Armiarmategian (isil-mihisilka)
Pablo Barrio
Armiarmategian (isil-mihisilka)
Pablo Barrio
Artezblai, 2009
Armiarmategian (isil-mihisilka)
Pablo Barrio
Artezblai, 2009
[aurkibidea]

 

HITZAURREA

 

“Lerro hauek irakurtzen bazaude...”

Borja Relaño

 

            Fikzioan besterik ez bada ere ezbeharren bat iragarri ohi dituzten hitzak, titulukoak alegia, zentzu baikorrez ekarri ditugu hona, hemendik eta gutxira gertatuko dena ospatzeko xedez. Bere bakardadean egile batek sortutakoa liburu gisa heldu eta eskuartean zabalik duzu, irakurtzeko prest. Ez da gauza makala hori. Erronkak, halere, badira oraindik, eta ez nolanahikoak.

            Armiarmategian (Isil-mihisilka) antzezlan honekin Santurtziko Serantes Antzerki Sariko bederatzigarren edizioan akzesita lortu du Pablo Barriok, eta ohikoa denez, testua argitaratu, zabaldu, eta eszenaratzeko zain gelditu da. Hamaika aldiz esandakoa gogoratu behar delako, beste behin ere: antzezlanak oholtza-gaina behar du helburu. Eta gure ustez, antzezlan honek nahikoa argudio ematen ditu.

            Maitasun istorioa dakarkigu azken finean Pablok. Gizon arrunt baten amodioa eta pasioa, Ulises modernoak biziko lukeena. Berea ez da heroien abentura epikoa, begibakarreko erraldoien kontrako borroka. Honetan, lamiek baino ahuntzek egiten dute kantu, patuaren aurreikuspen islada gisa. Alpontxo eta Rosalito, Ulises eta Penelope. Baina ez da haien istorioa. Ez da hemen herriminik, ezta betiko hitzik. Bestea da bakoitzaren Itaka galdua, gaur egungo Penelope ez litzatekelako zain izango. Gizonok, zilborrari etengabe begira egon arren, ez dugu bertan sortzen den biloa antzematen. Eta gure Alpontxok hari pilo ederra du. Baita handik tiratuko duen norbait ere.

            Bere istorioa argitzeko armiarma bikotea izango du lagun, pertsonaia xelebre eta bitxiak, munduaren gaineko ikuspuntu ezberdina eskaintzen dutena. Txikiak tamainaz baina handiak izaeran. “Gu gara munduko ordenaren arduradun” aldarrikatuko dute. Egileak intsektuari, bere baitan idatzitako kode konplexuei esker mugitzen den izakiari, eskaini dio arrazoiaren erabilera, eta batipat, gizakion jokaeren gaineko begirada ironiko, distiratsu eta umorez jantzitakoa. Haien esentziatik atera du, baita ere, antzezlanaren egituraketa, amaraunaren tankerakoa, hari mehe lotuekin eraikitako arkitektura biribilduan eternitatea harrapatuz.

            Jostun jostalari bilakatuz kontatzeko modu berezia du Pablo Barriok, zuzena, garaikidea, erritmo bizikoa, ausarta, poetikoa eta sorpresaz beterikoa. Irakurketa gozagarria bermatzen du guzti honek, testuaren irudikapena aisatuz. Zoaz aurrera bada, irakurle. Gurekin egin duen bezala, amaraunean harrapatu zaitzala opa dizugu.