—1—
Zortzi hanka, zortzi begi, sabaitik zintzilik edo paretan barrena nora gabe ibilian, alpontxorengan jarria du arreta armiarma bikoteak.
1. ARMIARMA: Xinaurriarentzat ihintza uholde.
2. ARMIARMA: Entzun duzu?
E?
Xinaurriarentzat ihintza uholde.
ALPONTXO: Ea horretan sinesten dudan?
Atsotitzetan?
Zer nahi duzue nik esatea.
Auskalo.
Askotan, haririk gabeko jostorratza da sinestea. Begirik gabekoa.
Puntarik gabekoa.
Puntarik gabekoa
puntada zuzen eman nahi baduzu behintzat.
Beraz, ez harritu bide bazterreko harri-koskorrei hartu badiet lezioa:
lurzoroan sinesten dut gehiago
—lur...zoroan, bai, ez begiratu horrela—
lurzoroan sinesten dut gehiago
aire zuhurrean baino.
2. ARMIARMA: Bide bazterretan burua ez galdu, entzun?
Jostuna jostera, sinestuna sinestera....
ALPONTXO: Eta narratzailea narratzera, ezta? Narrastzailea ez gertatzeko.
Ai ene...
Ongi.
Goazen mamira, bai.
Harira goazen. Haria baituzue zuek ondra eta ohore.
Goazen in illo tempore hondoa jotako Ehundegi Zaharreko
pabiloitzarretara
bertan behera utzitako biltegi huts
ilun
itsu
haietara.
Industria hiltzean, inork ez zuen haren alde hiletarik egiteko
beharra sentitu: naturaren lege zaharrak bete zezala bere agindu.
Horrela
sasitzak hormaz kanpoaldeko orubeak beztitu ondoren
hautsak hartu zuen beregain barrua ehorzteko lana.
Harrezkero
isihiltasunak ekarri dolua
ahanztura eta amaraunak lagun dituela. Inor ezaren konpainian.
1. ARMIARMA: Inor ezaren...? Nola, inor ezaren...?
Tte! Tte! Tte! Narratzaile jauna...!
Gezurrezko hariez ez josi istorioa!
Bagara nor eta!
2. ARMIARMA: Hori! Hori!
Ezen
ahanztura sortzeko inork ez du burua nekatu behar
baina amaraunak egiteko aldiz...
horretara burua eta bizkarra gogor jarrita baino ezin da!
ALPONTXO: Bedi,
orratza atzera egin orduan
eta hor ahaztuta orraztu:
isihiltasunak dolua ekarri, bai
eta ahanzturak ere bai.
Ez inor ezak, ordea.
Amaraunik bazegoen, egongo zen langintza horretan nor.
Armiarmak.
Kolonia oso bat.
Segundoak eta minutuak erloju orratzetara bildu nola, hala
armiarmak ere Ehundegi Zaharrera.
Zortzi hankan helduak batzuk.
Kometa errarien modura etorriak beste guztiak
haize-norabide guztietatik etorriak.
2. ARMIARMA: Kometa errariarena... esplikatu ezean inor gutxik
ulertuko dizu.
1. ARMIARMA: Bidaiatzeko berezko modua dugu gainera, e!
Ez ezeren ez inoren antza hartuta.
Geure-geurea!
2. ARMIARMA: Guk sortua!
ALPONTXO: Amen.
Kometaren esplikazioa:
leku batetik bestera joateko armiarmek asmatutako ikarogarrikeria dugu kometarena.
Ikarogarrikeria, bai.
Armiarmak haizelasterrak dauden leku garaietara igo...
1. ARMIARMA: (Moztuz) Garaien-garaienetara, e! Amiltzeari beldur izpirik ez guk!
Zuhaitz baten puntara...
Arroka handi batera...
2. ARMIARMA: Lurretik urrutienetara: ami...hiltzeari beldur izpirik
ez guk!
ALPONTXO: Bertan daudela, zetazko hari mehe bat jariatu...
eta salto!
Oihalarena egiten du hariak, parapentelariarena araknidoak
lumaren moduan
zuhaitz-hostoaren tankeran
errealitatean ametsa bezala, kanka!
kanka!
lurraren kontra egin arte.
Haizeak agintzen du korritutako distantzia.
2. ARMIARMA: Mundua dugu horrela kolonizatu.
ALPONTXO: Airean kulunka kulun-kanka! helduak
zetazko mihiseak jostea ez beste ofiziorik ez ondasunik ez
zekarten armiarmek lurra jotako Ehundegi huts hondatuan
aurkitu zioten ostatu haien zetazko mihise...riari.
Miseria mihiseriaz jantzi nahi al zuten, beste hainbestetan
bezala?
2. ARMIARMA: (Barre algaraz) Axola bost! Miserian murgilduta
aurkitzen dugu gure bizimodurik lasaiena!
1. ARMIARMA: Erratz-astindu gutxi hor!
ALPONTXO: Ostatuarekin batera, jostatutarako leku gozoa ere aurkitu zuten, beraz.
Haiei entzundakoa errepikatzen dizuet nik orain.
1. ARMIARMA: Eta horrela izan zen!
Ez ahaztu mihise...ria dugula ehiza egiteko talentua.
2. ARMIARMA: Talentua eta hautua!
ALPONTXO: Ehundegi Zaharreko pabiloitzarrak oihalgintzatik
mihisegintzara bihurtuta
gogotsu birmoldatu zituzten lanik ezak korroildutako ehungailuak:
alokairurik gabeko alokairuan hartu zituzten ezegintzara kondenatutako murru eta zutabe altuak
habearte zabalak
bazterretako txoko ezkutu guztiak.
Eta isil-isilean lan eginda, hantxe aritu ziren
ehun eta ehun
nekeari denbora guztia emana.
Ehun eta ehun beti.
Ehun eta ehun...
2. ARMIARMA: (Jostari) Ehun eta ehun...
berrehun?
ALPONTXO: Ziria agerian galdetzen duzu, ezta?
1. ARMIARMA: Hamarehun agian? bost aldiz galdetuz gero.
2. ARMIARMA: (Irri zabala agerian) Ez...!
Ehun eta ehun, amaraun!
Horixe duzu emaitza zehatza, txoro garbi hori!
Amaraun!
ALPONTXO: Goi-goiko sabaiko uraliten urraduretatik ausartzen
ziren eguzki-izpi bakanek argitzen zuten matematika zaharraren algoritmoa:
ehungailuetako bat aukeratu
armazoiaren goialdera zortzi hankan igo
zortzi begiz euskarria bilatu...
eta hanka guztiekin salto egin handik!
Denborak leherdoildutako errematxeraino
heste-minez hildako alanbrearen muturreraino
aspaldiko egunkari batetik udazkenetutako orri-hosto zimur
hautseztutaraino:
armiarma bera zenuen anezka
zetazkoa haria...
Eta zortzi hankan berriro ekin
berriro igo
berriro salto
berriro anezka
berriro haria
berriro berriro.
Inoiz ez kale.
Ez eskuaira ez konpasa ez plomua.
Planorik eta teodolitorik gabe iruten du armiarmak bere arkitekturaren geometria.
Gogoaren poderioz.
Borondatea eta doitasuna horretara jarrita.
Armiarma:
arima temati
hari matematiko.
1. ARMIARMA: Igo, salto, igo, salto... bertigonometriarik gabeko
arkitektuak gaituzu, motel!
ALPONTXO: Ez zuten denbora asko behar izan eraikintzar haien
jabetza bereganatzeko.
Handik aurrera, maitaasunari ekin zioten.
Maita
asunari
ulertzen?
Armiarma emeek ekin bereziki, buru belarri
eta hortz.
Arrek epelago.
Asunagatik, jakina.
1. ARMIARMA: Gurea, ekitea baino, ausartzea dugu kontua arrok.
Horixe
maitaasunari ausartzea.
Asunari batez ere.
Libido madarikatua!!
ALPONTXO: Eta ulertzekoa da, ezin uka, erremin hori.
Arren barruko har hori.
Maitasunean baino
emeek agertzen duten ezin asebetezko maitasun gosean dauzka asunak erroa eta jatorria:
txortan egin eta gero, armiarma emeak
arra
jan egin nahi baitu.
Zanpa-zanpa jan eta irentsi.
2. ARMIARMA: Zazpi jan ditut gaur
eskapatu zaizkit bi.
ALPONTXO: Kontuak atera.
Zazpi gehi bi, bederatzi.
Bederatzi!
Eta gaua urruti oraindik.
Neurririk gabekoa, ezta? maitasun gosea.
Ezin asebetetzezkoa.
2. ARMIARMA: (arrari, goxo) Jateak
sentimenduaren sakontasuna baino ez du erakusten horrek.
1. ARMIARMA: (alpontxori) E! Zer esan dizut?
Hortxe duzu froga: sakont...asuna.
Maita edo ez maita
azkenerako
asuna beti hauekin.
2. ARMIARMA: Maitea...
1. ARMIARMA: (Atzeraka, mesfidati) Kontuz, ederra, ez hurbildu!
Fraide bizitza eginda nahiago dut segi.
2. ARMIARMA: Baina ez duzu ulertzen?
Ez da noizean behingo kontua
unean uneko gozatu laburra
maitatu duzun horrekin betirako bat egitea duzu benetako
maitasunaren froga...
1. ARMIARMA: Betirako bat egitea, bai! Tripa barruan baina!!
Ez, ez, ez...
ALPONTXO: Larru kontuetan bat egin, gauza bakar batean egiten
zuten bat armiarma arrek eta emek:
beste guztien artean, eulien maitasuna zuten gogokoena.
Euliek larrutan aritzeko duten manera, esan nahi da.
Abioiarena.
Zirri-zirri airean, ñaka-ñaka ederrean, banator, banator!
gozatua bata bestearen gaineko hegaldi batean xahutzen duten
euli bikoteena, jakina.
Ez besteena, sei hankak pausaleku tinkoan paratuta gauzatzen
dutenena.
Goza arrunta azken hauena
arina
eskasa
ezjakina
armiarmen ustez, beti.
2. ARMIARMA: Eskasa batez ere. Konparatzerik ez hor!
1. ARMIARMA: Euli hegaldariena aldiz...
(Euli-hegaldiaren onomatopeia eginez)
Pentsa...
hegalariak amaraunean eroriz gero...
bazka bikoitza: pilotua eta lotua!
ALPONTXO: Horixe al zuten arrazoi bakarra mirespen horretan?
Ehiztariaren zioa?
Beste lilura moduko bat ere ez al zegoen?
Ezen, badago eulien airezko balentria horretan misterio bat, ezta?
Halako gogo-fintasunen bat
beste inongo izakiongan ez dagoena.
Txortan hankak leku finkoan malgu egin beharrean, nondik
hegan egiteko kalentura hori? Goi-talenturen baten aztarna akaso?
Aingeruzko kamasutra baten arrastoa agian, zeruko izaki
horiek sexua galdu aurrekoa?
2. ARMIARMA: Lebitazio kontua behar du izan, grabitazioak ezin baitu.
1. ARMIARMA: Bai, gauza mistikoa: ez zerurako ez zorurako.
2. ARMIARMA: Zororako beharbada, zeinek daki...
1. ARMIARMA: Zer esaten nuen, bada? Mistikoa.
ALPONTXO: Hortik aurrerakoa... hortik atzerakoaren pare:
ezin ezer ziurrik esan.
Horrelako ez-teologietan hasi eta
guraria piztu ohi zitzaien, azkenean, armiarma emeei
hizketak berak eraginda.
Bero-bero piztu labea.
2. ARMIARMA: Maitea...
Eulien moduko hegalalditxo bat egingo bagenu...
ALPONTXO: (armiarmen arteko solasaren lekuko) Emeak tentatu
ezti, sorgin
apetatsu
zortzitik zortzi begiekin arrari begi keinuka
zortzitik zortzi hankekin gozoki laztanka.
2. ARMIARMA: Ezin esanezko hegalalditxoa esan nahi dut, maitea...
1. ARMIARMA: Zuk nirekin?
Zuk nirekin ez jan ez jai!...
ALPONTXO: “Libido madarikatua!”, pentsatzen du arrak barrutik.
Baina, aldi berean
“Go!... Go, Txarli, go! Go!... Gogo gozora!”, barruko harrak
oraingoan
harrak
kantuan.
1. ARMIARMA: Hegalik ez dugu gainera, euliarena egiteko.
2. ARMIARMA: Zetazko haririk bai ordea, horixe izango dugu
lorratza eta sostengua.
Paretan gora sabai puntaraino igo
nik hari-muturra jariatu eta goi-goienean finkatu
zu nire gerriari maitekiro lotu...
eta ieeupala!
Salto!
Sabaitik zorurako irristaldi gozoan biok...
1. ARMIARMA: Ene...
ALPONTXO: Harrak
barruko harrak
barruko harrak armiarma arrari
ezti:
“go, Txarli go...”
1. ARMIARMA: Zirri...estali esan duzu?
2. ARMIARMA: (Sorgin) Horixe, maitea, zirriestaldi gozoan biok:
ni gid...haria
gida eta haria
zu...
1. ARMIARMA: Zu gihildaria, bai!...
Eta ni gihildakoa!
Ez, ez, ez...
ALPONTXO: Arra
barruko harrarekin
suizidioarekin
borrokan.
1. ARMIARMA: Ospa!!
2. ARMIARMA: Baina, laztana, zuk kartsu eta bero gerri-kolpeka
joka...
baietz penduluarena egin!!
ALPONTXO: Penduluarena:
bikotea airean haritik zintzilik dagoela
maitaleak jo
jo eta bero, jo eta kartsu
jo, maitaleak jo...
dilin-dalan dilin-dalan
gero eta altuagora joan...
eta dilin-dalan dilindan
orgasmoaren min-minean...
buelta osoa airean eman!
Zer nahi, bada
berezko ohiz kanpokoak ditu espezie bakoitzak. Inbidiez hartu beharrekoak
norberaren arrunkeriekin konparatzen badugu.
2. ARMIARMA: Gozozoegia duzu hitz hori
arrunkeria
zuen maitatzeko modu zabarra zuritzeko.
ALPONTXO: Armiarma emeek
mihise...rikordiaz josten ez dakizue, ezta?
(2. armiarmari bizkarra emanez) Ez euliarena
ez penduluarena
txakurrarena gozatzen dugu gizakiok batzuetan.
Emeak arra ez jatean, horretan al dago gure bekatua?
1. ARMIARMA: E! Geldi, geldi hor
ez nahastu...
Jatea edo ez jatea, ez da hori kontua.
ALPONTXO: Hara
arrak muturra sartu emearen defentsan.
Azkenean, bakoitzak norberaren sokak urkatua izan nahi du?
1. ARMIARMA: Armiarma arra nauzu, bai, eta erdibiturik nabil
txortan aritze zera kontu horretan.
Batetik, opistosomako azken muturreraino desiratzen dut
emeen eztia
baina, bestetik, tira... zuk zeuk asmatu.
Baina hortik, kanoiarena defendatzera...
Horrek ez du barkamenik!
ALPONTXO: Kanoiarena.
Barru-barruan zuten korapilatuta amorru hori, kanoiarena.
Armiarmek kanoiarena zeritzotena.
Kanoirik
berez
tartean inongo kanoirik ez egon arren.
2. ARMIARMA: Kanoirik ez egon? Eta guk sinetsi!...
Eragindako triskantzak, ekaitzak bakarrik egiten ditu handiagorik!
Ekaitzak, entzun?
1. ARMIARMA: Konparatzerik ere ez dago gainera.
Azken batean, ekaitza zer da? Ura eta sua bat eginda, horixe
besterik ez.
Eta horrek
non dauka horrek malezia?
ALPONTXO: Gaizki ilargiztatutako pasadizo-segidan dauka habia
eta puntua amorru horrek.
Ehundegi inguruko orube hondatu-mortuetan gertatu zen kontua.
Ohikoa zen moduan, neguko hotzak igaro eta giro epela heltzean
pabiloitzarretako horma barrukoak utzi eta kanpora atera ziren
armiarma koloniako biztanleak.
Amaraunak zabaldu
eta sasi eta belar gaiztoko zurtoinetatik zintzilikatu zituzten
ingurumariko obra-hondakin eta txatar-labarretatik
utzikeriatik
gainbeheratik
bakardadetik bertatik zintzilikatu zituzten haien amaraunak
armiarma koloniako biztanleek.
Horrela
zomorroetara-eta egun argikoa
izar-mozorroetara ematen zuten gaueko ehiza. Izar-distiraren
mozorrotzat baitzuten ihintza
unibertsoaren esentzia
ihintza...
gauza sakratua.
2. ARMIARMA: (Moztuz) Sekretua kontatuko dizugu!
ALPONTXO: (Minduta) Axola gutxi zuei nire kontakizuna etetea,
ezta?
1. ARMIARMA: Bo, bo, bo... Utzi, utzi...
2. ARMIARMA: Harilka apenas genekien orduan
gaua eta eguna elkarrekin bizi ziren garaiaz ari gatzaizkizu
maitaleen moduan bizi, bata bestearen barruan
lotura ez apurtu nahi.
1. ARMIARMA: Izan ere, hain zen handia gauak eta egunak elkarrenganako zuten amodioa
ezen
denborarik ez zuten bereizteko:
atera ahala berriro sartu
eginahal horretan aurkitzen zuten disgusturik gabeko gustua
hor
harmonia sutsuan
hordagoan eta enbidoan
hor asmo perfektu azkengabean.
2. ARMIARMA: Eta haien modura beste guztiak.
Enarak eta ihintza kasu. Ezinezkoa zuen inork bata eta bestea
bereizten: izaeraz desberdinak izan arren, izana zuten ezin desberdintzekoa.
Ihintzean urtzen ziren hegaztiaren hegoak eta iparrak?
Tantatxoen hondoan antzematen zuen enarak zeruaren sakonera?
Azkarra bezain argia
tximistak baldin badaki, aizu, hura gelditu
eta hari galdetu
ez guri.
Ordena hura bere hartan mantentzea baino ez genuen armiarmok beste ardurarik.
1. ARMIARMA: Eta bere hartan jarraituko zuen ordena hark oraindik, halako batean gertatu zen ezustea gertatu ezean:
inpentsan
gaua eta eguna banandu egin ziren!
2. ARMIARMA: Betirako?
1. ARMIARMA: Auskalo eternitate guztirako.
Munduaren bukaeraraino behintzat bai.
Kontua ez zen hori, hala ere.
Ontasuna hil...tzaltzean, ondasunen partiketan hartzen du
gorena bikotearen komeriak:
“Eguzkia niretzat, ilargia aluarentzat” aukeratu batak.
2. ARMIARMA: “Buztan-lehor siku demonio, argi gutxi da hori”
erantzun besteak.
1. ARMIARMA: “Ilargia eta izarrak orduan”
2. ARMIARMA: “Izarrak eta izarak izanez gero, orduan bai”
1. ARMIARMA: Izarrak izaretan bildu eta hurrengora segi.
Den-dena partitu zuten horrela.
Enarak eta ihintza falta ziren bakarrik.
Ez batak ez besteak, ezetz eta ezetz, bietako inork ez zituela nahi.
Praktikoa zen arazoaren zioa:
kolkoa bete ondasun, gehiago ezin kabitu.
Ezetz eta ezetz, horregatik, gauak eta egunak.
Denbora igaro ahala, konponbidexka urrunago.
Begi guztiak armiarmei gaizki begira zeuden, ezinegon antzean
kontu eske.
2. ARMIARMA: “Zuek, munduko ordenaren arduradunak izanik,
sortutako egoeraren ardura hartu beharko zenukete, ez duzue uste?”
1. ARMIARMA: Horrela esaten ziguten.
Hura artega gure arbasoena!
Hura dardara!
Zortzi hankatan.
Biderkatuta, alegia.
Eta ez zen gutxiagorako: munduaren hasierako akats hura bere
hartan utziz gero...
geroko zorigaitz guztien zorrak armiarmek beharko zituzten
kitatu! Ziur baino ziurrago!
Heriotza bera baino ziurrago!
2. ARMIARMA: “Arduradunak? Nork esan du arduradunak?
Urduriadunak baino ez ditut nik ikusten!”
1. ARMIARMA: Egoera luzatu zenez isekak eta arbuioak ez ziren falta.
2. ARMIARMA: “Listo. Badakit! Jakin badakit”
1. ARMIARMA: Zorioneko armiarma batek altxatu zuen bere ahotsa azkenean.
2. ARMIARMA: “Izarrak ihintzaz mozorrotuz gero, baten aitzakian,
mozorroaren aitzakian, alegia, biak sar ditzakegu lote berean
kontrabandoan!”.
1. ARMIARMA: Eta horrela egin zuten.
Lanari ekin zioten gogotsu armiarmek, nekeari denbora guztia
emana.
Ehun eta ehun
saio eta hutsa
jakintzaren funtsa: hutsa zuzendu eta berriro saio
ehun eta ehun
eta berriro hutsa
eta berriro saio
eta berriro berriro
ehun eta ehun.
Lehenengo amarauna sortu zuten horrela
ihintz-tantatxoak banaka-banaka bertan pausatzeko propio
tantatxo bakoitzean izar bat kabitzeko eroso
izarraren distira bertan mozorroa janzteko goxo.
2. ARMIARMA: Ordudanik, ilargi-argitan ihintz-tanta bat arretaz
begiratuz gero
izar bat keinuka ikusten da bertan.
Horrexegatik dugu ihintza gure gaueko ehizakia
bertan ezkutatzen delako galaxietako edertasun guztia.
ALPONTXO: Eta enarak?
Ihintzarekin bat izatetik
nola egin zenuten banaketa?
1. ARMIARMA: Egunaren kargu geratu ziren
ezinbestez.
2. ARMIARMA: Erdibanaketa latza egia esan amorosentzat
luzaro iraungo zuenik inork espero ez zuena:
lehen
gaur bezala
elkarrenganako desioak
gauzatzea baino ez du beste aukerarik onartzen.
1. ARMIARMA: Eta hala gertatu zen
azkar topatu zioten egoerari irtenbidea maitaleek:
egunsentian, eguzkiaren sorrerarekin bat
ihintzak
hegan hasi eta enararen forma hartzen du
gora eta behera zeruan
jira eta bueltan neke gabe
gaueko amets lizunak eguneko oihal urdinean zirribrodatzen
haizearen laztan guztiz gardenak irriz abordatzen
horrela ilunabarra heldu arte
noiz
hegoak bildu
biribildu
lumatxoak ur-izpi bihurtu eta harildu
amaraunetan pausatzen den berriro.
Eta ordudanik munduko denbora guztia igaro arren, horrela
izaten jarraitzen du.
ALPONTXO: Harro ikusten zaituztet zuen asmakizunaz.
1. ARMIARMA: (Oldakor) Zuek, hankabikoek, gero kopiatua.
2. ARMIARMA: Lardaskatu esan eta egiatik ibiliko zara hurbilago.
1. ARMIARMA: Zer dira ba, bestela, mendiak eta basoak zeharkatzen dituzten dorre eta kable elektriko horiek?
E?
Gure arbasoek sortutakoa ikusita, zuen leinuak ezin konta ahala
izotzaldi eta beroaldi eman zituen lanean, gurea imitatu nahian.
Eta?
Mendiak eta basoak dituzu lekuko:
kobre eta altzairuzko mihise...riaz amaraunduta!
2. ARMIARMA: (Kontu eske) Zer uste zenuten?
Enarak kableetan zintziliurkatuta bazegoela ihintza lapurtzerik?
Hori burugabekeria!
Zuek zaudeten lekuan aterpe laburra du lasaitasunak.
ALPONTXO: Ez gaituzue oso estimu handian, ezta?
1. ARMIARMA: Zapaburu ikusten zaituztegu gure ondoan.
Baina tira, segi zure kontakizunarekin
kanoiaren istorioaren gordinena dator-eta.
ALPONTXO: (Isilune baten ondoren) Izarrik gabeko gau batean
gertatu zen lehenengo aldiz ustezko kanoiaren zera hori.
Zorretan egon gaua eta horregatik bere distirak bahian zituen
emanak?
Harritzekoa ez litzateke
ez horixe
bere altxor preziatuenak Miserikordiara eramanak izatea.
Maisua dugu gaua zera horretan
“Jokotan eta parrandatan, gaua duzu etxekalteenetan etxekalteena”, mundu guztian esaten da.
Horrelakoetan
izarrik gabeko gauetan
barrutik pagatu ohi duzue armiarmek gauaren likidezia falta hori:
amaraunak zabaldu bai, ez perla distirarik harrapatu baina.
Asperdurak baino ez du gozatzen horrelakoetan.
Izarrik gabeko gaua, beraz.
Iluntasun betekoa.
Ehundegi Zaharreko ondoko orubetik ez oso urruti pasatzen
zen errepide nagusiko argiak zituen argi-izpi bakanak armiarma koloniak
bertako gasolindegiarenak
gertuko klubaren neoienak
noizbehinkako kamioitzarrenak.
Halako bihurgune txiki bat eginda, gasolindegiaren parean
desbideratzen zen saihesbideak Ehundegiko biltegien aurrean
zeukan bere azkena
zuloz eta arrailduraz akabatuta
patuak onartutako planoek aurreikusia zuten moduan.
Itzalak lagun
handik heldu zen etsaia
hauek etsaia deitzen dutena
handik iritsi ziren bi maitaleak
bide zenaren erditik estropezuka
zutik, baina bata bestearengan etzanda.
1. ARMIARMA: Lurrean
biluztu eta gero egin zuten etzan
ederki etzan ere
postura berean
bata bestearen gainean.
ALPONTXO: Postura ederrak dira guztiak maitaleentzat, ez al dakizue?
2. ARMIARMA: Sakon-sakoneko maitaleentzat...
edo maitearen aldiko gozamen soilaren bila ari denarentzat?
Ezberdintasuna
postrean bakarrik ikusten da argi.
ALPONTXO: Gaztetasuna amortizatuta eduki arren
haiek arin-arin eta fandango
haiek zirripurdi eta porrualtxa bi hankabikoenak.
Hura antzeman eta armiarma koloniak ez zuen aukera galdu:
amaraunak atzean utzi eta hara joan ziren korrika eta kantuan
hankazortziko guztiak
handiak eta txikiak
zaharrak eta berriak
jarriak eta ez jarriak
ordurarte asmatutako guztiak!
Gaupasa lizuna zuten promesa.
Gauza itzela.
Zortzikoiztutako begiradak bertatik bertara pausatu ziren
bikoteari kirika
ikusteko irrikan.
Ikusmin zuhurra lehenengo aldi hartakoa
gosetua:
auzo gozadurak sortua.
Bada zera hor, ez duzue uste?
Norberak ipi-apa ikusitakoa ez da gero inongo liburutan ikasi
behar eta horregatik gogo bizi hura?
Jakintsuak erantzun beza, ez itsuak.
Egiaren alde
inongo hauspotan ere kabitzen ez ziren emakume haren hasperen eta irrintzi amaiaiaiaiiiigabe haiek
trikiti-trakata aireratzen zituen haiek
ez zuten
ez horixe
ez zuten sobera laguntzen araknidoen bameko erromeria
arintzen.
2. ARMIARMA: (armiarma emeak, ezti, apetitua piztuta, ondoko arrari) Maitea...
1. ARMIARMA: Ospa, ospa...!
ALPONTXO: Eta bat-batean, kito.
Ez oioioioihurik ez imintziorik ez kristo-orrorik.
Gizonak azken ostiko moduko bat eman eta listo
akabo festa:
behin gaina hartu eta gaingabetua bota... berea zuen egina.
Zerraldoren plantan erori zen bertan.
Seko.
Gorpu hutsa gorputza.
Hori misterioa, ezta?
Zergatik ezdeus izate gozo hori goia jo eta hurrengoan?
Emakumeak ez zuen denbora galdu, alabaina
bizitza agian ez
baina bizitzea zer den aspaldian zekien hark:
gizona hustu eta hantxe bertan egin zion gramofonoari stop.
Akabo xegixegixegi ito haiek.
Bukatua zen antzezpena.
Enbarazua gainetik kendu eta albora bota
kuleroak eskuan eta soinekoa lotzeko borrokan
etorritako bidetik egin zuen alde pausu baldarrez.
Bide nagusitik iristen ziren distirak zituen iparra.
1. ARMIARMA: Hori, hori...!
ALPONTXO: Gauaren ilunean, tximeleta bihurtu zen inbidia
armiarma arren barne labirintoetan hegaka.
1. ARMIARMA: Hankabiko ar horren hil antzeko lo gozo beldur
gabe hori nahiko genuke guretzat maitatu eta gero.
2. ARMIARMA: Benetako maitasunak ez du Lazarorena onartzen, maitea.
ALPONTXO: Emeek
tematuki
arrazoi santurik ez zuten faltan.
2. ARMIARMA: Antzekotasunak ez du balio.
Benetakoa izan behar du amodiozko heriotzak
heriotza izateko.
ALPONTXO: Beste entretenimenduren ezean
hitz-aspertu amaigabetan endredatu ziren orduan gogotsu
Lazarorena bazegokiela edo ez zegokiela mataza nahasten
norberaren talaiatik bakoitzak, solaskidea entzuten zuenik
inor ez zegoela han.
Gauak
handi eta luze denez
eskuzabala denez
haren epeltasuna eskaintzen zien debalde alfergintza hartan
nekatzeko.
Halako batean baina, zutik jarri zen gizona.
Pinguino-pauso barregarri batzuk eman eta gero
prakak gerriratu eta zuzendu zituen urratsak.
Biltegi zaharraren aldera egin zuen mantso-mantso
mamu zuloa egun argitan, iluntasun hartan are mamuago
agertzen zen eraikuntzaren siluetari begia kendu gabe.
Dardarizoren batek lotu zion?
Bota azpikoek azpikoarekin bat egin zuten?
Oinak lurrean tinko
zigarro bat piztu zuen...
ARMIARMAK: (Moztuz, biak batera) ...eta kanoia atera!
Luzapenetan ez ibili, kanoia atera!
ALPONTXO: Brageta zabal-zabar zuelarik
ia laguntzarik gabe asmatu zuen kaputxinoak
kanporako bidea.
2. ARMIARMA: (Haserre) Kaputxinoa...! Ja!!
1. ARMIARMA: (Pixa egitearena eginez, haserre) Kanoia, esan egia! Kanoia!!...
2. ARMIARMA: Kabroia!
ALPONTXO: Azken tantatxoa ez beste guztiak
hantxe hustu zuen barruan zeraman garagardo puxika
zipriztinka
jolas antzean
baina ondo serio aldi berean
ostiral santuan aita santuak ihiztailua bezala.
1. ARMIARMA: (Publikoari) Entzun duzue?... Ihiztailua ez du bada esan!
2. ARMIARMA: Ihintza isuriko balu!...
ALPONTXO: Ihiztailua bezala, bai
urbi eta orbe
salmo bat ezpainetan txistuka.
Salmo laiko
baina.
Ezin haserreago daudela armiarmak, alpontxorengana oldartzen dira biak, lepo gainera salto egin, lurrera bota eta mehatxatu, jipoitu, zapaldu...
1. ARMIARMA: Esan! Esan dena! (Pixa egitearena modu gordinean eginez) Kanoia atera eta inguruetako amaraunei egin ziela eraso!
2. ARMIARMA: Egin ziela uholde!
1. ARMIARMA: Zituela hondatu!
2. ARMIARMA: Jabetzen zara orain zergatik atsotitzei kasu egin behar?
1. ARMIARMA: Xinaurriarentzat ihintza uholde!!
Ilun.