Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
[aurkibidea]

 

(Sakelekoak itzaltzeko lehenengo abisua entzuten da. Handik gutxira, oihala altxatzear dagoela, abisu bera errepikatzen da bigarren aldiz)

 

 

1. AGERRALDIA

 

(Saharaz beherako Afrikan gaude. Hiri handi samar horietako baten inguruan sortutako auzo pobreren batean seguru asko. Hiriak erakarritako mota guztietako jendea pilatzen da bertan, atzean utzitakoa baino hobea izango den bizimodu berri baten bila etorritakoa. Gehienak, ordea, atzean utzitakoak baino hobeak ez diren etxola ziztrinetan bizi dira. Etxola horietako baten barruan gaude, hain zuzen.

Duela gutxi argitu da eguna. Etxolaren barrualdea erdi itzaletan dago. Izkina batean kamaina bat antzematen da lurrean. Gaixo dagoen neskato bat dago bertan etzanda. Ia ez dugu ikusten baina artega dirudi, ezinegonean eta hotzikarak hartuta. Neskatoak, zutik ikusiko bagenu, rallyetako motoristek eramaten ohi dituzten propagandaz betetako kamiseta koloretsu horietako bat janzten duela ikusiko genuke; guztiz zahartuta dagoen kamiseta koloretsua, hori bai. Urraduren artean, mota guztietako anagramak antzemango genituzke bertan, Repsol, bbva, Telefonica, Novartis... expal enpresarena ere ikusiko genuke agian tolesturaren baten anparoan...

Zarata ez ateratzeko kontu handiz, bidoi bat dakarren emakume bat sartzen da etxolan. Ezin dugu asmatu zer dakarren bidoian, baina, edukia edozein izanda ere, beteta dagoela ematen du. Ez dugu emakumea gaztea denik esango baina ez da inolaz ere zaharra. Herrena ematen du. Haren ibilera arraroa da behintzat, mina izango balu bezala. Arnasketa estutua dakar, eta urratuta soinekoa, zikinduta. Neskatoak ez ikusteko moduan beti, bidoia bazterrean utzi eta soinekoa aldatzen du)

 

ALABA: Ama, hor al zaude?

AMA: Bai, umetxoa, ni nauzu. (neskatoarengana hurbiltzen da). Zer duzu, ba, zure begitxo polit horiek horren zabal-zabalik irekita edukitzeko?... Tximeleta eder baten hegoak dirudite, ene kuttuna, zure begiak kliskatzen dituzunean.

ALABA: Beldurrak nago, ama. Har nazazu zure besoetan (Larritasunez esaten dio).

AMA: Zeren beldur dago, ba, nire laztana?

ALABA: Dena gertatzen zait beldurgarri, ama. Ez dakit, zu nire ondoan ez egotea... edo etxola honen argi-itzalak... edota dar-dar jartzen nauten hotzikara hauek... Bai, hotzikara hauek dira batez ere. Badakizu? Barruan matxinsaltoak izango banitu bezala... salto eta salto gelditu gabe.

AMA: (neskatoaren kamainaraino hurbildu eta eskua jartzen dio kopetaren gainean). Sukarra da, ene umetxoa, sukar gaizto bat besterik ez (Lasaitasun behartu batez esaten dio). Ipuin polit bat kontatuko dizut matxinsalto ziztrin horiek guztiak uxatzeko eta ikusiko duzu zein azkar sendatuko zaizun sukar hori.

ALABA: (amak esandakoa ia entzun gabe). Ez, ama... Ni umetxo bat besterik ez naiz, baina... baina beldur naiz ez ote den izango hau zurekin hitz egiten dudan azken aldia.

AMA: Ez esan hori, maitea, ez esan hori. (Kamainatik urrunduz, atzealdean dagoen sutondotik txarro bat hartzen du). Egin ezazu lo txiki bat orain, ene laztana, ni putzura noan bitartean. Gu biontzako ura ekarri behar dut eta.

ALABA: Ez, ama, ez dut lorik egingo. Nahiago dut begiak irekita eduki... Batek daki lo txiki baten mozorropean lo handia ez ote den ezkutatzen.

 

(Txarroa buruan daramala, emakumea ateratzen da. Atera baino lehen, zangotik behera irristatzen zitzaizkion odol tanta batzuk garbitu egiten ditu zapi zahar batekin).