3. AGERRALDIA
(Mota guztietako merkantzien salerosketatan aritzen den biltegi zulo baten atzealdean egon gaitezke. Nahas-mahasean pilatuta, denetatik topa daiteke bazterretan: bizikleta eta autoentzako ordezko piezak, ehunak, baratzean aritzeko lanabesak, telebistak, arropak, ordenagailuak... auskalo zenbat gauza gehiago aurki daitezkeen bertan ondo arakatuz gero!
Botila bat garagardo ondoan duela, gizon beltz bat dago zurezko mahai txiki baten aurrean eserita. Merkantzien inbentarioan ari dela dirudi. Halako batean, mahaitik altxa eta bazterreko fardel multzo batera hurbilduz, patrikan daraman klarion batekin marratxo bana margotzen du fardel bakoitzaren gainean, kontaketa egiteko edo. Bukatzean, mahaira bueltatu eta eseri egiten da, mahai gainean dagoen koaderno zaharrean kontaketaren emaitza apuntatzeko.
Bizkarrean zakua dakarrela, emakumea sartzen da. Atzera begiratzen du, inork ez diola jarraitu ziurtatzeko agian. Zakua lurrean utzita, izterrean pausatzen du eskua, mina leundu nahian edo. Min-keinu txiki bat islatzen zaio aurpegian. Zauriaren berri izango ez bagenu nekadurak eragindako keinu bat dela pentsatuko genuke. Burua altxa eta hari begira geratzen zaio gizona. Zalantzazko begirada da berea, emakume hori ezagutzen duen ala ez gogoratu nahian).
MERKATARIA: Hara, ikusten denez, herrira bueltatu zara berriro... Etxera... (Mahaitik altxa gabe hitz egiten dio, inongo sentimendurik adierazten ez duen modu neutro batean). Ia-ia ez zaitut ezagutu.
AMA: Bai, hemen nago berriro (Ez du ematen pozik dagoenik gizona berriro ikustean).
MERKATARIA: Zenbat urte pasa dira? Bi...? Hiru beharbada?
AMA: Lau urte dira dagoeneko... Lau urte eta lau hilabete zehazki esateko.
MERKATARIA: Kontxo... ahaztu ez duzula dirudi. Orduak eta minutuak ematea besterik ez zaizu falta.
AMA: Zu bezalakoa ez naizelako izango da agian... Zuk, prezioa kobratu eta berehala ahazten duzu merkantzia. (Esertzeko keinua egiten dio gizonak, baina berak ez du onartzen. Paretaren kontra pilatutako merkantziei begira paseatzea nahiago du) ...Badaude, gainera, horretarako borondate guztia jarrita ere, ahaztu ezin diren gauzak...
MERKATARIA: (Isilune baten ondoren). Eta zer? Ondo ibili zinen Europa aldean?
AMA: Ondo ibili izan banintz ez nintzateke orain zulo zikin honetan egongo, ezta?
MERKATARIA: Aizu, hemen nago ni ere, eta ez naiz kexatzen. (Bere kalkuluetan sartuta, isilune bat egiten du) Zuk zeuk ere... bere garaian nik esandakoari kasu egin izan bazenio, ez zinateke orain modu txarrean biziko. (Ipurdiari begiratzen dio). Tira, garaiz zaude oraindik ere agian...
AMA: Bai, zuretzat puta bezala lan eginez!
MERKATARIA: Ez, ez, lasai. Libre zara nahi duzuna egiteko. Inoiz ez zaitut ezertara derrigortu, eta ez dut egingo aurrerantzean ere. Askatasuna da gauzarik preziatuena niretzat, eta horixe bera nahi dut guztiontzat. (Garagardoa eskaintzen dio emakumeari. Honek ezetz). Ikusten duzunez, ni salerosketatan aritzen den merkatari xume bat baino ez naiz: idazkaririk ez, luxuzko kotxerik ez, bulego dotore bat ezta usaindu ere.... (Baso batean zerbitzatzen du berarentzat) Gobernukoek ez naute gonbidatzen... Kontrakoa gertatzen zait hain zuzen: polizia gainetik kendu ezinean ibiltzen naiz... Esandakoa, askatasunean sinesten duen merkatari xume bat. “Norberak aukera dezala bere buruarentzat onena deritzona”, hori da nire lema, emakumea.
AMA: Zu mafiosoa bat zara.
MERKATARIA: Ja, ja... (Mahaitik altxa eta, basoa eskuan, emakumearengana hurbiltzen da). Begira, emakumea, hitzak berak nazka ematen didalako izango ez balitz, ni anarkista naizela esango nizuke. (Harriduraz begiratzen dio emakumeak) Ez, ez, ez begiratu horrela. Pentsa: ez ditut legeak gustuko, ez ditut politikariak gustuko, ez ditut zergak gustuko, ez ditut poliziak eta militarrak gustuko, ez ditut apaizak gustuko... Zer gehiago nahi duzu? A! Eta nire lema, lehen esan dizut: norberak aukera dezala bere buruarentzat onena deritzona... Zer gehiago behar duzu ni anarkistatzat hartzeko? (Trago egiten du berriro). Baina, tira, konta iezadazu nola joan zitzaizun Europa aldean.
AMA: (Orain arteko tonu hotza mantenduz). Zer nahi duzu jakin? Askotan eta askotan entzun duzuna? Nola zure lagunek bakarrik utzi gintuzten? Nola hondoratu zen patera? Nola ibili ginen ezkutuan basapiztiak izango bagina bezala?
MERKATARIA: Tte, tte, tte... (Eteten dio, betiko tonu orekatsua mantenduz honek ere). Gauzak ez nahastu, mesedez, zuk aipatzen dituzun horiek ez ziren ez nire lagunak ezta nire ezagunak ere.
AMA: (Amorru puntu batez, baina hoztasuna eutsiz). A, ez? Zer ziren, ba, orduan?
MERKATARIA: (emakumearen begietara so eginez) Horiek zer zirela? (Eusten dio begirada emakumeak). Barrua jaten dizun amorru horrek hotz-hotzean pentsatzeko traba egingo ez balizu erraz ulertuko zenuke. (Atzera egiten du gizonak)... Erraz ulertuko zenuke, bai, giza beharrei aurre egiteko sortzen den gizarteko lanaren zatiketaren beste adibideetako bat baino ez direla “nire lagun horiek”. Oso gauza arrunta, horretaz apur bat pentsatzen baduzu. Nekazaria, errotaria eta okina beraien artean diren bezala gara gu. Ogiaren produkzio prozesuan beharrezko “tresnak” dira horiek, kito, horretara mugatzen da beraien arteko harremana. Eta inori ez zaio bururatzen horregatik nekazariak okinaren laguna izan beharko duenik, edota labean erretako ogiak errotariaren ardura izango direnik, ezta? Ba, hori. Ez dut uste hau esatean ezer berririk asmatzen ari naizenik...
Horregatik esaten dizut, zuk aipatzen dituzun “nire lagun horiek” negozioetan aritzean sortzen diren halabeharrezko harreman funtzionalak baino ez dira niretzat, kate bateko beste maila batzuk... Hori da, engranaje handiago baten kate bereko beste maila batzuk besterik ez...
AMA: Bai, estu-estu lotzen duen katea...
MERKATARIA: Bai, estu-estu lotzen duen engranajearen katea...
AMA: (Ironiaz, baina betiko seriotasunez) Aizu, pena emango didazu azkenean...
MERKATARIA: (Irriņo xume batez) Ez, ez, beldurrik ez izan. Ni nire lana egiteko nago hemen, ez inongo sentimendurik sortarazteko.
AMA: Zure lana, esaten duzu?
MERKATARIA: Aizu, emakumea (Berarengana hurbilduz, baina garraztasunik gabe), memoria laburrekoa izango zara agian, baina, gogoratu egin beharko zenukeenez, ez zen inor zure atzetik ibili Europara joateko tentatzen. Ez ni, behintzat. Zu zeu izan zinen libreki niregana etorri zinena nire zerbitzuak eskatzera. Ez engainatu zure burua, nik ez zintudan ezertara behartu. (emakumeak ez du ezer erantzuten) Bestaldetik, ez ahaztu hori, hau merkatu bat da; eta hemen, beste merkatu guztietan bezala, eskaintzarik egoteko eskari bat egon behar du aurretik; alperrik da bestela inongo eskaintzarik egitea... Merkatuaren lege oinarrizkoenetariko bat baino ez da hori. (Bizkarra ematen dio) ...Gainera, ni horren mafioso eta zitala baldin banaiz, bazenuen hegazkina edo ferrya hartzerik... merkeago eta seguruagoak dira horiek.
AMA: Ez zinikoa izan, mesedez.
MERKATARIA: Ez nauzu sinestuko baina zinikoa ez izaten saiatzen naiz. Errealitatea gezurrik gabe begiratu besterik ez dut egiten, edo horretan ahalegintzen naiz behintzat... Eta nire burua ez engainatu, hori bai... Batez ere hori: nire burua ez engainatu...
AMA: Bai, zuk zure partea kobratu eta kito... Ederki kobratu ere, hori bai.
MERKATARIA: Jakina ederki kobratzen dudala. Eta zeinek ez du hori egiten? E? Badakizu? Ez? ...Ba, nik esango dizut: ezin duenak! Ezin duenak ez du hori egiten, horixe da ederki kobratzen ez duen bakarra!... (Isilunea) Gainera, garestia dela uste duenak libre dauka ez ordaintzea. Hori da merkatuaren beste legeetako bat.
AMA: (Etenaz) Lege askotxo omen ditu zorioneko merkatu horrek!
MERKATARIA: Negoziaketa baten barruan nik proposatzen dizudan prezioa gehiegizkoa dela baderitzozu, erraza duzu konponbidea: zoaz merkeago eskainiko dizun beste batengana. Kito. Akabo problema. (Barre faltsu bat egiten dio emakumeak). Bai, bai, egin ezazu barre; nahi dituzun barre guztiak. Baina ez ahaztu nire gain hartzen ditudan arriskuak lan honetan... Edo, zer uste duzu zuk? Poliziak eta funtzionarioak merkeak direla? Atzaparrik gabeko lehoiak direla? Ez, emakumea, ez, oso oker zaude. Lehoiak dira, eta jan egiten dute. Ez gutxi, gainera!
AMA: Baina zer dakizu zuk arriskuz? Benetako arrisku larriez esan nahi dut, bizitza xaboi burbuila bihurtzen duten horietaz. (Isilune baten ondoren, duela lau urte eta lau hilabete gertatutakoaren kontaketari ekiten dio, orduko gertaerak begi aurrean izango balitu bezala eta inongo sentimendurik azaldu gabe). Zuri zure partea ordaindu eta gero, ederki ezagutzen dituzun bideetatik abiatuta, kostaldera ailegatu nintzen bidaia luze bat egin ondoren; beste edozein merkantzia iristen den moduan iritsi ere, pakete bat gehiago izango banintz bezala. Zuk emandako kontaktuarengana joan eta barrakoi zahar batera eraman ninduten orduan. Bazeuden bertan beste hamar-hamabi pakete pilatuak ordurako, bakoitzak bi begi zabal-zabalik zituena kanpoaldera, eta barruan... barruan amets eta beldur askoren karga...
Merkantziak, hori besterik ez ginen, bizkarrean txartela bana jarrita generaman paketeak: No Fragile. For Export. (Isilune bat egiten du) Hiruzpalau egun eduki gintuzten bertan ezkutaturik, txalupan itsasoaren bestaldera pasa behar zuten kargamentua osatu arte. (Publikoari begira jarraitzen du gero) Abiatzeko eguna iritsi zen azkenean; edo gaua, hobe esanda, gau minean abiatu baikinen. Ilargiak aldizka argitzen zuen itsasoa hodei batzuen artean. Egoskorra zegoen itsasoa, haize zakarrak harrotuta. Lehenengo aldiz ikusten nuen nik itsasoa, eta beldurrak nengoen. “Ilargia aprobetxatu behar dugu”, agindu zuen patroiak. Hogeita bost lagun edo itsasoratu ginen. Elefanteak baino handiagoak ziren olatuak, beldurgarriak, eta guregana zetozen denak tropel zoroan. Eskerrak horri agian.
MERKATARIA: Eskerrak? Zergatik esaten duzu hori?
AMA: Lehorretik urruntzeko aukera ia ez genuen izan horrela, bestela, auskalo zer gertatuko zen... (Isilik geratzen da apur bat) Oraindik hondartza urruti ez genuela, olatu handi batek gainetik salto eta han geratu zen gure txalupa, buelta emanda... Ahal genuen moduan heldu genion txalupari... Ez dut inoiz beldur handiagorik pasa...
MERKATARIA: Bizirik atera zinen, ordea.
AMA: Bai... gutaz errukitu zen itsasoa, eta hondartzaraino bultzatu gintuen kalte handirik gabe.
MERKATARIA: Berriro saiatu zinen, hala ere...
AMA: Zer egin behar nuen, ba? Lehenengo oztoporen aurrean atzera jo? Ez, ezta pentsatu ere. Ez nintzen ni erraz makurtzen den horietako bat. (gizonarengana bueltatzen da) Ez nintzen orduan, eta ez naiz oraingoan ere... ez ezazu itxaropen ustelik izan.
MERKATARIA: E! E!... Zergatik defentsan jarri erasoa gertatu baino lehen? Zuk kontatutakoa entzun besterik ez dut egin.
AMA: Ederki ezagutzen zaitut. (gizonari bizkarra eman eta bere kontaketa jarraitzen du) Ilusio asko nituen oraindik atzera egin eta dena bertan behera uzteko. Ilusioa, eta indarrak ere bai... Gainera, ederki ordainduta nien aurretik bidaia “zure-lagunak-ez-ziren” horiei. (Kontaketarekin jarraituz) Hurrengo gauean saiatu ginen berriro. Aurreko gaueko ilargi bera genuen goian, baina lasaiago zegoen itsasoa, zorionez. Isilean eman genuen bidaia. Bata bestearen ondoan elkarri itsatsiak joan ginen, gorputzak pilatuak, larruazalak ezin bereiztuz, sentitzen genuen dar-dar haren jabea zein zen ezin asmatuz... norberaren beldurra izan zitekeen, edo ondoko lagunarena... edo, zergatik ez, brankan zihoan morroiarena, auskalo. (Isilunea) Egia esateko, berdin zitzaigun hori. Itsaso handian barrena txalupa barrukook beste itsaso txiki baten tantatxoak bagina bezala joaten ginen, denak antsia berberak zeharkatuak, zorabio berberak, gorako berberak... Guztiona zen beldur hura. Guztiona, ezinezkoa baita beldurraren jabetza partitzea.
Ez dakit zenbat denbora eman genuen horrela, lau ordu, bost agian, patroiak motorra gelditu zuen arte. “Tira, egin salto orain”, agindu zuen. “Nola salto egin? Lehorrera ez gara iritsi oraindik”, erantzun genion. Artean argitzeke zegoen eguna eta lurraren marra nekez ikusten zen; milia laurden bat faltako zen oraindik, edo gehiago agian. “Salto egiteko esan dizuet”, errepikatu zuen berak haserre. “Lehorreraino eramateko ordaindu dugu guk, eta bertan itxaron egongo den gidaria ere bai”. “Hor egongo da zuen gidaria, zuek iristeko zain”, lehorrera seinalatuz, “...Gainera, ezer gertatzekotan nora joan behar duzuen ederki esplikatu dizuet atera baino lehen”. “Baina nik ez dakit igeri egiten”, entzun genuen ahots bat popa aldetik. “Ba, bueltatu nirekin orduan!”, eta kareletik bultzaka hasi zen patroia.
Ahal genuen moduan iritsi ginen batzuk lehorrera. Besteak... ez dakit, haien berri ez nuen berriro izan. Iritsiko ziren agian... edo agian ez, inork ezin jakin hori... Jakina, lurrean ez zegoen inor gure zain.
MERKATARIA: Patroiarena izango zen erru guztia. (Bere burua garbitu nahian esaten duela ematen du. Isilik geratzen da gero, pentsakor). Edo ez, batek daki. Lurreko kontaktuaren seinalea ez ikustean poliziaren patruila baten presentzia susmatu zuen agian... Hemen arriskuak guztiontzat dira, ez pentsa.
AMA: Eta gu itsasoan utzi?
MERKATARIA: Lehen esan dizut, seguruago eta merkeagoa zenuen ferrya... edo hegazkina.
AMA: (Erantzun bat merezi duen ala ez asmatu nahian begiratzen dio emakumeak). Ez, hegazkina bueltatzeko erabili nuen... Eta ez duzu sinestuko: debaldekoa izan zen.
MERKATARIA: Debaldekoa?
AMA: Europak ordainduta, bertan urtebete bat baino gehiago eman ondoren.
MERKATARIA: Ikusten?!... Ez, ez nau harritzen, ez pentsa... Badakizu, handizkarien eskaintzen aurrean txikizkariok gauza gutxi egin dezakegu! (Bere ateraldiaz barre egiten du). Lehia desleiala da hori gobernuen aldetik. Ez da justua, baina tira...
AMA: (Ez entzunarena egiten du emakumeak. Irriņoa galdu gabe entzuten dio gizonak). Europa erdia korritu ondoren poliziak harrapatu ninduenean biltegi zahar batera eraman ninduten, Erretentzio Zentroa deitzen dioten horietako batera. Hiruzpalau dozena pakete bazeuden ordurako bertan pilatuak; bakoitzak bi begi zituena kanpoaldera, biak itxita, eta barruan amets gutxi eta neke asko kargatzen zituena. Horixe besterik ez ginen europarrentzat: bueltatzeko paketeak; bizkarrean txartela bana jarrita generaman bueltatzeko paketeak: No Fragile, For Devolution. Hiruzpalau aste eduki gintuzten zulo hartan sartuta, lo eta bizi gela berean egiten genuela, charter hegaldian itsasoaren bestaldera pasa behar zuten kargamentua osatu arte.
MERKATARIA: Bai, nabarmenak dira handizkari eta txikizkarien arteko diferentziak bezeroak tratatzeko garaian (Irribarrez). Egia esateko, hori arazo teknikoa besterik ez da, neurri handi batean. Zera, eskala-errendimendua du izena horrek. Badakizu, ekoizpen mota batzutan, kopuru handitan produzitzen duzunean faktoreen erabilera efikazagoa bat lor daiteke. (Bere jakinduriaz pozik dagoela dirudi. Hala ere, emakumearen seriotasuna ikusita, poza apaldu eta bere mahaira bueltatzen da. Erdian dagoen zakuan erreparatzen du orduan). Zer? Zer dakarzu hor? (Hasierako modu neutroan). Ze, ez dut uste kontu zaharrak gogoratzeko etorri zarenik.
AMA: Ados gaude behingoz. Merkantzia saltzeko etorri naiz.
MERKATARIA: Europara bueltatzeko berriro aurreztu nahian ala?
AMA: Ezta pentsatu ere. Ia bi urte eman nituen han eta ederki dakit orain hura zer den eta zer ez den; ene larruan ditut probatuak haien gezurrak eta haien egiak. Jakintza hori izango da, agian, handik ekarri nuen gauza bakarra. Europan ez nautela nahi ederki dakit orain, bai horixe!... Eta, niretzat garrantzitsuagoa dena: ederki dakit orain ez nautela merezi.
MERKATARIA: Harrotasuna ez da ona pobreentzat.
AMA: Apaltasuna da okerrena pobreentzat... Gainera, ez da harrotasuna. Duintasuna da... Baina, tira, ez dut uste zertaz ari naizen asmatzeko gauza izango zarenik, holako merkantziarako ez baitago merkaturik.
MERKATARIA: (Irriņoa ezpainetan berriro). Oker zaude, emakumea, oso oker. Duintasuna da, hain zuzen, egunero gehien salerosten den merkantzia. Baina, tira, ez dut denbora filosofia merkeetan galtzeko. Esadazu, zer duzu saltzeko?
AMA: Petrolio. (Bidoia zakutik atereaz). Zenbat ematen didazu?
MERKATARIA: (Mahaitik jaiki berriro eta bidoia altxatzen du, pisua neurtzeko). Laurehun.
AMA: Nola laurehun! Bidoi honen atzoko balioa zortziehunekoa izango zen, lapur zikina!!
MERKATARIA: Bai, hala da! Zera, prezioarena esan nahi dut... ze, lapurtu, nik ez diot inori ezer lapurtu. Lehen esan dizut: gorroto dut indarkeria. Saldu nahi duenari erosi, eta erosi nahi duenari saldu, kito, hori da nire lana. (Garagardoari zurrutada bat ematen dio). Baina egia diozu... atzoko prezioa zortziehunekoa zen, bai. Zera txiki bat ahaztu duzu bakarrik, emakumea: gaurko merkatua ez da atzokoa. Eta hortxe dago koska.
AMA: Nola gaurko merkatua ez dela atzokoa? Zertaz ari zara?
MERKATARIA: Nola, zertaz ari naizen... Merkatuaz ari naiz, merkatuaz! Eta merkatuan egun batetik bestera gertatzen diren aldaketez, noski! Eta gaur merkatuan dauden eskaintza eta eskariak atzokoak ez direnez... ba hori, gaurko prezioa ez da atzokoa izango, noski, ezta hurbildu ere. Nabarmen jaitsi da, alegia. (Garagardoa eskaintzen dio berriro. Berriro ezetz emakumeak) Jakingo duzunez... (Ironiaz) ...ba, gau honetan bertan lapur batzuk... zera, benetako lapurrak esan nahi dut, hau da, bortxaz eta indarrez aritzen diren horietakoak, (Irriņo pikaro batez), tira...; ez dakit zeintzuez ari naizen asmatzeko gauza ote zaren... Ba, “horiek”, jabearen inongo baimenik gabe, noski, horrexegatik, hain zuzen, dira lapurrak, ba, eguna argitzear zegoela, aipatzen dizkizudan lapur “horiek” oliobidea zulatu dute! (Isilik geratzen da apur batean emakumearen erreakzioa aztertzeko. Keinurik ez du egiten honek) Eta hor ari dira denak orain, petrolioa saldu nahian. Jakina, eskaintzak gora egiten duenean, automatiko: prezioa jaitsi...
Nik oso modu apalean esplikatu dizut hau guztia, baina nahi baduzu... (Bazter batean pilatutako merkantzietara hurbildu eta bertan arakatuz) ...nahi baduzu badaude hemen liburu batzuk hau azaltzeko. Aizu, Europatik ekarritako liburuak dira, ez pentsa... (Merkantziaz harro)
AMA: Ooo! Europatik ekarriak... (Mirespen faltsu batez) Eskerrak! Ea behingoz zibilizatzen garen!
MERKATARIA: (emakumearen komentarioari erreparatu gabe) Dirudienez, grafiko eta guzti esplikatzen dute hau guztia hango eskola eta unibertsitateetan. Egia esateko, ez dakit kankailu samar ez ote diren europar horiek; nik bi hitzetan esplikatu dizudana ulertzeko beraiek grafikoen laguntza behar izana... Baina, tira, ez naiz ni izango besteren etxea konpontzen hasiko dena. Horixe baino ez nuen behar!... (Kaxa batetik ekonomia liburukote horietako bat atera eta gainetik irakurriz) Begira, begira hemen adibidez. Petrolioaren merkatuan prezioarekin gaur gertatu dena ulertzeko baliagarria izango zaizu agian. (Biltegiaren atzeko aldean dagoen kartoizko kaxa handi bat arbela moduan erabiliz, patrikatik klarion zuri bat atera eta koordenatu-ardatzak kopiatzen ditu liburutik. “Prezio” idazten du ordenatuan, eta “kopurua” abzisan. Elkar ebakitzen duten bi lerro zuzen marrazten ditu gero, bata gorakorra eta beherakorra bestea. Ebakidura-puntuari dagokion ordenatuan “800” idazten du). “Eskaintzak gora egiten duenean eskaintza-kurba eskuinerantz mugitzen da, eta, taka, prezioa jaitsi”. (Liburuan irakurritakoa errepikatzen duen bitartean, patrikatik klarion gorri bat atera, eta aurreko lerro gorakorraren eskuinaldean mota bereko beste lerro bat margotzen du gizonak. gizonaren sarkasmoaz gogaitua, bizkarra ematen dio emakumeak). Itxaron, itxaron, emakumea, ez dut bukatu oraindik. Ze, petrolioaren gaurko prezioaren jaitsiera ulertzeko, ez bakarrik eskaintza, eskaria ere kontuan hartu behar da... Eta badago hor, hain zuzen, kontutan hartzeko beste elementu garrantzitsu bat. (Asperdurazko keinu bat egiten du emakumeak). Ez, ez, ez jarri aurpegi hori, gauzak diren bezala aztertu behar dira ...errealitatetik kanpo egon nahi ez baduzu behintzat, noski. Baina hori ez da zure kasua, ezta? (emakumeak erantzun ez, bere azalpena jarraitzen du gizonak). Tira, asuntoa zera da: ez dakit konturatzen zaren, baina zuk eskaintzen duzun merkantzia hori “markatua” dago, nolabait esatearren. Ulertzen? (Serio hitz egiten du gizonak) Lapurtutako merkantzia da zurea, eta horrek arriskutsu egiten du. Ulertzen duzu zer esan nahi du horrek? A-rris-ku-tsu-a. Petrolio enpresarentzat lan egiten duten txakurrak amorratuta dabiltza harat-honat bazterrak miatzen. Hemen ere ibili dira zokomiran duela gutxi. Noski, erosi edo ez erosi zalantzan dagoen eskatzailea kikildu egiten du horrek; eta ondorioa nabarmena da: merkatuaren eskariak behera egiten du, eta eskari-kurba ezkerrerantz mugitzen da orduan (Irudiko lerro beherakorraren ezkerrean beste antzeko bat marrazten du gizonak klarion gorriarekin. Bi lerro gorrien arteko ebakidura-puntuari dagokion ordenatuan “400” idazten du) ...eta prezioa, ploff, behera!, harri puska bezala. Laurehunekoa da, horregatik, petrolioaren gaurko prezioa.
AMA: Zaude isilik, niri ez didazu ziria sartuko. Erdi lagunak dituzu zuk petrolio enpresaren txakur horiek; beldur gutxi diezu horiei, zure gremiokoak dira eta!
MERKATARIA: Lagun gaiztoenak gerta daitezke erdi lagunak, emakumea, gutxien espero duzunean salduko baitzaituzte... Baina, zer nahi duzu? Horiek dira negozio honen arriskuak. Hemen ez da dena dirua barra-barra irabaztea, zuk uste duzun bezala. Ez horixe. Askotan galdu egiten da hemen. Baina, aizu, ez naiz kexu. Halakoxea da bizitza: irabazteko arriskatu egin behar da.
AMA: Zer jakingo duzu zuk arriskatzeaz!
(Asperduraz esan du emakumeak. Isilik geratzen dira biak momentu batez).
MERKATARIA: (Berezkoa duen hizkera neutroan) Nire aholku profesionala nahi baduzu, eta jadanik hartu dituzun arriskuak ez alferrikaltzeko apur bat itxaroteko esango nizuke nik. Arriskua pixka bat gehiago luzatu eta gorde ezazu bidoia zulo batean; utzi egun batzuk pasatzen, eta itxoin prezioa berriro igo arte. Ikusiko duzu nola pena merezi duen! Tira, hori, merkantzia baten espekulazioan ibiltzeak kalte handirik ez badio egiten zure “duintasun preziatu horri”, noski. Hori da nire aholkua. Eta ez pentsa, nire interesen kontra ari naiz hau esatean. Momentu honetan niri saltzen badidazu ni izango naiz etekinak aterako dizkiona espekulazioari.
AMA: Saldu egin behar dut. Alaba oso gaixorik daukat, sukar beltzak hartu du ene umetxoa eta ez baditut botikak lortzen hil egingo da.
MERKATARIA: Mmmm... Atzo bai, baina gaur ez da egunik aproposena botikak behar izateko... pobre baldin bazara, jakina. Badakizu, dirurik baduzu berdin da atzo edo bihar gaixotzea, baina pobre bazara... merkatuaren egoerari begiratu behar diozu gaixotu baino lehen (Ulertu gabe begiratzen dio emakumeak). Bai, ez begiratu horrela, atzo baino garestiagoa da gaur gaixorik jartzea.
AMA: Nola gaur atzo baino garestiagoa? Zer ari zara esaten?
MERKATARIA: Zer esaten ari naizen? Ba, entzun duzuna. Botiken gaurko prezioa atzokoa baino altuagoa dela, noski.
AMA: Baina, baina... apal horiek botikaz gainezka izango dituzu.
MERKATARIA: Tira, gainezka ez... baina botikak badaude, bai, hori bai, ez dizut ukatuko.
AMA: Eta?...
MERKATARIA: Eta zer? (Eteten dio). Aurrekoa ez duzu ulertu oraindik? Ba, merkatua, emakumea, merkatua! (Klarion zuria patrikatik atera, eta lehen egindako irudiaren alboan “Petrolioarena” idazten du. Gero, beste koordenatu-ardatzak margotzen ditu ondoko kaxaren gainean, “Botikena” idazten du alboan, eta lerro gorakor eta beherakor bana. Hauen ebakidura-puntuaren ordenatuan “hasierako prezioa” idazten du). Begira, oliobidea zulatu eta gero, trumilka heldu da bertara jendea, eta orduan, auskalo zergatik, izugarrizko leherketa gertatu da. Hildako eta zauritu ugari sortu dira. Hildakoena berdin zaigu, ekonomikoki ez dira oso garrantzitsuak botiken merkatuan gertatzen dena ulertzeko. Baina zaurituak bai, horiek bai, garrantzi handia dute horiek botiken eskariaren igoera nabarmen bat eragin dutelako, eta, ondorioz, merkatuaren eskari-kurba eskuinerantz mugitu da, taka (Klarion gorria atera eta lerro beherakor berri bat margotzen du aurreko zuriaren eskuinean), eta orduan botiken prezioak, poing, gora egin du! (Lerro gorria eta gorakorraren arteko ebakidura-puntuaren ordenatuan “prezio berria” idazten du).
AMA: Eta zenbatekoa da oraingo prezioa? (Etsita).
MERKATARIA: Hori segun eta zer botika mota behar duzun, jakina... Baina sukar beltzaren kontrako zure alabak behar duena zortziehunetan gutxi gora-behera lortuko duzu. (“800” idazten du “prezio berria”-ren ondoan).
AMA: Atzoko prezioaren bikoitza!
MERKATARIA: Halaxe da, bai, gutxi gora-behera. (“400” idazten du “hasierako prezioa”-ren ondoan).
AMA: Bidoi honekin erdia besterik ez dut lortuko orduan... (Bat-batean kemena lurrera erori eta bertan apurtu balitzaio bezala esan du. Burura eramaten ditu eskuak, burua bera ere ez galtzeko agian).
MERKATARIA: Horixe da, dagoena. (Isilik geratzen da. Etsipena ezkutatzeko agian, bizkarra ematen dio emakumeak. Zer egin eta zer esan ez dakiela, gizona urrundu egiten da bere mahaitxoren aldera. Bat-batean, buelta eman eta emakumeari begira geratzen da. emakumearen ipurdiari begira) Tira... agian... agian badago beste irtenbiderik... (emakumea ez da mugitzen, ez dio begiratzen, ez du ezer esaten) Zera esan nahi dut... petrolio eta botikarenak ez dira munduan dauden merkatu bakarrak... Badaude merkatu mota gehiago, zorionez! ...Eta, agian... hori zuk esan beharko duzu, agian gerta daiteke merkatu horietako batean zuretzako aukera egokiren bat egotea... (emakumea isilik, gorra bailitzan, mundutik kanpo egongo bailitzan, izterreko zauriaren mina ere ahaztuta) Badaude, adibidez, bat-batean sortu eta berehala desagertzen diren merkatuak... (Hitz egiten duen bitartean emakumearengana hurbiltzen da atzetik astiro-astiro) ...Sexuarena izan daiteke horietakoren bat (Ia belarrira esan dio. emakumearen erreakzioaren esperoan geratzen da).
AMA: (Serio-serio entzun du gizonaren proposamena, inongo sentimendurik adierazi gabe. Ahotsa altxatu gabe eta hotz erantzuten dio) Zer?... Zer esan nahi duzu horrekin?
MERKATARIA: Tira, ahaztuarena ez egin orain. Ongi gogoratu beharko zenuke nola ordaindu zenidan aurrekoan Europarako bidaiaren zati bat. Nik behintzat ederki gogoratzen dut!
AMA: Ikusten dudanez, badaude merkantzia batzuk inoiz ahazten ez dituzunak, ezta? Zerri hori!
MERKATARIA: Lasai, zerriarena ez dut kontutan hartuko. Negoziotan ari naizenean ez ditut sentimenduak kontutan hartzen, ez nireak ez besteenak. (emakumearengandik apur bat aldendu eta tonua aldatzen du, tentsioa baretzeko edo) Salerosketa negozio honetan aritzean ikasi dut hori: merkatua gauza objektiboa da. Gustatu edo ez gustatu, sentimendu subjektiboak ez dira prezioan sartzen. (Isilunea) Bai, asko ikasten da honelako negozioetan. Talaia ezin hobea da, gure buruari kontatzen dizkiogun gezurrak alde batera utzita, pertsonak eta mundua ulertzeko; errealitatea ulertzeko azken batean. (emakumearengana bueltatzen da, baita airean utzitako asuntora ere) Begira, nik zure oraingo arazoa konpontzeko aukera bat eskaini besterik ez dizut egin. Aukera bat eskaini, kito, hor bukatzen da dena; duela lau urte momentu hartako arazoa konpondu genuen bezala. Eta han amaitu zen guztia. Orain nire eskaintza onartuko duzu edo ez, zure esku dago hori; baina garbi izan behar duzu gauza bat: nik ez dut inoiz zure askatasuna urratuko ezta zure borondatearen aurka ezer egingo. Inoiz ez. Ezin izango didazu hori inoiz aurpegiratu. Ze, badago gauza bat ahaztu behar ez duzuna, (Garrazki bat-batean), ez naiz ni zure bila joan dena. Zu, zu izan zara, zure borondatez, hona etorri zarena. Borondate tinko eta sendoa gainera, ez baitago giro gaur horrelako zama bizkarrean hartuta kalean ibiltzeko. (Hizkera gozatuz) Baina, tira, lasai gaitezen. Zera, aurrekora bueltatuz... Zure aldetik eskaintzaren bat egiten baduzu, eskariren batekin erantzungo nizuke nik agian, eta orduan... (Hirugarren irudi bat zirriborratzen du azkar-azkar, “sexuarena” idazten du alboan, koordenatu-ardatzak, eskaria eta eskaintzaren kurbak, eta hauen ebakidura-puntuaren ordenatuan “400” idazten du), ...eta orduan salerosketaren prezioa laurehunetan adosten badugu... hiru merkatu mota sortuko genituzke gu bion artean: petrolio, sexu eta botikena. Horrela, lehengo bietan eskaintzaile moduan lortzen duzun diru sarrerarekin, zure alabarentzako behar duzuna eska dezakezu botiken merkatuan.
AMA: Ekonomi ikasketa asko eginak dituzu zuk dirudienez.
MERKATARIA: Oker zaude, emakumea. Ez da horretarako ikasketa berezirik egin behar; dagoen errealitateari gezurrik gabe erreparatu eta listo, hortxe bertan dago egia.
AMA: Zu ez zara pertsona bat, munstro bat zara, munstro egoista bat.
MERKATARIA: Oker berriro... Edo, hobe esanda, gaizki informatuta. Egoista naizela? Hori da leporatzen didazuna? Bai, jakina egoista naizela! Zu ez, akaso? Non bizi zara zu, ba? Estranjerian ibili eta, merkatuan bizi garela ez al zara oraindik enteratu? Ba, begiak ireki eta begiratu pixka bat zure ingurura, mesedez, zein mundu motan bizi zaren konturatuko zara orduan. Begiratu Iparramerika, begiratu Europa... maitasunaz eta etikaz ari dira horiek, ezta? Zer espero zenuen, ba, txikizkari honengandik? Ala zer arraio zen zure ustez merkatua? “Demokraziaren” sehaska, akaso? “Giza eskubideen” habia? Hori al da merkatua? Oraindik ez duzu ikasi? Ba, nik esango dizut: egoismoen bilgunea da merkatua, horixe ba, bi hitzetan esanda. Eta ez da nik esaten dudalako, ez horixe. Ze, aspergarria gertatuko zaitut beti gauza bera errepikatzen, baina niri ez badidazu sinesten, (Liburukotea eskainiz) har ezazu hasiberrientzako edozein ekonomiako liburua. Bertan aurkituko duzu, lehenengo kapituluaren lehenengo lerroan: “...merkatuan bi agente mota biltzen dira, eskaintza egiten dutenak eta eskaria egiten dutenak, beraientzat ahal duten onena lortzeko desioan biak ala biak; hau da, ahal den probetxu handiena lortzeko. Ahal den etekin potoloena eskaintzaileen kasuan, eta ahal den ongizate handiena eskatzaileenean...”. Agenteek mozkinak eta baliagarritasuna maximizatzea dute helburu, teknikoki esanda... Eta, dudarik ez izan, behar diren deribatu guztiak egingo dituzte helburu horiek lortzeko. Bai horixe!
AMA: Eta non geratzen dira pertsonak?
MERKATARIA: Pertsonak? (Harriduraz begiratzen dio) Merkatuarena ez den kontzeptua da hori, pertsonarena. Gehienera jota ere, pertsonak erosle eta saltzaileen euskarri fisikoa izango dira, ez gehiago. Zuk zer uste zenuen, ba? Zu merkatura joan, “Aizue, ni pertsona bat naiz” esan, eta denek orduan “Oo! Aa! Pertsona andrea! Hemen gaituzu, zure beharretara!” (Keinuekin eszenifikatuz. Serio jartzen da gero) Ez, gauzak ez dira horrela. Merkatua elkar trukea egiteko gunea da, eta zer edo zer trukatzeko daukatenek bakarrik izango dute bertan aritzeko aukera... Beti ere, daukaten zer edo zer horren prezioaren arabera aritzeko, noski, ez gehiago.
AMA: Eta ezer emateko ez duten pertsonak?
MERKATARIA: Hara galdera! Harrigarria, benetan! Jaio berria al zara, ala? Ba, merkatutik kanpo geratzen dira! Non geratuko dira, ba, ezer ez daukatenak! Eguneroko kontua da hori, edo ez al zara horretaz konturatu oraindik?... Horren jakitun izan beharko zenuke, emakumea, urteak badituzu horretarako eta!
AMA: Gizakion bihotza ez zen merkatuan saltzeko egin...
MERKATARIA: Ezetz? Ba, ederki salerosten dira, merke-merke gainera, bihotzak... baita giltzurrunak ere! Baina, tira, ez gara bihotzaren salerosketaz ari hemen... baizik eta, nola esan, bihotz ingurukoetaz bakarrik. (Bular aldera begiratzen dio gizonak. Begirada eusten dio emakumeak, ezer esan gabe. Bata bestearen aurrean geratu dira, isilik. Gerrialdera jaisten du begirada gizonak. Estatua da emakumea). Orduan?... Zure aldetik eskaintza badago... agian... eskariren bat egon daiteke nire aldetik... (Irriņo lizun bat dario ezpainetan).
AMA: Bai... badago eskaintza. (Nekez entzuten zaio).
MERKATARIA: Laurehunetan?
(emakumeak ez du erantzuten, zutik eta isilik dago, prezioa berdin zaiola dirudi. gizonak onartutzat hartzen du proposatutako prezioa eta emakumearengana hurbiltzen da. Soinekoaren atzeko botoiak deslotzen ditu astiro-astiro. Makurtu egiten da gero, eta gona-barrenak jaso eta altxatzen ditu, astiro-astiro hauek ere... zango aztalak, belaunak, izter hasiera... begiekin laztantzen ditu. Bat-batean, gona apur bat gehiago altxa, eta geldirik geratzen da, zauria ikustean. Zutik jarri eta emakumearengandik urruntzen da).
MERKATARIA: Ez, ez dago eskaririk.
AMA: Baina... nire alabak behar du. Botikak behar ditu! Hil egingo da bestela!
MERKATARIA: Ezetz, ez dagoela eskaririk. Infekzioak hartuta daukazu zauri hori.
AMA: Eta zer egingo dut nik orain?
MERKATARIA: Saiatu hor nonbait bidoi hori saltzen, suerte gehiago izango duzu agian. (emakumeak zer esan edo zer egin ez dakiela geratzen da. gizonak, mahaian eseri, paperak hartu berriro, eta bere kontabilitateari ekiten dio. Bat-batean, paperetik begirada altxa eta serio hitz egiten dio) Ez da nire kontua, baina... baina nire iritzia jakin nahi baduzu, bihotza motz-motzean lotu eta hotz-hotzean jokatu beharko zenuke.
AMA: Bihotza lotu...?
MERKATARIA: Zera esan nahi dut, ahaztu zure alaba eta kosta ahala kosta saiatu infekzio hori sendatuko dizun botikaren bat lortzen.
AMA: Alaba ahaztu...?
MERKATARIA: Ez egin kasu bihotzari eta errealitatea begiratu. Kontabilitate hutsa da: zu hiltzen bazara, bakarrik geratuko da zure alaba eta hil egingo da. Zu bizirik ateratzen bazara ordea, zure alaba izango da hildako bakarra. Ez zaizu faltako gero haur berri bat egingo dizunik...
(Bidoia zakuan sartuz, kalerako bidea hartzen du emakumeak).