4. AGERRALDIA
(Iluna dago eszenatokia. Ez da ezer ikusten. Ez da ezer entzuten. Barkatu, ume baten marmarra entzuten da. neskatoaren ahotsa ematen du. Bai, bera da, ziur. Marmarra gero eta ozenagoa izan arren ez zaio ezer ulertzen, hala ere. Bat-batean, fokuren bat pizten da hor nonbait. Foku alferra edozein kasuan, ilargiak berak ere gehiago argitzen baitu askotan; baina, tira, ez gara kexatuko, eszenatokiaren izkinatxo bat argitzeko gauza da behintzat. Lehenengo agerraldiko etxolaren barrualdea suma daiteke. Kamaina ikusten da, eta, bertan etzanda, neskatoa).
ALABA: Ez... ez dut nahi... (Zer edo zer ulertzen zaio orain. Eldarnioak hartuta dagoela dirudi). Ez... ez dut lorik egin nahi... (Ezin geldituz, sukarraren eraginez) Ez... lorik ez... Amets bat izan nahi dut... hori!, amets bat... Berdin zait sukar ametsa bada ere... edozer gauza nahiago dut gogoko ez dudan iluntasun hau baino lehen... Iluntasun hau, agian beste iluntasun handiago baten ataria baino ez dena... (Besoak mugitzen ditu etengabe. Repsol, bbva eta abarren propagandaz betetako kamiseta airean astinduz) ...Amets txikitxo bat baino ez dut nahi; oroitzapen zaharren bat gogoratzeko besterik ez bada ere, jada hilda ez nagoela ziur egoteko nahikoa... (Eldarnioan beti, begiak itxita, kamainan agontzen da) ...Ez zait axola amets gaizto bat izatea, matxinsaltoekin eta horiekin, berdin zait. Kontua amets bat izatea da... Noski, amets goxo bat nahiago nik, hori bai. Argitsuak diren amets horietako bat... Hori, hori, eguzkiaren argi guztia nahi dut nire ametsean!, oraindik bizirik nagoela sentitu ahal izateko. Ez da ume txatxu baten kapritxoa, ez, inolaz ez, ez da kapritxo bat eguzkia. Alderantziz, beharra da niretzat, eguzkiaren argia behar dut begiak irekita amets egin ahal izateko. Eta ez oraingo ametsa bezala, begiak itxitako amets ilun hau, ilargiarena ematen duen argi horren argitan... Hitzak berak esaten du, ezta?... Ilargia... Hil argia... Hilzorian daudenen argia, ezta?... Edo... auskalo... dagoeneko hilda daudenen argitxoa besterik ez dena agian... Ilargia... (Isilune) Aizu, eta hilda egongo banintz dagoeneko?... Ai, ene, nola jakin hori?... (Etzan egiten da, hilda egongo balitz bezala). Badakit, proba bat egingo dut... Begiak irekiko ditut, eta amets batean esnatzen saiatuko naiz!...
(Argiztatuta zegoen eszenatokiaren izkinatxoa itzali, eta orain arte itzaletan egon dena piztu egiten da. Eta nola piztu, aizue, eguzkiak berak gutxitan argitzen du horrenbeste. Bai, sabanako egun argitsu horietako bat ematen du, lehoiak besterik ez dira falta. Tira, zorionez ez da lehoirik ikusten inguruan. Horrexegatik agian agertzen zaigu horren pozik neskatoa. Soineko zahar bat jantzita eta buruan pegarra daramala, etxolatik aterako balitz bezala ateratzen da itzaletan geratu den bazterretik).
ALABA: Bai, banoa ura ekartzera, amona. (Barrurantz oihukatuz, agindu bati erantzungo balio bezala; eta hara abiatzen da, ura ekartzera. Bat-batean, urrutiko burrunba bat hasten da entzuten, zerk edo non sortua ez dakigula. Oso modu apalean hasieran, gero eta ozenago iristen zaigu gero, guregana hurbilduko balitz bezala). Zer zarata mota da hori? (Bere buruari galdetuz. Ingurura begiratzen du, baina ez du ezer ikusten. Jolasean hasten da orduan burrunbaren jatorria asmatzeko. Pegarra burutik jaitsi, eta, ezpainak pegarraren ahoan jarriz, putz egiten du ahal duen indar handienarekin, sortzen den soinua entzun eta burrunbarekin konparatzeko) Ez, ez da soinu bera. (Badaezpada, putz egiten du berriro) Ez, inolaz ere, ez da haizeak burrunba hori sortua. (Lurrera makurtu orduan eta, belarria lurzoruan itsatsita, adi-adi entzuten geratzen da) Ez, ez da korrika eta ufaka ihesean doan elefante tropel batek sortua... beraz... ez dago inongo arriskurik sagu inbasioren bat gertatzeko. Lasai, ba, alde horretatik, bai horixe. Amonari esango diot: “Trankil, amona, egin ezazu lo lasai. Irina egiteko kutxatzarrean gordeta daukazun oloa toki seguruan dago, saguak ez dira etorriko. Elefanteak lasai daude eta!”. Ze, beti lelo berarekin ari baitzait atzetik amona, “Kontuz saguekin, kontuz saguekin, belarriak ere marraskatuko dizkizute lapur horiek lotan zauden bitartean”, “Makila hartu eta sagu bat ikusten baduzu jo eta jata!”, eta horrela beti. (Burrunba moto batek sortua dela konturatuta gaude dagoeneko. Ez da gauza bera gertatzen neskaren kasuan, eta ulertzekoa da, inongo motiborik ez baitauka berak zarata mota hori ezagutzeko) A! Badakit zer egin behar.dudan!... Ikusi-makusi... (Begiak itxi eta, bere buruari tranpa ez egiteko, eskutxoekin estaliz). Mmm... Trumoi bat! (Begiak irekiz) Ez, ezin da trumoi bat izan, urdin-urdina dago zerua eta hor, goi-goian, ezin distiratsuagoa ikusten da eguzkia... Ikusi-makusi... (Begiak ixten ditu berriro. Zarata gero eta hurbilago dago) Badakit, badakit!... hegazkin bat da, Europatik datorren hegazkin bat, bai, eta barruan nire amatxo dator! (Begiak irekitzen ditu) Tira, hegazkinik ez dago zeruan, eta nire amak Europan jarraitzen du... Ikusi-makusi... (Begiak itxi. Motorraren zarata gelditu egiten da, eta, motoa bultzaka, motorista bat agertzen da eszenatokian. Hauts eta lokatzez gainezka, zikin-zikinak daude bai motoa bai motorista. Zikinkeri guztiaren azpian, mota guztietako propaganda eta logotipo koloretsuak sumatzen dira bai motoan bai motoristak janzten duen kamisetan. Zirko batetik alde egindako motorista bat dirudi... edo rally batetik).
MOTORISTA: Kaixo... (Kaskoa kendu eta atzetik hurbiltzen zaio)
ALABA: Itxoin, ez esan ezer... (Jolasarekin jarraituz, begiak estalita, nor den asmatu nahian) Zu ez zara, ba... zera, zu ez zara, ba, kasualitatez, matxinsalto bat izango?
MOTORISTA: Ez, ez naiz matxinsalto bat (Galderarekin harrituta, barrez erantzuten dio).
ALABA: Eskerrak! (Begiak ireki eta motoristarengana bueltatzen du begirada).
MOTORISTA: Eskerrak? Zer, ba, matxinsaltoak ez dituzu gogoko? Ba, oso sinpatikoak dira, umetxoa, beti saltoka eta.
ALABA: Horregatik hain zuzen, beti saltoka eta pixaka. Gaizki moldatzen naiz beraiekin azken aldiotan. Beraien erruagatik ari naiz ni orain amets honetan.
MOTORISTA: Ametsa? (neskatoa zertaz ari den ulertu gabe) Ez dakit hau ametsa ote den, baina, egia esateko, ametsezko leku batean galdu naizela uste dut (Inguruko paisaiaz gozatuz). Mugarik ez duten zementurik gabeko espazio ireki hauetan, haizea aurpegian, zu eta motoa bakarrik zaudela... munduaren jabe sentitzen naiz natura basati honen erdian!
ALABA: Basatia?... (Bere inguruan begiratzen du neskatoak harrituta, zerbait bereziren bila edo) Ez dakit, hau egunerokoa da.
MOTORISTA: Suertea izan dut zu aurkitzean. Galdu egin naiz eta gasolinarik gabe nago... azkenetan dago erreserba.
ALABA: Ba, sentitzen dut, baina nik ere ez daukat gasolinarik, ezin zaitut lagundu (Xalo-xalo esaten dio).
MOTORISTA: Lasai, neskatxa, lasai. Ez nuen zuk gasolina edukitzerik espero. (Barre egiten du neskatoaren lainotasunarekin) Baina, agian, jakingo duzu nola lor daitekeen gasolina apur bat inguru hauetan.
ALABA: Ez, inguru hauetan ezin da. Hirian bai, baina hemen ez.
MOTORISTA: Eta oso urrutik dago hiria?
ALABA: Ez dakit. Segun eta zer nolako presa duzun. (Pentsakor, horizonte aldera begiratuz) Nire amak, hona, amonaren herrixkara ekarri ninduenean, ez dakit, bizpahiru egun edo eman genituen bidean.
MOTORISTA: Kaka zaharra! Urrutik dago orduan.
ALABA: Bestela, kamioia bueltatu arte itxaron.
MOTORISTA: Kamioia?
ALABA: Bai, astean behin edo pasatzen da herrixkatik, eta denetatik dauka saltzeko: arropak, aiztoak, mota guztietako ontziak... Aurreko batean panpina bat erosi zidan amonak! Plastikozkoa gainera, ez pentsa, txuri-txuria eta ile hori-horia duena!... Duela bi egun pasa zen azken aldiz kamioia...
MOTORISTA: Ez dit balio.
(Motoan daraman motxila moduko batean hasten da miaketan, auskalo zeren bila).
ALABA: Galdu egin zara orduan?
MOTORISTA: Ba, bai. Ez dut bidea aurkitzen.
ALABA: Hau baboa! (Barrez esaten dio neskatoak, gogoz eta maleziarik gabe) Sabanan galtzea ere! Eguzkiak esaten dizu non zauden eta iparra non dagoen, zure itzalak markatzen du zer ordua den, lurrean utzitako arrastoek adierazten dizute nondik pasa zaren, urrutiko zuhaitz eta muinoak dituzu zure bidearen seinale, haizeak ere badaki bidea erakusten, hegaztien hegadak...
MOTORISTA: Tira, tira (Eten egiten dio motoristak), ez jarraitu: ni naiz sabana osoan galduta dagoen tontolapiko bakarra!
ALABA: Ziur gainera! (Barrez). Hemen inurriek ere badakite, zure kolkoan egun osoa eman eta gero, zulorako bidea aurkitzen.
MOTORISTA: Inurri bat baino baboagoa naiz orduan.
ALABA: Dudarik ez izan! (Maitagarri eta lotsagabeki esaten dio). Sabanan inurri batek bidea galtzea? Ez dut inoiz horrelakorik entzun!
MOTORISTA: Zer egingo dugu, ba?
ALABA: Eta nola lortu duzu hemen galtzea?
MOTORISTA: Gazela batek izan du errua.
ALABA: Gazela batek? Ja, ja! Ezin da! Azkarrak bai, baina inozoak ere badira horiek. Inor engainatzeko maleziarik ez dute eta!
MOTORISTA: Ba, gazela batekin nor baino nor azkarragoa ote zen jakin nahian galdu naiz.
ALABA: Nor baino nor azkarragoa ez dakit, baina nor baino nor inozoagokoan, lasai, berdinketa hor!
MOTORISTA: Aizu, neska, adarra jotzeko aukera txikiena ere ez duzu galtzen, ezta?
ALABA: Ja, ja... Erraza zara zu.
MOTORISTA: (Egiten ari dena utzi eta neskatoarengana hurbiltzen da) Rally batean parte hartzen ari naiz. (Ez ulertzearena egiten du neskatoak) Zera, Europatik abiatu eta Afrikan barrena moto lasterketa batean.
ALABA: A!...
MOTORISTA: (Inguruari begira) Maite dut honako hau bezalako lekuetatik igarotzen diren rallyak...
ALABA: (Ingurura begiratzen du zer edo zer berezirik bilatu nahian edo). Ez dakit... nahiko lasaia da hemengo bizimodua.
MOTORISTA: Ez, zera... leku exotikoak bilatzen ditudala esan nahi nuen nik...
ALABA: Ez dakit nahastu ez ote zaren orduan..., hemen oso arrunta baita dena: elefanteak eta lehoiak eta badaude hemen, bai, baina exotiko horietakoak ez, ez dut inoiz horrelakorik ikusi behintzat. Egia esateko, aspergarri samarra da hau; egun guztiak berdintsuak dira hemen, eta ez da inoiz ezer harrigarririk gertatzen... (Asperdura aurpegia jartzen du). Tira, zu agertu arte (Alaitu egiten zaio begitartea). Baina konta iezadazu zer gertatu zaizun gazela horrekin.
MOTORISTA: Eguzkia irten eta goiz-goizetik abiatu gara bidexketatik barrena abiadura bizian, gaurko etapa betetzeko. Bake lasaian zegoen dena. Eta han nengoen ni, natura erdian, konkistatzaile bat izango banintz bezala, aurretik inoiz pneumatikorik zapaldu ez duen lurrean bidea irekitzen, motoa eta ni bakarrik, biak bat eginda, gauza bera izango bagina bezala; gainean ni, hankartean bera, zentauro baten moduan... eta eguzkia zeruan gora...
ALABA: ...eta egunsentiko haize leuna... eta hegaztien kantuak... eta...
MOTORISTA: Hegaztien kantuak?... A! Bai. Pixa egitera gelditu naizenean entzun ditut. (Kontaketa jarraituz) Orduak eman ditut horrela, geldi gabe, motoaren gainean, planoan markatuta nuen ibilbidea xuxen-xuxen jarraituz. Baina, hara non, bat-batean sastrakatik atera eta gazela bat agertzen zaidan korrika pare-parean... Zurekin konparatuta ederragoa zein den erabakitzeko... mmm... ez dakit, berdinketa agian.
ALABA: Bai zera...
MOTORISTA: Gazela ikusi, eta berehala esan diot nire buruari, “Honi irabazi egin behar diot nik”; eta, ez dakit berak ulertu edo, dzas! ziztu bizian abiatu da bidezidor batetik korrika, ni atzean utziz. Hain atzean, ze, handik berrehun metrora edo, gelditu eta guzti egin da alproja hori, atzera begiratzeko. Azeleragailua sakatu, hortzak estutu eta haren atzetik abiatu naiz. Hori ikusi berak eta korrika hasi da berriz orduan, han, hirurehun metrotara berriro gelditu eta atzera begiratzeko! “Dedio’. Gazela zikin hori!”, pentsatu dut nire baitan, “Erraza naizela uste al duzu?”
ALABA: Ziur baietz! (Gogoz egiten du barre neskatoak) Zer pentsatuko zuen, ba, bestela?
MOTORISTA: Tira, ez dizut kontrakoa esango. Pozik aritu da jolasean behintzat nire kontura, korrika eta geldi, korrika eta geldi, horrela ez dakit zenbatetan. “Motorra erreko badut ere, harrapatu egin behar zaitut, pizti zikina!”. Eta halaxe egin dut, bai horixe, harrapatu egin dut! Baita gainditu ere azkenean, eta atzean utzi! Ja, ja! “Berriro makinak piztia gainditu!”, harro-harro begiratu dut atzera. Eta orduan, zera, ez dut gazelaren inongo arrastorik ikusi: desagertu egin da!... Bera desagertu... eta ni bidea aurkitu ezinean! Gazela madarikatua!
ALABA: Korri bai, gehiago korritu duzu... nora ez jakin, ordea. Horixe pena.
MOTORISTA: Bai, baina, aizu, ez errepikatu inori kontatu dizudana!
ALABA: Zer, ba? Lotsagarri gelditzeko beldur al zaude edo?
MOTORISTA: Lotsagarri? Ez, ez, nahiko lotsagabea naiz ni eta berdin zait hori... Baina ez dira hauek inolaz ere enteratu behar (Kamisetan agertzen diren bbva, Repsol eta abarrak seinalatzen ditu).
ALABA: Zeintzuk?
MOTORISTA: Hauek? Esponsorrak. (Eskuekin astintzen du kamiseta, hautsa kendu eta propaganda erakusteko) Bidean galtzearen benetako arrazoiaren berri izaten badute... akabo rallyak niretzat. Putre hauek! Etekina nondik aterako zain beti, mokokada bertan jotzeko.
ALABA: ...
MOTORISTA: Baina tira, zer egingo diogu, ba!... Putre zikin hauen lepotik egin ahal izaten dut benetan gustatzen zaidana. Nik haien propaganda egin eta haiek nire abenturak ordaintzen dituzte.
ALABA: Eta zer da gehien gustatzen zaizun hori?
MOTORISTA: Gehien gehiena?... (Ez du gehiegi pentsatu behar erantzuteko) Erantzuteko erraza da hori. Hauxe da, neska, eramaten dudan bizimodu erromantiko hauxe da gehien gustatzen zaidana! Errutina guztiak alboan utzita, ordutegiak apurtuta eta nagusirik gabe, moto gainean inork zapaldu ez duen mendi eta zelaiak zeharkatzea da zoriontsu egiten nauena...; guztiz libre eta planorik gabe ibili, haizearen laztana aurpegian sentituz, gasolina errearen usaina usainduz... Bai, horixe da nire buruarekin ondo sentitzeko behar dudana! (Arnas sakona egiten du) Eta egunaren bukaeran hondartza bakarti batera iritsi, eta bertan etzan eguzkia hartzera, biluzik, eguzkia itsasoan urperatu arte...
ALABA: Hondartza batean etzan eguzkia hartzera?
MOTORISTA: Bai. Luze-luze etzanda eta begiak itxita...
ALABA: (motoristak esandakoari jarraituz, etzan egiten da neskatoa lurrean eta begiak itxi). Eta zer gehiago duzu gustuko?
MOTORISTA: Abentura maite dut, eta arriskua, eta...
ALABA: (Etenaz) A, bai, badakit nik arriskua eta abentura zer den... Nire amak ere abentura egiten du (Serio-serio lurretik eta begiak ireki gabe)
MOTORISTA: Bai?
ALABA: Nola ez, ba? (Harro). Ni hemen amonarekin utzi eta Europara abiatu zenean horrela esan zidan: “Orain amonarekin geratu beharko duzu, baina abentura hau ondo ateratzen bada laster bueltatuko naiz zure bila, zu nirekin hara eramateko; ikusiko duzu zein ederra den hura!”... Eta txalupa batean egin zuen bidaia! (Tonua aldatuz bat-batean) Aizu, nire ama ikusi al duzu?
MOTORISTA: Non?
ALABA: Europan, noski.
MOTORISTA: (Irriņo gozo bat egiten du, neskatoaren xalotasunak eraginda) Ez, ez dut uste inoiz ikusi dudanik. Jende asko dago han (Motxilan arakatuz berriro).
ALABA: Aizu... (Lurrean etzanda dagoen bezala, burua tente-tente altxa eta galdetzen dio) Eguzkia hartu eta zera honetan... aizu, ba al dakizu zuk atsegina edo gozamena edo dena delakoa noiz hasten den?
MOTORISTA: Beltzaran jartzeko hartzen du eguzkia jendeak.
ALABA: Beltzaran jartzeko! Banengoen ni, ba... ematen zuena baino endredo gehiago bazegoela hemen! (Putzura erori den katua bezala altxatzen da neskatoa lurretik) Asko aspertzen zarete europarrak, ezta?... Horrela, hondartzan etzanda eta begiak itxita dibertitzeko esan nahi dut...
(Kutxatxo bat ateratzen du motoristak motxilatik. Kutxa ireki eta aparatu bat atera).
ALABA: Zer da hori?
MOTORISTA: Hau?... Larrialdietarako baliza da. Zerbait gertatuz gero, istripu bat, edo, niri gertatu zaidan bezala, galtzen baldin bazara, orduan botoi hau sakatu... (Piii-piii moduko seinale bat egiten du sakatzen duenean), eta, listo, laguntza-abisua bidaltzen du nire bila etor daitezen.
ALABA: Benetan uste duzu norbaitek entzungo duela zarata txiki hori?
MOTORISTA: Ez, txistu txiki hori ez, baina honek bidaltzen duen seinalea satelite batek harrapatuko du eta horrela jakingo dute non nagoen. Orain itxaron besterik ez dut egin behar, nire bila etorriko dira azkar asko.
ALABA: Eta sateliteak ez badu harrapatzen?
MOTORISTA: Ez arduratu, harrapatuko du. Hor dabil, goi-goian bueltaka (Zerurantz seinalatuz).
ALABA: Ziur? (Zerurantz begiratuz) Kaixo satelite, hemen gaude! (Erantzunaren zain edo geratzen da begira) Ez dakit, ba.
MOTORISTA: Baietz, ziur!
ALABA: (Satelitearekin hizketan) Dena dela atzeratzen bazarete, zuek lasai, nik zainduko dut bitartean. Amonaren etxolan espero zaituztegu.
MOTORISTA: Eskerrik asko, umea (Irriņoz).
(motoristak esku batean motxila eta bestean kaskoa, etxolarako bidean abiatzen dira).
ALABA: Konta iezadazu, ba, nongoa zaren, eta zer egiten duzun eta hori dena (Dena jakiteko irrikaz neskatoak).
MOTORISTA: Nongoa naizen? Ba, ez dakit... gaur hemen, bihar han... munduko hiritarra naizela esango nuke nik.
ALABA: A... ez, ni ez naiz munduko hiritarra (Pena puntu batez, agian). Ni... ez dakit, hemengo hiritarra izango naiz agian; ez naiz inoiz inora joan eta!... Egia esateko, ez dakit hemengo hiritarra ere ote naizen...
MOTORISTA: ...Baina, jaio, Euskal Herrian jaio nintzen.
ALABA: A!... (Dudazko begirada batez) Eta munduan al dago hori?
MOTORISTA: Egongo ez da, ba! Han, Europan, itsasoaren izkina batean.
ALABA: Eta... eta zer egiten duzu han?
MOTORISTA: Zer egingo dut, ba? Guztiok egiten duguna, jakina... ahal den lan gutxiena egin eta ahal den ondoena pasa. “Bizi ezazu zure bizitza eta gozatu”, hori da nire lema.
ALABA: A! (Pentsakor) Bai, baina desberdina da nire kasuan. Nola esango nizuke... konplikatuagoa.
MOTORISTA: Zergatik, ba?
ALABA: Zergatik?... Ba, ez dakit ulertuko duzun, baina nire bizitza ez da nirea bakarrik (Keinu arraro batez begiratzen dio motoristak) Ikusten? Abisatu dizut zaila zela zuk ulertzeko. Tira, saiatuko naiz esplikatzen. Begira, nire aitonaren aitonari haren aitonaren aitonak ipuin bat kontatu zionetik, ba... gauzak konplikatu egin ziren apur bat niretzat. Ordudanik, nola esango nizuke... nire bizitza ez da nirea bakarrik, beraiek ere bizi baitira nolabait nire barruan nirekin... nire memorian alegia.
MOTORISTA: ...
ALABA: Bai, horrela dela esaten dit nire amak, “Kolkoan daramatzazu arbasoak, eta noizbait ahazten badituzu orduan bakarrik hilko dira”, horrela esaten dit, eta berak asko daki, nire amak (Harro-harro). Bai. Baina ez pentsa hor amaitzen denik asuntoa; ez, ez, askoz konplikatuagoa da. “Eta, aurrekoarekin batera, ez ahaztu zu zure ondorengoen arbasoa zarela dagoeneko, eta, beraiek oraindik jaio ez arren, beraiengan bizi zarela jadanik eta beraiek zugan”, esaten dit amak. Ulertzen duzu, ezta? Hau kate bat dela, eta, nire aurrekoen kateari jarraituz, ni ere nire ondorengoen memorian biziko naizela, eta, orduan, ni haiengan bizirik nagoen moduan haiek ere bizirik daude nigan; neurri batean, behintzat, dagoeneko... seguru asko (Haria galdu ote duenetz ez oso ziur, baina tira) Tira, azkenean kontua zera da, koadrila dezente biltzen garela nire kolkoan! (Labirintotik nolabait atereaz). Horregatik esaten nizun nirea konplikatuagoa dela: zuretzat “nire bizitza” dena, “gure bizitza” da niretzat. Eta hortxe endredoa, pausu bat eman baino lehen nire baitako guztiak jarri behar ditut ados.
MOTORISTA: Zera... (Entzundako guztia gehiegi asimilatu gabe) Eta aldean eramaten duzu beti koadrila hori paseoan?
ALABA: Bai, beti ondoan, aurrekoak eta atzekoak, arbasoak eta ondorengoak, leinu guztia ene baitan.
MOTORISTA: Karga handia, ezta?
ALABA: Baita laguntza handia ere, ez pentsa (Isilik geratzen da) Aizu, zure aitonaren aitonari haren aitonaren aitonak...
MOTORISTA: Tte, tte, tte... Ez dut haren arrasto txikiena ere nire memorian. Ezta, are gutxiago oraindik, nire balizko ondorengo horiena ere.
(Amonaren etxolara iritsi eta barrura sartzen dira. Sartzean, orain arte itzalpean egon den eszenatokiaren zatia argitzen da berriro, baina ez hasierako argitasun itzaltsuarekin, ez, egun argiko etxola barneko argitasun arruntari dagokionarekin baizik. Kamaina ikusten dugu, banku bat eta agerraldi honen hasieran erdikusi ditugun bestelako objektuak. Aldi berean, eszenatokiaren beste zatian, orain arteko eguzki argitasun distiratsua itzali egin da, kanpoko paisaia, motoa eta bestelakoak ezkutatuz).
ALABA: Ikusten? Hau da nire amonaren etxola! (Harro erakusten dio) Hemen bizi naiz ni! Eta begira... (Kamainaren ondoan makurtu eta haren azpikoan arakatzen hasten da, han ezkutatuta dagoen zer edo zeren bila. Bat-batean, anabasa hartan espero ez genuen koaderno zuri bat ateratzen du) Ez, hau ez! (Azkar ezkutatzen du berriro, koaderno hura inork ikusi beharko ez zuen gauza bailitzan) Begira! Hauxe da nire amonak oparitu zidan panpina! (Plastikozko panpina bat atera du kamainaren azpitik azkenean, eta harro erakusten dio. Lurretik arrastaka askotan ibilitakoa nonbait, zikin-zikinak ditu oinak, urratua soinekoa, harrotua eta kolorea galdua garai batean hori-horia izandako ilajea) Ikusten? Ilea hori-horia eta azala txuri-txuria, lehen esan dizut!
MOTORISTA: A! Ezagutzen dut nik hau. Hau Barbie da. (Motxila eta kaskoa lurrean utzi, eta listuan behatza bustiz, panpinaren oinaren azpikoa igurzten du)... Edo Barbieren arreba sasikoa hobe esanda, “Made in Taiwan” esaten baitu hemen.
ALABA: Ez, oker zaude! Hau ez da zuk esan duzun “made in ezdakitnon” hori (Haserre antzean erantzuten dio), “Panpina” du izena honek. Izen bakarra. Izenak, panpina bat baino gehiago dauzkazunean jarri behar dira soilik, ez al dakizu hori? (Eta eskuetatik kentzen dio) Zatoz nirekin, panpina, zer jakingo du horrek... Sasikoa, bera izango da sasikoa! (Bularraren kontra estu-estu hartuta).
MOTORISTA: Zure amona ez dago?
ALABA: Ez, kafe-sailetara joatear zegoen ni atera naizenean. Bertara joaten da lan egitera uzta garaian. “Zure aitonak esaten zuen bezala, ahal duen neurrian egiten ez duenak ez du inoren estimua merezi, umetxoa”, esaten dit beti (Zahar baten ahotsa imitatuz neskatoak). “Hala esaten zuen nire gizonak”, gehitzen du gero, “Eta gogoratu hori, arbasoak, ahazten dituzunean hiltzen dira bakarrik, ez lehenago”. (Isilune txikia) Kafe-sailetara joango naiz ni ere agian lan egitera handia naizenean... edo Europara, oraindik ez dakit.
(Etxolatik paseatzen da motorista, bertan dauden eguneroko gauzak begiratuz, liluratuta, zumezko otarreak eskuetan hartuz, kutxatzar zaharren egur higatua laztanduz... Etxolaren erdian, sabaitik zintzilik belar ihar sorta bat dago. Haren usainak erakarrita bertara hurbiltzen da motorista).
ALABA: Belar usaintsuak dira. (Cicerone moduan) Asko maite ditu amonak. Berak bakarrik ezagutzen dituen bazterretan bilatzen ditu, bere sekretua da hori.
MOTORISTA: (Eskua luzatu, belar sortatik adartxo bat hartu, eta, hatzekin zapalduz, esku-aurrean txikitzen du. Gero, sudurrera eraman eta sakon hartzen du arnasa) Benetakotasunaren usaina dauka honek! (Arnasa hartzen du berriro) Badakizu?... Bat-batean, pelikula bateko protagonista izango banintz bezala sentitzen naiz hemen, urrutiko bazter honetan galduta, Panpina izeneko panpina duen neskatxak salbatua... Krokodiloren bat falta da soilik, bestela, ametsezkoa ematen du denak hemen.
ALABA: Jakina! Hau amets bat da eta! Sukar ametsa bada ere... Baina kontuz, ez zaitez nahastu, hau nire ametsa da. Eta hemen neu naiz protagonista bakarra: La neska!... Tira, zu ere bai, ez naiz ahaztu... (Oraindik bularraren kontra duen panpinarekin hizketan) Panpina eta biok gara hemengo protagonistak, bai horixe! (motoristari orain) Eta zu... zu, ez dakit, efektu bereziren bat izango zara... (Eta panpina belarrira hurbilduz, honek zer edo zer xuxurlatzearen planta egiten du) Horixe baietz, panpina, egia diozu, horixe bera pentsatzen dut nik... (motoristari berriro) Zu memoriatik ateratako pasarte zahar bat besterik ez zara izango.
MOTORISTA: Flashback esaten zaio horri.
ALABA: Guri bost axola zer izena duen, ezta? (Panpinari, eta baietz erantzuten dio honek bere plastikozko gorputzaren mugimendu dorpe batez)
(Bat-batean, despentsa moduko baten apal batean, beste erretilu eta katiluen ondoan jarritako ontzi berezi batek erakartzen du motoristaren arreta. Meatzari-kasko bat da. Eskuetan hartzen du kontu handiz, zerbaitez beteta baitago).
ALABA: Aitonaren kaskoa zen. Artatxikia dagoenean bertan gordetzen du amonak, gero irina egiteko... eta gero berak inork baino hobeto egiten dakien talo gozoa egiteko. (Belarrira hitz egiten dio berriro panpinak, ahopean, kontutxoren bat esateko edo) Zuk ez esan ezer, panpina, (Errieta txiki bat egiten dio panpinari), zuk ez baituzu inoiz probatu, nik askotan eskaini arren. (motoristarengana bueltatuz) Probatu egin beharko zenuke nire amonak egiten duen taloa, munduko talorik gozoena da eta!
MOTORISTA: Txorizoekin jaten dugu gure herrian taloa, tipikoa da.
ALABA: Txorizorik gabe jaten da hemen, egunerokoa da.
MOTORISTA: Meatzari-kasko bat da.
ALABA: Bai, “Zomorroek bezala egiten zuen lan zure aitonak”, esaten du amonak, “lur azpiko zuloetatik barrena”. Meategi batean lan egiten zuen, kobrea izeneneko metal bat ateratzen... Egia esateko, ez dakit nik zer den kobrea edo zera hori.
MOTORISTA: Kobrea? Nonahi erabiltzen da, barra-barra gainera. Nire motoaren motorra egiteko adibidez, edo argindarra etxeetara eramateko, edo... tira, beste gauza askotarako.
ALABA: Ba, hemen ez, hemengo etxoletan ez dago argindarrik. Ez dakit... errebelde samarrak izango ziren agian hemengo meatzariak, greba egin... eta horregatik izango zen agian. “Meatzariek lana bertan behera utzi, eta horregatik ez dago kobre nahikorik argindarra honaino ekartzeko”, halaxe esaten zuten egunkarietan, behintzat... Hura amonak hartzen zuen amorrua orduan, hura entzutean! “Gezurti zikinak!”, esaten zuen (Hau entzunda, aurrez aurre jartzen zaio eskuetan duen panpina, errebelde itxuran edo). Bai, halaxe esaten zuen amonak, gezurra zela, eta ez begiratu horrela, tuntun hori! (Errieta egiten dio panpinari) Ze, askotan entzuna diot amonari, “Ezetz, baldintza haietan ez zutela lan gehiago egingo, eta ez zutela sagu-zulo haietara bueltatzeko inongo asmorik”, horrela esaten zuten meatzariek. Eta misterrengana joan ziren orduan eta horixe bera esan zieten misterrei, ez zutela lan gehiago egingo. Eta greba egin zuten, horixe bera egin zuten, luze-luzea gainera. (Panpina, kikildu beharrean, gero eta gobernagaitzago dago) Hara tuntun honek esaten duena! Entzun diozu? (motoristarengana bueltatu eta galdetu dio).
MOTORISTA: Ba, ez, egia esateko ez... (Irribarrez begiratzen du motoristak neskato eta panpinaren arteko eztabaida) Nire arreba bai, baina ni ez naiz inoiz oso ongi moldatu panpinen hizkuntzarekin...
ALABA: (Errietan panpinari) Ai, tuntun hori... Egunkarietatik data sinestu behar da bakarrik, eta ez egunero! Baina zuk ez, zuk dena sinestu eta aldrebes ulertu gainera! (motoristari orain) Ez du, ba, tuntun horrek esaten misterrek gehiegi ordaintzen zietelako egingo zutela greba langileek? ...Eta meatzariek ez zutela agian horrenbesteko soldatarik nahi, eta horregatik ez zeudela konforme? (Harriduraz begiratuz panpinari) Zu, zer? Jatorrizko Barbie al zara edo? Hain misterren aldekoa izateko?!... Ezetz, tuntuna, guztiz kontrakoa gertatzen zen, hain zuzen; gutxiegi ordaintzen zietela meategiko misterrek, alegia. Eta ez hori bakarrik, txarrena zera izaten zen, sagu-zulo haietan harrapatuta geratzen zen lagun kopurua, hori bai gehiegizkoa, eta hilik ateratzen zituzten gero handik... edo ez zituzten inoiz ateratzen askotan... Asko haserretu ziren meatzariak horregatik eta greba egin zuten orduan langileek: ez zutela horrenbesteko hildakorik nahi, eta misterrek kobrea nahi bazuten, ba, joan zitezela beraiek ateratzera, horixe bera esan zieten, tuntun hori! Eta ez esan kontrakoa, bertatik bertara ezagutu bainuen nik den-dena. (Tonua aldatu eta motoristari esplikatzen dio gozo-gozo) Ze, nire aitona hil zenean nire amaren sabelean bizi nintzen ni orduan, eta hurbil-hurbiletik entzun eta jakin ahal izan nuen meategiaren inguruan gertatutako guztiak. “Guregatik eta ondorengoengatik egin behar dugu greba”, oihukatzen zuen aitonak langileen batzarretan, kaxa baten gainean igo, eta handik. Ze, nire ama ere joaten zen, beste jende asko bezala, aitona entzutera; eta adi-adi egoten ziren denak eta ados zeuden aitonak esaten zuenarekin, bai horixe. Eta horregatik dakit nik, ama ere joaten zelako eta ni barruan... horrexegatik dakit aitona nola hil zen eta hura guztia.
MOTORISTA: Lur-jauziren batek harrapatu al zuen zure aitona?
ALABA: Grebarekin amaitzeko meategiko misterrek bidalitako guardiek hil zuten. Langileak batzarrean zeuden egun batean guardiak agertu eta “Lanera bueltatzeko!” agindu zieten. Eta “Ezetz” erantzun meatzariek. Eta hura gertatu zen sarraskia!... Balaz harri eta makilen kontra. Orduan sortu zitzaion amari alde egiteko asmoa, hemen bizitzerik ez zegoela esaten zuen. Barru-barrutik jakiten nituen nik haren pentsamendu guztiak. “Ez dut hau zuretzat nahi, ene loretxo maitea”, horrela esaten zidan berak, loretxo, badaezpada, oraindik ez baitzekien neska ala mutila ote nintzen. Goxo-goxo nengoen ni haren triparen barruan. Batez ere, bere tripa laztantzean, kopetan kilimak egiten zizkidanean. Eta nik pozik, jakina, fereka haiek sentitzean. Bere tripan ostiko txikiak emanda erantzuten nuen nik orduan, eta bere eskuak laztantzen nituen horrela. Esan ez nion ezer esaten, hori ez; oraindik hizketan ez bainekien, jakina, zuri gertatzen zaizun bezala, ene panpina. Ez zuen horrek axola, hala ere, ederki baitzekien asmatzen nire pentsamenduak, eta bere ahotsean jartzen zituen gero nik orain zure pentsamenduekin egiten dudan moduan. Eta bera ere pozik orduan... Nahiz eta apur bat triste ere bai, “Ez dut hau zuretzat nahi, ene loretxo”, errepikatzen zuen, “Alde egin behar dugu hemendik. Hirira joango gara, han dena izango da posible guretzat”. Eta hara joan ginen, bai, ni jaio eta gero, hirira, amona hemen bakarrik utzita. (Maite-maite egiten dio panpinak neskatoari) Tira, egia diozu, panpinatxo... bakarrik ez, aitonaren kaskoaren konpainian.
(Isilik geratzen dira momentu batez bai neskatoa bai motorista. Baita panpina ere. motoristak apurtuko du isiltasuna).
MOTORISTA: (Inguruko gauzei begira, tonu barnerakoiagoz) Ez dakit... orain zu hemen hain fresko eta jator ikusi eta... inguru hau... ez dakit, tontakeria bat izango da agian, baina hemen gezurrik ez dagoela ematen du, den-dena bene-benetakoa izango bailitzan... Ez gurean gertatzen den bezala, han dena itxurazkoa baita.
ALABA: (Harrotasun faltsu batez erantzuten dio, erdi barrezka) O! Jakina! Konparatzerik ez dago, gainera.... Askoz zintzoagoak gara hemengoak! ...Klimaren ondorioz izango da hori, noski, eta horregatik...
MOTORISTA: (Burlari kasu egin gabe) Ez, benetan ari naiz... Ze, azkenean, zer naiz ni? (Filosofia egiteko minutua iritsi zaiola ematen du).
ALABA: Zu? Flashback omen zara, ezta? “Flashback, sateliteekin hitz egiten zuen gizona”, to! (Film baten titulua izango bailitzan egiten dio burla) Baina, tira, ez engainatu zure burua... nire memoriatik ateratako pasarte zahar bat baino ez zara.
MOTORISTA: Ez. Benetako egia esango dizut nik: ni, munduan beste asko bezala, txotxongilo bat besterik ez naiz. Hori da egia bakarra. “Rallyetako motorista”, horra hor nire grazia. Heldugabekoentzako ikuskizun batean erabili eta bota egiten den piezatxo bat, Erromako zirkoan gladiadoreak edo lehoiak ziren bezala, baina telebistan agertuta oraingoan. Lehen enperadoreak eta orain esponsorrek, hori da aldaketa bakarra. Ikuskizunaren beharren arabera erabiltzen duten piezatxoa publikoari bazka emateko... Zure panpina bezalakoa naiz (Isilune bat. Isilune filosofikoa, noski, minutu erdia falta baitzaio oraindik) Bat-batean, zure ondoan eseri hemen eta zera galdetzen diot nire buruari: nik eskuetan panpina bat izango banu, zer arraio esango zidan panpina horrek? (neskatoarentzako baino bere baitarako egiten du)
ALABA: Aizu, ergela ez izan, gurea antzerkia da eta honek nik nahi dudana baino ez du esaten (Baietz egiten du panpinak buruarekin) Baina, tira, agian zure kasuan kontrakoa litzateke, zure eskuetan panpina bat izango bazenu... (Pikaro-pikaro) baietz berak pentsatutako guztia zuk errepikatu mantso-mantso! ...Zera, teatrorik egin gabe esan nahi dut.
MOTORISTA: (Irriņo batez baina txantxari erantzun gabe) Antzerkia edo... ez dakit... (Hitzak azkarregiak izango bailiran, edo bera motelegia, oraindik esaldiaren erdian trabatua egongo balitz bezala hitz egiten du) Momentu honetan panpina bat eskuetan izanez gero, agian..., agian abiadura ez dela nik benetan maite dudana xuxurlatuko zidan belarrira. Eta benetan maite dudan hori bilatzeko, nire tokitxoa bilatzeko, alegia..., munduan txoko bat niretzat... Auskalo, hemen geratzeko esango zidan agian panpinak... Ez litzateke ideia txarra izango, hemen bene-benetakoa baita dena... Bai, hauxe izan daiteke nire tokia...
ALABA: Hemen geratu? Zenbat? Hamar egun? Hamabost, agian? Hemengo benetakotasunaz aspertu arte? Edota argazki karretea bukatu arte? Ez dakit, gainera, konturatu zaren, baina hemen ez dago Koka Kolarik... atera kontuak hortik! (Berealdiko maltzurkeriaz bota du neskatoak, bera bezalako mukizu bati ez dagokion maltzurkeriaz) Barkatu, ez nuen hori esan nahi... (Bere buruaz harrituta, oker begiratzen dio panpinari) Ez dakit, ba, arrazoia ez ote duzun izango! Agian gurea ere ez da teatro, ez beti behintzat, eta, batzuetan, panpinak erabiltzen nau berak esan nahi duena nik esateko! (Errieta bakarrik ez, hanketatik hartu eta, klonk, klonk, klonk, lurraren kontra jotzen du panpina) Ba, ez pentsa gehiago erabili beharko nauzunik zeureak esateko! (Klonk, klonk, klonk. Lasai geratzen da gero neskatoa) Dena dela, (motoristari) benetan hemen geratu nahi baduzu, erraza duzu hori: esaiozu zure satelite horri zure bila ez etortzeko! Ez etortzekoooo... (Oihuka zeruari begira).
(Bat-batean, urrutiko burrunba txiki bat entzuten da, gero eta azkarrago hurbiltzen dena. neskatoak ez du identifikatzen burrunbaren jatorria, motoristak bai, ordea).
MOTORISTA: Berandu da, neska, hemen datoz nire bila. (Kito, bukatu da filosofatzeko minutua).
ALABA: Zein? Satelitea?
MOTORISTA: Ez... (Irribarrez) Helikopteroa.
ALABA: A!... (Isilik geratzen da, pentsakor) Eta, zera... helikoptero horren motorra ere kobrez egina al da, zure motoarena bezala?
MOTORISTA: Jakina, motor guztietan erabiltzen da kobrea.
ALABA: Orduan... baliteke zure motoaren motorra nire aitonak ateratako kobrearekin egina egotea... edota helikopteroarena!
MOTORISTA: Tira... ezinezkoa ez da.
ALABA: Hau marka! Orduan, ez bakarrik aurreko eta ondorengoengan, baita motorretan ere bizirik dago nire aitona!
MOTORISTA: (Ulertu gabe) Nola motorretan?
ALABA: Nola ez, ba? “Egiten ditugun gauza guztietan jarraitzen dugu bizirik” errepikatzen dit beti amonak.
MOTORISTA: (Harriduraz) A! Hemengo legea baldin bada, orduan bai, motorren batean ere bizirik egongo da zure aitona.
ALABA: Amonari kontatu beharko diot bueltatzen denean, ez dut uste berak jakingo duenik. Ezta burutik pasa ere!
(Helikopteroaren zarata gainean dago. Ateraino hurbildu eta kanpora begiratzen du motoristak. Alaitu egiten zaio aurpegia. Atzera jo, motxila hartu, eta ate aldera joaten da irteteko asmoz).
MOTORISTA: Beno, joateko garaia iritsi da.
ALABA: Aizu!... Kaskoa ez ahaztu.
MOTORISTA: A!... Tira, ez du inporta. Hori zure amonarentzako utzi, opari bat da, probetxuren bat nola atera ederki asmatuko baitu berak.
ALABA: (Kaskoari begira geratzen da neskatoa). Bai... agian pixontzi moduan erabiltzeko baliagarria izan daiteke...
(Kanpora ateratzen dira hirurak, motorista, neskatoa eta panpina. Etxola barruko argia itzali eta kanpokoa piztu egiten da. Eguzkia goi-goian, motoa utzita zuten tokiraino iristen dira. Ikusi ez arren, zain dago han helikopteroa, motorista igo eta aireratzeko prest)
MOTORISTA: Bada...despeditzeko garaia iritsi da, neska... (neskatoari begira. Apur bat hunkiturik daude biak, berriz elkar ikusiko ez dutela ongi baitakite) Ez dakit... (Zer esan behar duen asmatu ezinean) ...noizbait Euskal Herrira bazoaz, ba, nire etxera etorri... txorizorekin eskainiko dizut taloa, Santu Tomas egunean bezala.
ALABA: Ba, bai... (Zer esan edo zer egin behar duen jakin gabe honek ere) ...gustatuko litzaidake niri ere...
MOTORISTA: Itxoin... (Ongi despeditzeko ideia izan du. Propagandaz betetako kamiseta erantzi eta neskatoari oparitzen dio) Hartu opari hau... bitartean nitaz ez ahazteko.
(Aho zabalik geratzen da neskatoa oparia ikusita, sinestu ezinean. Panpina lurrera bota eta kamiseta hartzen du, panpinak barkatzen badakiela ederki baitaki neskatoak. Gero, begiak begi zuloetan sartu ezinik beti, motoristaren laguntzarekin janzten du kamiseta, daraman soineko zaharraren gainean).
ALABA: Begira!... (Eskuekin ahal duen gehiena zabalduz eta buelta oso bat emanda erakusten dio kamiseta lurrean dagoen panpinari. Sissi enperatriza sardina-saltzaile baten pare geratuko zen neskatoaren ondoan. Ederki ikusten ditugu anagrama guztiak orain: bbva, Repsol, Telefonica... eta, bai, badugu orain ziurtatzerik, expal-en anagrama ere agertzen da, letra handitan. Hauxe da, hain zuzen, neskatoaren arreta gehien erakartzen duena. Goibeldu egiten zaio aurpegia) Hau... ezaguna dut nik hau.
MOTORISTA: Bai? “Explosivos Alaveses” esan nahi du horrek.
ALABA: (Panpina lurretik jaso eta bularraren kontra estutzen du) Ez dakit zuk aipatu duzun flashback edo dena delako horren barruan tranpa izango ote den. Baina ametsetan ez, ametsetan oraindik gertatu ez den gertakari bat gogora ekartzea ez da tranpa, ez horixe...
MOTORISTA: ...?
ALABA: (Serio hasten du gertaeraren kontaketa) Ama Europatik bueltatu eta handik gutxira gertatuko da nik orain kontatuko dizudana. Hau bezalako egun argitsu batean izango da. Amona kafe-sailetatik bueltatzean gertatuko da, hain zuzen. Beti bezala, herrixkako beste gizon eta emakume batzuekin berriketan egingo du amonak bueltatzeko bidea. Bat-batean, bidetik apartatu eta sasitzara sartuko da, belar usaintsuen bila agian, askotan egiten ohi duen moduan. Hori pentsatuko dute behintzat haren lagunek, eta bidea jarraituko dute, atzetik etorriko delakoan gero, berritsu eta alai belar sorta handi batetik eskukada txikiak banatuz guztien artean. (Eszena bertatik bertara ikusiko balu bezala kontatzen du eta, kontatu bitartean, irriņo gozo bat agertzen zaio ezpainetan. Bat-batean serio-serio jartzen da berriro) Leherketa bat entzungo dute handik eta laster. Korrika hurbildu, eta hilda aurkituko dute... mina batek harrapatu eta bertan seko utziko baitu nire amona gizajoa. Lagunek minaren karkasa emango diote gero nire amari. Bertan letra horiek agertuko dira, expal... Nik neuk ikusita gertatuko da hori guztia.
(Helikopteroaren helizeak martxan jartzen dira berriro, zarata gero eta handiagoa da. Alde egiteko seinalea da hori motoristarentzat. Motoari bultzaka, ikusten ez dugun helikopterora igotzen du. Gero, neskatoarengana bueltatzen da muxu bat emateko).
ALABA: (Soinekoetan kabitu ezinik, edozein Errauskine printzearen ezkontidea aukeratzeko gala-dantzaldian baino urduriago dago) Barkatu, panpina, baina musuak protagonistarentzat izaten dira beti. Pa-la-neska! (Bizkarraren atzean ezkutatzen du, zeloak urtuta plastikoa kaltetu ez dadin edo).
(Eszenatokitik ateratzen da motorista abiatzear dagoen helikopterora igotzeko. Zarata handia da. Helizeek harrotutako haizeak neskatoaren soinekoak astintzen ditu. Pausu bat atzera emanez, eskuarekin agur-agur egiten dio matxinsalto baten moduan aireratzen ari den helikopteroari).
ALABA: Agur, agur, motorista jauna, agur... ikusi arte (Eta panpinarengana bueltatuz) Egiozu agur-agur, tuntun hori! (Eta, esaneko, agur-agur egiten dio panpinak ere).
(Joan da helikopteroa. Isiltasuna nagusitzen da berriro. Isiltasun ilun horietako bat. Isil-isilik, etxolara itzultzen da neskatoa. Etxolan sartzen denean kanpoko argi distiratsua itzali eta barneko argitasun arrunta pizten da. Etxolan gaude berriro, zumezko otarreak apalean, belar usaintsuak zintzilik, kutxatzarrak, kamaina... Kamainan etzaten da neskatoa eta bertan jarduten du jolasean bere panpinarekin, entzuten eta ulertzen ez dugun berriketa batean. Pixkana pixkanaka, ia konturatu gabe, argia itzaliz doa, gero eta ahulago, gero eta meheago. Ia ez da ezer ikusten neskatoak panpina kamainaren azpian ezkutatzen duenean. Foku bakar batek argitzen du eszenatokiaren zati hori. Foku alferra egia esanda, ilargiak berak gehiago argituko baitzuen, bai horixe. Sukar ametsa bukatu da. neskatoaren eldarnioak eragindako marmarra da entzuten dugun soinu bakarra. Iluntasunak foku alferra itzali eta beretzat hartzen du eszenatokia).