) Bateko urrea, bateko urrea...
Zuek bai txotak!
Bastoikoak edo ezpatakoak
hortxe zalantza ñimiñoa!
ALPONTXO: Zentzu komunak bere legea ezarri zuen hala ere:
partekatutako etsaiak zekarren arrisku handien.
2. ARMIARMA: Zerbait egin behar dugu...
1. ARMIARMA: Baina zer?
ALPONTXO: Inteligentzia zerbitzuek
horiexek, inteligentzia zerbitzuek behar zutela lehentasuna
erabaki zuten.
Inteligentzia baino xaboi hoberik ez zegoela
iluna garbitzeko.
Erabaki eta ekin.
Esploratzaile komandoak osatu
espia sareak antolatu
eta gasolindegia aldera abiatu zen espedizioa
handik etortzen baitzen erasoa.
Ez zen falta hotsandiko agurrik
ez negar-lanturik
ez desertorerik.
Eta abiatu.
Errepide nagusian hil ziren espedizio taldeko kide gehienak:
hura gurutzatu nahi
eta bertan gurutziltzatuta geratu
nahi gabe
baina bertan gurutziltzatuta geratu.
Gurutzatu, gurutziltzatu...
Patuak hitz aukeraketan nahastu?
Harritzekoa ere ez litzateke izango
patuak beti egiten baitu oker azkenerako.
Bi esploratzaile baino ez ziren salbatu
agindutako taktika eta estrategia eta plan guztiak pikutara, alegia.
Lanari ekin zioten hala ere
zortzi begiak irekita bakoitzak
guztira hamabost
—begi okerrik ere badago araknido jendearen artean—.
Denbora igaro
eta joandakoen berririk ez.
Ehundegi Zaharreko biltegian
eskaria asebete ezinik zebilen etsipena:
Sherezaderen uiuiuiek
aurrealdea altxatu
kilikatu
eta bizitu egiten zuten Alpontxoren grina
bizitu eta biziotu:
gau bakar batean ere ez zuen kale egiten gizonak!
Ekumeniko fina
ez kristauen ez musulmanen jairik ez zuen gordetzen.
Haragiak gaixotua zuen?
Larrua larruaren kontra, antza, beste medizinarik ez zuen ezagutzen.
Halako batean baina...
1. ARMIARMA: Akabatu nahi gaituzte! Akabatu nahi gaituzte!
Martxan dago sarraskia!
ALPONTXO: Ufa eta ufa baina
esploratzaileetako bat itzuli zen azkenean.
Hanketatik, hiru bat galduta
beste guztiak harian korapilatuta.
Begiokerrak, orain bi.
Beste esploratzailea?
Bestea
auto batek ezustean harrapatu eta errepidean geratu zen
ez hilik
bizi-bizirik:
bizi eta zurt
zur eta lur
“bi zaldiko” baten aurreko fokuari pega-pega eginda
Hanburgorako bidean.
1. ARMIARMA: Den-dena ikusi dugu lagunak eta biok!
ALPONTXO: Inprimatu gabe bota zuen gerra-txostena:
nola gasolindegian ziren infiltratu aurrenik
nola bertako zokoak eta bazterrak miatu eta usnatu
eta nola ezer aurkitu ez.
Nola handik alde egin baino lehen komunetara sartu leihotxo ziztrin batetik
nola dona-dona-katona egin
eta hankabiko emeen aldea lagunari tokatu
eta dena garbi samar han...
1. ARMIARMA: Arriskuan sentitu zuen bere burua lagunak
halako garbitasunak
etsaia hurbil zegoela esan nahi baitzuen.
ALPONTXO: Nola orduan
txanda bete gabe uzteko proposamena egin berak
hankabiko arren komuneko atearen aurrean egin berak
baina lagunak ezetz
ezetz
eta ezetz
koldar hori
eta arren txokoan sartu zela bera orduan, ze erremedio
halako beldurrak hartuta baina sartu
ezen
hurbil egon zitekeen etsaia
atearen bestaldean bertan adibidez
hantxe bertan egon zitekeen
zain
gurutze berdea eskuan
ate azpiko zirrikitutik zomorroak sartu eta akabatzekoa listo
eta horregatik ez zuen sartu nahi
baina nola lagunak zortzi hankekin bultzatu...
Baina uf
zer nolako lasaitu ederra
barrura sartu
eta zoru guztia zipriztinez beteta ikustean
zer nolako zipriztinak gainera
errekatxo txikiak sortzen zituztela ia
plisti-plasta ibiltzeko modukoak
—zortzi hankan, pentsa, zer nolako plisti-plasta kopurua!
zer nolako plazer kontaezina!—
horregatik
halako kuxidadea ikusi
eta etsairik gutxi han
horrela pentsatu zuela.
1. ARMIARMA: Baina oker nengoen.
Hankabiko bizardun bat sartu
kanoia atera
eta tiro egin zuen
tiro luzea gainera
erruz eta gogotik egindakoa
aurpegiko irriño esanezinezkoak ez zuen gezurrik esaten.
Eskerrak ez ninduela ikusi
bestela, glub!
Glub!
glub!
glub eta glub!
2. ARMIARMA: (Txostena entzuten ari den jeneralaren plantan)
Zergatik glub?
1. ARMIARMA: Horixe bera galdetu zidan lagunak.
“Zergatik?”, erantzun nion
“Hau tiroan entrenatzeko lekua duzu, motel, jo-puntua eta
guzti dute jarria!”
Bizardunari begira nengoela
orduan hartu nion susmoa:
armiarma bati egiten ziola tiro!
Baina ez benetako armiarma bati
ez
ez
ez
armiarma baten kalkomaniari baizik
komunean itsatsita zegoen armiarma baten kalkomaniari!
Horixe hartu nion susmoa.
2. ARMIARMA: Eta?
1. ARMIARMA: Ia ezabatuta zegoen.
Ez zegoen garbi benetan armiarma batena zen edo ez.
Jakina
horrenbeste eraso eta tiro!
ALPONTXO: Kasua argitzearren
datu gehiago biltzearren behintzat
esplorazioarekin jarraitzea deliberatu zuten bi esploratzaileek.
Gasolindegia utzi
eta aldameneko beste zera hartara egin zuten
Klub delako hartara
Oasis zuen izena
sarrerako goialdean ñir-ñir egiten bazekien neoizko palmondo bat zeukanera.
Bertan ikusitako guztiak ez dira orain hemen errepikatu behar.
Denak zirela Sherezade han barruan
denak xegixegixegi hasperentxoka
denak oihuiuiuiu
denak di-da, errepidean autoak bezala
muntatze katean torlojuak azkoinetan bezala
Ford eta Taylor lantegi berean...
Monturatik jaitsi eta komunerako bidea hartzen zutela zaldunek
horixe giza arrasto bakarra.
Zaldunek komunerako bidea hartu
eta haien atzetik kirika bi esploratzaileak
hamabost begi
eta hala ere gutxi
argi gorrixkako pasabide ilun haietako arriskuei aurre egite aldera.
1. ARMIARMA: Hankabiko arren komunera sartu eta hura eztenkada!
Tiro eremu oso bat prestatua zuten han!
ALPONTXO: Gerra berri baterako prestakuntzan al datza gerlariaren atsedena?
1. ARMIARMA: Paretaren kontra
ez bat eta ez bi, gasolindegian bezala
jo-puntu zerrenda osoa dute jarrita!
armiarma bat amaraun eta guzti bakoitzean.
Hankabikoak sartu
jo-puntuetako baten aurrean jarri
kanoia atera
eta hantxe deskargatzen dute munizioa
barruko karga guztia!
2. ARMIARMA: Horrenbesteko herra al digute?
Zer kalte egin diegu guk?
1. ARMIARMA: Herra?
Pentsa
atso zahar bat dute horretarako propio!
Hainbeste tiro eta eraso jo-puntuetako baten irudia ezabatzen denean...
atsoa etorri
eta beste kalkomania bat jartzen du aurrekoaren lekuan!!
2. ARMIARMA: Ai ene!
Gure aurkako konplot unibertsala ez al da izango?
ALPONTXO: Isilik geratu ziren.
Luze isilik.
Tamainako izugarrikeriak
tamainako hausnarketa haria behar du
armiarmen baitan habia egiteko.
2. ARMIARMA: Gerra baten aurrean gaude, dudarik gabe...
eta tipo horretan dago gure gerra frontea.
1. ARMIARMA: Kanoi zikin hori moztu
edo deuseztatu gutxienez
horixe bera egin behar duguna!
ALPONTXO: Alpontxok ez zekien
tira, Alpontxok...
(Bere buruaz ari dela adierazteko keinu bat eginez) Beno, bai...
Alpontxok ez zekien
baina armiarma koloniaren jomugan
zegoen bere kalkomania.
2. ARMIARMA: Bai
baina nola?
Nola egin gerra gu baino askoz indartsuagoa den etsai bati?
ALPONTXO: Hori beste kontua zen
inork ez kontatua oraindaino.
Literaturak dauka errua
gauza praktikoetarako ez duela balio.
Literatoak errugabe?
1. ARMIARMA: (Atzerriko armiarmaren plantan) Um formigueiro pode vencer um leão.
ALPONTXO: Urrutitik iritsia zen ahotsa
kamioi baten azpikoetan heldua omen
Ehundegi Zaharrean harilkatzen zuen orduz geroztik.
1. ARMIARMA: Horrelako batekin jantzia du papera
lá
na minha terra
zahar mago batek.
2. ARMIARMA: (Bertako armiarma baten plantan) Mago zaharra,
motel
mago zaharra esaten da egoki.
1. ARMIARMA: Pode
sim
também.
2. ARMIARMA: Mago bati kasu egin behar orain?
Horixe besterik ez genuen behar
kontu nahikorik ez, eta orain magia!
ALPONTXO: Haserre keinurik ez zen falta...
2. ARMIARMA: Horretan nork sinetsi behar?
ALPONTXO: “Um formigueiro pode vencer um leão”.
Kontua edo ez kontua
magia edo potagia
lehoia nola garaitu
horixe zuten erronka.
Tarantularik ez zegoen haien artean
talenturik... are gutxiago?
Gizonak kanoia
araknidoek... misilak?
Eztabaida teknikoa ere bazen.
2. ARMIARMA: Izatekotan
mihis...ilak izan beharko, ezta?
Zer, bestela?
mihis...eak baino ez dakigu guk egiten
mihiseak
zetazko hariaz
lan isil-isilean.
Edo ez?
ALPONTXO: Aho batez onartuta hori
mihis...ilka egingo zutela guda
aho batez elkar errepikatu zuten oinarrizko galdera hala ere:
zehatz-mehatz
nola egingo zioten aurre etsaiari?
2. ARMIARMA: Paperak ez zuen horretaz ezer jantzita?
1. ARMIARMA: Realmente, não posso dizer...
biluzik utzita zegoen hori.
2. ARMIARMA: Hortxe dago erantzuna orduan!
ALPONTXO: Biluzik egin beharko zioten aurre!
Garbiagorik ez zegoen!
Minotauroa labirintoan bezala
lerroen artekoetan dago askotan
testuaren esentzia.
Isilunetan
musikaren harmonia onenak.
Onerako eta txarrerako.
Bat etorrita denak
bilera aktan jarri
eta lanera.
Gerrara.
Ez itxaropenez.
Horretan sinesten zutelako baizik.
2. ARMIARMA: Itxaropena
badakizu...
itxaro hasieran
pena bukaeran.
ALPONTXO: Azkenerako, armiarmategi bihurtua zuten biltegia.
Armiarmategi, zentzu benetakoenean.
Eta lana harilkatzeari lotu ziren.
Lan isil-isilari.
Arma top-sekretuari.
Etsaiak ez du inoiz jakin behar.
Planoak
pentsamenduaren bidez esaten zituzten elkar.
Aginduak
ezta eman ere.
Gehiago ezin dut zehaztu.
1. ARMIARMA: Um formigueiro pode vencer um leão...
2. ARMIARMA: Horixe.
Bilduta
xinaurriek lehoina garait dezakete!
Ilun.